Mundaka herriko behatokian nengoela, surflariek olatu erraldoiak nola
hartzen zituzten ikuskizunaz txundituta etorri zitzaidan burutazioa, gaur baieztatu
dut Raneroko horma paregabean eskalatzen nengoen bitartean; surflariek olatu
erraldoiak zamalkatu ahal izateko entrenamendu bereziak egiten dituzten bezala,
horma handi eta bide konprometituetako eskalatzaileek ere egin beharko genituzke,
ez da nahikoa gogor eskalatzea.
Olatu erraldoien gailurretik surflariak amiltzean, ur gazizko pareta
arriskutsuak gainean utziz, eta beldurrik gabe orroen erraietara nola
barneratzen ziren ikustean, nire lankide Unairekin izandako solasaldiaz gogoratu
nintzan. Debakoa surflari ona bazen ere, olatuak hartzeko grinan beste pauso
bat eman nahi zuen eta olatu erraldoiak zamalkatzeko entrenamenduak egiten
zituen. Entrenamendua, batez ere, oholean oreka galtzean eta itsasoak irenstean
sortzen diren une larriei aurre egiteko gaitasuna irabaztean zatzan: - kontrol
mentala beharrezkoa da une gogor horietan, uraren zurrunbiloaren barruan urduri
ez jartzea. Horretarako, apnea on bat izatea da garrantzitsuena, eta hori ere
entrenatzen dut, ur azpian arnasa hartu gabe egoteko gaitasuna.
Eskaladan, aldiz, eskalatzaileok oro har egiten ditugun entrenamenduak
indarrekoak dira, gure giharrak sendotzeari eta zailtasun fisikoko mugimenduak
gainditzeari begira, faktore psikologikoa ahaztuz. Horregatik eskalatzaile
gehienok gorriak ikusten ditugu “txapak“ oinen azpitik dauzkagunean, eta zer
esan seguru horiek friendak edo fisureroak direnean, orduan askorentzat amesgaiztoa
da.
Gabezia hori landu
beharrean, segurtasunaren aitzakian estali dugu, arroketara igotzearen
funtsezko oinarritik aldenduz; ahalik eta modu naturalenean egitea. Baina hori
normala da, ziur nago itsasoaren amorrua menderatzeko gai izango bagina hori
egingo genukeela; elementu naturalen neurrigabetasuna ahalik eta ahalegin
txikienarekin menderatzea, haien boterearen gainetik sentitzea, gizakiaren desira
bat da.
Raneroko “ Pared
del descargadero” hormaren azpian nengoela, buruan bueltaka neukan ideia hau
argitu zitzaidan. “Ez beti bakarrik” bide gogorraren azpian geunden Iñaki
Mendizabal eta biok, eta gainera erortzeko mehatxua egiten zidan harresi tentetuak
izutu egiten ninduen. Bigarren luze beldurgarria eskalatu behar nuen, eta ez
nuen batere garbi ikusten.
Krokisa tentuz aztertu ondoren erabaki genuen ezin genuela bidearen
zatiketa era normalean egin, luzeak txandatuz, ez zen orekatua izango. Beraz
batek lehenengo biak egingo zituen eta hurrengo biak besteak, azkena ez genuen
kontutan hartu.
Lehen tirada laburra baina perfektua eskalatu ondoren, bigarrenaren ur hotz
eta sakonetan murgildu nintzen. Igerian hasi bezain laster, olatu erraldoia
gainera bota zitzaidan, zurrupatu ninduen eta bere gailurrera igotzen hasi zitzaidan.
Amildegiak bertigoa ematen zidan, baina prest nengoen, olatuak askatu eta bere
ur-oinarri handira jaitsi ninduenean, orekatu nintzen abiaduraz hodiaren
barrura sartuz, ondoren zetorren arrakala zoragarria surfeatu eta gozatu ahal
izan nuen.
Literarioki kontatu dudan eskalada pasarte honek horrelako aipamena merezi
du eta are gehiago, tirada ikusgarri hau egin ditudan eskalada luze onenen
zakuan sartzen dut, eta hemendik Lasa zoriondu nahiko nuke hau posible
egiteagatik.
Pozik nengoen lorpenez, Galea puntako olatu erraldoi baten gainean
zamalkatzea lortu nuen, Iñakiren bosteko beroak are gehiago goratu zuen
balentriaren zaporea.
Gustura pasatu nion Iñakiri soka-burua izateko erantzukizuna, nire lanak
jadanik bukatuak zeuden, berari tokatzen zitzaion laugarren luzeko kontrol
gabeko olatu erraldoia.
Ez da olatu erraza laugarren hau, ez da garbi ikusten nondik igeri egin
behar duzun olatuaren gailurrera iristeko, alde batetik bestera ibili beharra
dago itsaso gaiztotu batean. Eta punta garaiera iritsitakoan konturatzen zara
tsunami baten gainean zaudela, hortik onik ateratzeko egin behar duzun surfa
perfektua behar duela izan. Ur zurrupa batzuk hartuta Iñaki garaile iritsi zen
itsasbazterrera.
Krokis baten marrazkiaren gainean bostgarren luzea hastapeneko olatua
dirudi, eta horrela da, baina ikaragarri ederra, niri tokatu zitzaidan
surfeatzea eta gozatu nuen. Eskerrak laugarren luzeko bileratik errapelak
muntatzen hastea ez den garbi ikusten, zeren kapaz izango ginen eskalada gradu
apal hauei itsuskeria eginez bizkarra emateko, gorantz egiteak ba du bere
saria.
Bigarren egunerako olatu txikiagoak iragarriak zeuden, guk ala eskatu
genituen behintzat, eta Ranero hormarako malda astuna igotzeko izen antzeko
baina kontrako esanahia duen bide bat hautatuz motibatu ginen; bakardadea
goraipatzen duen “Beti bakarrik”. Bide bikain honek “descargaderoko” horma
handia zeharkatzen du, pitzadura nabarmen bat igoaz, zauri odoltsu baten
antzera jarraitu beharreko bidea markatzen digu.
Iñaki izan zen bigarren egun honetan uretara sartzen lehena: Itsasoa haurreko
egunean baino bareago zegoen, olatu sailak ordenatuagoak zetozen, Oñatiarrak
erraz surfeatu zuen lehen luze bikaina. Bigarren luzean ordea, itsasoa mugitzen
hasi zen, eta olatuak tamaina handiagoa hartzen itsas ertza utzi eta
berehala. Honek harritu ninduen, iragarpenak ez zioen alakorik, nahigabe olatu
erraldoi baten gainean aurkitu nintzan, surf ona egiteko beharrean. Apnea sakonak
eginez eta ipurdia estutuz, onik iritsi nintzen ur ertzera. Ikaragarri ona
iruditu zitzaidan bigarren luzea.
Hirugarreneko sabaian gorilarena egin ostean laugarren tiradan aurkitu nuen
nire burua. Hemen ere itsaso haserrea zeharkatu beharra dago, itsas ertza gertu
ikusi arren luze egiten den bustialdia. Oso ongi surfeatu beharra dagoen luze
eder eta ahaztu ezina da hau.
Ranero, Bizkaiko eskalatzaileek olatu handiak hartzen dituzten gunea da. Harkaitzaren
kalitateak eta bertikaltasunak hori eta gehiago ahalbidetzen du. Zorionak
ematea eta Gipuzkoan olatu erraldoiak hartzera gonbidatzea besterik ez zait
geratzen, izan ere badira. Balerdi,
gutxigatik Nafarroako lurraldean dagoena, Gipuzkoako olatu handien gunea
kontsideratua izan da. Leku eder honetan, Ranerorekin konparata, olatuak basatiago eta
desordenatuago datoz, denbora gehiago behar izaten da haien korronteak eta
apetak ezagutzeko. Eta hau esaten dut garrantzitsua iruditzen zaidalako eskalada mota hau mantentzea eta zaintzea.
2025/02/06 SKYFALL
Lana pilatzen zait negua deitzeak zalantzak sortzen dizkidan egun hauetan. Izotz-eskalada egiteko dauden ustezko baldintzak aprobetxatzen ez baditut, pioleten puntei oxidoa kendu gabe pasatuko zait denboraldia. Aldi berean harkaitz-eskaladarako tenplu diren horma batzuen eskalada erregulazioen tarte txikia aprobetxatzen ez badut, egin nahi ditudan bide batzuk eskalatzeko aukera galduko dut aurten ere. Ez nago urteak oparitzeko.
Obzioak eztabaidatu ondoren, baietz esan nion Iker Urangak Raneron eskalatzeko egindako proposamenari, jakitun Pirinioetan izotzetan eskalatzeko baldintzak egon zitezkeela. Horixe da gizarte modernoa gehien frustratzen duen errealitatea, aldi berean bi lekutan egoteko ezintasuna.
Garrantzirik gabeko arazo honetaz ari garela: Eguraldi iragarpen on bat ezin hobea da gauza asko egiteko, eta hau buruhaustea izan daiteke gustuak oso ondo definituta ez dituen edonorentzat. Eskerrak nire mundua nahiko milimalista den. Eskalatzaile batzuek nik baino zalantza gehiago izango dituzte nora joan eta zer egin zalantzaren aurean, adibidez, mendiaren eta itsasoaren artean aukeratzen hasten direnak.
Goizeko lehen orduan autoz betetako N1 errepidean gidatzean, Aritzetako nire topagunera garaiz iristeko aukera hari bat baino ez zela iruditzen zitzaidan. Nirekin batera mugitzen ziren ehunka auto horietako baten akats hutsak errepideko kolapsora eraman zezakeen, eta horrekin nire hitzordura berandu iristea. Hau egunerokoa duenarentzat ez da erraza izango.
Ibilgailuen dentsitatea asko jaitsi zen arren, gidatzerakoan zegoen estresa ez zen txikiagoa AP-8 autobidean. Eskerrak Iker eta biok elkarrizketa alaian gindoazela, berandu genbiltzanaren sentsazioa galdua genuela, eta konturatu gabe Bilbo atzean utzi eta Kantabrian sartu ginen, Ason ibaiaren arroan gora. Villaverde haranatik heldu ginen Karrantzara, kilometro gehiago izan arren Enkarterriak gurutzatzea baino azkarragoa da aukera hau.
Etxean begiratua genuen arren, hormetarako hurbiltze bidearen hasieran eskalada-murrizketei buruz dagoen informazio-kartelari azken begirada bat eman genion. Bai, Skyfall eremu marroian dago, eta maiatzera arte igo daiteke. Gai honek neurosia sortzen dit.
Ordu bateko hurbilketa motz baten ondoren hormara iristean, oraindik itzalpean zegoen eta hotz egiten zuen. Ez genuen kexatzeko astirik ere hartu, Iker azkar prestatu zen eskalada saioarekin hasteko. Skyfall bidearen lehen luzea Beti bakarrik bidearekin partekatzen du. Beraz, tirada ikusgarri hau ezagutzen nuen, Iñakirekin batera Ez beti bakarrik eta Beti bakarrik bideak egunean eskalatu nituenean egin nuen.
Gustura zihoan Iker haitzean gora, tarteka arnas estuka sumutzen ba nuen ere, ez zizaion luze osoan hitz egiteko gogoa joan. Nire txanda heltzean kostata kendu eta petatean sartu nuen lumazko txaketa, ez dut batere atsegin gorputz hotzarekin eskalatzen hastea.
Berriro Ikerren ondoan nengoela, hasi ziren behatzak berotan sartzen, helduleku txikiak benetan mingarriak gertatu zitzaizkidan, ez nuen batere gozatu igoera.
Bigarren luzerako prestatzen nindoan bitartean, materialea arnesean kokatzen eta krokisari bistadizoa emanez, abenturarekin hasteko prest nengoela sentitu nuen, gogoz hasi nintzen ezezaguna nuen tokitik gora.
Sabai pitzatu batera heltzea eta gainditzea du luze eder honek helburu. Sabai erasotzeko prest nengoela, pare bat frien sartuak nituen pitzaduran, tartean generaman hiru zenbaki bakarra, sorpresa hartu nuen eskuin haitz plakan parabolta topatu nuenean, ez nuen espero. Hau txapatu, ondoko frienda kendu eta ekin nion ondo estutu behar den sekzioa eskalatzeari. Erlaitz eroso batean egiten da bigarren bilera.
Hirugarrenari alarmak piztuak nituela ekin nion; - bigarrenean, graduz baxuagoa dela, horrelako estutua eman badiot, zer izango da gogorragoa den hirugarrena ?
Oso ezkerrera kokatua dagoen paraboltak noratzkoa markatzen du, trabeskan hasten da zoragarria den luze hau. Hau txapatu ondoren diedro ireki batean sartzen zara, honen erdian mugimendu fin batzuk egin beharra daude. Luze honen edertasun-eztanda, irekia dagoen modutik goraipagarria, sabaitik irtetea eta ondorengo diedroa da, birritan baino gehiagotan pentsatu ondoren ekiten diozuna. Hasiera honek hezetasun orbanak zituen eta horrek tirada are zirraragarriagoa bihurtu zuen.
Ez dut ukatuko beste horrenbeste eskalatzeko gogoz geratu nintzela, kalitate horretako hiru luze gutxi dira. Hemen, animo hori asetzeko, rapelatu eta beste bide bat eskalatu behar da.
Zer egin eztabaidatzen ari ginela, eguzkitan bazkaltzen tontor belartsuan, esan beharra daukat presarik gabe; hau egiten ere jakin behar da, uneaz gozatzen, une errepikaezinak dira, horma honek kalitate handia duela ondorioztatu genuen.
Rapelatzeko prest geunden. Kuriosoa da horma honen rapel linea. Ormigoizko eraikin zahar batetik behera egiten du, Cargadero deitzen dutena, mehatzako minerala hemendik jaisten zuten altzairuzko kable luze baten bitartez haran zulora. Trenbidea zegoen beheran.
Bigarren bide bat osorik egiteko denborarik ez genuen. Gainera, bide gehienak bustita zeuden eragozpena gehitu behar genion.
Rapel tente honen azken zatiak beti eman dit atentzioa, harri grisezko plaka trinko bat da, eta hortik bide bat doa, eta hau eskalatzea adostu genuen. Eskalatu ondoren, ona dela uste dugu, baina kalitatezko plaka arrokatsu hori ukitu ere ez du egiten, arraila hautsi batetik igo behar duzu, plaka harritsu ederra ezkerretara utzita. Horrek ez du garrantzirik, jardunaldi biribil bat amaitzeko modu bikaina izan zen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina