Indar eta trebetasun
mugimendu orekatu bakoitzarekin itxaropen izpi bat sentitzen nuen, hein handi
batean, nire zaurgarritasun-egoera arrazoitzen zuelako. Zirrara ero bat
zen, harrizko plaka leun eta garbian gora igotzen uzten zidana, nire espiritu
grinatsua justifikatzen zuena. Ez zitzaidan arrotza egiten egoera, gustukoa
dut, ez dut modu hobeagorik ezagutzen eskalatzaile sentitzeko.
Horma bertikal hori
lehen aldiz zeharkatu zuten eskalatzaileek adeitasunez eta errespetuz egin zuten,
harria minerala baino gehiago dela pentsatuz, gure aurrean besterik gabe
altxatzen den elementu hotz eta gogorra, eta mirespenez egin zioten aurre
erronkari.
Sarritan defendatu
izan dut orritxo hauetan eskalada garbia, hain pasionala den kirol honen
piramidearen punta bezala, perfekziora iristeko era bakarra. Baina,
zoritxarrez, gehienetan, kasu bakanetan izan ezik, beste garai bateko bideetan
aurkitzen dut abentura gunea, non, teknologia faltagatik, eskalatzaileek bide
berriak sortzeko gaitasuna oso murriztua zuten. Kemenez ordezten zuten.
Pablok eta Victor
Sánchezek horrelako zerbait sentituko zuten Pilar de la Hermidan, edo Peña
Llaneces, bide berri baten aukera ikuskatu zutenean; haitzarekiko miresmena eta
beraiek baino lehenago ertz ederra igo zutenekiko begirunea. Horrela hausnartzen
du eskalatzaile asturiar indartsuak bere bloggean: https://artedelalibertad.blogspot.com/2024/02/salvajes-de-leyenda-230-mts-6c-pena.html
Pilar de la Hermida
1995tean izan zen gainditua lehen aldiz eskalatzaile cantabriar bikote baten
eskutik; Javier saiz eta Angel Bengoechea. Bi eskalatzaile handi horiek, Los
Cholos taldeko kideak, joan den mendearen amaierako urte errebeldeetan eskalada
bide piloa sortu zituzten Kantauriko mendietan zehar. Gaur egun horietako asko
kultu-bideak dira.
Victorren anbizio
eskalatzaileak zutabe ederrean jarri zituen begiak, baina horma hau ez da
besteak bezalakoa, hemen dago aipatu dudan bidea, eta bera da jaun eta jabe, ez
dago lekurik estilo honetan ez den beste bide baterako.
Santutegi hori
zulatzeko makinaren zarata mingarriarekin profanatzea krimena izango litzateke,
eskalatzaile talde handi batek ez luke barkatuko.
Gaua ilunagoa da
hermidaren amildegi estuan, ilbeherak proiektatzen duen argi urria ez da
amildegi horretan sartzen, urruneko gailurren eta hondo meharraren arteko
ibilbide luzean xurgatzen da.
Baina ez da itsualdi
hori izutzen duena. Egunsentian, amildegiaren hondoa oraindik ilunpetan
dagoenean eta gailur iritsezinak tinki argitzen direnean, itotzen duen mundu
malkartsu bat sortzen da, dimentsio bertikal menderaezin bat, gizatiarki
lorgarria denaren eta absurduaren arteko muga.
Pozik esnatzen gera
ordea Arizio, Iker Artola eta ni La Hermida herrixka azpian dagoen
aparkalekuan, egun ederra dugu aurrean, zorioneko egiten gaituzten horietakoa.
Aritzek ondo
ezagutzen ditu txoko hauek, alpinista bizkaitar gehienek bezala, eskalatzaile
gisa trebatu da hemen, baina Iker eta biok, gipuzkoarrak izanik, Pirinioak izan
dira gure jolas lekua, uzten gara gidatzen.
Beraz, salvajes de
Leyenda Arizioren proposamena izan zen, Victorrek aholkatu omen zion, eta guk
ez genuen zalantzan jarri asturiarraren hitza, arroka basatien mundu malkartsu
honetan eskalada bideen kalitateaz dakien inor badago, Victor da.
Pilar de La Hermida
hurbiltzea ez da zaila, hogei bat minutuko ibilbidea da, mendiko bidezidor bati
jarraituz. Jaitsiera, ordea, gailurrera igoz gero, gure kasuan horrela izan
zen; Pilarreko bide klasikoaren azken luzea eskalatu genuen, eta jatorrizko
jaitsieratik jaitsi ginen; kanal zabal bat lehen zatian, estuagoa ondoren, lau
rapel luzeetan jaisten da. Era horretara eginda, Salvajes de Leyendak, kutxu
alpinoagoa hartzen du.
Bidearen lehen bi
luzeek ez dute zailtasun fisikorik, eta ikaragarri politak dira, Picos
haitzaren kalitate-zigiluarekin. Bi tirada luze hauek Pilarraren eskuin aldean
dagoen diedro nabarmena hartzea dute elburu.
Hirugarrena diedro
zabal horretatik gora hasten da, arroka tenteagoa da hemen, baina diedroan
sartu bezain laster, ezkerretara agertzen zaigun pareta bertikal eta trinkozko
plaka baterantz utzi behar da. Ikaragarri ona da luze hau.
Laugarren luzeak
bideko ederrena izateko ohorea du; ur-zuloz eta pitzadura txikiz betetako
harkaitzezko plaka trinko batetik doa, zalantzen aurrean trebea den
eskalatzailearentzat plazer bat.
Salvajes de Leyenda
bidearen bosgarren eta azken luzea, estiloz, alpetarrena bezala definitu
genezake. Eskuinerantz dagoen diedro etzan batetik hasten da, tarte labur baten
ondoren uzteko, aurrera egiteko aukera piloa duen horma batetik zuzen-zuzen,
gailurra bilatuko dugu ezkerrerantz joera txiki batekin. Gailurrera iritsi
aurretik, bost bat metrora, bilera bat dago, rapelatzeko prest. Deseroso
ikusten da, erdi zintzilik, hobeto, eta, batez ere, gailurrerako bidea hartzea
pentsatu badugu, hormaren amaierara iristea, erlaitz eroso bat aurkituko dugu.
Friendez eta fisuekin erraz egiten da bilera seguru bat.
Lepo motz eta zorrotz
batek bereizten ditu gure gailur txikia eta gailurreko bidean jartzen zaituen
ondoko lirainenetik. Azken hau jarraituz, soka guztia eramango duen tirada
batek, mendiaren magalean utziko gaitu.
Esan dudan bezala,
jaitsiera kanal batetik doa, hormaren ezkerraldeko malda malkartsuetara daraman
kanal handi batetik. Hori hartzeko, gailurrerantz jo behar da, gorantz. Ez gara
gailurrera iritsiko, gainera ez dakit horma honek gailurrik duen. Zirku moduko
kanal batera iristen garenean, jaisten hasiko gara, horma laranja baten azpian
rapel bat bilatu arte.
Guk kanala lau
rapelatan jaitsi genuen: lehena espit bat da eta iltze zahar pare bat.
Bigarrena harkaitz-tontor bat da. Hirugarrena zuhaitz bat; hau kordino fin
batez hornitu behar izan genuen, materialik ez zegoelako. Eta laugarrena,
parabolt bat da bi iltze zaharrekin batera. Ondoren, behin mendi-mazela
aldapatsuan, ondo orientatzea eskatzen du, ez baitago ondo definitutako
biderik.
Eskaladaren gauzarik txarrena ezin egin ahal izatea da. Beraz, berdin dio bide luzeak igotzen baditugu, edo motzak, zailak ala errezak, seguroak zein arriskutsuak, dena da eskalada. Garrantzitsuena egiten dugunarekin disfrutatzea da, ingurunea eta jendea errespetatuz, era horretara lortuko dugu gogobetetzea. Gu bezainbeste gozatzen baduzue ez zabiltzate gaizki.
Muchas gracias por la visita Mikel, un placer que gente tan referente como vosotros para mí, haya disfrutado tanto de una vía y dedique éstas palabras. Un abrazo y de nuevo, gracias.
ErantzunEzabatuVIictor Sánchez