2015(e)ko apirilaren 14(a), asteartea

BARRANCO DE LEIVA - PEÑAS BLANCAS



   Unibertsoa materiaz osatua dago, ukitu daitekeen guztiak du materia. Kontraesan modura, jakintsuek diote, gauza guztiek beraien aurkakoa dutela, materia badago, antimateria egon beharko duela; Agonista- Antagonista, Yin etaYang, Euskal Herria-Murtzia. 
   Bromatan nabil, burutazio sinple bat izan da. Goizeko giro eguzkitsu sano batean esnatzearen ondorengoak. Dirudienez Murtzian ez du euririk egin azken urte honetan. Gurean berriz euriak ez digu negu osoan bakerik eman. Beraz, zuria eta beltzaren artekoan gara Iberiar peninsulako bi punta hauetan, eta, ez soilik eguraldi kontuetan.


   Aste santuko oporrak antolatzea ez da gauza erraza izaten. Familia eta eskalada tartean sartzen  baditugu are zailago bihurtzen da. Leku egokia bilatu beharra dago, denok, opor gustagarri batzuk igaro izateko. Gu kasu honetan, opor egun atseginak igarotzeko beharrezko iruditzen zaizkigun elementu guztiak mahaia gainean jarri ondoren, Sierra Espuña aukeratu dugu; Eguraldi ona ematen zuten egun horietarako, eskalada oso onak egin daitezke, kanpin bat dago paretetik gertu eta, hondartzaren aukera ere hor dago.


   Sierra Espuñak eskaladarako dituen aukeretatik Leivako pareta da erakargarriena. Kareharrizko horma zabal honetan eskalada bide asko daude, pittin bat tropelduak leku batzuetan. Ohiko eskalada eta kirol eskalada bideak aurkitu ditzazkegu, eta dudarik gabe, azken hauek askoz gehiago egiten dira klasikoak baino, bide batzuk labainkor daude jende andanak eskalatu dituelako. 

   Harriak igotzeaz gain, eremu honek aisialdirako beste aukera asko eskaintzen ditu. Mendi ibilbide sarea handia dauka, oso ondo seinaleztatuta, oinez ibiltzea plazerra bihurtzen da. Mendiko txirrindu munduan izen handia dauka ere, batit bat jaitsiera bereziak gustuko dutenen artean. Interesa izan ezkero bilatu "espubike" web orrietan. 

                                                                                                                                                                      Sierra Espuña parke naturala izanik kanpaldi librea debekatua dago. El Berro herrian kanpinga bat aurkituko dugu. Sierra Espuña du izena eta oso giro atsegina dago, benetan merezi du egonaldiak. 
   Nire eskaladak egiteko furgoneta mugitu gabe ibili naiz gora eta bera, kanpinga eta Leivako paretak ez daude urrun, familia lasai lo egiten uzten nuen goizetan, eta abiatzen nintzan eskalatzera. 
   Paretetara iristeko, El Berro herritik, eta kotxerik mugitu gabe, bi aukera ditugu: Lehena oinez, el barranco de la bruja bidea hartuz, juxtu Leivako barrancora eramaten gaituena, ordu eta erdi beharko dugu paretetara iristeko. Bigarren bizikletaz. Horretarako, El Berrotik, parke naturalera doan bidea segiko dugu, seinaleak jarraituz barranco de Leivara iritsiko gara mendi pista batetik. Pareta azpira ordu bete tardako dugu.
   Kanpiñera buelta berdin egingo dugu, baina denboran alde nabarmena izango dugu bizikletaz egin ezkero, ziztu batean egongo gara igerilekuan bainua hartzen. Gainera, barranco de la brujatik txirrinduz jaitsi ezkero, mendiko bide teknikoak gustuko badituzu, gozatuko duzue. Hogei minututan beran egongo zarete.

 
 




   Sierra Espuñan egin dugun egonaldian lau bide eskalatzea lortu dut Leivako paretetan. Carrillo-Vera bidea, Carrillo-Del Campo bidea, Riglo-El disparate bidea, eta azkena, Historia interminable bidea.    Zoragarriak iruditu zaizkit guztiak, bostgarren bat igotzeko gogoekin geratu naiz.
   Guztietatik bide bat aukeratzekotan, historia interminable izango zen,  bide honen laugarren luzea benetan oso ona da. 
   Ideia bat egin dezazuen nire ordutegiaz; goizeko zortzietarako abiatzen nintzan kanpineko tabernan gosaldu ondoren. Oinez, edo, txirrinduaz hormetara gerturatzen nintzan, bide bat eskalatu, eta eguerdiko ordu batetarako kanpiñean nintzan berriro.




 
  
                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                       


    Familia eta eskalada posible egiteko, itsas ondoko eskalada eskolak aukera onak izaten dira. Familia hondartzaz gozatzen ari bada, ez dute ain faltan botatzen eskalatzera joan den hori. 
   Aukera hau aztertu ondoren, Peñas Blancas mendiaren ipar horma aurkitu nuen. Itsas ondotik gertu dago, Isla Plana herriaren gainean. Guk kanpina hartu genuen hemen ere, los Madriles izenekoa, justu hormetara doan bidearen azpian. Esan behar dut kanpina hau izugarri ona dela. Kokapenetik aparte, parajea txundigarria da, ur termalak ditu kanpiñak. Bi bainuleku, bata estalia eta kanpoan bestea. Itsasoko ur termala da, gazia, hogei ta hamar gradutara lurretik ateratzen dena. Erromatarrak, bere garaian, gustagarriak omen zituzten ur hauek.



   Peñas Blancas pareta izugarri hau Puerto de Mazarronetik ikuskatu nuen lehen aldiz, eta txunditu ninduen. Ondoren jakin nuen eskalatzen zela. 

   Horma zuri zabal honetan bide dezente daude. Abenturazko eskalada eta bide ekipatuak aurkitu ditzazkegu. Ez zitzaidan iruditu Murtziarrek eskaladarako oiko lekua dutenik Peñas Blancas, edo behintzat paretan dauden bide luzeak, aztarna gutxi aurkitu nituen.


   Bi aukera daude paretara azpira iristeko; Lehena gailurrera igotzen da eta gero errapelez edo oinez, azken hau gutxi batzuk egiten dute, bideetara jaistea da. Aukera hau egiteko kotxea beharrezkoa da. Bigarrena azpitik oinez egitea izango zen, kotxerik gabe daudenentzat egokiagoa. Horretarako, kanping Los Madriles ondotik ateratzen den bidea hartu beharra dago Rambla del Cañar parajera, bide zidor moduan seinalizatua dago. Hiru ordu laurdenetan, bizikletaz, basean jarri zaitezke. Kotxeak pista honetatik ibiltzen dira ere.



Tiempos modernos 7B

   Eskalatzera urbildu nintzen lehen egunean ez neraman bide zehatzik pentsatuta. Aukeraketan, hori bai, bidea ekipatua egotearen mende nengoen, frienak eta fisuak ez bai nituen hartu. Beste arazo txiki bat banuen ere, hormaren zati batzuk erregulatuak daude, eta bertan Urtarriletik Uztailera arte ezin da eskalatu. 
   Landaredia da beste eragozpen bat, hormaren oinarri osoa ohian bat da, zati batzuetan kosta egiten da aurrera egitea.
   Azkenean "Sorprendente" bidea aukeratu nuen eskalatzeko. Itxura ona hartu nion, eta ez nintzan damutu, oso ona da. 
   Hurrengo egunean paretan nintzan berriro eta, horaingoan ere, zalantza berberak nituen bidearen aukeraketarekin. Tiempos modernos eskalatu nuen, estutualdi ederra hartuz. Hirugarren luzea ez nuen guztiz librean egin, 7a/A0 utziko nuke.



  










                                                                                

 


  Unibertsoaren oreka baino konplexuagoa familiaren egonkortasuna da. Berez, egunerokotasunean, uztartzeko zaila den elkarte bati, elementu bereizgarriak sartzen badizkiozu, eskalada elementu bereizgarria izan daiteke, ezinezkoa gerta dakioke. Materiak eta antimateriak puntu komunen bat dutenez, familiak eta eskaladak badute. Balantza orekatzen den lekua da gakoa. Ekilibratzea lortu ezkero, unibertso bat zabaltzen da gure aurrean. Zeren, horrela bidaiatzen dugunean, soskak motxilan sartuta, behar eta nahi ditugun gauza guztiak ditugu gurekin, familia eta eskalada.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina