2026(e)ko martxoaren 4(a), asteazkena

PEÑA TELERA - La Senda de los Cuervos

 

Gerra ez nadila axolagabea izan !!!.

Peña Telera gainean agertzen zen ilargi betearen argi epelak elur izoztuan Iñaki eta Markelen itzal dardaratiak proiektatzen zituenean, Irango eskola baten kontra bota zuten bonba batek 150 ume hil zituen. Guk, gau lasaiean, basakeri horretatik urrun, aurrera jarraitu genuen gure kaltegabeko igoerarekin.


Iñakik Gran diedro norte izotz-irtengunean sokak lotu eta Senda de los Cuervos kanalean sartu zenean, egoera ezin hobean zegoena, gu atzetik ginen, Oñatiarraren pioleten erritmoari jarraitzen, bonbak bota zituzten Tel Aviv hiriburuaren kontra, eta hainbat hildako eragin zituzten. Gu mendi izoztuan murgiltzen jarraitu genuen, hainbeste zentzugabekeritik at.


Ni sokada buru jarri nintzenean, izotz trinkoa bukatu eta eskalada mistoa zihurgabeagoa bihurtu zenean, Ukrainako Donetsk eskualdean kanoi hotsak etengabeak ziren. Izotz mehean iltzatutako nire lau altzairuzko punten egoera kaskarra kudeatzeak hartu zuen arreta guztia, arazoak desagertarazi ziren, bakean nintzen.


Iñaki lan handiz elur soltea garbitzen ari zen bitartean, horma tentearen azpiko arrapalatik igotzeko, tiro hotsak entzuten ziren Pakistan eta Afganistan arteko mugan. Honezkero guda gurea zen, pertsonala, gu mendi gordinaren kontra.


Aurretik jarri nintzenean Peña Telerako gailur airosora eramaten zaituzten Senda de los Cuervos bideko eskalada mistoko azken tiradetan, La Habanako kale ilunetan etsipenezko negarra entzuten zen. Leiho batetik ikusten bagintuzten, gure egoera ez zen hobea, aldea zen guk hori bilatzen genuela, eta beraiena ordea, onartu ezin daitekeen zigorra dela.


Gau hotzean, traba egiten zidan hego haize bortitzari kontra egiten, horma bertikala utzi eta elur-zelai zabalean zehar tente ibili nintzenean, genozidioaren basakeriak jarraitzen zuen Gazan. Berriro begiratzen diot buruan dudan ilargi beteari eta oihu egiten dut,  - Zuek, hiltzaile krudelok, utzi jendea bakean, geure erara bizi nahi dugu !!!. Protesta da egin dezakedan gauza bakarra.


Egiteko nuen La senda de los Cuervos bidearen neguko eskalada. 2007ko urtarrilean Chakel eta Pincho, Jacako Escuela Militar de Montaña irakasleak, Sanchez eta Villasurrek 1996ko abuztuan zabaldu zuten linearen neguko bertsioa lortu zutenetik gogoko izan dut.
Bide honen trazadua, Peña Teleraren ipar pareta erraldoian, kanal estuak batzen doia gora. Neguko ekaitzek elurrez betetzen dituen pitzadurak dira, eta zorte dugunean, elur hori izotz bihurtzen da, eta alpinismoa gustuko dugunok zailtzeko eremu aparta dugu.
Beraz, La Senda de los Cuervos baldintzen esku dagoen bidea da. Harroka oso konpaktua da hemen, pitzadura gutxi ematen ditu, zaila da babes tokiak bilatzea, eta oso konplikatua bilera muntatzea, denbora asko kentzen dizu zentzuz egin behar den eginkizun horrek.
Baldintzak diodanean, nire ustez bi egoeratan gerta daiteke egingarria La senda de los cuervos bidea, segurtasun onargarri batean igotzea alegia, lehor dagoela, edo, izotzak estaltzen duela, horma tentean elur soltea badago arriskutsua da, ez duzu zure burua behar den bezala babesteko aukerak bilatuko. Luze bat izan genuen egoera horretan kudeatu beharra, arrapalaren tirada, destrepe delikatua egin behar izan genuen horma tentearen azpitik hamabost metro beherago zegoen beste kanal batera, sokadan atzetik doanaren amets gaizto.
Bidearen azken zatian oinaze batzuekin egin genuen topo, Sonia bidetik zetozen arrastoak, bi bideak irteera berdina dute. Gauza sinple hau oparitzat hartzen dugu alpinistok, laguntza, hemendik eskertzea beste aukerarik ez dut ezezagun ditudan eskalatzaile horiei.
Asko gustatu zait bidea, bere estiloan bide handi bat dela deritzot, serioa, eskalada tipo hau gustuko duenak kontutan izatekoa. Peña Telerako ipar horma itzela elegantziaz igotzen du.



























iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina