Astiro gindoazen elur gogorraren gainetik. Ipar haize indartsu eta jelatuak
bakarrik galarazten zigun konpasa ibiltzean. Une horretan, txingor gogorrak
kolpatzen gintuenean, gure aurrerapena geldiarazi nahian, burua jaitsi eta
begiak itxi beharrean ginen.
Diodan bezala, nire pultsazioak ezerk ez zituen aldatzen. Eskalada
materiala egiterakoan bihotzaren taupadak kardiografo batek marraztuko balu, erabat laua
izango litzateke. Erosotasunetik tiratu genuen, arintasuna, gauza gutxi hartuz:
25 metrotako soka zatia, Totem joko erdia, fisu batzuk. Nire ustez, nahikoa
Infernuetako ipar kanala igotzeko.
Infiernoko glaziarra zenaren inguruan geundela, ipar kanala bista genuela,
erdiko Infernu tontorraren azpian, hasi zitzaidan odola mugitzen. Pultsazioak
azkartu zitzaizkidan, bihotz-erritmoa handitu, anbizioak aldarazi zidan
gogo-aldartea. Haize bolada batek horma estaltzen zuen laino sarea arindu zuen, antzoki bateko teloia bezala, eta nire begi aurrean izotz linea txundigarria
agertu zen, erdiko Infernu tontorrera zuzen zihoan marra zuria, Infernuetara
igotzeko bidea.
Xabier Artolari abiadura aldaketaren arrazoia komentatu nion, zerk berotu
zidan odola. Nire lankide Tolosarrak ongi ezagutzen nau, eta nigan du
konfiantza: - beti eskertuko dizut ulertu izana.
Gure begi aurrean genuena naturaren apeta iragankorra zen, bide izoztu bat,
naturako indar ezberdinen batasunaren emaitza, orainarekin, gerorik gabe.
Zer plazer sentitzen dudan pioletak izotzetan iltzatzean behin baino
gehiagotan komentatu dut blog honetan, oraingoan ez zen gutxiago izan,
munduaren gainetik sentitzen nintzen.
Motzak ziren egin genituen soka tiradak, 25 metro gehienez, nahikoa generaman
material gutxirako. Eroso gindoazen jelazko bidetik gora, izotza kalitate
handikoa ez izan arren konfiantza ematen zigun. Azken luzean gauzak aldatu
ziren. Paretak inklinazio gehiago hartzen du zati horretan, eta izotzak aldiz kontsistentzia
galdu zuen, hutsik zegoen, desegiten zen. Eskalada mistoan gainditu behar izan
genuen zati hori, arrokatik, irteera logikoena utzi eta ezkerrera ateratzea
izan zen, izotzezko kanal esekia batera, zentzuzko erabakia. Hortik aurrera
hormak inklinazioa galtzen du eta tramite hutsa izan zen erdiko Infernu
tontorrera iristea.
Jaitsiera hego kanaletik egin genuen, ondoren cuello de Pondiellos
leporaino zeharkatzeko, eta handik zuzen Panticosako bainuetxera.
Eskalada aipatzera ausartu naiz, izen batekin bereiztea, bada, ez dut aipurik
aurkitu eskalada honi buruz, baina logikoena litzateke dagoeneko igota egotea.
Honekin ez dut nirea egin nahi, ezta gutxiago ere, eskalada honek sortu didan
asebetetzea transmititu nahi dut, besterik ez.
Bideari buruzko datu gisa: gure bigarren luzean, lehena ohiko sokak eraman bagenituen,
fisurero abandonatu bat aurkitu genuen. Fisurero honek kordinoa zuen
altzairuzko kableari lotua. Honek pentsarazten dit norbait hortik jaitsi zela,
errapelatu zuela. Fisurero hau, gehi, beste bat goiko zatian nahaste baten
erruz guk utzi genuena, dira bide osoan aurkitu daitezken material finko
bakarrak.
Eguzki gosea genuen Xabier eta biok, horma batean txigortzeko gogoa. Zer
leku hobea gorputzeko hotza kentzeko Rigloseko malloak baino?
Xabierrek ez zituen buztinezko dorre basati hauek ezagutzen, eta enbidia
pixka bat ematen dit, dena da berria berarentzat. Ni, aitona batek ipuinak
kontatzen dituen bezala, egun urrun haietako eskalada istorioak kontatzen
nizkion, begiradaz lerro ausart horien bila nenbilela.
Eskalada bide bat aukeratu behar genuen, eta Riglosen ez da lan erraza,
ehundaka bidek zeharkatzen dituzte jadanik putreen erreinua zen hau. Bihotzetik
bidea eskalatzea erabaki genuen.
Esaten dute errazago itsasten direla ohitura txarrak onak baino, eta gure
kasuan horrela izan zen ere, Xabierrek, nire eredu txarra jarraitzen telefonoa
furgonetan utzi zuen, eta noski, krokis gabe gindoazen.
Uraren mailoaren azpian, memoria ariketa bat eginez, gure lagun
Donostiarren bidea aurkitzen saiatu ginen. Gogoan genuen hasieran Bihotzetik
bideak bi aukera zituela, 6C eta 6b zailtasunak nahieran. Aurrean genuenak antz
handia zuen, hamar metroko horma zatian lau bide posible, paraboltak gasolina
baino merkeago daude. Linea horietako bat hautatu genuen, ezkerrekoa, ustez
zailena zelako. Hiru luze gora egin ondoren, argi eta garbi, gutxi ibilitako
lekutik, irteerarik gabeko amaiera batera iritsi ginen, mosketoidun txapa
kaosaren erdian.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina