2022(e)ko apirilaren 20(a), asteazkena

PICO ALMANZOR - Canal Norte

 


Bidai batean aurkitu dezakegun zailtasunik handiena oraindik etxetik atera ez garenean da, ilusioa besterik ez denean.



Gogoan dut, orain urte asko, Ser irratitik deitu zidatela, Ser aventura saiotik, K2 mendira egin behar genuen espedizioari buruz jakin nahi zuten. Idatzi honi hasiera eman diodan gogoeta azaldu nuen bidaietan oinarritutako programa horretan, espedizioan izan behar genituen zailtasun handienak prestakuntzan izan behar zirela; finantzaketa bilatzea, etxekoak uztea. Ondoren, bidaian murgilduta, K2 piramide perfektuaren azpian geundela, gauzak beste zentzua hartuko zutela, arriskutsuagoak seguru, baina, ez zailagoak.



Tradizioz ilun eta serioak diren opor egun hauek disfrutatzen ari naizela; Salamancan hitz hauek idazten ari naiz, Aste Santutako prozesio jendetsuez inguraturik, burura etorri zait Ser irratiko kazetariari harridura sortu zizkion hitzak. Agian gehiegizkoa da familian burutu behar ditugun oporraldi hauek Karakorumeko erraldoiarekin konparatzea, bainan bere neurrian zailtasunak berak dira; etxeetara kateatzen gaituzten korapiloak arindu, eta kasuan, guraso izatearen ituna zalantzan jarri. 



Opor hauetaz gozatu ahal izateko erabaki lakarra hartu behar izan dugu: Gu zahartzen goazen eran ondoko txikiak azi egin dira. Onartu behar dugu gure gustuetara ezi ditugun umeak denbora gutxian aldatu direla eta, gure ametsetako oporrak diren hauek, agian, beraientzat ez dutela garai batean zuten lilura. Gu, ongiaren eta gaizkiaren arteko eztabaida sakonean, atseden egun batzuez disfrutatzeko, banandu behar izan gara, seme helduenak ez gaitu lagundu horma sendoz inguratuta dagoen Gaztela serio eta zaharrean zehar egin dugun bidaian.



Aitortzen dut, eta erruduna naiz, El Almanzor, Gredos mendietan dagoen punta altuena eskalatzea zela nire irteeraren arrazoi garrantzitsuena. Pioletak ipar korridorearen izotz ustelean iltzatu ditudan arte ez nengoela lasai. Mendiaren handitasunarekin komulgatu ditut nire pekatu guztiak.



Goizeko zazpiretan jaso nau Conchik, Taxi Gredoseko gidariak, Hoyos del Espino herriko Camping Gredos izeneko kanpalekuan nengoen bere zain, Plataformara eraman dit. Lagunas de Gredos eta Pico Almanzorrera joateko parkinari Plataforma deitzen diote, hamar kilometrotara dago Hoyos del Espino herritik. Gradu bateko tenperatura markatzen zuen taxiak zeraman termometroak, juxtu elurra gogortzeko. 



Bide luzea da Plataformatik Almanzor gailurrera eramaten gaituena, 15 km. Desnibela berriz ez da handia, 800m. Gora eta berak gehituta gehiago ateratzen da.



Erritmo bizian hasi naiz ibiltzen, gogotsu, motxila pisutxoa neraman bizkarrean. Ipar kanalak ez du zailtasun handirik, erresalte motz bat da teknikoena, bidea baldintza onetan dagoenean izotzean eskalatzen dena, ez da oraingo kasua izan. Imajinatzen nuen aukera hau eta eskalada babesteko materiala neraman; soka mutur bat, mosketoi batzuk, friend parea eta fisu jokua.



Behatokira iritsi naizenean ikuskizunak txunditu egin nau, aparta iruditu zait lekua. Aipatu beharra daukat ordu horretan bakarrik nengoela inguruan, bueltakoan berriz gauzak beste era batetara Ikusi ditut, masifikazioa berriro ere. Behatokitik Laguna Grandera jaitsi beharra dago, bueltakoa gogorra izan behar zela ez dut zalantzan jarri.



Pico el Almanzorreko malda astunak igotzen hasi naizenean, aterpea pasatu orduko, eguzkiak harrapatu nau, eta testigu izan naiz elurraren egoera fisikoa nola aldatu daiteken segundo eskas batean. Nire pisua eustetik belaunetaraino ondoratzera pasatu da itzala eta argiaren muga zorrotzean. Eskerrak arrastoa zegoenik.



Ekialdeko igoera, edo bide arrunta utzi dudanean, trabeska Almanzor mendiaren iparra hartzeko, izerdiz blai nengoen, hor jantzi dituk kranpoiak. Zeharkaldi honetan elurraren kalitatea hobetu da, eta, ipar kanaletik gora hasi naizenean izotza topatu dut ere.



Azkar iritsi naiz bidearen oztopo nagusira, lehenago aipatu dudan erresaltera. Egin dudan lehen gauza paretaren hasieran dagoen iltzera ziurtatzea izan da. Ondoren, pioletak haitzean erantsita igo dut tarte tente hau, segurtasuna eman dit honek, kranpoiak aldiz pasarte batzuetan izotz narriatuan jarri behar izan ditut. Friend parea eta fisu batekin aski izan dut oztopoa gainditzeko.



Irteeran, paretak zutitasuna galtzen duenean, eskuinera jo dut, harri bloke arrakalatu batetara, bertan bilera muntatzeko asmotan. Materialez juxtu nenbilen. Nire zortez, norbaitek friend bat utzita zuen arrakala nabarmenaren barrenean, oso sakonean zegoenez jabeak ezin izan zuen atera. Friend galdu honi fisurero bat gehituz, triangelatu eta, bilera muntatu dut. Iltzeraino jaitsi naiz bueltan utzitako materiala berreskuratzea. 



Elurretan zizelkatuta zeuden oin arrastoak segituz jarraitu dut gainean sumatzen nuen gailurrerantz. Kanalaren itzalean, eguzki izpi indartsuen babesean, elurraren kalitatea ona zen, izotza ageri zen ere harriari erantsita. Motz egin zait igoera, konturatzerako gailurrean nengoen.



Lau haizetara argazkiak atera ditut, Gaztelako lautada amaigabea nire oinen azpian nuen. Ur tragoa egin, barrita jan, eta, berriro prest nengoen jaitsiera luzeari ekiteko, Castillako harresi menderaezinek ezkutatzen dituzten kale ilunen artean paseatzeko, apaingarri zaharkituz betetako ostatu batean oparo jateko.




Eguerdiko ordu bietan Conchik berriro Plataforman hartu nau kanpinera bueltan eramateko, etxekoak bazkaltzeko zain nituen.

 


 












  























4 iruzkin:

  1. Continúas buscando equilibrios entre familia y ansias deportivas, acompañadas esta vez de salidas culinarias.

    Progresas adecuadamente

    ErantzunEzabatu
  2. Muy buenas Mikel, me alegro de que sacases a pasear la procesión que nosotros, los incomprendidos, llevamos por dentro...y disfrutases de los placeres castellanos.
    Un saludo 👋

    ErantzunEzabatu
  3. Hola Samu¡¡¡
    Ha sido un viaje corto pero enriquecedor por la orgullosa Castilla. Lo hemos pasado genial.
    Gracias Samu. Un fuerte abrazo.

    ErantzunEzabatu
  4. El equilibrio es lo mas importante en nuestro deporte, y tu lo sabes bien, estar siempre comiendo espaguetis te puede llevar a tener un traspié, jijijjjjj
    Un abrazo maquina

    ErantzunEzabatu