2013(e)ko apirilaren 5(a), ostirala

ETXAURI - Pata Negra



   Pata negra izenak oroitzapen onak ekartzen dizkit. Eta ez da urdai azpiko paregabearen zapore koipetsua, musika taldea baizik. Paineko Dorreetako kanpalekuan, Intsumisioa bidea zabaltzeko ahaleginetan genbiltzala, bi musika kasete gailendu ziran beste guztien artetik. Bata Raulek eta Pacok miresten zuten Extremoduro taldearena zen, etengabe entzuten genuena. Bestea, Pata Negra taldearen flamenko bluesa zen, kanpamendu goibela bere soinu alaiez epeltzen zuena. Oraindik ikusten dut, euria eta haizea zuhaitzak astintzen, gu behe kanpamentuan egurrezko txabolaren babesean, pattarrezko botila alde batetik bestera mugitzen, “!!! todo lo que me gusta es ilegal, es inmoral…¡¡¡” abesten. Marko Prezelj alpinista handiari abesti honek grazia egiten zion.


   Bidea gustatu zait, nahiz eta laburra egin zaidan. Lehenengo bileraren altueran bi putre habiekin egin dut topo, bidetik nahiko gertu geratzen dira. Aitzaren kalitatea ona da. Bigarren eta hirugarren luzeak batean elkartu ditut. Jaitsiera oinez egin dut.
   Eguraldi traketsetik hiesik joan naiz Etxaurira, eguzkia eta harri onaren bila, lortu dut.  




Paretaren panoramika



Lehen luzea. Zabalzatarrek dirudienez ezkerragoko fisura batetik jo zuten


Bi eta hiru tiradak. Bidea eskubiko fisuratik doa. Jaisterakoan materialea kendu dut tramo horretan putreak ez molestatzeko

jaisteko prest

Etxauri bere handitasunean






2013(e)ko martxoaren 31(a), igandea

UZTURRE - Egunkaria Bidea


   
   Gaur bezelako egun batean, duela bi mila urte, Jesukristok bere kalbarioa sufritu zuen; aste santuan gabiltza egun hauetan. Gurutz handi bat bizkarrean hartuta Gólgota mendira igo zen erromatar soldaduek makilekin kolpatzen zuten bitartean. Gurutzea mendiaren puntan zutik jarri erazi zioten gizajoari, eta, lan penagarria hau egin ondoren, bertan zintzilikatu zuten esku eta hanketan iltze bana sartuaz.
   Ideia hau burura etorri zait, Uzturreko gailurrera iritsi naizenean eta, aurrez aurre gurutze zuri erraldoiarekin topo egin dudanean. Zergatik gurutzea? Tolosatik bizkarrean igotzera behartu zuten norbait? Batek baino gehiagok merezi bai.

Zaldibiko plaza

  Erlijioa eta sinismenak albo batetara utzita, garai frenetiko hauetan mendi punten bila gabiltzanok, urruneko gailurretara iristean, izerdiz blai eta arnasa estututa, nahikoa penitentzia egin dugula pentsatzen dugu. Ahalegin horren arrazoia aurreko gaueko garagardoen eta janarien desfasea arintzeko ahalegina izan ohi da. Gailurrera iritsi eta aire garbia arnasten dugunean, ziur gaude gure penitentzia bete dugula eta prest gaudela berriro "bekatu egiten" hasteko. 
   Nire ustez, egin dudan ahalegina ez da alferrikakoa izan, purifikatu egin naiz, eta horregatik Izaskunera jaistean pintxo bat eta kaña bat hartu behar ditut. Haragia ahula da.


Uzturre mendia Tolosatik

  Egunkaria bidea asko gustatu zait, nahiz eta eskalada laburra egiten den haraino iristeko egin behar den ahaleginerako, ona da. Oso ondo hornitua dago, kirol eskalada moduan, ez da autobabeserako materialik behar. Bidearen hasiera iristeko altzairuzko kable luze bat dago babes moduan. Trepada hori nahiko zikina dago, beraz, norbait joaten bada, eta garbitzeko animoak baditu, zerratxo bat eramatea gomendatzen diot. 
 Bertaratzeko bi aukera daude: Uztureko bide normala hartu eta, gailurrera iristear gaudela, kanalera jaitsiko gara, hor kablea hartuko dugu. Edo, zuzen azpitik. Azken hau ez da gomendagarria, nik horrela egin nuelako azaltzen dut; sasiak urratzearen ondoriozko penitentzia ezartzen dizute. Ez nuen eskalada honen informaziorik.
 

Uzturre Izaskundik
 
   Egunkaria bidearen eskuinetara ekipatutako beste bide bat ikusi dut. Ez dut inongo informaziorik. Norbaitek informazioa partekatu nahiko balu, idatzi.

Gerturatzen

   Zoriondu nahi ditut Asier eta bere kideak Egunkaria bidea zabaltzea gaitik, Gipuzkoan horrelako eskalada bideen faltan gabiltza. Goiz ederra pasatu dut zuen lanari esker.
   Kuriosidade bezala, eskalada irteera hau bizikletaz egin dut. Zaldibian hasi naiz pedalei astintzen eta Tolosaraino joan nahiz N1 zaharraren alboan doan bidegorritik. Tolosatik Izaskunera iritsi nahiz eta pistan gora txirrindua utzi dut. Lehen maldak hasten direnean ezkerretara egin dut pista zabal bat hartuz, Uzturre mendiaren azpian utzi nau bide honek, baso itxi baten itzalean. Maldan gora zuzen tiratu dut, itsu-itsuan eta erreferentzia guztiak galduta, urratu batzuekin pareta azpira iritsi naizen arte, Egunkaria bidea eskalatu dut, idatzi dudan bezala gailurrean flipatu, eta bizikleta gainean berriro Zaldibiara bueltatu naiz.

Bidearen hasiera

   Pekatariok horrelako penitentziak behar izaten ditugu gure anima galduak salbatzeko.


Gailurrean


2013(e)ko martxoaren 11(a), astelehena

PEÑA MONTAÑESA - Super Energi






   Aspaldi ez nituen sentsazioak berpiztu ditut berriro. Gavarnien gertatu zait. Garai batetan, gaur egungo teknologia ez zegoela, informazio eskasekin abiatzen ginen mendira gure abenturatxoen bila; Gavarnie zirkuko ur jauzi izoztuetara, adibidez. Askotan eguraldi kaxkarrak zapuzten zizkigun gure ametsak eta hor ibiltzen ginen zer egin jakin gabe bueltaka, norabiderik gabe. Nik gaizki eraman izan dut beti egoera horiek, bai orduan eta bai orain. Eta, nola bururatu zitzaigun eguraldi txarra egin behar zuela jakinda Gavarnieruntz tiratzea? Ba, bi arrazoigatik: lehena laguntasuna gaitik, ez bai genuen Chema eta biok elkarrekin beste izotz irtera bat egiteko aukera izango. Eta bigarrena, Unaik Mendiak Gavanien utzitako arrastoak liluratu egiten nautelako, eta askotan handitasun ametsak arrazoiaren aurretik jartzen ditut. Gainera, Chemari prest zegoen Iruñako eskalatzaile apartaren bide gogor bat nirekin saiatzeko. Gauza da, gau osoa euritan egon zela eta iratzargailuak jo zuenean euritan segitzen zuela. Goizean izan zuen atertzeko esker ona, baina, ordurako berandu zen, kaltea egina zegoen, nire eskalada perfektuaren ametsatik esnatu beste aukerarik ez nuen izan. 


   Peña Montañesa ez zegoen bere egoera hoberenean, euri dexente egina zegoen paraje hauetan ere, baina, behintzat, haitza zen eta ez izotz kaxkarra. Eguraldi iragarpenak goizean eskalada ederrekin amesten uzten zuen, arratsalderako berriz giroa okertu eta euria aurreikusten zuten. Aukera honek konbentzitu zigun.

Chema hirugarren luzean

 
   Oncinsera errepidez igotzen ari ginela eskalada batzuk baztertzen joan ginen. Larunbata zen, goizeko lehen ordua. Gaueko zaparradek pareta bustia utzia zuten. Suertez, nik proposatutako bideak lehorrak ziruditen; Grand Course eta Super Energi. Chemak amore eman behar izan zuen nire proposamenari, berak aukeratutako bideak ibilgaitzak zeuden. 


Laugarren luzea

   Goiz genbiltzan, taberna itxia zegoen oraindik, beraz, krokis gabe joan beharko genuen. Ez dakit inoiz probatu dezuten, krokis gabe bide bat eskalatzearena, baina honek ere ba du bere xarma. Bi bideetako zein eskalatu garbi izan gabe, elkarren ondoan daude, gertuen zegoenaren azpira eraman gintuzten gure oinek, Grand Course.
  Bustia zegoen lehen luzea, eta, asko saiatu behar izan nuen bertatik igotzeko. Lehen bilera egiten den kanpatxoan geundela konturatu giñan hurrengo zatia, desplomea, ez zegoela igotzeko moduan, eta, garrantzitsuena, sabai baten azpian zapelatza kabia zegoela egina, kumeak eta guzti. Automatikoki Super Energira tiratu genuen bigarren luzea egiteko.

Laugarrena goitik

   Gustatu zait bidea, bi luze ikusgarri dituela deritzot. Orokorrean fortzatu xamarra iruditu zait trazatua. Nire iritzia da zabaldu dutenak zailtasunaren bila joan direla egoera ez atsegin batzuk sortuz. Paraboltak, behetik iriki izan balute egongo ez liratekeen lekuetan jarri dituzte. Eskalatzailea zailtasunera derrigortu nahi izan dute, edertasuna kontutan hartu gabe. Bai lortu dutela pasarte batzuetan, eskalada mugimendu ederrak daude, baina, orokorrean, honek, gazi gozo zaporea utzi nau, hain horma bikainari askoz gehiago atera dakioke. Graduen kontuetan ez nahiz luzatuko, bai iruditu zaigu goitik jota daudela.

Seigarren luzea

   Dena ez zen soilik eskalada izan inprobisazioz beteriko bidai honetan. Sorpresa atsegina izan zen Laespuñako herrian Valladolizeko Agustiñekin topo egitea. Edo, larunbata gauean, Cecile eta Nachoren etxean izan genuen afari ederra. Gauza guzti hauek bidaietan gertatzen dira, hori bai, bilatu beharra daude. 



Zazpigarrena

Zazpigarrena






2013(e)ko urtarrilaren 12(a), larunbata

BERBERANA - Animal caliente -



   Atzo urtarrilak 11 ostirala, Berberanako paretan dagoen "Animal Caliente" bidean, eskalatu nuen nire biziko largurik politenetarikoa. Hirugarren tiradaz ari natzaizue. Horrelako plakak kirol eskaladan askotan eskalatu izan ditut, baina, tamalez, eskalatu eta berehala ahazten zaizkit, kontsumoko edozein tresna bezala, behin erabili eta bota egiten ditugu zakarretara. Kasu honetan ez da horrela; saiatu beharra dago, asko pentsatu, pasua nondik hartu ez da argi ikusten, ez bai dago magnesio arrastorik bidea adierazteko. Seguruak ongi kokatu beharra daude ia material finkorik ez dagoelako. Eta azaldu dudan guzti hori eginda luze aparta hau kateatzea lortzen badugu, itxaroten gaituen saria aparta da, lagunaren bosteko beroa. Ez dut uste momentu horiek ahaztuko ditudanik. Bide paregabe honetan soka kidea Aitzol  Doyharzabal Ibarratarra izan dut.        
   Lau luze ditu "Animal Caliente" bideak. Aipatu dudan hirugarren tiradatik aparte, besteak ez dira beste munduko gauza.  Baina orokorrean bidea ona da, oso ongi zabaldua. Hau eskalatzaile xume baten iritzia besterik ez da.

Bidearen hasiera

 Lehen largoa

Aitzol lehen largoan

Bilerara iristen

Aitzol bigarren largoan

Hirugarren tiradan

Hirugarrena

Hirugarrenean

Aitzol hirugarrena bukatzen

Laugarrena bukatzen