2022(e)ko abuztuaren 24(a), asteazkena

ORDESA - Pared de Mondarruego - Sugarra

 


Ordesaren irudi batek liluratu banau, haran ikaragarri honen sarrerakoa izan da; Torlako elizako dorre harroa, ingurune menderatuaren eta menderatu gabekoaren arteko muga, figura minuskulua okupatzen duen amildegi-oihalean, barregarria Mondarruegoren natura basatiaren aurrean.



 Goizeko seirak, oraindik eguna argitu gabea dela, gorputzeko nagiak kendu ezinik gabiltzala, ez dira orduak diskutitzen hasteko: Torlako autobus geltokian geundela Ordesarako tiketa erosi nahian, autobusaren gidariari galdetu genion ea posible zuen Paradorera doan errepide ondoan uztea. Marratik atera ez dadin programatutako makina bat balitz bezala, serio, ezetz erantzun zigun, debekatua zutela bide bazterrean geratzea. Gure harridura aurpegia ikustean erantzun deseskertua justifikatzen saiatu zen, enpresaren arau zorrotzak defendatuz, - ezin dugu edozein lekutan geratu, zeozer gertatu ezkero arazoak izan ditzazkegu, norbaitek salatu adibidez. Gizatasunik gabeko hitz horiek entzutean gure ikuspuntua eman genion; pertsonak beldurraren uztarripean bizi ginela, horrek elkartasun eza zekarrela, gure gizartearen benetako arazoa.
  Barkamena eskatu genion izandako desadostasunagatik, eta eskerrak emanez kabinako iluntasunean sartu ginen.





Ezin izango dut luzaroan ahaztu autobusak errepidearen ertzean aparkatu zuenean sortu zidan poza, paradorerako bidegurutzearen ondo-ondoan geratu zenekoa, bosteko beroa eman nion autobus gidariari; gizatasunaren sugarra piztua dago oraindik, elikatu besterik ez da egin behar, indarrez erre dadin.
Bi arrazoik eraman naute pasadizo hau kontatzera, alde batetik gizon honek egin duen balentria, ni liluratzera iritsi dena, eta bestetik Ordesako parke nazionalaren kudeaketa salatzeko; ezin dira milaka eta milaka turista erakarri, horren inguruan izugarrizko negozioa sortu eta gero inbaditzaile gisa tratatu, defendatu nahi duten ingurune basati horretako harrapakariak bagina bezala.
 
 


Esker oneko keinu hau guretzako pauso handi bat izan zen aurrean genuen erronka burutu ahal izateko; Sugarra bidearen lehen igoera eta era askean kateatzeko aukera.

Esan dudan bezala, Mondarruegoko hormara iristeko Ordesako paradore nazionalera joan behar da, eta eraikin dotore honen atzealdean hasten den bide zabalari jarraitu. Lehenik ur-biltegia aurkituko dugu, gero kanal handia, eta hortik igoko gara. Kanal zabal hori hasi bezain laster, ito batzuk ikusiko ditugu basoan sartzen den bidezidor bat markatzen; ez dugu aukera hori hartuko, kanalari jarraituko diogu. Basoko bide hau erabiliko dugu jaisteko, baina hori aurrerago kontatuko dut.

  Kanalean gora, harri-bloke handien artetik salto eginez, eta tarte luze baten ondoren, ezkerretik jaisten den beste kanal bat agertuko zaigu, Mondarruegoko horma handien azpitik jaiotzen dena; hura hartuko dugu. Guztira, bi ordu beharko ditugu horma azpira iristeko.
 
 

 
 

Ordesa ezagutzen nuela uste nuen, zein nahastuta nengoen, Mondarruegoko horma ezagutu arte ezin nuen esan Ordesako eskalada menderatzen nuenik, hain berezia egin zait, non guztiari plus bat emango niokeen.
 

 
 Sugarra bidea 2019an Mikel Zabalza eta Ekaitz Maizek sortutako eskalada bide ikusgarria da.
 
 

 
 
Ez zen hori Chemari eta nire lehen asmoa, guk aldamenean doan Picazo bidea eskalatzeko asmoa genuen, baina nahikoa izan zen Ekaitzekin telefonoz hitz egitea, sugarra piztu eta bi fenomeno horiek sortutako bide honekin amets egiteko.
 




Luzeak banatzeko harriaren zozketa egin genuenean, hori da bidezkoena, zoriak gure patua erabakitzea, Chemariri hasiera ematea egokitu zitzaion, beraz laugarren luzea niretzat zen, - behar zena izan zedin.
 
 

 

Sugarra bideak lehen luzea Picazonarekin partekatzen du, kanal ilun bat. Gero, guk aukeratu genuena diedro nabarmen baterantz tiratzen du eskuinera, eta katalanarena ezkerrera, hain nabarmena ez den gune baterantz.

Bigarren luzearen hasiera belar kanal batetik da. Tarte txiki hau bide ikaragarri honetako harri beltza da, eta hura gainditu ondoren hasten da ona dena, bost izarreko eskalada bide bat.

 

 


 

Laugarren luzearekin hasi nintzenean, ondo berotuta nengoela esan nezakeen, estutu egin behar izan nuen hirugarren tiraldia gainditzeko. Izan ere, atzeraka eroritako eremu horretan hotz sartzeak porrot egitea ekar lezaken: bileraren segurtasuna utzi bezain laster, lehen sabai bat aurkituko duzu. Pare bat friend on jarri ahal izan nituenez, oztopo hori gainditzeko adina adore eman zidaten; helduleku on batzuk hartuta, mugimendu dinamiko luzeak egin nituen, ezkerretik eskuinera, oso aereoak. Bigarren sabaiaren azpian heze zegoen, aurreko egunetako ekaitz bortitzen ondorioz, eta lan handia egin behar izan nuen tarte hori gainditzeko. Sabai handian, ezkerretik eskuinera doan zeharkaldi luze bat hasten da. Eskalada kontuetan ez da oso trebea izan behar tarte honek soken marruskadura handia sortuko zuela konturatzeko, baina aukera bakarra aurrera egitea zen. Sabai honen irteeran dago luze honen giltza, pitzadura zabal batean sartzea, offwidth krokisean jartzen du. Hamar aldiz saiatu nintzela esatea, gora eta behera, hura gainditzea lortu nuen arte, ez zen gehiegikeria izango. Ezusteko aurkikuntza bat, bi-hatz zulo bat harkaitzezko plaka leunean, funtsezkoa izan zen mugimendu zail hori gainditzeko. Jarraitzea ez zen hain zaila izan, baina bai tortura bat, soken marruskadura handiak mugitzea eragozten zidan.

 

 


 

Bilera iristeko bost metro eskas falta zitzaizkidanean, beste oztopo bat aurkitu nuen, irtengune handi bat, lurrez betetako pitzadura batek gurutzatua. Argi eta garbi ikusi nuen zuzen joanda kale egingo nuela, hainbeste kostatzen ari zitzaidan kateamendua amaitu egingo zela. Ezkerretara zeharkaldi bat ikuskatu nuen, luzeraren hasierako mugimenduetan egin nuenaren antzekoa. Erlaitz handi batean bi bloke ezegonkor zeuden, Chemariren gainera eroriko ez zirela ziurtatu eta nire lagunari abisatu ondoren hankaz bota nituenak. Ezin nintzen mugitu, sokek preso nindukaten, eskalada pauso bat eman ahal izateko soka sorta bat besoen indarrez biltzen nuen eta gero mugimendua egin. Nire egoera hain zen larria, non pitzadura salbatzailean sartu nuen fisureroa askatu behar izan nuela, gatibu nengoen. Pitzaduretan trabatzen ziren sokak hankarekin atera eta behar bezala jartzen nituen aurrera egin ahal izateko. 

 Eta odisea luze horren ondoren, bilerako atsedenaldira iritsi nintzenean, harrotasun oihua atera zitzaidan, luzea kateatu izanaren poza ikaragarria izan zen, iraunkortasunaren ondorio. 

Chemari, bileran bi ordu luze itxaron behar izan zuena, nire borrokatik kanpo egon zen, ezin zuen sinetsi nik kontatzen niona.

 

 


 

Bidearen erdia egina genuen, hormaren amaiera ez zen urrun ikusten. 
Azken hiru luzeek ildo beretik jarraitu zuten, eskalada pauso ederrak kalitate handiko harkaitzean. Bideko gauza txarren bat aipatzearren, euri garaian diedro ilunak izan ohi duen hezetasunagatik arroka estaltzen duen hauts-geruza mehea, gure kasuan haizearen indarrez hautsezko zurrunbilo bihurtzean begietan sartzen zitzaiguna, sufritzera iritsi ginen.
 
 
 
 
Aspaldi ez nuen Chemarirekin gailur bat partekatu, argazki batean hilezkortu genuen besarkada batekin ospatu genuena. Ile gutxiago eta zimur gehiago ageri dira erretratuan, baina irribarre berberak.
 

 
 Mondarruegoren hormaren jaitsierak kapitulu oso bat eskatzen du, jakinez gero ez da zaila, zaila da aurkitzea. Ekaitzek bere krokisean markatzen duen jaitsiera ondo dago; Tozalerantz abiatu eta hamabost minutura ubide zabal batekin egingo dugu topo, hau orain arte ikusi ditugunak baino erosoagoa da jaisteko. Kanal horretatik jaitsiko gara, rappela amildegiaren ertzean aurkitu arte. Bi rappeletan zelai batean jarriko gara eta berriro oinez joango gara Tozalerantz, zinta bat duen zuhaitz baten bila.
Igoera ondo planifikatu badugu, eta ez badugu ezer utzi hormaren edo kanalaren azpian, basotik jaitsi ahal izango gara, zirrara eragingo digun pasabide batean, eta arazorik gabe iritsiko gara paradorera.
 
 

 
Nekaturik nijoan errepidean behera, gaua zen dagoeneko, azken autobusa puente de los Navarros gunean hartzea erabaki genuen. Gure frontalen aura argitsuaren azpian eta autobuseko tiketak eskuetan, basozainak hesia noiz irekiko zain ginen gidariari heltzeko. - Ezin dut bidaiaririk hartu “Pradera” kanpo. Nagusiak jakiten badu arazoak izan ditzaket, baina basozainari axola ez bazaio, nik eramango zaituztet, esan zigun autobus gidariak. Harrotasunez basozain uniformea jazten zuen gazteak, edukazio handiz azpimarratu zuen arauek ez dutela horretarako aukerarik ematen.
 Eta errepideak irentsi ninduen, burua makurtuta nindoan, triste, - Ameslari inozo bat naiz, honek ez du konponbiderik.
 
 

 

 

2 iruzkin:

  1. Aupa eta zoironak!
    Mondarruegon Picazok zabaldutako bideari buruz informaziorik baduzu?

    ErantzunEzabatu
  2. Ezer gutxi, Christianek Ordesako gidan jartzen duena. Ez dakit librean egina dagoen, erronka bat zen guretzat. Zain dugu oraindik.

    ErantzunEzabatu