Lehen begiratuan lekuz kanpo zegoela
iruditu zitzaidan, inguru basati eta malkartsu honetan sobran. Zahartzaroaren
atarian zegoen gizona balantzaka zetorren maldan behera, malkar gaiztoan orekari
ezin eutsi. Bere osotasunaren kezka izan nuen, mina hartuko zuenaren beldurra.
Gu ikustean aurpegia aldatu zitzaion gizasemeari; gu ere lekuz kanpo geunden
seinale, eremu isolatu honetan gurekin topo egiteak alaitu zuen, lasaitu.
Xabier eta ni berriz harriturik geratu ginen, ez genuen alakorik espero;- Azken
hamar urte hauetan ez zen hemendik inor ibiliko eta gaur ara tipo hau topatzen
dugu, esan zuen nire lagunak.
Urteetan sartua zegoen pertsona bat zen guregana zetorren hura, sendoa,
kilo on batzuk hartua. Ez naiz ausartzen adin bat botatzen, zituenak baino
gehiago ezarriko nizkiolako, leku arrotz hauek ez dute barkatzen, adina beste parametro
batzuek neurtzen dute, fisikoak alegia. Urduri hasi zitzaigun hitz egiten,
zalapartan, gai batetik bestera atsedenik gabe salto eginez; paraje basati
honetatik gora Txindokirako biderik ba al zan galdetu zigun lehenik,
desorientatua zegoela. Gorago, iristea lortu zuen puntu altuenean, arriskuan
ikusi omen zuen bere burua eta lan handiz buelta hartzea lortu zuela.
Jubilatu berria zen eta behartuta erretiroa hartua zela, orain hiru urte
bihotzekoak emanda. Bizitzak bigarren aukera bat eskaini ziola zioen eta aprobetxatu
nahian zebilela, mendira joaten hasia zen. Eskalatzaileak inbidia ematen genion,
bere garaian, gaztetan, pauso hori ez omen zuen eman eta orain damu zen. Segurtasunez
eta zuhurtziaz hautatu zuen bideak ez zuen orain asebetetzen, eta bizitza
biziagoa eta basatiagoa faltan botatzen zuen.
Gu, egia esan, ezagutu berria genuen gizon hau bezala, nora gindoazen ere
ez genekien, gure ipar orratza ere aspaldian hondatu zan. Gure norabidea
markatzen zuena ilusio bat besterik ez zen, ezer materiala ekarriko zigun
ahalegina. Gizona agurtu bezain pronto galdu genuen bistaz amildegi berdean; - ba
al dago Txindoki puntarainoko biderik?. Galdera etorri zitzaidan burura, - ez
dago, sortu egingo dugu-, izan zen nire erantzuna.
Xabier eta biok bat gatoz esatean iaz sortu genuen Iparra galdua bidea
errepikatzeko hobe litzatekeela kateatze batekin egitea, beste bide batekin
batera. Zortez Txindokiko hego hormak eskalada bideetan eskaintza handia du;
arista hasieratik frontoiko hormaren azken bideraino doazen edozein bideekin
konbinatu ahal izango litzateke. Baina guk aspalditik geneukan eskuetan bide
berri baten krokisa, Jaiotze basatia; Joseba, Unai eta Enekoren sorkuntza, eta
hura eskalatzeko gogoa eta beharra.
Baso malkartsutik oinez iristeko aukera ere ba du Iparra galduak, eta ez da
itsusia; modu hori, kateatzearena, dotoreagoa iruditzen zaigu ordea.
Gure eskaladaren xehetasun batzuk emango dizkizuet, ondorioak atera
ditzazuen: Jaiotze basatia Urdaburu bidearen eskuinean hasten da eta lehen
luzean paralelo doaz plaka konpaktuan sabai handira iritsi arte; Urdaburu,
sabaia baino lehenago ezkerretan dagoen bilera batean geratzen da eta, Jaiotze
basatia sabaia eskuinera zeharkatzen du frontoi pareta aldera. Azken zati
honetan, zeharkaldian, bloke zalantzagarri batzuk daude, ez da zaila baina bai
delikatua. Beheran, bidearen hasieran, gu hormaren puntu baxuenetik hasi ginen,
Urdaburu bidearen lehenengo bi txapak hartuz, era horretara hasierako tirada
hau oso luzea geratzen da, 60m, bilera juxtu iristen zara.
Lehen begiratuan, bigarren luzearen
hasiera oso teknikoa izango dela sumatzen da, blokekoa. Txapa ilara
batek forma apetatsuko horma trinkoan jarraitu beharreko bidea markatzen dizu,
ederra da tarte hau. Era berean, zaila da mugimenduak ikustea, metodo
ezberdinak probatzen azkenean lortu nuen era askean egitea, kateatzea beste une
batean izan beharko da.
Jaiotze basatiaren hirugarren luzea ez
genuen egin. Gure proiektuarekin jarraitu ahal izateko, aristaren hirugarren
bileratik basorantz rappelatu genuen , 50 metroko rappela, eta “bira” bat segi;
bira, eskalada hizkuntzan, horma zeharka zeharkatzen duen erlaitz luze bat da.
Bira bat baino gehiago dago hemen, beheragokoa hartu behar da, nabariena ardi
eta ahuntzen joan-etorria gaitik. Bidearen hasierara iristeko bira utzi eta
tarte txiki bat igo beharko dugu erlaitz eroso bateraino.
Lehenengo luzeak zuzen tiratzen du
bloke handi batek sortzen duen sabaira, eta saihestuko dugu ezkerretara zeharka
jiratuz belaze eseki baterantz, hemen egingo dugu bilera. Soka finko bat dago
belaze horretara igotzeko mugimenduak ziurtatzeko. Bigarren luzea bloke
erraldoiaren hondoan sartzen da eta inurri baten tamainara bihurtzen gaitu
bloke eseki honen dimentsioak aurkitzean. Tximinia-teknikan gainditzen da luze
labur hau eta bilera eroso bat muntatuko dugun puntu batetaraino eramaten gaitu.
Fisurero eta friendez egiten da bilera.
Hirugarren tirada bide honetako harribitxia da; bloke handiaren gainean
zutik, hormari atxikiko gatzaizkio helduleku on batzuei esker. Oso bertikala da
hasiera hau, beso onak eskatzen ditu. Luzearen amaierak ere aipamen bat
eskatzen du; pitzadura perfektuak bidea eragozten digu, babaresaren teknikan
gaindituko dugun eta mugimendu ederrak eskaintzen dizkigun arrakala. Laugarren
eta azken tirada trantsizio hutsa da, aristaren azken bilerara garamatza.
Hemendik rappelatuko dugu.
Ez dakit Jaiotzez basatiak garen edo Iparra galduta gabiltzan, egiten
duguna gustatzen zaigula besterik ez dakit ziur.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina