Julio Cesar Arizpe
Taxi gidariak Rancho San Lorenzo atarian utzi gintuenerako kezkatzen hasiak ginen. Ordu batzuk generamatzan bihurgunez betetako errepide estu batetik
ezezagunera bidaiatzen. Tarahumara mendiak zeharkatzen ari ginen, Sierra Madre
Occidental paraje basatia, pinu eta artea zuhaitzez osatutako oian buka
ezina; jendea, etxeak, eta lurra bera ere irentsiak izan diren eremua.
Eta bat batean
errepide seinale herdoildu batek gure helmugara iritsi garela adierazi zigun,
Cabañas Rancho San Lorenzo idatzia zegoen pintura gastatu batez.
Arrera etxea egiten duen egurrezko etxolatik gizon irribarretsu bat atera zen, Manuel Patricio Estévez " Ttisho" zen pertsona hori. Guk momentu horretan ez genekien, baina, bere burua Shaoshi " indio zuria" bezala aurkeztu zitzaigun gaztea, gure eskalada eta egonaldiaren parte garrantzitsu bihurtuko zen.
Madrilen hartu genuen
hegazkina abenduan zortzi euritsu batean, Mexikon eguraldi lehorragoa topatzeko itxaropenarekin gindoazen.
Julio Cesar Arizpe
han zegoen gure zai, Chihuahuako aireportuan, nire izena idatzia zeraman kartela
eskuan zuela. Denbora galdu gabe sartu genituen gure trasteak Ford zurian eta,
Basaseachic herrirantz abiatu ginen.
Cabañas Rancho San
Lorenzo turismorako sortutako konplexu bat da; egurrezko etxolak daude,
kanpatzeko lekua, jatetxea, igerilekua. Basaseachic herrian dago, Parque
Nacional de la cascada de Basaseachic barruan.
Fernando Dominguez Arvizo
da Ranchoaren jabea, edo, Ttishok deitzen duen moduan " patroia".
Fernandok dio, berak horrela kontatu zigun, aintzinean familiako norbaitek Arvizo
abizenari azken hizkia aldatu ziola, jatorrizko "U",
"O" gaitik, hau da, Arvizu, Arvizo gaitik, seguruen, berak horrela
zioen, legetik hiesi ibiliko zela arbasoa.
Hegazkin pilotu
izandako gizon sendo hau, aire armadan seguruenik, dagoeneko jubilazioa hartua
da. Erretiroan pentsatzen ari zela, leku lasai batean, lur hauek erosi zituen eta, turismo konplexu hau sortu.
Mexiko eskalada leku
bezala aukeratu izana bi arrazoi garrantzitsu gaitik izan zen; azaroa eta
abendua eguraldi aldetik hilabete petralak dira, leku gutxi daude segurtasun
minimo batez eskaladan aritzeko, Mexiko egokia iruditu zitzaigun Iñaki Mendizabal eta
biori. Bigarren arrazoia; Mexikon eskalada asko eta ona dago, guretzako berria,
zirraragarria zitzaigun ezezagunera mugitzea.
Ino, Logroñoko
eskalatzaile indartsu eta jatorra, aurtengo udazkenean, El Gigante eskalatu
berri zuen, " Logical progresión" bidetik. Inorekin luze hitz egin
ondoren, erabaki genuen gure tokia Basaseachic zela, eta, nola ez, eskalatu
beharreko horma El Gigante.
El Gigante pareta tente eta beldurgarri altxatzen da Cardameña barrankatik gora, 900 metrotako
haitz gorria gainera etortzen zaizu. Horma honen eskalada historia nahiko
berria da. 1998an izango zen lehen aldiz eskalatua, Luis Carlos García Mexikarra
eta Cecilia Buil Espainiarraren eskutik izan zen, " Sumuchi " bidea
zabaldu zuten. Behetik irekia da bidea, teknika artifiziala erabiliz.
Beruna baino gehiago pisatzen
duen etika izan zen " Logical progresión" bidea baztertzearen
arrazoia. Asko hitz eta idatzi dugu eskaladari buruz, zer dagoen ondo eta zer
txarto iritzia eman ere, kontsekuente behar genuen izan. " La conjura de
los necios " bidea saiatzeko aukerari gehiago eutsi genion, etxetik atera
ginenean hau genuen begi puntuan. Lekuaren errealitatea ongi aztertu ondoren;
begetazioa, harroka… alde batetara utzi genuen handinahi hau. Beraz erabakia
hartua zegoen " Amapola express " izango zen El Gigante eskalatzeko
bidea.
Idatzia utzi nahi dut
El Gigante eskaladarekin hasi aurretik, eta ondoren, Cascada de Basasiachic
horman bi eskalada zirraragarri egin genituela; " Subiendo el arcoiris
" eta " Macuchi ". Lehena, batez ere, ikaragarri gustatu
zitzaigun, dena eman beharrean izan ginen bide txalogarri horretatik igotzeko.
Esan beharra daukat " Subiendo el arcoiris " goitik zabaldua izan
zela, kirol eskalada teknikak erabiliz. " Logical progresión " bidea ekipatu
zuen talde berdinak burutu zuen lan hau ere.
Iñakik petate handia zeraman bizkarrean, nik nire motxila gorria, patriziok plastikozko poltsa betz bat ur botila hutsaz betea, berak ezagutzen zuen iturri batean hormara eramateko uraz hornituko ginen.
Oinez atera ginen
Rancho San Lorenzotik, Piedra Volada ur-jauziaren norabidean gindoazen, pinu
eta artea erraldoiez betetako baso eder batetik. Negua zela nabaria zen, basoa isilik
zegoen, lo, udako kantuz eta kolorez biluzik, animaliak eta landareak joanak
ziren.
Ia bi orduko igoera
suabea egin ondoren lepo nabarmen batetan hartu genuen atseden. Nabariak zituen
lepo berezi honek, garai ez hain urrunean, oso erabilia izan zenaren aztarnak. Harri
koxkorrez eginiko tumulu handi bat zegoen, esker oneko ofrendan eraikia, alde
bateko eta besteko bidaiariak ekarri eta bertan utzitako harri txingorrak ziran.
Ura edan genuen eta, ondoan geneukan kadana zuhaitz txiki batik garangorri
gozoak jan, honela esan genion agur oian itxi menditxuko paisaiari, hemen hasten
zen barrankara jaitsiera, beste espazio batera eraman behar gintuen bidezidorra.
Gure azpian geneukan amildegia, mila metroko zuloa, haitzean zizelkatutako Cajurichi barranka zen, El Giganteko horma eta piedra voladako amildegia bitan banatzen duena, Candameñako barrankan du bukaera arroila honek.
Ttishok behin baino
gehiagotan erran zuen bidea, begetazioak hartua zuen dena, ez zen erraza senda
estua jarraitzea, garai bateko bideak galtzen ari ziran hemen ere. Hankak eta
eskuak erabiltzea beharrezko izan genituen jaitsieraren tarte askotan, oreka
eustea kostatzen zen, estropuz behera erortzeko arriskuan genbiltzan. Zortez
hori ez zen gertatu eta, arroilaren barrenera iritsi ginen.
Sabelean korapiloa
sortu zitzaidan, hanken dardarizo kontrol gabea, El Gigante horma
kikilgarria frente nuen, kapaz izango ginen bueltarik gabeko bidai honetan
aurrera egiteko?
Ttishok horma azpian
utzi gintuen, ordekatxo batean, El Giganteren pareta azpitik ordu erdira.
Bosteko bero batekin agurtu gintuen, handik hiru egunetara, gailurretik gertu,
gure zai egongo zenaren promesaz.
Ilundu aurretik ordu
batzuk genituen oraindik; komentatu nahi dut, abenduan, urteko egun motzetan,
arratseko seietan gaua dela paraje hauetan, eta, aldiz, goizeko seietan argitzen
duela, beraz, eskaladarako hamabi ordu erabilgarri genituen. Gure erosotasuna
utziz, paretara hurbildu behar gintuen bidea ezagutzera eta garbitzera atera
ginen, eskalada materiala generaman gurekin. Bidea soildu genuen eta, bi luze
eskalatzeko aukera izan genuen ere, soka finkoa utziz, hurrengo egunean
jumareatzen igotzeko asmoa geneukan.
Amapola Express
bidearen xehetasunekin hasi aurretik, esan beharra daukat, gurea bidearen
bigarren igoera izan dela. Aurretik jardun zen taldeak bost egun behar izan
zituen bidea burutzeko, guk bi egun aski behar izan ditugu. Denbora diferentzia
honen gakoa, ei batean, arintasunean bilatu beharko genuke, gu hamakarik gabe
sartu ginen hormara, soilik petate batekin.
Azalpenak
ulerkorragoak egiteko asmoz, El Gigante pareta hiru zatitan banatu behar dut:
Beheko partea; lehen
luzetik bederatzi garren luzera doana. Hasierako hiru luze belartsuak atzean
utzita, zortez arroka onekoak dira, eskalada teknikoa duten beste hiru luze
datoz, zailtasunean inkretxendo doazenak. Trabeska joeran dira hirurak, eskuin
- ezker, alboko heldulekuez pauso gehienak, hanka finak dituzte ere. Oraindik
guztiz asentatu gabeak daude euskarri puntu hauek, edozein unean, esku, edo,
hanka baten hausteak airera botatzeko arriskuaz. Zati hau gainditu ondoren
bidearen gako luzea etortzen da, paretaren zona tenteenean sartuak gaude
jadanik. Oso zaila iruditu zitzaigun tirada hau, derrigorrezko mugimenduz betea
zegoen, oso behartua, usaindu ez genuen egin, igotzea garaipena izan zen.
Egun gogor honek bi luze gehiago egiteko besterik ez zigun eman. Zortzigarren tiradaren bilerak, pareta osoan topatu genuen arteka bakarrarekin oparitu zigun. Ipurdia ongi finkatzeko juxtua zetorren harri blokea zen, bizkarra paretaren kontra kokatzeko aproposa, gehiagorako lekurik ez eta hankak airean utzi behar genituen. Okerragoa izan zezakeen. Bederatzi garren luzea bukatu genuenean, frontalaren argiaz, soka finkatu eta beheko bileraren zalantzazko erosotasunaren bila jaitsi ginen, mehatxatzen gintuen gau luzea pasatzera. Azken luze honen igoearekin gainditua eman genion sapai handien zatiari, hurrengo egunean erdiko zonarekin hasi beharko genuen.
Hamabigarrenak ere buruhauste
latza ekarri zigun. Bidearen luze ederrenean genbiltzan, ukabilak
sartuz eskalatzen den arrakala perfektuan. Krokisean irakurtzen da arrakala
utzi beharra dagoela eta eskuinera trabeska eginez diedro batean bilera dagoela,
ez da horrela, arrakala guztiz gainditu beharra dago eta bilera bukaeran
azalduko zaigu.
Hamabost garrenak
azalpenak behar ditu ere; bileraren gainean diedro fin bat dago, diedroa
ekipatua dago, lau edo bost parabolt ditu, ikaragarri gorra da diedro hau.
Kuriosoa da, baina, gu gauden bileratik sei metro gorago ezkerretara beste
bilera bat dago, hortik xamurragoa ikusten da. Guk diedroko lehen bi boltak
txapatu genituen, eta, ondoren ezkerretara jo beste bilera hartzera. Bileraren
bolt bat txapatu ondoren, arrakala sistema batetik gora egin genuen, pixkanaka
diedrora itzuliz. Era honetara luzearen zailtasuna bat dator krokisak esaten
duenarekin.
Hamasei garrenak interpretazio anitza dauka; krokisak, eta paretak, ematen zigun aukeren artean, guk ezkerreko diedroko bidea hartu genuen, belarrez garbiagoa ikusten zen. Arazoa ez da hori, bukaeran dago buruhaustea, bilera bilatzerakoan. Zuhaixkaz betetako zelai tente batetan sartzen zara, marruskadura ikaragarria sortuz. Guk bilera zelai honen bukaeran muntatu genuen, bolt batean, Tótem laranja lagungarri genuela. Sokak gehiago ez zuen ematen, 60 metro dira. Petatea igotzea tortura izan zen.
Hurrengo bi luzeak gailurraren zaporea zuten, desiragarria genuen deskantsuarena.
Espoloi tente batetik doa bidea, horma zabalaren sentsazioa bukatu da hemen. Arrokaren
kalitatea jaitsi egiten da ordea, ez zuen axolarik, gailurraren gertutasunak kemena
handitu zigun. Gaua trasteak biltzen egin zitzaigun. Ilundu aurreko azken
irudia bi gailurren artean dagoen bretxa handi bat izan zen, frontalen argiaz
lagunduta, batera eskalatu genuen bitartean, bertara bideratu genituen gure ahaleginak.
Bretxa lepo bat da, gure begi nekatuen aurrean kategoria goreneko hotel baten
moduan azaldu zitzaiguna, bertan pasatu genuen gaua.
Como molan estas actividades.
ErantzunEzabatuCuando estuve con Ester, María y Unai en Bassasseachic, nos quedó pendiente el Gigante. Paseamos hasta Piedra Volada. Atascamos un water, rompimos un casco y casi la cabeza del melón. Viaje del que me llevé grato recuerdo. Volvería a Chiuahua, no sé si a Potrero. La sensación de aventura emerge del fondo de las cañadas llenas de selva y humedad. El frío y la soledad completan este paisaje alucinante.
Qué lástima perderme parte de tus explicaciones, que sólo consigo atisbar gracias a sangoogletraductor
Abrazo hombre duro