Haitz eta horma gutxietsi hauetan aitzindari izan ziren horien eskalada
bide zirraragarriak igotzen ditudan bakoitzean, amorrua pixka bat sentitzen
dut. Igoera nabari eta logiko guzti hauek daude sasiz josita, izkina batean
ahaztuak, modaz kanpo geratu diren jostailuak bezala. Baina jakin behar dugu,
haitzean erantsita aurkitzen ditugun iltze bihurritu eta herdoildu horien
atzean eskalada historia liluragarriak daudela. Gainera, ausartzen naiz
esatera, susmoa dut, bide horietako asko eskalada bakartian ireki zirela, eta
horrek, nire baloraziorako, are baliotsuago bihurtzen ditu mendizaletasunaren-oroimen
zoko txikian. Izenik gabeko bide horietako asko alpinismoaren garai
erromantikoetakoak dira, non eskalatzaile anonimoak etxe ondoan zituzten
haitzetara hurbiltzen ziren abentura bila. Eta, desioaren egarria ase ondoren balentriak ahazten zituzten; askotan, interesik ez zutelako pentsamenduagatik,
gehienetan, eskaladaren gorabeherak nori eta non kontatu ez jakiteagatik.
Egino adibidea da horretan, ameslarien aztarnaz josiak daude monolitoak.
Erakargarria egiten zaidan haitz edo horma batera hurbiltzen naizenean eta
larrak hartua dagoen hauetako bide batekin topo egiterakoan, txunditurik
geratzen naiz. Ez dut jakiten nork zabaldua izan den, anonimoa da balentria
egin duena, baina nire zailtasun indizerako, eta badakit zertaz ari naizen, oso
maila altuan daude, ez dira txantxetako gauzak.
Izen bat esango
dut, ez berak kontatu zidalako, ikusi nuelako baizik, eta nahigabeko topaketa hori
bultza indartsua izan zen nik egin nahi nuen mendizaletasunerako; Antonio
Mirandaz ari naiz, eta ziur nago Eginoko bide anonimo hauetariko asko berak
zabalduak direla.
Goazen oroitzapenetara: igande arratsa zen, ez dakit ze urtekoa, denbora
asko pasatu dela dakit soilik. Nire anaia zaharrena Txema, Idoia bere bikotea
eta Isa, jasan egiten nauena, geunden monolitoetan eskalatzen. Horretara agertu
zen Antonio, serio, eskalatzaile bakartiok dugun jarreran, egiten dugunagatik berezi sentitzen baikara. Eta Antoniok nire aurrean bakarka eskalatu zuen,
maisuki. Begiak bere lekutik atera behar zitzaizkidan, ezin nion bista kendu,
ahaztu ez dudan lezioa izan zen niretzako.
Eta orain hemen nago ni, Eginon bakarka eskalatzen, Antonioren bidea den
ala ez den eztabaidatzen. Garaiak aldatu egin dira; orain, teknologiari
esker, komunikazioa errazagoa da, eta horrek eragin handia izan du eskaladen
transmisioan, saturazioraino askotan. Baliabide honen bidez, Eginon egin
ditudan eskalada batzuen berri eman nahi dizuet, nahi duenak errepikatu ahal
izan ditzan.
TORRE DE LA LEZE
Kostaldeko jendeak dio pisuzko arrazoi bat egon behar dela itsasoratzeko,
lehorra utzi eta barku batetan sartzeko. Hil a la biziko kontua omen da arrantzale
izatea, biziraupen lana. Nirea ez zen hain dramatikoa izan, lehorrean
lan-aukerak nituen, hain gogorrak eta zalantzazkoak ez zirenak.
Marinel izatera bultzatu ninduten
arrazoiak erromantikoak izan ziren, mendiari diodan maitasuna, eskalatzeko nuen
bizi premia.
Mutrikun utzi nuen lur trinkoa 20 metro luzera eta 8 metro zabalera zuen ontzi
txiki batetan. Gatibu sartu nintzen hilabete luzez izen exotikoa zuen barkuan,
Santa Ninfa. Asmoa; xoxa batzuk egin eta diru apur horrekin eskalada bidaia
egitea. Ez zen lehen aldia formula hori erabiltzen nuela; abuztu oso bat egona
nintzen Aristrain siderurgia enpresan laminazioa garbitzen, diru azkarra eta
ona lortzeko itxaropenez egin nuen.
Baina Santa Ninfa baxurako ontzian egindako egonaldia ez zitzaidan hain onuragarria
gertatu: 90eko hamarkada zen, sare pelagikoen auzia puri-purian zegoela, itsasoa era
bat agortua zegoen.
Hamabost lagunek osatzen genuen tripulazioa oso gaztea zen, horietako
asko droga gogorren mamupean eroriak, ia ez genuen harrapaketarik egiten,
esperientzia falta somatzen zitzaigun. Hegaluzearen kanpaina egin ondoren, Gran
Soleko olatu erraldoien artean inurri bat baino ahulago sentitzen; astinaldi
bakoitzean azkena izango zela pentsatuz, ur gazizko horma horietako batek itsas
ondoko amildegi ilunera bidaliko gintuela, nahikoa zela esan nuen, diruz ontziratu
nintzan bezain pobre lurreratu nintzan bueltan.
Ez zait ahaztu, eta ez dut uste sekula ahaztuko dudanik, ontzi urdin
txikian pasatu nuen denbora; kamarotearen hezetasun usain mingotsa. Balantza,
zorabiatzerainoko barkuaren dantza. Eta lurra hartu nuenean, Mutrikuko kaira itzuli
eta oinak lehorrean jarri nituenean, lurraren errotazio betierekoaz jabetzeko
gai izan nintzen.
Eskalada-bide honek omenaldia egin diezaiola Mutriku portu bildutik
desagertuta dagoen itsasontzi ausart honi, eta, nola ez, eskifaia eskuzabal eta
gogorrari, haiekin pasatu nituen atsekabe eta pozengatik, deskribatzen eta
ahazten zailak zaizkidanak.
Klasikotzat hartu ahalko genuke Santa Ninfa bidea, diedroak, arrakalak,
haitz plakak, era garbian zeharkatzen bai ditu. Harritu nahiz Torre de la Lezen
honelako kalitatezko sorkuntza berria egiteko aukera bilatzean; ikuskatu ditut
zuhaixka pare batetan utzitako kordinoak, hauek Santa Ninfa bidetik kanpo
geratzen dira, azken zuhaitz handia kenduta, baina beti, maiz aipatu dudan
bezala, anonimatuaren menpe dauden balentriak dira.
Santa Ninfa behealdean, bidearen hasieran,
ur-iturburuen hondarrak daude; beraz, litekeena da zati hori sarritan hezea
egotea. Hori ez zen horrela nik zeharkatu nuenean, lehorte latzak edertasun
bitxiko leku bat utzi du agerian.
Ez ditut xehetasun gehiago emango, ez dizuet emozioa hondatu nahi. Bakarrik
esan horma elegante hau goizean itzalean egoten dela, arratseko ordu biak arte
ez diola eguzkiak astintzen.
EL TRIANGULO
El Triangulo orratzera hurbildu nintzaion bere edertasunagatik, ez
kontziente nintzelako bideak bazirela. Aho zabalik utzi ninduen eskalatu
nuenean bideak, ez nuen kalitate hori espero. Ez dakit nork edo nortzuk zabaldutakoa
den, baina Eginoko eskalada gida zaharrean agertzen da Antimilitarrak
izenarekin. Triangeluaren bide honek erakutsi dit Eginon, kirol-eskaladaren
ezarpen sistematikoaren aurretik, luze bateko zailtasun eskalada tradizionala
egiten zela. Asko gustatu zitzaidan eta asko gozatu nuen bera eskalatzen, galdu
nahi ez bagenuen bidea berritu behar zela pentsatuz jaitsi nintzen. Pentsatzea
eta egitea, zeuden bi buril zaharrak parabolt banaren truke aldatzea, eta
bilera hobetzea, horrekin uste dut nahikoa izan dela bide hau eguneratzeko, oso
ona iruditzen baitzait bere estiloan. Jatorrizko graduazioari nik gradu bat gehitu diot, eta agian motz geratu naiz, doanak jakin dezala estutu beharko duela, joan den mendeko eskalatzaileak
oso indartsu zeuden.
Bide honen ezkerretara ba dago beste bide bat, Billy Kit. Haitz plaka eder
batean du hasiera, baina ondoren zona hauskor batetan sartzen da eta ez dut
uste pena merezi duenik eguneratzea.
2024/01/04:
Beste bide bat erantsi diot triangeluaren hormari. Hormaren eskuinaldean libre zegoen haitzezko plaka eder batean zabaldu dut, behetik eskalatuz eta bakarrik. Aurreko krokisean lerro berria gehitu dut, eta 6c-ko eskalada libreko gradua eman diot, hau proposamena da, noski. Ziur nagoen gauza bakarra luze oso ona dela da.
PARED DEL QUESO
Pared de Queso aurkitzea, eskalatzaile baten perspektiban, loteria tokatzen
zaionaren antzekoa da, nire kasuan behintzat. Sorkuntzarako eskaini didan
jokoa ezin hobea izan da, kalitatez eta tamainaz abentura eskalada egiteko
egokia. Lasai, presiorik gabe, harri bitxi honetan murgiltzen joan naiz
denborarekin eskalada bideak sortzeko. Bakarrik batzuetan, konpainian bestetan,
baina beti saiatuz atzetik etorriko diren eskalatzaile apurrei, neurri handi
batean, nik aurkitu dudan bezala uzten. Horrela, naturaltasuna bilatzen duen
eskalatzaileak jolasleku ona izango du, eta nik sentitu ditudan sentsazio
antzekoak biziko ditu.
Quesoko lehen bidea Iñaki Mendizabalekin batera zabaldu nuen, Maravillas
zoragarria izan zen. Hurrena bakarka sartu nintzen haitz plaka konpaktu
horietatik gora eta Garrote bidea sortu nuen. Hirugarrena, eta hemen Iñaki
Mendizabalen iritzi berekoa naiz, bere estiloan Euskal Herriko bide onenetakoa
izan daitekeena etorri zen, Begiak ireki. Laugarren eta bosgarren bidea zein izan zen
ez dut garbi, Sabina edo Helmuga, haitz plaka ongi aprobetxatzea zuten helburu,
bide oso onak dira.
LA PLAZA
La Plaza bitxia da, makinek sortutako gunea, naturaren pazientzia
eraldatzaileari esker zauri odoltsu horretatik sendatzen doana. Oso eskalada
bide gutxi daude hemen, eta horrek harritzen nau; harkaitzaren kalitate ona eta
lekuaren erosotasuna kontuan hartuta, eskaladarako leku egokia iruditu zait
beti. Hau horrela izanda, La Plaza enblematikoan nire sorkuntzetarako lekua
bazegoela konturatu nintzenean, eta eskalada mota minoritario hau Goierriko
nire erosotasun gunetik ateratzeko adorea izan nuenean, eskalatzen hasi nintzen. Bloggan zintzilika ditudan bideak kirol
eskalada tankerakoak dira, baina garbiak, segurtasun naturalak uzten duen
bitartean behintzat, behetik sortuak.
Ez da ohikoa horrelako bideak aurkitzea; luze bakarreko eskalada klasiko
bideak. Nire gaitasunak ahalbidetu didan mailaraino igo naiz, behetik eskalatu
ahal izan ditudan bideak soilik sortuz. Leku atsegin honetan eskalada bideak
irekitzeko leku gehiago dago, baina niri sorkuntza hauek beste teknika batzuk
erabiltzea eskatuko lidake, soka goitik dudala, eta nik ez dut lan hau hartu nahi.
Berezitasunaren lotsa gainditu ondoren, hemen duzue irekitze hauen emaitza,
nahi duenaren gozamenerako.
Esan behar dut ere, La Plazako eskuin aldean, mendebalde orientazioan, ekipatutako
bi bide gehiago daudela, 6b zailtasun ingurukoak biak.
«Hitz hauek idatzi ondoren, ez nekien informazioa iritsi zait», Josemak bidali
dit. La Plaza inguruan berreskalatu nituen hiru bidek bazuten igoera, Risi
Buezo Legazpiarrak ireki zituen, bakarrik ere eskalatzaile handi honek. Risi gurekin
balego gustura galdetuko nioke libreko eskalada hauetaz duen iritzia; Risi,
tamalez, Indiako Meru peaken geratu zen, Miriam Garcia eskalatzaile
Nafarrarekin batera. Goian bego, ea denon artean eskalatzaile handi hauen izena
berreskuratzen dugun.
Krokisean Risik bidei jarri zizkien izenak idatzi ditut.
LIBEREN ORRATZA
Eginoko monolito eta hormak izen bitxiak dituzte, eskalatzaileak
jarritakoak dudarik gabe.
Nik ere gauza bera egin dut
igo dudan eta toponimiarik aurkitu ez diodan pareta honi; Liberen monolitoa,
horrela izendatu dut ohitura bat segituz, pareta edo orratza bat eskalatzen
lehena denak izena jartzeko ohorea dauka, hori bai, beti, bertako toponimiarik
ez badago.
Bide hau hormako lehena izan zen, gero Amazona bidea sortu nuen eta oso
pozik geratu nintzen egindako ahaleginarekin. Lehen luzea oso ona iruditzen
zait, zirrara gustuko duen eskalatzaileari gomendatzeko modukoa.
Honekin amaitu behar dut sarrera hau, harroen nagoen bidearen faltan, hiru
urteko ezbeharren ondoren oraindik amaitu ez dugun Bidelagun. Baina hori beste
istorio bat da, adiskidetasunaren indar zintzoaz amaituko dugu, eta espero dut
zuei kontatzea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina