Mugimendu bakoitzarekin madarikazio sorta bat etortzen zen. Hau ez da berria hemen, ezpel adar gogorrez jositako oihanarte zeharkaezin honetan, behin baino gehiagotan sentitu dut oihaneko esploratzailearen klaustrofobia adar trinkoz txirikordutako sare honetan. Oraingoan, babesgabetasun-egoera areagotzeko, mugimendu txikienera ur-tanta desatseginak erortzen ziren hosto berdez osatutako sabai marruskatutik. Iparraldeko haize hezeak laino-kapela lodi batez estaltzen zuen Palomares ertza, eta ezpel-zuhaitzen hostoek belaki baten gisa adsorbatzen zuten saturazio hori. Oineko behatz lodiaren puntatik buruko azken ileraino blai egina iritsi nintzen hormaren oinarrira. Atzetik Iñaki zetorren bere irribarre freskoa ezpainetan zuela, << ni ez nago hain bustia, bota zidan inozentzia guztiarekin << guda batean, lehen tiroa indio esploratzaileak jasotzen du, ahoskatzen saiatu nintzen hortzak dardarka nituela.
Deseroso nengoen, gorputz txarrarekin, arropa busti guztiak kendu behar nituen. Zapatilak eta galtzerdiak erantzi nituenean, oinak suspertu zitzaizkidan. Galtzak kendu nituenean, gozamena izan zen. Kamiseta eta jertsea primaloftagatik aldatu nituenean, erosotasuna sentitu nuen. Erdi biluzirik nengoela arazo batekin suertatu nintzen, ez nuen beste arroparik aldatzeko.
Ezin ditut arropa bustiak jasan, mela-mela egindako galtza horiek berriro janzteko ideia hutsak atzera egiten zidan. Nire obtimismo gordinean berunezko zerutik eguzkia ateratzea eta arropa guztia hau lehortzea espero nuen. Jantzi guztiak petatetik zintzilikatu nituen, horman gora igo ahala sikatu zitezen, eta galtzontzilotan eskalatzen hasi nintzen. Xelebrekerien kurrikulumari gehitu beharreko beste istorio bat.
Agian azkarregi noa. Haitzean gora hasi aurretik goazen pittin bat atzera, historia honen iturburura.
Guardiako gasolindegi ondoko tabernara sartu ginenean Palomareseko haitzak laino gris lodi batek estaltzen zituen. Errealitate horrek Arabako Errioxara ekarri gintuen eskalada plana aldatzera eraman gintuen, eta horixe izan zen Alberto Fernández, Fede San Sebastián, Iñaki Mendizabal eta laurok hitz egin genuena lokal jendetsuko mahai batean eserita geundela kafesnea eta tortilla pintxoa dastatzen ari ginela. Harrigarria da eskalatzaileok zein eroso egon gaitezkeen eskaladaz hitz egiten denbora pasatzen ari dela konturatu gabe, eta denbora hori gero funtsezkoa izan zitekeela kontuan hartu gabe. Zer litzateke eskalada une horiek gabe?
Azkenean mahaia utzi eta egun itzaltsu hartako argi apalera irten ginenean, Palomaresko haitzaren irudi ikusgarri batek agurtu gintuen, eta hori nahikoa izan genuen mahaiaren inguruan hitz egindako guztia baztertu eta hasierako planera itzultzeko.
Ez ninduen harritu basozainak bere ibilgailuan buelta hartu eta gure atzetik jartzea, ulertzekoa da lurrezko pista hartatik gora hiru furgoneta, bata bestearen atzetik, ikusteak susmagarri irudituko zitzaiola. Jakin mina horretan aparkatu genuen lekura segitu gintuen eta nora gindoazen galdetu. Eskalatzera gindoazela esan genionean lasaitu zen gizona, hori bai, aholku batzuk eman ondoren.
Eskaladarako materiala egitean bi sokadatan banatu ginen. Alberto eta Fede ezinbestekoa den “ Haitzaren Mintzora” biderako prestatu ziren, eta Iñaki eta ni “Mania persecutoria” zirraragarrirako.
Hurrengo gertakari lotsagarriak ezagutzen dituzuenez eskalada zehaztera pasatzen naiz.
Lehen luzea ezin definitu dezakegu tramite hutsa bezala, ez du ezer oparitzen. Gainera zertxobait belartsua da, honek sortzen duen eragozpenekin, eta hau gutxi balitz belar eta zuhaixka hauek hezetasunez blai zeuden, nire madarikazioak lehen bilera deserosotik zintzilikatu arte iraun zuten. Erdi biluzik igo izanak bentaja izan zen, berehala lehortu nintzen korritzen zuen aire finari esker. Ez ordea petatetik zintzilika nituen arropak, eguzkia ez bazen ateratzen gisa honetara haitzean gora igo beharko nintzen .
Bigarren luzearekin hasi ziren Iñakiren bidearekiko mirespen ohiuak, gustuko du Oñatiarrak eskalatzen ari den bitartean hitz egitea. Oraingoan baina are ozenago ari zen, Albertok, metro asko gure ezkerretara zegoena, entzun zedin; bide bikain honen sortzaileetako bat da Elgoibartarra.
Nire txanda iritsi zenean Iñakiren bakarkako hitzak baieztatu nituen, aparta da luzea, eta gainera oso ondo irekia dago.
Hirugarren luzea gogotxu hasi nuen, eta hobea nuen horrela izatea erronka horretatik onik ateratzeko, estutasunez sartzen bazara gaizki pasatu dezakezu. Bistaz egiteko zaila iruditu zitzaidan hirugarren hau, erorketa batekin igotzea lortu nuen. Asko gustatu zitzaidan luzea, ahazten ez den horietakoa da.
Laugarrena da bide honen izarra, eta tituloa ondo merezia dauka, top 10 artean sartzeko merezimeduak ditu. Zuloz betetako horma tente batetik hasten da, mugimendu arinak eta zehatzak eskatzen duena, eta guzti hau gure burua babesteko premia larria dugula, eskarmentu handia eskatzen du luze honek.
Bosgarren luzera iristeko hormaz aldatu beharra daukagu. Igoa dugun horma orratza da, eta begetazioaz betetako zulo batek banandutzen gaitu gailurrera eramango gaituen paretatik. Gaztelu bateko fosoa bezalako zulo zeharkaezina da oztopo hau. Hemen ere adar gogor eta estuekin burrukatu behar izan nuen pasatzeko. Gauza on bakarra, praka erdi bustiak janzteko aprobetxatu nuela leku basati hura. Asko kostatu zitzaidan eskalatzen hasteko dena prest edukitzea, sokak adarretan trabatzen ziren eta zuzen jartzea lana eman zidan. Eskuak txikitu zizkidan arrakala da bosgarren luze hau, eskuak pitzaduran sartuaz igo beharra dago. Motza da baina trinkoa.
Ez zen hain zaila izan hainbeste kostatu zitzaiguna desegitea. Hiru rapeletan behean geunden. Gehiago kostatu zitzaigun esekitako zelaiaren ertzetik gora eta behera jarraitzea. Eta pilatutako nekearen ondorioz, luze egin zitzaidan txilarrez betetako soroan behera pistaraino jaistea, non ehunka gurbitzek eskuzabaltasunez garangorri helduak eskaintzen zizkiguten.
Behin ibilgailuetan geundela, eta igotzean jarraitu genuen ilara posizioari jarraituz, pistan behera jaitsi ginen.
Guardian aparkatzea ez zen arazo izan, aste barruan mugitzeak abantailak ditu. Baina ez mokadu bat hartzeko orduan, ez genuen taberna bat lortu bokata batzuk jateko. Gure gozamenerako, taberna barra guztiak pintxo desiragarriz beteta zeuden. Eta horrela amaitu genuen eskalada egun handi hau, hasi genuen bezala, mahai batean eserita, jaten eta edaten.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina