2022(e)ko otsailaren 2(a), asteazkena

LECHERINES - Corredor del colegio / MURALLA DE BORAU - Una de las nuestras, Buenos comienzos

 


Ez zen nire asmoa eskalada irteera honi buruz idaztea, egiten ditudan eskalada guztiak jakinaraztea gehiegizkoa iruditzen zait, nire beldurrik handiena gogaikarri izatea da.



Kanal izozturen barrenean nintzela, edertasun alpinoa bere osotasunean sentitzen; pioleta zipriztin jelatu minimo batean iltzatua nuen, kranponea harriaren zimurtasunari erantsia. Eta momentu horretan, zirujauaren prezisioz erraminta lekuz aldatzen ari nintzela, altzairuaren mugimendu oker batek harriari zauri lazgarria egin ziezaioken kezkaz, zor bat kitatu behar nuela jakitun izan nintzan, Alfonso Vizan nire lagun handiari egin beharreko omenaldia izango zen.



Alfonsok orain 22 urte utzi zigun, bi milagarren urteko uda beltzean, ahaztea gustatuko litzaidakeena: Karakorumen geunden, Hunza peak ipar kanalatik igotzen. Zortearen aurpegi txarrenak mendiaz gure lagunarekin batera berriro gozatzeko aukera kendu zigun. 



Harritzekoa da, baina, gaur egun, apenas dago Interneten idatzia Borau deitzen diegun izotz eskalada sektoreei buruz, eta, ez zait normala iruditzen.

Aurreko mendearen bukaeran ibili ziren Alfonso eta bere lagunak, gehienak GREIMeko kideak, izotz kanal guzti hauei lehen igoera bat eman nahian. Internet existitzen ez zen prehistoriako garai galdu horietan, eskalada mistoa gutxi, edo, ezer ez, egiten zen Pirinioetan.



Gaur izango balitz bezala, gogoratzen dut Alfontsok nola kontatzen zizkidan Muralla de Boraun gozatu zituen sufrimenduak. Madrildarrak asko sinesten zuen leku jelatu honetan, Pirinismoari eman diezaiokeen bultzadan. Hainbeste zuen barneratua kanal hauen balioa, GAMEko izotz topaketa bat bertan burutu zutela. Alpinismo munduan ospetsu ziren pertsona batzuk etorri ziran elkargune horretara, tartean Fracois Marsigny, Cerro Torren zabaldu berri zuten, Andy Parkinekin batera, “La recherche du tems perdu” bide ikaragarriari buruzko emanaldia eskainiz.

Desnivel mendi aldizkariak artikulu zabala eskaini zuen leku aparta honi buruz; nahi duenarentzat 145 zenbakian agertzen da informazioa. Hau 1998an izan zen eta Alfonso berak sinatzen du idatzia.



Bailara paregabe honetako bi zona desberdinetan burutu ditugun eskalada saioak eman didate kemena bloggean idazteko; Pico Lecherines mendian dagoen “Corredor del colegio” igo genuen batean, eta, Sector Aisan “Una de las nuestras” eta “Buenos comienzos” kanalak bestean.

Aipatu dudan lehen bide horrek, “Corredor del colegio” azalpen ugari eskatzen ditu: Gailur harro hauek toponimia aldetik nahasmena ekarri izan dute. Pico Lecherin 2567 m da zona honetako puntarik altuena; konturatuko zineten Aspe mendi ederra kanpoan uzten ari naizela. Lecherin formaz gailur zabal bat da. Ipar aldera elur kanal hedatsuez zatitua dago. Kanal hauek punta nabarmen batzuk sortzen dituzte. Mendizaleok punta hauei izenak jarri dizkiegu, izendatze ohikoena zenbakiez egina da; lehen punta, bigarren punta… Lecherin mendia Garganta de Borau bezala ezagutzen da ere.

Pico Lecherines bajo 2344 m, paso de la garganta de Borau lepoak bereizten du bere anai zaharra den Pico Lecherinetik. Pico Lecherinesek bere ondoan Pico Tordiellas 2358 m dauka.




Hau dena komentatzen dut buruhaustea izan bai nuen Alfonsoren kanak itxuroso hau bilatzeko. Aspaldi nuen gordea krokis zehaztugabe bat, Desnivel aldizkari zahar batetik aterata zegoena. Aurten, goi mendiaren baldintza ezin hobeen deiari erantzunez, eta, Iñaki Mendizabalen bultzada energetikoa aprobetxatuz, liburu pilatuen artean dudan ametsen karpetatik krokis lauso hau atera dut. Iñigo Andolaren laguntza ezin bestekoa izan da korridorea kokatzeko. 
Azkoitiarrak, lagun batzuekin batera, izotz bide ausartak zabaldu berri dituzte Pico Lecherin ipar-eki horman, eta, Tortiellas iparrean. Blogga honek ematen didan aukera aprobetxatuz “Sokaitz” eta “No zizta !” bideen krokisak zintzilikatzen ditut.




Ez da zaia “Corredor del colegio”. Bidearen lehen zatiak ematen dizu buru hauste handiena, hasiera zein baldintzetan egon den zalantza. Haitz plaka batzuk dira gainditu beharrekoak, bertan egon arte ez da ikusten igotzea posible den.

Alpinismo egun gogoangarria gozatzeko aukera izan dugu Iñaki eta biok Alfonso Vizanek zabaldu zuen bide honetan.



Rioseta aranetik egin genuen Lecherines mendiaren hurbiltzea. Ez genuen Candanchu eski estaziora, Tortiellas bezala ezaguna den eremua, doian bide arrunta hartu. Rioseta bailara ikusgarriaren bukaera gerturatu ginen, haitzezko horma igarogaitzak pasagunea moztu zigun arte. Kranpoi eta pioletak atera genituen, eta, izotz kanal batetik irabazi genuen ibon de Tortiellas lautada.



Frente genuen Lecherines ipar horma, eta, ez zitzaigun zaila egin “Corredor del colegio” identifikatzea, pitzadura nabarmena da horma ederrean. Baina, ez zen hori izan atentzioa eman zigun elementu geografiko bakarra, Lecherin mendiaren magalean zegoen egundoko izotz jauzi batek gure begiak eraman zituen ere. Mendiaren handitasuna gureganatzeko desira basatiari jarraituz, oinen arrasto jelatuak izotz jauzirantz bideratu genituen. Izotz jauzi hau “Furtiva lagrima” da, eta gure asmoa, izotz jauzi honetan, pioleten kolpez eskalatzeko grina pittin bat baretu ondoren, trabeska luze batetan, Lecherines ipar hormaren oinarrira iristea zen.



Gozatu egin genuen “Corredor del colegio” eskalatzen. Ezin dut esan bidearen baldintzak zein egoeratan ziren, on eta txarren arteko zein puntutan. Ziur naiz Alfonsok bide hau igo zuenean mendiak beste kondizio batzuk zituela, ez dago neguko eskalada denboraldi berdinik, buruhauste horrek erakarriago egiten du.







Iñakirekin bisitatu nuen bigarren zona sector Aisa bezala ezagutzen da. Egun berdinean bi kanal eskalatzea lortu genuen, “Una de las nuestras” eta “Buenos comienzos”. Lehenago aipatu dudan bezala. eskalada mistoaren graduazioa iragankorra da, natur apetan menpe dago, sasoi honetan errazagoa zena zailagoa bihurtu da; edo, guk ahala sentitu genuen bi kanal aparta hauek eskalatzerakoan.




Candanchu eski estaziotik egin genuen hurbiltzea. Oinetan eskiak jantziak generamatzan, bueltakoa asko errazten du honek, ziztu batean beheran zaude. Lomas blancasen utzi genituen elur gainetik irristatzeko gailuak, Aspe mendiko bideak eski estazioko pistak uzten dituen puntuan. Elurra era bat jelatua zegoen, kranpoiak behar ziran segurtasunez ibiltzeko, Pirinioak ez zeuden txantxetarako.




Kanal izoztu horietan eskalatzen dugunean aseguratzeko etekin gehiago ateratzen dizkiegu harrian erabiltzen ditugun gailuei; friend, fisu, iltzeak, izotz torlojuei baino. Hauetako gutxi batzuk eramatea komenigarria da, baina, zortea izango dugu altzairuzko zilindro hauek hariztatzeko nahikoa izotz geruza aurkitzen badugu.




Alfonso eta bere lagunek eskalatu zituzten Borau amildegi izoztuan dauden kanal gehienak. Izenak jarri zizkieten zauri jelatu hauei, eta, lau haizetara zabaldu zituzten negu gordinean mendizaleok horma izoztuak eskalatzen jarraitu ahal izateko. 



 









 




































 






3 iruzkin:

  1. Pirineo occidental, ¡qué terreno de juego!
    Amplitud adecuada y condiciones a menudo excelentes, mezcla de ese clima húmedo escocés que os azota desde el atlántico y de las altas presiones que imperan en la península
    Me están enamorando...

    ErantzunEzabatu
  2. Y si tienes la suerte de estar en el lugar adecuado, en el momento justo, podrías disfrutar del hielo inyectado, nieve que con la fuerza del viento se adhiere a la roca, parecido al hongo cimero del Cerro Torre, delicatessen de la tormenta atlántica.

    ErantzunEzabatu