Ordesaren
irudi batek liluratu banau, haran ikaragarri honen sarrerakoa izan da; Torlako
elizako dorre harroa, ingurune menderatuaren eta menderatu gabekoaren arteko
muga, figura minuskulua okupatzen duen amildegi-oihalean, barregarria
Mondarruegoren natura basatiaren aurrean.
Goizeko
seirak, oraindik eguna argitu gabea dela, gorputzeko nagiak kendu ezinik
gabiltzala, ez dira orduak diskutitzen hasteko: Torlako autobus geltokian
geundela Ordesarako tiketa erosi nahian, autobusaren gidariari galdetu genion
ea posible zuen Paradorera doan errepide ondoan uztea. Marratik atera ez dadin
programatutako makina bat balitz bezala, serio, ezetz erantzun zigun, debekatua
zutela bide bazterrean geratzea. Gure harridura aurpegia ikustean erantzun
deseskertua justifikatzen saiatu zen, enpresaren arau zorrotzak defendatuz, - ezin
dugu edozein lekutan geratu, zeozer gertatu ezkero arazoak izan ditzazkegu,
norbaitek salatu adibidez. Gizatasunik gabeko hitz horiek entzutean gure
ikuspuntua eman genion; pertsonak beldurraren uztarripean
bizi ginela, horrek elkartasun eza zekarrela, gure gizartearen benetako arazoa.
Barkamena
eskatu genion izandako desadostasunagatik, eta eskerrak emanez kabinako
iluntasunean sartu ginen.
Ezin izango
dut luzaroan ahaztu autobusak errepidearen ertzean aparkatu zuenean sortu zidan
poza, paradorerako bidegurutzearen ondo-ondoan geratu zenekoa, bosteko beroa
eman nion autobus gidariari; gizatasunaren sugarra piztua dago oraindik,
elikatu besterik ez da egin behar, indarrez erre dadin.
Bi arrazoik eraman naute pasadizo hau kontatzera, alde
batetik gizon honek egin duen balentria, ni liluratzera iritsi dena, eta
bestetik Ordesako parke nazionalaren kudeaketa salatzeko; ezin dira milaka eta
milaka turista erakarri, horren inguruan izugarrizko negozioa sortu eta gero
inbaditzaile gisa tratatu, defendatu nahi duten ingurune basati horretako
harrapakariak bagina bezala.
Esker oneko
keinu hau guretzako pauso handi bat izan zen aurrean genuen erronka burutu ahal
izateko; Sugarra bidearen lehen igoera eta era askean kateatzeko aukera.
Esan dudan
bezala, Mondarruegoko hormara iristeko Ordesako paradore nazionalera joan
behar da, eta eraikin dotore honen atzealdean hasten den bide zabalari jarraitu.
Lehenik ur-biltegia aurkituko dugu, gero kanal handia, eta hortik igoko gara.
Kanal zabal hori hasi bezain laster, ito batzuk ikusiko ditugu basoan sartzen
den bidezidor bat markatzen; ez dugu aukera hori hartuko, kanalari jarraituko
diogu. Basoko bide hau erabiliko dugu jaisteko, baina hori aurrerago kontatuko
dut.
Kanalean gora, harri-bloke handien artetik salto eginez,
eta tarte luze baten ondoren, ezkerretik jaisten den beste kanal bat agertuko zaigu,
Mondarruegoko horma handien azpitik jaiotzen dena; hura hartuko dugu. Guztira,
bi ordu beharko ditugu horma azpira iristeko.
Ordesa ezagutzen nuela uste nuen, zein nahastuta nengoen,
Mondarruegoko horma ezagutu arte ezin nuen esan Ordesako eskalada menderatzen
nuenik, hain berezia egin zait, non guztiari plus bat emango niokeen.
Sugarra bidea 2019an Mikel
Zabalza eta Ekaitz Maizek sortutako eskalada bide ikusgarria da.
Ez zen hori Chemari eta nire lehen asmoa, guk aldamenean
doan Picazo bidea eskalatzeko asmoa genuen, baina nahikoa izan zen Ekaitzekin
telefonoz hitz egitea, sugarra piztu eta bi fenomeno horiek sortutako bide
honekin amets egiteko.
Luzeak banatzeko harriaren zozketa egin genuenean, hori da
bidezkoena, zoriak gure patua erabakitzea, Chemariri hasiera ematea egokitu
zitzaion, beraz laugarren luzea niretzat zen, - behar zena izan zedin.
Sugarra
bideak lehen luzea Picazonarekin partekatzen du, kanal ilun bat. Gero,
guk aukeratu genuena diedro nabarmen baterantz tiratzen du eskuinera, eta
katalanarena ezkerrera, hain nabarmena ez den gune baterantz.
Bigarren
luzearen hasiera belar kanal batetik da. Tarte txiki hau bide ikaragarri honetako
harri beltza da, eta hura gainditu ondoren hasten da ona dena, bost izarreko
eskalada bide bat.
Laugarren luzearekin
hasi nintzenean, ondo berotuta nengoela esan nezakeen, estutu egin behar izan
nuen hirugarren tiraldia gainditzeko. Izan ere, atzeraka eroritako eremu
horretan hotz sartzeak porrot egitea ekar lezaken: bileraren
segurtasuna utzi bezain laster, lehen sabai bat aurkituko duzu. Pare bat friend
on jarri ahal izan nituenez, oztopo hori gainditzeko adina adore eman zidaten;
helduleku on batzuk hartuta, mugimendu dinamiko luzeak egin nituen, ezkerretik
eskuinera, oso aereoak. Bigarren sabaiaren azpian heze zegoen,
aurreko egunetako ekaitz bortitzen ondorioz, eta lan handia egin behar izan
nuen tarte hori gainditzeko. Sabai handian, ezkerretik eskuinera doan zeharkaldi
luze bat hasten da. Eskalada kontuetan ez da oso trebea izan behar tarte honek
soken marruskadura handia sortuko zuela konturatzeko, baina aukera bakarra
aurrera egitea zen. Sabai honen irteeran dago
luze honen giltza, pitzadura zabal batean sartzea, offwidth krokisean jartzen
du. Hamar aldiz saiatu nintzela esatea, gora eta behera, hura gainditzea lortu
nuen arte, ez zen gehiegikeria izango. Ezusteko aurkikuntza bat, bi-hatz zulo
bat harkaitzezko plaka leunean, funtsezkoa izan zen mugimendu zail hori
gainditzeko. Jarraitzea ez zen hain zaila izan, baina bai tortura bat, soken
marruskadura handiak mugitzea eragozten zidan.
Bilera iristeko bost
metro eskas falta zitzaizkidanean, beste oztopo bat aurkitu nuen, irtengune
handi bat, lurrez betetako pitzadura batek gurutzatua. Argi eta garbi ikusi
nuen zuzen joanda kale egingo nuela, hainbeste kostatzen ari zitzaidan
kateamendua amaitu egingo zela. Ezkerretara zeharkaldi
bat ikuskatu nuen, luzeraren hasierako mugimenduetan egin nuenaren
antzekoa. Erlaitz handi batean bi bloke ezegonkor
zeuden, Chemariren gainera eroriko ez zirela ziurtatu eta nire lagunari abisatu
ondoren hankaz bota nituenak. Ezin nintzen mugitu, sokek preso
nindukaten, eskalada pauso bat eman ahal izateko soka sorta bat besoen indarrez
biltzen nuen eta gero mugimendua egin. Nire egoera hain zen larria, non
pitzadura salbatzailean sartu nuen fisureroa askatu behar izan nuela, gatibu
nengoen. Pitzaduretan trabatzen ziren sokak hankarekin atera eta behar bezala
jartzen nituen aurrera egin ahal izateko.
Eta
odisea luze horren ondoren, bilerako atsedenaldira iritsi nintzenean,
harrotasun oihua atera zitzaidan, luzea kateatu izanaren poza ikaragarria izan
zen, iraunkortasunaren ondorio.
Chemari, bileran bi ordu luze itxaron
behar izan zuena, nire borrokatik kanpo egon zen, ezin zuen sinetsi nik
kontatzen niona.
Bidearen erdia egina genuen, hormaren amaiera ez zen urrun
ikusten.
Azken hiru luzeek ildo beretik jarraitu zuten, eskalada pauso ederrak
kalitate handiko harkaitzean. Bideko gauza txarren bat aipatzearren, euri
garaian diedro ilunak izan ohi duen hezetasunagatik arroka estaltzen duen
hauts-geruza mehea, gure kasuan haizearen indarrez hautsezko zurrunbilo
bihurtzean begietan sartzen zitzaiguna, sufritzera iritsi ginen.
Aspaldi ez nuen Chemarirekin gailur bat partekatu, argazki
batean hilezkortu genuen besarkada batekin ospatu genuena. Ile gutxiago eta
zimur gehiago ageri dira erretratuan, baina irribarre berberak.
Mondarruegoren hormaren jaitsierak kapitulu oso bat
eskatzen du, jakinez gero ez da zaila, zaila da aurkitzea. Ekaitzek bere
krokisean markatzen duen jaitsiera ondo dago; Tozalerantz abiatu eta hamabost
minutura ubide zabal batekin egingo dugu topo, hau orain arte ikusi ditugunak
baino erosoagoa da jaisteko. Kanal horretatik jaitsiko gara, rappela
amildegiaren ertzean aurkitu arte. Bi rappeletan zelai batean jarriko gara eta
berriro oinez joango gara Tozalerantz, zinta bat duen zuhaitz baten bila.
Igoera ondo planifikatu badugu, eta ez badugu ezer utzi
hormaren edo kanalaren azpian, basotik jaitsi ahal izango gara, zirrara
eragingo digun pasabide batean, eta arazorik gabe iritsiko gara paradorera.
Nekaturik nijoan errepidean behera, gaua zen dagoeneko,
azken autobusa puente de los Navarros gunean hartzea erabaki genuen. Gure
frontalen aura argitsuaren azpian eta autobuseko tiketak eskuetan, basozainak
hesia noiz irekiko zain ginen gidariari heltzeko. - Ezin dut bidaiaririk hartu “Pradera”
kanpo. Nagusiak jakiten badu arazoak izan ditzaket, baina basozainari axola ez
bazaio, nik eramango zaituztet, esan zigun autobus gidariak. Harrotasunez basozain uniformea jazten zuen
gazteak, edukazio handiz azpimarratu zuen arauek ez dutela horretarako
aukerarik ematen.
Eta errepideak irentsi ninduen, burua makurtuta nindoan,
triste, - Ameslari inozo bat naiz, honek ez du konponbiderik.
Aupa eta zoironak!
ErantzunEzabatuMondarruegon Picazok zabaldutako bideari buruz informaziorik baduzu?
Ezer gutxi, Christianek Ordesako gidan jartzen duena. Ez dakit librean egina dagoen, erronka bat zen guretzat. Zain dugu oraindik.
ErantzunEzabatu