2020(e)ko uztailaren 6(a), astelehena

LIZARA - AGUJAS DE LA BALELLAZA - Rojava



   Bazter pare gabe hauetaz urte batzuk gozatzen daramazkigunok, ohartuak gara, denbora gutxian eskalada biderik ez egotetik zona interesgarri bat izatera pasatu dela. 
   Bide gehientsuenak kontsumitzeko sortuak izan dira, eskalatzaileak erakarri eta gustagarri izateko; parabolten laguntzaz mendizalea paretan gora aurreratzean harriak sortu diezazkion trabak ezabatzen dute, ahalegin mentala maila onargarrietara jaitsiz. Ez da Rojava bidearen kasua, bide honek ez du eskalatzailea erakarri nahi, eskalatzaileak marra natural hau bilatuko du, mendi bizipenak dastatu beharrak eramango dute mendizalea Rojava bilatzea.


   Horma bat era askotara igo daiteke, teleferikoz ere, baina gailurrak eskaintzen duen atsedenaz gozatzeko lehenik ahalegin  fisiko eta mentala egin behar izan dugu; Zalantzek estutu ez badigute, gure trebetasunaz dudatu ez badugu, grabitatearen beldur izan ez bagara, ez dugu gailurraren atsedenaz gozatuko.


   Rojava bidea ez da ohikoa, Sirian dagoen erkidegoa bezala, uhartea dira totalitarismo ozeano barruan, itxaropena idealistentzat.


   Nanoren omenez du bideak Rojava izena, Zaragozako mendizalea iazko udaberrian Nepalen zendu zen. Nanok brigadista moduan borrokatu zuen Siriako guduan Rojava askatzeko enfrentamendu bortitzetan. Lizara bailara hartzen duen eskalada gida idazten ari zen Nano istripua izan zuenean, bere lagun Pablok hartu du testigua eta buru-belarri dabil eskalada gida gauzatzeko.



   Bakarka hasi nuen Rojava bidea zabaltzen aurreko udazkenean, baita lortu ere, hiru luzeetan orratz arrotz honen gailurra zapaldu nuen. Ez nintzan gustura gelditu, lehen luzeak ez zidan asetzea lortu. Xabier Artolaren laguntzaz berriro bueltatu naiz leku miresgarri honetara eta lortu dugu Rojava bideak izan dezan merezi duen sarrera.


   Material fixoz garbi geratu da pareta, soilik kordinoa eta iltzea aurkituko ditugu lehen eta bigarren bileretan. Rojava segurtasunaz eskalatzeko bi joko mikro eta bi joko friend, lau zenbaki bat barne, beharrezko izango ditugu. Hormak eskaintzen dituen era askotako arrakaletatik gora igotzen da, giltza arrakala batetik bestera pasatzea delarik. Harri ona dauka eta ongi babesten da. Rojava, bere estiloan, kontuan hartzekoa bidea dela iritzi diot.











iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina