2021(e)ko irailaren 26(a), igandea

PICU URRIELLO - Opera Vertical

 


Ordenagailuaren pantaila itsugarriari adi begiratzen nengoen, aztiak kristalezko bola arakatzen duen bezala, eskuarekin mugimendu suabeak eginez, argia laztantzen. Sorginen eran, etorkizuna jakin nahian nenbilen ni ere, zein izango zen hurrengo egunetako gure zoria. Eguraldi iragarpena ari nintzan kontsultatzen, eta, kristalezko bolak zioenez, gorputza zailtzeko giroa izango genuen. -Ongi, horrela behintzat jende gutxiago topatuko dugu mendian.




Iñaki Mendizabalek eta nik estu burutu dugun irteera izanda hau, eguraldi petral denboraleak utzi digun barealdian kaltzadorekin sartu dugun eskalada bidaia; larunbata eguerdian irten ginen etxetik eta, igande iluntzean, ordu txikietan, txikituta itzuli.
Pico Urriello mendebal horma igo dugu, Ópera vertical bide amaigabetik gora. Udaberrian eginiko plana zen hau, orain arte burutzerik ezin izan duguna.



Haitzezko Opera honen sortzaileak; Nacho Orviz eta Claudio Sánchez izan ziren 1989ko irailean. Garai haietan obra beste era batetara taularatzen zen, eskalada artifizialez alegia. Baina, 2019. urtean, Jesús Wensell eta Nico Cerda sokadak, beste era bateko errepresentazioa aurkeztu zuten, era askean antzeztuz. Horretarako sortzaileak paretan utzitako material finkoa aldatu zuten, buril zaharrak paraboltaz ordezkatu zituzten eta, zeuden iltze bakan batzuk ber kolokatu.



Montanejosen ezagutu nuen Claudio Sánchez, "Opera Vertical" bidearen sortzaileetako bat, Castellongo eskalada eskola paregabean, Ernesto Lópezen aterpean, etxe horretatik pasatzen ginen, harri, eta eguzki egarri ginen eskalatzaile guztiak; laurogei garren hamarkada bukaera zen, bizitza sinplea eta erraza iruditzen zitzaidan garaia, ondorioak begiratu gabe pausoak ematea ausartzen nintzen periodoa.

Eskalatzaile aparta zen Claudio, oso ezaguna, Cerro Torre igoa zuen Fernando Cobosekin batera, estatuko lehen igoera izan omen zen hau. Elkarrekin " La escalera de los dioses" bidea eskalatu genuen el estrecho de Mijares paretan. Bidea, estiloz klasikoa, ez ohikoa orduan ere, ongi estutu behar izan genuen gaina irabazteko, era askean pasatzea lortuz. Paretatik atera ginenean, gustu handiz jaso nituen Claudioren zorionak, bidea eskalatu nuen moduagatik zentozen laudorioak, harrotasunez puztu nintzan.

Urrielloko aterpetxean elkar ikusi genuen beste behin, bertako zaindaria zen orduan. Claudiok, kalitate ezin hobea duen Picu paregabean bost bide zabalduak zituen. Gero jakin nuen gauzak ez zitzaizkiola ondo joan eta, arazoak izan zituela, nahiko larriak gainera. Espero dut denborak gauza guzti horiek konpondu izana.



Collado Pandebanosera iritxi ginen momentuan, arratseko bostak inguru ziran, hasi zen euria. Ez zen euri jasa sinplea, gogoz botatzen ari zuen. Harritu ginen, eguraldia iragarri zuen aztiak ez zuen halakorik esan. Kotxean babesturik noiz atertu zain egon ginen eta, ordu erdi luze itxaroten egon ondoren, prestatu berri genituen motxilak bizkarrean Urrielloko bidearen maldak igotzeari ekin genion.

Motxila astunak generamatzan, eskalada materialetik aparte, gaua aterpetik kanpo pasatzeko trasteak kargatu genituen zakutotan.

Amildegi gainetik bihurka zeharkatzen duen bidearen laurdena ibilia genuela hasi zen berriro euria, eta, Urriellora iritsi arte ez zuen atertu. 

Zortea izan genuen, harri handien azpiko bibakak libre zeuden, ez zegoen jende askorik aterpez kanpo akanpatua.

Zorua bustia egon arren koltxoneta gainean gustura etzan ginen, zeruan izar bakan batzuk laino beltzen artetik ageri ziran. 



Hotza zen goiza. Naiz eta Pico Urriello lehor agertu, hezetasuna dastatu genezaken, goizeko zazpirak ziran.

Ezin dut hitzekin deskribatu, baina, behingoz, harriaren legea juxtua izan zela diot, Iñakiri tokatu zitzaion lehen luzean aurretik joatea.

Ópera vertical bideak dituen luzeetatik konpromezu handienekoa da lehena. Hasierako metroetan ditu zailtasun handiko mugimendu batzuk, iltze plano batek babesten duen zatian, ez du konfiantza handirik eskaintzen iltze exkax horrek, A3+ artifizial zailtasunez graduatu zuten Nacho eta Claudiok, hortik atera kontuak. Luze honen bukaerako zatian ongi estutu beharra dago berriro ere. Iñakik maisuki eskalatu zuen tirada hau, kontuan izan behar dugu ez zela giro, zero gradutik gertu ibiliko ginen, atzamarrak ez genituen sentitzen.

Lehen luze hau iruditu zitzaidan benetan gogorra, hortik aurrera gauzak xamurragoak bihurtu zirela ausartzen naiz esatera.



Egun osoan primaloft txaketa jantzia nuela eskalatu beharrean izan nintzen, eguzkiaren printzak gure gainetik pasatzen zirela sentituz. Frente geneukan Torre de Cerredo mendia, eguzki printzez epel, inbidiaz kontenplatzen nuen, mendebal orientazioko horma batek hori dauka. Arratsean, eguzkiak jo behar zigun momentuan, lainotu egin zen.



Luze egin zitzaidan bidea, Naranjo horma handia da, aspaldian bostehun metro segidan eskalatu gabe nengoen.

Arratseko seiak pasa iritsi ginen gailurrera, be laino itxiak sokak bustitzen zizkigula, denbora galdu gabe Murciana bidetik egin genuen behera, inongo gora-berarik sortatu gabe.



Hezetasunak dena estaltzen zuen, laino itxiak egunaren amaia azkartu zuen, harri azpiko bibaka utzi genuenerako erdi ilun zegoen.



Frontalen argiaz iritxi ginen Padebanosa, etxera eramango zigun ibilgailura, euri tantanak erotzen hasiak ziran dagoeneko,  Arenas de Cabrales iritxi aurretik euri txikia serioa bihurtua zen.





Asko gustatu zaigu opera vertical bidea, beste behin Picuk ez digu huts egin. Kalitate handiko linea bateaz ari gara hitz egiten, haitz eskaladaren gordintasuna dastatu daitekeen bide bateaz. Guk, Picu Urrielloko gailurrean bosteko beroa eman genuenean, abentura itzela bizi izanaren ondorioz, aurreikuspen ezkorrenaren aurrean baikorrak izateaz harro, sinetsi ere ez genuen egiten egindakoa. 

 




















2 iruzkin:

  1. aupa!! no entiendo un cagau pero la via buenisima, no??
    los grados que os parecieron?? salut!!

    ErantzunEzabatu
  2. Aupa Nil, personalmente, y como comento en la entrada, el primer largo me pareció duro y algo expo, entramos muy fríos, después la via se vuelve mas amable, se deja hacer. En general, una via cinco estrellas, con una calidad brutal de roca, austera en seguros fijos, pero que se protege. Chapo Jesus y Nico, respetar la via original abierta por claudio y Nacho, y forzarla en libre, teniendo un taladro en la mano, es algo que esta al alcance de muy pocos. Menos chapas y mas amigos!!!. Un abrazo.

    ErantzunEzabatu