2015(e)ko maiatzaren 1(a), ostirala

ANSO - Venin de Jardin

Ur dorrea altxatzen da elegante nire aurrean









   ¡¡¡ Joderrrr !!!  Mala letxean nago. Azken bi urte hauetan hiru soka moztu behar izan ditut eskalatzen ari nintzela. Bi, errapeletan erantsita gertatu ziran, eta, hirugarrena, harriak jota akabatu zen. Gaur ere moztu behar izan dut. Venin de jardin bidearen lehen errapelean gertatu zait. 
   Hirurogei metroko rappela da hau, eta oso juxtu iristen zara bilerara, zuhaitz bat. Laurogei metroko soka sinplea eta hogeita hamar metroko soka fina neramatzan nirekin.
   Errapela soka errekuperatzekoan izan da ezbeharra. Bileratik ongi atera da soka, baina erortzen hari zela zuhaitz batean trabatu da, berrogeita hamar metro gorago. Indarrez tiraka ibili naiz baina alperrik izan da. Sokatik ezin nintzan igo, ez bai nekien non eta nola trabatua zegoen. Eskalatzen igotzea ere ezinezkoa nuen, atzera botatzen duen leku bat da, helduleku eta babeslekurik gabea.
   Soka mozteko beste aukerarik ez dut izan. Gauzak oraindik gehiago zailtzeko, labana ez nuen, eta kordino batekin moztu dut soka. Kontu handiz jaitsi behar izan dut geratzen zitzaidan sokaz, berrogehi metrotara ez zen iristen. Zortez, inongo ezbeharrik gabe lortu dut hormatik jaistea.
   Orain ulertzen dut bidearen izena, lorategietan pozoia egon daiteke. Norbaitek bide hau eskalatzen badu, eta errapelatzekoan soka kendu eta jaitsiko balu, pare bat kaña nire kontu.
   Gustatu zait bidea, naiz eta hasieran pittin bat galdua egon naizen bidea non hasten zen bilatzen. Iruditu zait, krokisa une batzuetan ez datorrela bidearekin. Bigarren luzean izan da hau, dudak izan ditut nondik tiratzeko garaian. Bide berri bat ari dira zabaltzen eskuinerago eta horrek pittin bat despistatu nau. Lehen luzean dagoen parabola ere ez dut txapatu, ikusi ez bai dut egin, zuzen joan naiz delikatua den terreno batetik gora.
   Ravierrek eta bere lagunek ez dute oparirik egiten. Mutil hauek egiten dutena ekologismo hutsa da. Errespetu gehiagorekin ezingo litzateke plaka horietatik igo eta, aldi berean, eskalada bide bat sortu. Asko gustatu zait bidea. Azken bi luzeak mundialak dira.

Lehen luzea
 
Laugarren tirada







Verdungo soroak, gariaren



   Ez dut kronika hau bukatu nahi, Nepaleko lurrikarari hitz batzuk eskaini gabe. Paraje paregabe horiek ezagutzeko aukera izan dugunok, lurrikara ikaragarri honek barruak astindu dizkigu. Zerbait galdu dugu denok hondakin guzti horien azpian. Drama sozialetik aparte, Kathmandu paregabea birrinduta geratu da, bidaiari ororentzat esanahi handia zuten bazter asko. Mendi zurietara salto egin aurretik eta bueltatzean, Kathmanduko kale zahar eta jendetsuetan murgiltzea gizatasun bainu bat hartzea da. Bidaiariaren lehen ikasgaiak jasotzeko leku aparta da hau; Ikusi, entzun, eta galdetu, beti errespetuz, beraien ohituretan eta kulturan kalterik egin gabe. 
   Globalizazioak hasi zuena, lurrikara batek bukatu du. Ondare arkitektonikoa, Nepalgo kulturaren sustraia, suntxitu da. Ni zorretan nago Nepalekin. Zor espirituala da. Katmanduko kale eta mendi magal bidexketan jasotako esperientziak, nire bizitzari beste zentzu bat eman zioten. Nepalera joan nintzan lehen aldi horren ondoren gauzak beste era batetara neurtzen hasi nintzen.


¡¡¡ DHANYABAD NEPAL !!!





2015(e)ko apirilaren 14(a), asteartea

BARRANCO DE LEIVA - PEÑAS BLANCAS



   Unibertsoa materiaz osatua dago, ukitu daitekeen guztiak du materia. Kontraesan modura, jakintsuek diote, gauza guztiek beraien aurkakoa dutela, materia badago, antimateria egon beharko duela; Agonista- Antagonista, Yin etaYang, Euskal Herria-Murtzia. 
   Bromatan nabil, burutazio sinple bat izan da. Goizeko giro eguzkitsu sano batean esnatzearen ondorengoak. Dirudienez Murtzian ez du euririk egin azken urte honetan. Gurean berriz euriak ez digu negu osoan bakerik eman. Beraz, zuria eta beltzaren artekoan gara Iberiar peninsulako bi punta hauetan, eta, ez soilik eguraldi kontuetan.


   Aste santuko oporrak antolatzea ez da gauza erraza izaten. Familia eta eskalada tartean sartzen  baditugu are zailago bihurtzen da. Leku egokia bilatu beharra dago, denok, opor gustagarri batzuk igaro izateko. Gu kasu honetan, opor egun atseginak igarotzeko beharrezko iruditzen zaizkigun elementu guztiak mahaia gainean jarri ondoren, Sierra Espuña aukeratu dugu; Eguraldi ona ematen zuten egun horietarako, eskalada oso onak egin daitezke, kanpin bat dago paretetik gertu eta, hondartzaren aukera ere hor dago.


   Sierra Espuñak eskaladarako dituen aukeretatik Leivako pareta da erakargarriena. Kareharrizko horma zabal honetan eskalada bide asko daude, pittin bat tropelduak leku batzuetan. Ohiko eskalada eta kirol eskalada bideak aurkitu ditzazkegu, eta dudarik gabe, azken hauek askoz gehiago egiten dira klasikoak baino, bide batzuk labainkor daude jende andanak eskalatu dituelako. 

   Harriak igotzeaz gain, eremu honek aisialdirako beste aukera asko eskaintzen ditu. Mendi ibilbide sarea handia dauka, oso ondo seinaleztatuta, oinez ibiltzea plazerra bihurtzen da. Mendiko txirrindu munduan izen handia dauka ere, batit bat jaitsiera bereziak gustuko dutenen artean. Interesa izan ezkero bilatu "espubike" web orrietan. 

                                                                                                                                                                      Sierra Espuña parke naturala izanik kanpaldi librea debekatua dago. El Berro herrian kanpinga bat aurkituko dugu. Sierra Espuña du izena eta oso giro atsegina dago, benetan merezi du egonaldiak. 
   Nire eskaladak egiteko furgoneta mugitu gabe ibili naiz gora eta bera, kanpinga eta Leivako paretak ez daude urrun, familia lasai lo egiten uzten nuen goizetan, eta abiatzen nintzan eskalatzera. 
   Paretetara iristeko, El Berro herritik, eta kotxerik mugitu gabe, bi aukera ditugu: Lehena oinez, el barranco de la bruja bidea hartuz, juxtu Leivako barrancora eramaten gaituena, ordu eta erdi beharko dugu paretetara iristeko. Bigarren bizikletaz. Horretarako, El Berrotik, parke naturalera doan bidea segiko dugu, seinaleak jarraituz barranco de Leivara iritsiko gara mendi pista batetik. Pareta azpira ordu bete tardako dugu.
   Kanpiñera buelta berdin egingo dugu, baina denboran alde nabarmena izango dugu bizikletaz egin ezkero, ziztu batean egongo gara igerilekuan bainua hartzen. Gainera, barranco de la brujatik txirrinduz jaitsi ezkero, mendiko bide teknikoak gustuko badituzu, gozatuko duzue. Hogei minututan beran egongo zarete.

 
 




   Sierra Espuñan egin dugun egonaldian lau bide eskalatzea lortu dut Leivako paretetan. Carrillo-Vera bidea, Carrillo-Del Campo bidea, Riglo-El disparate bidea, eta azkena, Historia interminable bidea.    Zoragarriak iruditu zaizkit guztiak, bostgarren bat igotzeko gogoekin geratu naiz.
   Guztietatik bide bat aukeratzekotan, historia interminable izango zen,  bide honen laugarren luzea benetan oso ona da. 
   Ideia bat egin dezazuen nire ordutegiaz; goizeko zortzietarako abiatzen nintzan kanpineko tabernan gosaldu ondoren. Oinez, edo, txirrinduaz hormetara gerturatzen nintzan, bide bat eskalatu, eta eguerdiko ordu batetarako kanpiñean nintzan berriro.




 
  
                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                       


    Familia eta eskalada posible egiteko, itsas ondoko eskalada eskolak aukera onak izaten dira. Familia hondartzaz gozatzen ari bada, ez dute ain faltan botatzen eskalatzera joan den hori. 
   Aukera hau aztertu ondoren, Peñas Blancas mendiaren ipar horma aurkitu nuen. Itsas ondotik gertu dago, Isla Plana herriaren gainean. Guk kanpina hartu genuen hemen ere, los Madriles izenekoa, justu hormetara doan bidearen azpian. Esan behar dut kanpina hau izugarri ona dela. Kokapenetik aparte, parajea txundigarria da, ur termalak ditu kanpiñak. Bi bainuleku, bata estalia eta kanpoan bestea. Itsasoko ur termala da, gazia, hogei ta hamar gradutara lurretik ateratzen dena. Erromatarrak, bere garaian, gustagarriak omen zituzten ur hauek.



   Peñas Blancas pareta izugarri hau Puerto de Mazarronetik ikuskatu nuen lehen aldiz, eta txunditu ninduen. Ondoren jakin nuen eskalatzen zela. 

   Horma zuri zabal honetan bide dezente daude. Abenturazko eskalada eta bide ekipatuak aurkitu ditzazkegu. Ez zitzaidan iruditu Murtziarrek eskaladarako oiko lekua dutenik Peñas Blancas, edo behintzat paretan dauden bide luzeak, aztarna gutxi aurkitu nituen.


   Bi aukera daude paretara azpira iristeko; Lehena gailurrera igotzen da eta gero errapelez edo oinez, azken hau gutxi batzuk egiten dute, bideetara jaistea da. Aukera hau egiteko kotxea beharrezkoa da. Bigarrena azpitik oinez egitea izango zen, kotxerik gabe daudenentzat egokiagoa. Horretarako, kanping Los Madriles ondotik ateratzen den bidea hartu beharra dago Rambla del Cañar parajera, bide zidor moduan seinalizatua dago. Hiru ordu laurdenetan, bizikletaz, basean jarri zaitezke. Kotxeak pista honetatik ibiltzen dira ere.



Tiempos modernos 7B

   Eskalatzera urbildu nintzen lehen egunean ez neraman bide zehatzik pentsatuta. Aukeraketan, hori bai, bidea ekipatua egotearen mende nengoen, frienak eta fisuak ez bai nituen hartu. Beste arazo txiki bat banuen ere, hormaren zati batzuk erregulatuak daude, eta bertan Urtarriletik Uztailera arte ezin da eskalatu. 
   Landaredia da beste eragozpen bat, hormaren oinarri osoa ohian bat da, zati batzuetan kosta egiten da aurrera egitea.
   Azkenean "Sorprendente" bidea aukeratu nuen eskalatzeko. Itxura ona hartu nion, eta ez nintzan damutu, oso ona da. 
   Hurrengo egunean paretan nintzan berriro eta, horaingoan ere, zalantza berberak nituen bidearen aukeraketarekin. Tiempos modernos eskalatu nuen, estutualdi ederra hartuz. Hirugarren luzea ez nuen guztiz librean egin, 7a/A0 utziko nuke.



  










                                                                                

 


  Unibertsoaren oreka baino konplexuagoa familiaren egonkortasuna da. Berez, egunerokotasunean, uztartzeko zaila den elkarte bati, elementu bereizgarriak sartzen badizkiozu, eskalada elementu bereizgarria izan daiteke, ezinezkoa gerta dakioke. Materiak eta antimateriak puntu komunen bat dutenez, familiak eta eskaladak badute. Balantza orekatzen den lekua da gakoa. Ekilibratzea lortu ezkero, unibertso bat zabaltzen da gure aurrean. Zeren, horrela bidaiatzen dugunean, soskak motxilan sartuta, behar eta nahi ditugun gauza guztiak ditugu gurekin, familia eta eskalada.

2015(e)ko martxoaren 14(a), larunbata

PICO LENITO - CANAL NORTE




   Lau hamarkada pasatu dira Javier Escartin (1951-1995) eta Lorenzo Ortasek Pico Lenitoko Ipar Kanala zabaldu zutenetik. Hogeita hamazortzi urte zehazki. Aldaketa handiak gertatu dira urte guzti horietan, eta mendizaletasuna ez da aldaketa horietatik salbuetsita egon. 
  Javier eta Lorenzo, Lenitoko elur maldan gora abiatu zirenean, hirurogeita hamarreko hamarkada zen, eta labur bada ere, saiatuko naiz garai alai haiek deskribatzen: Jendea arropa koloretxuez jazten zen. Gizonezkoak praka estu estuak gustuko zituzten, ipurdi aldea ondo markatuaz, kanpai moduan eramaten zituzten galtzen oinak. Alkandora estanpatu loredunak ikusten ziren non nahi, ile eta bizar luzeekin konbinatuak, ileapaindegitik apenas pasatu gabe. 
  Gizarte aldaketa handien garai horretan, etika garbiago batekin eskalatzen hasi ziren, eta gaur egun eskalada libre gisa ezagutzen dugunaren oinarriak finkatu ziren. 
   Baina nik beste alderdi bat azpimarratu nahi dut, sozialagoa. Eskalatzaileen jarrera asko aldatu da, gizarteak eskalada ulertzeko modua ere. Garai haietan, eskalatzaileak oso marjinatuak zeuden. Mendizaletasunarekin batera, drogen kontsumoa jokoaren zati garrantzitsua zen, eta araua bizi-konpromezuak ez hartzearena, kontsumismoa espetxeratzeko modu bat zela pentsatuta. Gizarteak, txima luze, drogadikto, alper eta horrelako hitzekin deskribatzen zituzten. Gaur egun, eskalada, gizarteratu egin da, edozeinek egiten du, kirol bat gehiago da. Jendeak orokorrean normal ikusten gaitu, kirolariak omen gara. -Zer galdu dugu, eta zer irabazi, horren iritzia ere ba dut, baina, hori, beste baterako utziko dut.



   Bideari buruz ez dut gauza handirik esan nahi,  nik egin dudan krokis xume bat besterik ez dut zintzilikatuko. Era horretara, informazio eskasarekin, gure oinordekoei omenaldia egin nahi diet, gu baino kontu gutxiagoekin sekulako eskaladak burutzen zituztenei.
   Bai esan, Lenito mendiaren ipar horma hau alpinismoa egiteko leku aparta dela. Neguko bide berriak ireki izana da jarduerarik aipagarriena azken urte hauetan, puntakoak hauetako batzuk.
   Bukatzeko, Joseba Outeirali eskerrak eman nahi dizkiot egun eder bat pasatu dugulako, ¡¡¡ Aupa hi !!!









Lehen bilerara iristen

Bigarren luzea

Laugarren luzea


bostgarren luzea

Irtetzen


2015(e)ko martxoaren 11(a), asteazkena

LIZARRUSTI - Jendetza guztiaren gainetik





   Lasaitasuna gauza handia da. Betiko esaera zahar bat dugu hau. Denok saiatzen gera bake momentuak bilatzen. Nola ulertzen dugun lasai egotearen unea da diferentzia.
   Batzuentzat lasai egotea tripa zorrian egotea da, golperik eman gabe, telebista aurrean etzanda adibidez. Beste batzuek jende aglomerazioetatik at egotearekin ulertzen dute lasaitasuna, bakardadean edo koadrilan, baina beti giro apal batean. 
   Mendia izan da betidanik azken lasaitasun mota hau bilatzeko leku aparta. Baina hemen ere ba dira ezberdintasunak: Batzuek mendira joatearekin bakarrik ez dugu sosegu hori bilatzen. Ahuntzak bezala oiko bidetik at joan behar izaten dugu, biderik ez dauden lekuetara, eta orduan bai aurkitzen dugu askatasuna, jende multzo andanak gure azpian ditugularik. Konplikatuak gera gizakiak, hain sinple den mundu honetan.
   Gorokarasta, Lizarrusti aterpetxe gaineko pareta, asko begiratu dugu azken urte hauetan. Kirol eskalada egiten den sektoreetara joateko ondotik pasa behar izaten dugu. Ez da pareta nabarmen bat, bide on bat ateratzeko ongi ikuskatu behar duzu, era horretara, kalitatezko haitza topa dezakezu, eta egon badago.
    Horma pittin bat etzana da, eta honek eskalada errazten du. Nire ustez, leku ezin hobea dugu mendi eskaladan aritzeko eta trebatzeko.
   Jendetza guztiaren gainetik bidearen hasiera kotxetik bost minutura dago, Lareo urtegira doan bidearen alboan. Jaitsiera oinez egitea gomendatzen dut, paisaia zoragarria da. Horretarako, Gorokarasta gailurrean gaudela, Alleko basora jeitsiko gara, inguru karstiko paregabe bat da hau, Agiña zuhaitz ederrak ikusi daitezke hemen. Pagadian, Alleko ibilbidearenkin topo egiten dugunean, Lizarrusti aterpetxe norabidea hartu beharko dugu. Hemen bi aukera ditugu kotxera bueltatzeko; ibilbidea aterpetxeraino segitu, edo aterpe gaineko begiratokira joan eta ferrata bidetik jaitsi, gustuen arabera. Hamar minututan beheran izango gara. 

lehen luzea


 
Bigarren luzea

Laugarren luzea

 
Aitzkorri urrunean ikusi dezakegu

Lizarrustiko aterpea bertan dugu




2015(e)ko otsailaren 8(a), igandea

TXINDOKI - Kaixo Printzesa


   Aurreko egunean eskutitz bat iritsi zitzaidan Euskal Mendizale Federakuntzatik. Dirudienez, aurten, ospatu behar duten mendizale galan sari bat eman nahi didate; Alpinismo ibilbideari saria. Naiz eta lotsa pittin bat pasatuko dudan, ni naizen bezalakoa naiz, gustura onartzen dut errekonozimendua.
   Hiru alditan igo izan naiz holtza gainera alpinismo sari bat jasotzera Euskal mendizale Federakuntzaren galan: Lehena aurreko mendean izan zen, 1999 urtean, kusun Kanguru iparrean, neguan, egin genuen igoeragatik. Alfonso Vizan eta Karlos Vieira “Kanu” ziran nirekin saria jasotzen. Bigarrena, 2010ean, Kepa Escribanorekin batera, urte horretako eskaladak saritu zizkiguten, elkar egin genituenak, eta bakarka eginak ere. Hirugarrena hau dut. Berrogeita zazpi urtekin datorkit sari hau, eta urteak aipatzen ditut, zeren, nabaritzen dira.
   -Non egon daiteke sekretua? Pertsona bat, hainbeste urtetan, kirol frustante honetan irauteko? -Motxila, beti materialaz astuna, bizkar minduen kalbario, zalantza mordoekin batera; elurra, lainoa, haize hotza eta nekeari aurre eginez, bakardadean bide berri bat zabaltzeko indarrez aritzeko? Denetik apur bat hartu beharko dugu, koktela da; ilusioa, burugogor dosi handia, gaztaroko ametsak bete nahiatik asko. Baina, batit bat, nor bera berraurkitzea saiatzean, bilaketan eta adaptazio gogoan dago sekretua.
   Pertsonak gara eta denboraren eraginez aldatzen goaz. Aldaketa horiek erabili behar ditugu, ohartzen garen eran, alpinista bezala berregiteko. Honek esan nahi du, beste alpinisten egiteko eratik, teknikan eta joeran, dastatuko dugula, gu geu alpinista bezala hobetzeko. Era horretan, niri behintzat, balio izan dit beterano mailara iristeko.

   Amitziko pareta arista aldapatik

Bidearen izena nire alaba Libe maitearen omenez da. Eskalada bideen sortzaile gisa, nire maitasuna erakusteko modu hau dut. Etxeko guztiek dute beraien bidea, nire emaztetik hasi eta katuraino; Isarena Txindokiko frontoian ireki nuen, Scarlett O 'Lara bidea da. Peruren bidea Aspe mendian dago, Perutxo, neguan ireki nuena. Liberena, sarrera honi izenburua ematen dion Kaixo Printzesa. Izar gure zakurrarentzako Txindokiko haitzak aukeratu nituen ere, Izarren zaunka bikaina. Traste katuak Aizkoateko horma ikusgarrian dauka bere oroigarria izen berdinarekin. Etxeko maitatu baten izena jasotzeko lehen bidea Sofia katua izan zen, Madaleta mendigunean, Pico Maldito beldurgarrian, La Gata sofia bidea zabaldu nuen 1992ko neguan. 
Deskribatu ditudan bide horiek guztiak bakarka ireki ziren. Uste dut igoera bat egiteko moduak igoeraren izaera aldatzen duela, ahaleginak balentria handitzen duela, eta, beraz, nabarmenago egiten duela nireenganako maitasuna.
 


Txindokiko paretako elurrak pittin bat asenta beharra dauka