2022(e)ko ekainaren 6(a), astelehena

ORDESA - Bildurra, LIZARA - GRULLER - Laguntasunaren Goratzea


Larritasunak korapiloa sortzen dit eztarrian, horrek hitzen fluxua zailtzen du, inbutu batek mintzamena atxikiko balit bezala. Ondoez horren ondorioz astuna sentitzen naiz. Baina ohartzen naiz sintoma horiek, nire gorputza astintzen duten dardarizo txikiekin batera, beldurraren ondorio direla. 
Sentsazio hau ez da berria, egoera askotan bizi izan dut: Ez dut inoiz ahaztuko ezpain mamitsu haiek lehen musua oparitu zidateneko larridura. Edo, jende aurrean estreinakoz hitz egin behar izan nuen eguna, izuak jaten ninduen.
Baina, gaztaroko beldur horiek ez datoz bat gaur jasan dudan larritasunarekin. Gaur bai, oraingoan prest nengoen ikara gainditzeko. Mendian daramadan urte pila honetan, asko saiatu naiz eskaladaren artea menderatzen: helburua benetan zaila dela fisikoki frogatu arte bertan behera ez uzten, sinetsita gailurretik bereizten nauen distantzia urratsez urrats baino ezin dudala zeharkatu, jakitun beti irtenbide lasaia bilatu behar diodala arrisku egoera bati. Tamalez, aipatu ditudan beste bi adibide horietan, muxutan eta jendetzaren artean, ez naiz asko saiatu, horietan koldarra izaten segitzen dut.


Ordesako hormarik ezagunena da Tozal, haranaren sarreran zaindari harritsu bat bezala altxatzen da. Ez da harritzekoa bere forma bikainak eskalatzaile aitzindariak izan ziren haiek erakartzea, joan den mendeko erdialdera eskalatua izan zan lehen aldiz, Tozaleko horma bertikala eskalatzearekin amets egitea loria desiratzea baino ez da.


Denbora horretan belaunaldi desberdinetako eskalatzaileak aurre egin diote beldurrari eta eskalada bideak marraztea lortu dute harrizko mihise kaotikoan. Azkenak balentria hori lortzen bertikaletako bi artista izan dira, Albert Salvado eta Unai Mendia.


Bildurra bezalako izen kezkagarria jarri diote beraien sorkuntzari, eta kontuan hartuta nortzuk diren proposamen hau egiten duten bi eskalatzaileak, idatzi hau hasteko erabili dudan argudioa egokia da.



Iñaki Mendizabalekin batera Tozal azpian jarri nintzenean txikia sentitu nintzen, ikaratua. Jakin banekien prestatua nengoela eskalada hori burutzeko baina ezin genuen huts bakarra ere egin.


Ohikoa dugun bezala zozketa egin genuen luzeak banatzeko, Iñakiri tokatu zitzaion lehenengoan buru izatea.


Bildurra bidea bi zatietan banatu genezake, lehenengo sei luzeak osatuko dute lehen puska, juxtu plaza Katalunia arte doana, eta zelaitxo horretatik gailurrera gainditu beharreko beste sei tiradak bigarrena. Bidearen lehen itxura ez da agerikoa, Ordesan ohikoak diren diedro eta fisurak, Bildurra plaka arrokatsu kaotiko batetik gora doa, alde batetik bestera puntu zaurgarrienak bilatuz. Nafar-Katalunia bikote ausartak egundoko bide hau sortzeko erabilitako estiloa aparta da, harriari duen guztia atera diote, haitza bortxatu gabe.


Ideia bat egin dezazuen bikote honek noraino eraman zuen arroka ez zulatzeko printzipioa, bigarren luzea da adibiderik argiena: hogeita hamar metroko eskaladan dena eman ondoren erlaitz luze batetara iristen zara. Zutik, irtengune harritsuan, bost metro zeharkatu beharko ditugu erlaitzaren beste muturreraino, han dago bilera. Instalazio hau lau buril zaharrek osatzen dute, seguruenik eskalada bideren bat zabaltzeko saiakera baten ondorio. Bilera hori, argi eta garbi, ez dago eskueran, eta batez ere hirugarren luzearen hasieran ikusten da desegokia dela. Bi sortzaile handi horien etika zorrotzak lelo bat zuen, ez zulatu. Eta jasangarritasunaren printzipio funtsezkoenetako bat praktikan jarri zuten, berrerabilpena. Baina emaitza, kontserbazionismoaz haratago, bitxia da. Lehen aldia da horrelakorik ikusten dudala.


Beste luze aipagarria zortzigarrena da. Tirada hau zailtasun tekniko aldetik zailena ez izan arren bai da bidearen giltza. Gantxetek egindako krokis zehatzean ongi markatzen du tentuz ibili behar garela luze hau eskalatzeko garaian, esposizio handia du. Eta ez dago oker Kataluniarra, tripak mugitzen duen eskalada baten aurrean gaude.


Nire iritziz, Ordesako eskalada bide onenetako bat da Bildurra, eta uzten badidazue esaten, kalitatean Mononeuronas gainditzen du etikaren erabilera zorrotzagatik, ez arrokagatik.





Ordesako gure jarduera nahikoa zen asteburuko eskalada egarria baretzeko. Baina aurreko astean nire eskuetara eskalada krokis bat iritsi zen, Ekaitzek Belellaza orratzetan zabaldu berria zuen biderena, tentazioa handiegia zen.


Azken urteetan eskaladaren booma jasan dute Lizarako hormek, eskalada bide gutxi batzuk izatetik eskalada gida propioa izatera pasatu da. Parabolten arrastoak agerikoak dira Grullereko horman, era berean, anabasa txiki bat sortzen dute bide batzuk elkarren artean gurutzatzean.


Ekaitzek bidali zidan krokisa sinplea zen, argazki baten gainean marraztutako linea bat. Benetan atentzioa deitu zidana krokisarekin batera zetorren bideoa izan zen, bertan Iruñarra emozionatuta ageri zen egindako balentriagatik. Sorkuntzaren estiloa ere amua izan zen ni erakartzeko, zailtasun handiko bidea ekipamendu gutxirekin. Amua irentsi nuen, beldurra pasatzeko beste bide baten aurrean geunden.


Iñakirekin batera Gruller orratzaren azpira iritsi ginenean oraindik itzaletan zegoen horma, eguerdiko amabiak ziran. Itxuraz zaila ikusten zen lehen luzea, Ekaitzek abisatu zidan, Hector asko saiatu behar izan zen luze hori zabaltzeko. Zozketa egin genuen tiradak banatzeko, eta beste behin zortea ez zen nire alde jarri, lehenengoan buru izatea tokatu zitzaidan.




“Laguntasunaren goratzea”, horrela du izena Ekaitz, Hector eta Pituk zabaldu duten bideak. Gruller hormako eskuin zutabetik gora doan linea honek hasieran asko engainatzen du, itxuraz erreza dirudiena aldrebes zaila suertatzen da. Pausoz pauso joan beharra dago arrakala zabal baten barruan bideari metroak irabazten, seguruen kokapenak nabarmenak ez diren arren agertzen joaten dira, eta ez dira txarrak. Estreina honetako helburua lehen paraboltaren ziurtasuna bilatzea da, paretaren oinarritik zortzi metrotara dago. Sortzaileek zinta luzea jarri diote lehen txapa honi lagungarri izateko, gure kasuan haizeak zinta hau mugitua zuen, goran zegoen katigatua, ez zegoen eskura. Nire ustez, zinta hau ez da beharrezko, fisura bertikal baten azpian sartutako mikrofriend pare batek parabolta altuerara iristeko adina kemen ematen dizu. Zailak ditu mugimenduak zati honek, hanka puntetan prezisio handia eskatzen dute. Luze honek kontinuitate gabeko arrakala sistemak segitzen ditu, trabeska batetik bestera pasatu behar ditugunak. Belar eta lurrez garbitu berria dela nabaria da, oraindik helduleku asko hautsaz zikinak daude. Segurtasun parametro onargarrietan sartzen zaituen lehen Parabolt horretatik aurrera luze bukaezin honek dinamika berdinarekin jarraitzen du, hanka pauso fin eta gogorrak, mugimentu gehienak eskalada garbian, atsedena hartzeko puntu on baten gabe. Ikaragarria da luze hau, brutala, kateatzea lortu nuen eta 7bko proposamena luzatzen dut.



Bigarren luzea Iñakiri tokatu zitzaion eta benetan gozatu egin zuen. Eskaladarekin hasi eta berehala parabolta dago kokatua, argi dago bi irekieraren, lehen luzearen eta bigarrenaren, arteko irizpide aldaketa. Bigarren luzeko parabolta hau soilik faktorea kentzeko kokatua dago, eskaladari segurtasun onargarria emateko. Lehen luzean ez zuten hori egin, gehiago estutu zuten harria.
Aipatu behar dut, xehetasun honetatik kanpo, bigarren luzeko eskalada bost izarrekoa dela: arroka perfektuko pareta bat, arrakala batez zatitua, eskalada garbian aritzeko ezin hobea. Eta horrela zabaldua dago arrakala guztia, friendak eta fisureroak erabiltzen. Azken zatian ordea, luzearen irteeran, fisura bukatu egiten da eta plaka konpaktu batek ixten du bidea, hemen arroka zulatzea beharrezkoa da segurtasunez pasatu ahal izateko. Zati hau ona dela esatea luzea gutxiestea izango zen, ikaragarri ona da, ezin hobea. Gogorra ere, ez Iñakik eta ezta nik ere kateatzea lortu genuen, bistaz zaila da. Txaskarrilo bezala esango dut Iñakik ezkerretik atera zuela pauso hau bi-hatzetako zuloa hartuz, nik ordea eskuinetik egin nuen helduleku kamuts bat erabiliz.


Hirugarren eta azken luzea ez genuen igo, bigarrenaren bileratik egin genuen behera, aseta geunden, ahalegin fisikoak adina nekatzen du beldurra kontrolatzeko ahalegin mentala.
Pozik jaitsi ginen Lizarako aterpera datorren uda honetarako planak komentatzen.





 













 




 


 


















 

3 iruzkin:

  1. Gracias Mikel, sigues inspirándome con tus textos, y animando a mantenerme, por si algún día surge una oportunidad de nuevo. Agus.

    ErantzunEzabatu
  2. Gracias Mikel
    La habilidad del "navarro" y su capacidad para exprimirse siempre me sorprendieron.
    Compartir cuerda con el bizcochito resultó un privilegio que continúo degustando al leer tus comentarios, que me sonrojan y alimentan mi ego.

    Un abrazo

    ErantzunEzabatu