2015(e)ko martxoaren 14(a), larunbata

PICO LENITO - CANAL NORTE




   Lau hamarkada pasatu dira Javier Escartin (1951-1995) eta Lorenzo Ortasek Pico Lenitoko Ipar Kanala zabaldu zutenetik. Hogeita hamazortzi urte zehazki. Aldaketa handiak gertatu dira urte guzti horietan, eta mendizaletasuna ez da aldaketa horietatik salbuetsita egon. 
  Javier eta Lorenzo, Lenitoko elur maldan gora abiatu zirenean, hirurogeita hamarreko hamarkada zen, eta labur bada ere, saiatuko naiz garai alai haiek deskribatzen: Jendea arropa koloretxuez jazten zen. Gizonezkoak praka estu estuak gustuko zituzten, ipurdi aldea ondo markatuaz, kanpai moduan eramaten zituzten galtzen oinak. Alkandora estanpatu loredunak ikusten ziren non nahi, ile eta bizar luzeekin konbinatuak, ileapaindegitik apenas pasatu gabe. 
  Gizarte aldaketa handien garai horretan, etika garbiago batekin eskalatzen hasi ziren, eta gaur egun eskalada libre gisa ezagutzen dugunaren oinarriak finkatu ziren. 
   Baina nik beste alderdi bat azpimarratu nahi dut, sozialagoa. Eskalatzaileen jarrera asko aldatu da, gizarteak eskalada ulertzeko modua ere. Garai haietan, eskalatzaileak oso marjinatuak zeuden. Mendizaletasunarekin batera, drogen kontsumoa jokoaren zati garrantzitsua zen, eta araua bizi-konpromezuak ez hartzearena, kontsumismoa espetxeratzeko modu bat zela pentsatuta. Gizarteak, txima luze, drogadikto, alper eta horrelako hitzekin deskribatzen zituzten. Gaur egun, eskalada, gizarteratu egin da, edozeinek egiten du, kirol bat gehiago da. Jendeak orokorrean normal ikusten gaitu, kirolariak omen gara. -Zer galdu dugu, eta zer irabazi, horren iritzia ere ba dut, baina, hori, beste baterako utziko dut.



   Bideari buruz ez dut gauza handirik esan nahi,  nik egin dudan krokis xume bat besterik ez dut zintzilikatuko. Era horretara, informazio eskasarekin, gure oinordekoei omenaldia egin nahi diet, gu baino kontu gutxiagoekin sekulako eskaladak burutzen zituztenei.
   Bai esan, Lenito mendiaren ipar horma hau alpinismoa egiteko leku aparta dela. Neguko bide berriak ireki izana da jarduerarik aipagarriena azken urte hauetan, puntakoak hauetako batzuk.
   Bukatzeko, Joseba Outeirali eskerrak eman nahi dizkiot egun eder bat pasatu dugulako, ¡¡¡ Aupa hi !!!









Lehen bilerara iristen

Bigarren luzea

Laugarren luzea


bostgarren luzea

Irtetzen


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina