2021(e)ko abenduakren 30(a), osteguna

El Gigante - Amapola Express, Pared de la cascada de Basaseachic - Subiendo el arcoiris, Macuchi

 


Julio Cesar Arizpe Taxi gidariak Rancho San Lorenzo atarian utzi gintuenerako kezkatzen hasiak ginen. Ordu batzuk generamatzan bihurgunez betetako errepide estu batetik ezezagunera bidaiatzen. Tarahumara mendiak zeharkatzen ari ginen, Sierra Madre Occidental paraje basatia, pinu eta artea zuhaitzez osatutako oian buka ezina; jendea, etxeak, eta lurra bera ere irentsiak izan diren eremua.


Eta bat batean errepide seinale herdoildu batek gure helmugara iritsi garela adierazi zigun, Cabañas Rancho San Lorenzo idatzia zegoen pintura gastatu batez.

Arrera etxea egiten duen egurrezko etxolatik gizon irribarretsu bat atera zen, Manuel Patricio Estévez " Ttisho" zen pertsona hori. Guk momentu horretan ez genekien, baina, bere burua Shaoshi " indio zuria" bezala aurkeztu zitzaigun gaztea, gure eskalada, eta, egonaldiaren, parte garrantzitsu bihurtuko zen.



Madrilen hartu genuen hegazkina abenduan zortzi euritsu batean, Mexikon eguraldi lehorragoa topatzeko itxaropenarekin gindoazen.

Neketsuak eta astunak suertatu zitzaizkigun hegaldiak, Mexico hiriburura eramaten gaituen lehena, eta, ia atsedenik hartu gabe, bi orduko beste hegaldian, Chihuahua hirian kokatu gintuena.


Julio Cesar Arizpe han zegoen gure zai, Chihuahuako aireportuan, nire izena idatzia zeraman kartela eskuan zuela. Denbora galdu gabe sartu genituen gure trasteak Ford zurian eta, Basaseachic herrirantz abiatu ginen.

Ez genuen Julioren bibote fina eta zaindua miresteko aukerarik izan, errepide ondoko txosna batean burritoak jatera geratu ginen arte, aho oihalak jantzita bidaiatzen ari ginen, hegazkineko ordu luzeetan bezala, momentu horretan begietsi genion Mariachi estiloa.


Cabañas Rancho San Lorenzo turismorako sortutako konplexu bat da; egurrezko etxolak daude, kanpatzeko lekua, jatetxea, igerilekua. Basaseachic herrian dago, Parque Nacional de la cascada de Basaseachic barruan.


Fernando Dominguez Arvizo da Ranchoaren jabea, edo, Ttishok deitzen duen moduan " patroia". Fernandok dio, berak horrela kontatu zigun, aintzinean familiako norbaitek Arvizo abizenari azken hizkia aldatu ziola, jatorrizko "U", "O" gaitik, hau da, Arvizu, Arvizo gaitik, seguruen, berak horrela zioen, legetik hiesi ibiliko zela arbasoa.


Hegazkin pilotu izandako gizon sendo hau, aire armadan seguruenik, dagoeneko jubilazioa hartua da. Erretiroan pentsatzen ari zela, leku lasai batean, lur hauek erosi zituen eta, turismo konplexu hau sortu. 



Mexiko eskalada leku bezala aukeratu izana bi arrazoi garrantzitsu gaitik izan zen; azaroa eta abendua eguraldi aldetik hilabete petralak dira, leku gutxi daude segurtasun minimo batez eskaladan aritzeko, Mexiko egokia iruditu zitzaigun Iñaki Mendizabal eta biori. Bigarren arrazoia; Mexikon eskalada asko eta ona dago, guretzako berria, zirraragarria zitzaigun ezezagunera mugitzea.


Ino, Logroñoko eskalatzaile indartsu eta jatorra, aurtengo udazkenean, El Gigante eskalatu berri zuen, " Logical progresión" bidetik. Inorekin luze hitz egin ondoren, erabaki genuen gure tokia Basaseachic zela, eta, nola ez, eskalatu beharreko horma El Gigante.


El Gigante pareta tente eta beldurgarri altxatzen da Cardameña barrankatik gora, 900 metrotako haitz gorria gainera etortzen zaizu. Horma honen eskalada historia nahiko berria da. 1998an izango zen lehen aldiz eskalatua, Luis Carlos García Mexikarra eta Cecilia Buil Espainiarraren eskutik izan zen, " Sumuchi " bidea zabaldu zuten. Behetik irekia da bidea, teknika artifiziala erabiliz.

Behetik zabaltzen eta eskalada askea erabiliz El Gigante gainditzea lortu zuen lehen taldea Alemaniako ekipo potente bat izan zen, tartean eskalada munduan oso ezagunak diren Kurt Albert eta Stefan Glowacz zeuden, " La conjura de los necios" deitu zioten bide honi, hau 2001 urtean gertatu zen.
Urte bat beranduago, 2002an, Mexikoko eskalada panorama aztoratu zuen sorkuntza bat gertatu zen El Giganten. Estatu Batuak eta Alemania jatorria zuten hirukote batek, kirol eskaladarako teknikak erabiliz, hau da, sokak goitik zituztela, " Logical progresión" bidea ekipatzen dute. Kritikek ez zuten asko itxaron eta, Mexikoko eskalatzaileak, mendi federakuntza barne, gehi munduko eskalatzaile asko, bidea desegitea eskatu zuten. Aurkakoen iritzia; sorkuntza hau tokiaren etikaz kanpo zegoela zen, horma esanguratsu horretan, sorkuntzetarako, beti erabili izan direla teknika klasikoak arbuiatuz.
Azkenean, eta, askok dioten bezala, zortez, hornitze kentzea ez zen gauzatu. Beraz, gaur egun, El Gigantek eta “Logical progresion” bideak, munduko kirol eskalada luzeenaren titulua daukate, eta askok, eskalada hau harri bitxia bezala hartzen dute. Atxikitua dagoen esteka honetan, The American Alpine Journal aldizkariak " A Logical dilemma " izenburuaz El Giganten eman zen eztabaidari buruzko iritzi artikulu interesgarria dakar.



Oraingoz, gaur egun, bederatzi bide daude El Giganten, bukatu gabea dagoen proiektu bat bide bezala hartzen ba dugu. Bederatzi bide hauetatik soilik hiru egiten dira eskalada askean. Aipatu ditudan " La conjura de los necios ", " Logical progresión ", eta " Amapola Express ". Azken bide hau 2014 ean, Katalunia, México eta Chileko talde batek behetik zabaldutako linea da. Iñaki eta bion arteko eztabaida hiru bide hauen artekoa izan zen.



Beruna baino gehiago pisatzen duen etika izan zen " Logical progresión" bidea baztertzearen arrazoia. Asko hitz eta idatzi dugu eskaladari buruz, zer dagoen ondo eta zer txarto iritzia eman ere, kontsekuente behar genuen izan. " La conjura de los necios " bidea saiatzeko aukerari gehiago eutsi genion, etxetik atera ginenean hau genuen begi puntuan. Lekuaren errealitatea ongi aztertu ondoren; begetazioa, harroka… alde batetara utzi genuen handinahi hau. Beraz erabakia hartua zegoen " Amapola express " izango zen El Gigante eskalatzeko bidea.

Idatzia utzi nahi dut El Gigante eskaladarekin hasi aurretik, eta ondoren, Cascada de Basasiachic horman bi eskalada zirraragarri egin genituela; " Subiendo el arcoiris " eta " Macuchi ". Lehena, batez ere, ikaragarri gustatu zitzaigun, dena eman beharrean izan ginen bide txalogarri horretatik igotzeko. Esan beharra daukat " Subiendo el arcoiris " goitik zabaldua izan zela, kirol eskalada teknikak erabiliz. " Logical progresión " bidea ekipatu zuen talde berdinak burutu zuen lan hau ere.







Gure motxila astunekin Rancho sarreran dagoen etxolara iritxi ginenerako Patrizio han zegoen, prest. Nire ustez, Ttisho, beti dago prest. Berdin zaio Cardameñako barranka sakonera jaitsi, edo, basoan egurra txikitzen jardun, beti dago lanerako jantzia, ez ditu arropa berezirik behar, nik soilik hauekin ezagutu dut; zuloz betetako bakero bota parea, aspaldian kolorea galdu zuten mahoizko praka eta txaketa militarra, bisera iluna, bere gorputzaren parte direla esango nuke nik.
   Iñakik petate handia zeraman bizkarrean, nik nire motxila gorria, patriziok plastikozko poltsa betz bat ur botila hutsaz betea, berak ezagutzen zuen iturri batean hormara eramateko uraz hornituko ginen.


Oinez atera ginen Rancho San Lorenzotik, Piedra Volada ur-jauziaren norabidean gindoazen, pinu eta artea erraldoiez betetako baso eder batetik. Negua zela nabaria zen, basoa isilik zegoen, lo, udako kantuz eta kolorez biluzik, animaliak eta landareak joanak ziren.


Ia bi orduko igoera suabea egin ondoren lepo nabarmen batetan hartu genuen atseden. Nabariak zituen lepo berezi honek, garai ez hain urrunean, oso erabilia izan zenaren aztarnak. Harri koxkorrez eginiko tumulu handi bat zegoen, esker oneko ofrendan eraikia, alde bateko eta besteko bidaiariak ekarri eta bertan utzitako harri txingorrak ziran. Ura edan genuen eta, ondoan geneukan kadana zuhaitz txiki batik garangorri gozoak jan, honela esan genion agur oian itxi menditxuko paisaiari, hemen hasten zen barrankara jaitsiera, beste espazio batera eraman behar gintuen bidezidorra.


Gure azpian geneukan amildegia, mila metroko zuloa, haitzean zizelkatutako Cajurichi barranka zen, El Giganteko horma eta piedra voladako amildegia bitan banatzen duena, Candameñako barrankan du bukaera arroila honek.


Ttishok behin baino gehiagotan erran zuen bidea, begetazioak hartua zuen dena, ez zen erraza senda estua jarraitzea, garai bateko bideak galtzen ari ziran hemen ere. Hankak eta eskuak erabiltzea beharrezko izan genituen jaitsieraren tarte askotan, oreka eustea kostatzen zen, estropuz behera erortzeko arriskuan genbiltzan. Zortez hori ez zen gertatu, eta, arroilaren barrenera iritsi ginen.




Sabelean korapiloa sortu zitzaidan, hanken dardarizo kontrol gabea, El Gigante horma kikilgarria frente nuen, kapaz izango ginen bueltarik gabeko bidai honetan aurrera egiteko?


Ttishok horma azpian utzi gintuen, ordekatxo batean, El Giganteren pareta azpitik ordu erdira. Bosteko bero batekin agurtu gintuen, handik hiru egunetara, gailurretik gertu, gure zai egongo zenaren promesaz.

Bakarrik geratu ginen, Cardameña barrankaren aurrean ahul. Kemena berreskuratuz, gaua pasatzeko tokia atontzeari ekin genion, begetazioz estalia zegoen zati bat garbitu genuen. Eskuz ateratzen genituen landareak sustrai eta guzti, "Bataraque" zirela esan zigun Ttishok, kalamuaren familiakoak. Denbora gutxian bizigarria bihurtu genuen sastraka itxiez betetako zati basati hura.


Ilundu aurretik ordu batzuk genituen oraindik; komentatu nahi dut, abenduan, urteko egun motzetan, arratseko seietan gaua dela paraje hauetan, eta, aldiz, goizeko seietan argitzen duela, beraz, eskaladarako hamabi ordu erabilgarri genituen. Gure erosotasuna utziz, paretara hurbildu behar gintuen bidea ezagutzera, eta, garbitzera atera ginen, eskalada materiala generaman gurekin. Bidea soildu genuen, eta, bi luze eskalatzeko aukera izan genuen ere, soka finkoa utziz, hurrengo egunean jumareatzen igotzeko asmoa geneukan.



Amapola Express bidearen xehetasunekin hasi aurretik, esan beharra daukat, gurea bidearen bigarren igoera izan dela. Aurretik jardun zen taldeak bost egun behar izan zituen bidea burutzeko, guk bi egun aski behar izan ditugu. Denbora diferentzia honen gakoa, ei batean, arintasunean bilatu beharko genuke, gu hamakarik gabe sartu ginen hormara, soilik petate batekin.


Azalpenak ulerkorragoak egiteko asmoz, El Gigante pareta hiru zatitan banatu behar dut:

Beheko partea; lehen luzetik bederatzi garren luzera doana. Hasierako hiru luze belartsuak atzean utzita, zortez arroka onekoak dira, eskalada teknikoa duten beste hiru luze datoz, zailtasunean inkretxendo doazenak. Trabeska joeran dira hirurak, eskuin - ezker, alboko heldulekuez pauso gehienak, hanka finak dituzte ere. Oraindik guztiz asentatu gabeak daude euskarri puntu hauek, edozein unean, esku, edo, hanka baten hausteak airera botatzeko arriskuaz. Zati hau gainditu ondoren bidearen gako luzea etortzen da, paretaren zona tenteenean sartuak gaude jadanik. Oso zaila iruditu zitzaigun tirada hau, derrigorrezko mugimenduz betea zegoen, oso behartua, usaindu ez genuen egin, igotzea garaipena izan zen.




Egun gogor honek bi luze gehiago egiteko besterik ez zigun eman. Zortzigarren tiradaren bilerak, pareta osoan topatu genuen arteka bakarrarekin oparitu zigun. Ipurdia ongi finkatzeko juxtua zetorren harri blokea zen, bizkarra paretaren kontra kokatzeko aproposa, gehiagorako lekurik ez eta hankak airean utzi behar genituen, okerragoa izan zezakeen. Bederatzi garren luzea bukatu genuenean, frontalaren argiaz, soka finkatu eta beheko bileraren zalantzazko erosotasunaren bila jaitsi ginen, mehatxatzen gintuen gau luzea pasatzera. Azken luze honen igoearekin gainditua eman genion sapai handien zatiari, hurrengo egunean erdiko zonarekin hasi beharko genuen.




Eskerrak oso goiz hasi ginela mugitzen, ilunpetan jumareatu genuen bederatzi garren luzea, erdiko zatian denbora dezente galdu bai genuen bidea bilatzen. Krokisean irakurtzen genuena ez zetorren bizitzen ari ginen egoerekin, zalantzaz beteak tiratzen genuen gora, bidean erratzea aukera txarra zen. Krokis originalari nota batzuk gehitu dizkiogu, norbaitek agian baliagarri izango duelakoan. Emen nota batzuk: hamargarren luzearen hasiera belartsua izan zen ere, krokisak markatzen duen "jardín colgantearen" ezker izkinatik gindoazen. Bileratik dozena metrotara dagoen sapaia pasatu ondoren pareta tente batekin egin genuen topo, krokisak puntu honetan bidea diedro batetik doala dio. Diedro moduko bat dago hemen, baina, oso zikina, eta, inolaz markatzen duen zailtasunean. Hormaren ezkerrera dagoen arrakala sistema batetik gainditu genuen guk zati hau, krokisean markatzen duen zailtasuna baino zertxo bat zailago. Adi soken marruskadurarekin, luzearen hasieran kontuak ateratzea komeni da gero ez damutzeko.

 Hamaika garren tiradak sorpresa ekarri zigun ere, krokisak bileran markatzen dituen bi iltzeak ez zeuden. Tirada hau luzea da, eta, era bat garbia, material asko eskatzen du babesteko. Bileran fisurero bakarra dago. Bilera muntatzeko Tótem moratua, eta, fisurero txiki batzuk erreserbatzen baditugu salbatuak gaude. Aukera dago lau metrotara dagoen parabolta erabiltzea bilera muntatzeko, hurrengo luzearena da bolt hau. Zinta luze batez gure altura jaitsi genezake puntua.

Hamabigarrenak ere buruhauste latza ekarri zigun. Bidearen luze ederrenean genbiltzan, ukabilak sartuz eskalatzen den arrakala perfektuan. Krokisean irakurtzen da arrakala utzi beharra dagoela eta eskuinera trabeska eginez diedro batean bilera dagoela, ez da horrela, arrakala guztiz gainditu beharra dago eta bilera bukaeran azalduko zaigu.



Hamabost garrenak azalpenak behar ditu ere; bileraren gainean diedro fin bat dago, diedroa ekipatua dago, lau edo bost parabolt ditu, ikaragarri gorra da diedro hau. Kuriosoa da, baina, gu gauden bileratik sei metro gorago ezkerretara beste bilera bat dago, hortik xamurragoa ikusten da. Guk diedroko lehen bi boltak txapatu genituen, eta, ondoren ezkerretara jo beste bilera hartzera. Bileraren bolt bat txapatu ondoren, arrakala sistema batetik gora egin genuen, pixkanaka diedrora itzuliz. Era honetara luzearen zailtasuna bat dator krokisak esaten duenarekin.


Hamasei garrenak interpretazio anitza dauka; krokisak, eta paretak, ematen zigun aukeren artean, guk ezkerreko diedroko bidea hartu genuen, belarrez garbiagoa ikusten zen. Arazoa ez da hori, bukaeran dago buruhaustea, bilera bilatzerakoan. Zuhaixkaz betetako zelai tente batetan sartzen zara, marruskadura ikaragarria sortuz. Guk bilera zelai honen bukaeran muntatu genuen, bolt batean, Tótem laranja lagungarri genuela. Sokak gehiago ez zuen ematen, 60 metro dira. Petatea igotzea tortura izan zen. 


  Hurrengo  bi luzeak gailurraren zaporea zuten, desiragarria genuen deskantsuarena. Espoloi tente batetik doa bidea, horma zabalaren sentsazioa bukatu da hemen. Arrokaren kalitatea jaitsi egiten da ordea, ez zuen axolarik, gailurraren gertutasunak kemena handitu zigun. Gaua trasteak biltzen egin zitzaigun, ilundu aurreko azken irudia bi gailurren artean dagoen bretxa handi bat izan zen, frontalen argiaz lagunduta, batera eskalatu genuen bitartean, bertara bideratu genituen gure ahaleginak. Bretxa lepo bat da, gure begi nekatuen aurrean kategoria goreneko hotel baten moduan azaldu zitzaiguna, bertan pasatu genuen gaua. 


El Giganteren punta zapaltzeko ohorea hurrengo egunean izan genuen. Zer hitzekin deskribatu gailur harritsu horretan sentitutakoa zaila egiten zait. Eguna argitzear zela geunden gainean, eguzkia oraindik atera gabea zegoen. Gure azpian geneukan Cardameña barranka, eta zulo amaigabe horretara amiltzen diren ehundaka hormak ilunantz zeuden oraindik. Ez ginen mugitu, hitzik ez genuen esan, sortaldera begira geunden, eguzki berriaren jaiotza ikusteko irrika. 




Urrunean ahul somatzen zen mendi lerrotik, argi izpi leun batzuk ihes egin zuten, nahikoa Iñakiren begiak sugarrez pizteko. Ondoren, presarik gabe, betikotasuna aldeko duela, disko gorriaren izkina azaldu zen. Argazki kameraz momentua islatzen saiatu nintzen, ez zen posible izan, ezinezkoa egin zitzaidan emozioak kaxa batean sartzea, soilik istant horretan burutik pasa zitzaidana kontserbatzen dut; zein zorioneko bizirik egotea.











   

 

















 































 


1 iruzkin:

  1. Como molan estas actividades.
    Cuando estuve con Ester, María y Unai en Bassasseachic, nos quedó pendiente el Gigante. Paseamos hasta Piedra Volada. Atascamos un water, rompimos un casco y casi la cabeza del melón. Viaje del que me llevé grato recuerdo. Volvería a Chiuahua, no sé si a Potrero. La sensación de aventura emerge del fondo de las cañadas llenas de selva y humedad. El frío y la soledad completan este paisaje alucinante.

    Qué lástima perderme parte de tus explicaciones, que sólo consigo atisbar gracias a sangoogletraductor

    Abrazo hombre duro

    ErantzunEzabatu