lunes, 15 de noviembre de 2021

PUNTA SOLA - Maqui, No es lugar para perros, El diedro del Chisquero

 


Zakur bat izan nahi dut; zintzoa, leiala, maitagarria. 

Zakur bat izan nahi dut; laguna, eta, ongi-zalea, izango dudan hori, mendi bideetan zehar, kexurik gabe jarraitzeko.

Zakur bat izan nahi dut; horma azpietako egonaldi luze, eta, deserosoetan, zaunka egin gabe itxaroteko. 

Zakur bat izan nahi dut; nekez astunak izango diren txangoen amaieran, mendiko botak eranzterakoan, izerdiz blai egongo diren galtzerdi lohituak kentzerakoan, oin urratuak miazteko.

Zakur bat izan nahi dut; Izar den bezalakoa izateko.


Eskalada horma batera iristeko “canal de la Betiquera” bezain bide okerragorik ez dut sekula ezagutu. Zaletasun zentzugabe honetan daramazkidan hogei ta hamar urte luze hauetan, gerturatze batzuk eginak ditut, eta, honelakorik ez dut sekula bizi; luzea da, malkartsua; bi, edo, hirutan motxila kentzea beharrezkoa izango dugu aurrera segitu ahal izareko. Bidea ikusezina suertatzen da une askotan, Ezpel zuhaixka adarrez itxia dago, arresi orlegi bat da.


Arrazoi horregatik, Espainiako guda zibil bortitzaren ondoren, galtzaile suertatu ziren errepublikanoak, faszismoari aurre egin nahian, Peña Montañesa hartu zuten gotorleku bezala. Mendi korapilatsu honetako zulo ezkutuetan antolatu zituzten "Maquiak" gerrilla taktikak. Gaur egun, oraindik, aurkitu daitezke garai ilun haietako aztarnak; Frankistak, askatasun egarri ziren hauen kontra, jaurtitzen zituzten bonbak daude non nahi. Betiquera kanal gaiztoan guk pare bat aurkituak ditugu.




Betiquera kanal malkartsu eta, zail, honetara iristeko, lehenik, peña Montañesako hego horma ikaragarria gainditzen duen “canal mayor” bidea hartu beharko dugu. Bide malkartsu hau, inguruan dauden piñu beltz basoetako enbor erraldoiak jaisteko erabili izan zuten. Ondoren, Canal mayor ibilbidearen erdia egina dugunean, bide eder, eta, atsegin hau utziko dugu, eta, “la portaza”, “Espluga de faixa base” aldera igotzen duena hartu. Sorpresa latza izan genuen puntu honetan Chema eta biok, bidea era bat hobetua aurkitu genuen, pintura marka eta seinalez hornitua; orain pare bat urte arte zati hau gainditzeko ia bi ordu behar izaten genuen, aurrekoan, ordea, ordu batean burutua genuen.





Baina, faixa basen bukatzen da festa, hemen, ezpel zuhaitz artesi itxi batek moztuko digu bidea, eta, aurrera segitzea lan neketsua bihurtuko da.

Betiquera kanalaren hasiera iristen garenean, gure gainean, libro abierto horma ezkutua agertzen da, eskalada bide zoragarri batzuen jolas leku dugu hau. Eta, lehen oztopo serioarekin egingo dugu topo hemen, hamar metrotako pareta tentea. Soka bat dago kokatua, era seguruan igo ahal izateko. Motxilak kentzea komeni izaten da, eta, oztopoa gainditu ondoren sokaz igotzea.




Bigarren oztopo serioa aurrerago dator. Baina, lehenago, kanala utzi, eta, eskuinetik, malda gaizto bat igo beharko dugu, ahuntzak lan handiz ibiltzen diren pendiz horietakoa. Berriro kanal aldera egiten dugunean, bloke erraldoiak itxiko digu pasoa. Harri izugarri bat geratua dago kanalean trabatua, sapai erraldoia sortzen, eta, bera gainditzeko, azpitik ibili beharko dugu, satorrak moduan, eskalada pauso errazak egiten ditugun bitartean. Leze honetatik ateratzeko, zulo estu bat dago, motxila bigarren aldiz kentzea eskatuko digu honek. Soka bat utzita dago gida moduan erabiltzeko.



Ez da kalbarioa oraindik bukatu, erdi bidean gaude oraindik. Kanala aurrera doa, pareta erraldoien itzalean, ehun metro pasa dituzten horma gainditu ezinen azpitik. Ahal dugun bezala, kanal domina ezin honi metroak irabazten joango gara; oinez batzuetan, lau hankatan bestetan. Puntu honetan, harri artean lurperatua, aurkitu genuen guda zibileko proiektil bat. Han dago oraindik, Espainiako historia garratzaren testigu.

Azkenean, “canal de la Betiquera” utziko dugu bere kaosean aurrera segi dezan, eta, guk, ezkerretara tiratuko dugu, “Punta Sola” eki horma ederraren azpira. Ahalegina izugarria izan da, baina, pena merezi izan du, gure gainean altxatzen den hormak kalitate izugarria dauka.

Denbora kalkulu bat egin nahian, ausartzen naiz esatea, Betiquera kanalaren bidea ezagutu ezkero, eta, motxila arin batzuekin, bi ordu eta erdian egin daitekeela "Iron man" hau.



Lau bide daude Punta Sola eki horman. Lehena Armand Ballart eta, Ricard Darder eskalatzaile kataluniarrak zabaldu zuten. Baina, ez ziren horma honetara canal de la Betiqueratik iritsi, beraien bidea hego hormako tximinia erraldoiaren azpian hasten da, eta, ondoren, azken zatian, eki horma gainditu zuten tximinia nabarmen batetik.

Albert Salvadok, Marc Vilaplanarekin batera, Serial driller bidea zabaldua dute Punta ikusgarri honetara ere, bi eskalatzaile kataluniar hauen bidea orratzaren hegoaldetik dijoa. 

Beste hiru bideak; Maqui, No es lugar para perros, eta, El diedro del chisquero, Chema eta biok zabaldutakoak dira, Punta Solaren eki horman, azken biak idazten ari naizen egonaldi honetan.

Eskalatzaile Madrildar apartak eta, nik, egin genuen lehen saiakera, orain urte batzuk izan zen. Gogoratzen dut, Olatz prestatu zela zama igotzen laguntzeko, asko estimatu genuen eskuzabaltasuna izan zen hau, eta, maqui bidea zabaltzea lortu genuen.

Oraingo egonaldian bi bide zabaldu ditugu, “no es lugar para perros”, eta, “el diedro del chisquero”.








Izen xelebre hauek ba dute arrazoi bat. Lehenak, Izar zakurrari egiten dio aipamena, gurekin batera bizi izan zuen abentura hau eta. Bigarrenak, berriz, gure buru ahazkorrari egiten dio aipu; afaria, eta, gosaria, hotzak jan behar izan genituen oikoak ditugun despitengatik.

 Bitxikeria bezala, Diedro del chisquero bidea, punta Solatik kanpo geratzen da, pitzadura ikusgarri batek banatzen ditu bi horma eder hauek. Pareta honek ez du izenik, eta, lehen bidea denez, “pared del guerrillero” bezala izendatzea ausartu gara.



Chemari eta niri eskalada estilo batek elkartzen gaitu, bide garbiak, parabolt gutxikoak. Horretarako, eskalada mota hau egiteko, nabarmenak diren marrak bilatzen ditugu; arrakalak gehienetan, honek seguruak kokatzeko aukera ziurtatzen du. Baina, garai hauetan, horrelako baldintzak betetzen dituzten lineak bilatzea zaila da, gehienak eskalatuak daude dagoeneko. Beraz, esplorazioa eskatzen du honek, hurbiltze luzeak gehienetan.

Harro gaude bide hauetaz. Nahiz eta altuera gutxikoak izan, kalitate handia dute hiru bide hauek. Guri, behintzat, gure harri egarria asetzea lortu dute, eta, ez da gutxi. 



















 
















No hay comentarios:

Publicar un comentario