2020(e)ko ekainaren 21(a), igandea

TXINDOKI Izarren Zaunka



Internet sarean mendi kontuez saltsan nenbilela, berri nekrologiko batekin egin nuen topo, estatuko mendi aldizkari irakurrienaren web orriak Angel Landaren heriotzaren berri zekarren, laurogeita bost urterekin hil da alpinista Bizkaitarra.
   Nik ez nuen Angel ezagutu, mendian ere ez genuen topo egin, belaunaldi anitz desberdinetan ezitu ginen. Ala ere, irakurriak nituen Landak idatzirik zituen artikulu batzuk, non argi erakusten zuen, urte aldeak, eta garai desberdinak, ez dutela kirol honen esentzia aldatzen. 
   Idatzi hauek iritzi artikuluak ziren, eta esperientziak ematen duen kemenaz, kritikoa zen gure kirolaren baloreak desagertzen ari zirelako. 
   Haserre agertzen da artikulu hauetan merezimendu eskaseko mendi igoera batzuei eman zaien oihartzunaren gaitik, hori dela eta mendi kazetaritzaren kontra sutsu egiten du, merkatuaren menpe daudela argudiatuz.



Eskalada zerrenda luzea burutu zuen Angelek bere bizitza zorabiagarrian, Atxarten hasi eta Himalaian bukatu genezaken eskalada zerrenda oparoa.
   Seguru naiz pasioz burutu zituela igoera guzti hauek, eta txalogarriak izan ziran hautako asko, baina guk beti gogoratuko dugu Angel Atxarten, eta Picos de Europan egin zituen sorkuntzengandik. Bereak dira, Peña Santa hego horma ikusgarrian, la canal del pájaro negro bidea, edo Sur de los Horcados Rojos.
    Hillaryk zioen; eskalada bat ez zela bukatzen menditik jaitsi eta etxekoekin bueltatu arte. Angel Landak bere eskalada etxean bukatzea lortu du.


Iritzi berekoak gara Xabier Artola eta ni, Txindokin eskalatzeak asko betetzen du, kriston lekua da alegia. 
   Eta laudorioekin segiz, eskerrak eman nahi dizkiot Xabierri tentuz jardun delako ni aseguratzen sokaren beste aldean, izan ditudan erorikok leunki gelditu dituelako.


Mendian aitzakiak bilatzea erraza da, eskaladan are samurrago; bero egiten du, hotza dago, bustia ikusten da. Gaur bustiaren aitzakia erabilgarria izango genuke, Zurruprustu lehen luzea ikusi dugunean B planera pasatzeko unea izan zitekeen. Lehen zatiaren haitz plaka blai egiña zegoen, ez dugu atzera egin, ezker aldetik igo dugu ausardi pittin batekin. Zati honetan ez dago material fixorik, pare bat fisurero sartu ditugu plakan hasi aurretik, Zurruprusturekin bat egiten duen puntuan parabolta txapa daiteke, bitartean metro batzuk igo behar dira. Aldaera honek ez dio luzeari zailtasun gehiago ematen, 6b izango da, handitzen duena konpromisoa da.



Azkar prestatzen saiatu naiz bide berriarekin hasteko, horrela dut gustuko, minutuak irabazi nahian nabil beti.
   Mikrofriend jokoa, fisurero batzuk, pare bat gantxo estutzeko zintekin, eta soka fin laguntzailea, behar dudanean zulagailua eskura izateko. Ez ditut friend handiak hartu, konpaktua ikusten da plaka, ez du hasieran behintzat arrakalarik erakusten, pisua alperrik hartzea txorrada da.


Zeharkaldi batekin hasten da luzea, eskuin ezker. Horma tentea da, lisoa, baina laxa batzuk azaltzen dira tarteka arrain ezkatak bezala.
   Eskalada pauso teknikoak, hankak ongi kokatu behar dira, eta katu oinen goman fedea ez galdu paretara erantsita geratzeko.
   Luzearen azken zatia, hamar metro, heldulekuz eta seguru naturalez oparoagoa da, baina azpiko tendentzia segitzen du, ez dira pieza handiak sartzen.


Luze eder honen bilera muntatzen ari naizela, burutik pasatu zait, mendizaleok gure ahaleginak azaltzeko askotan erabiltzen dugun esaldi bat; amestsa burutzea lortu dut. Kurtsia geratzen dela ez dut dudarik, baina nik egiaztatzen dizuet sentsazio hori benetakoa izan dela, Txindokiko horma ikusgarri honek zalantzaren urduritasuna eragin izan dit, etxetik gailur triangeluarra ikusten nuenean, beti etortzen zitzaidan burura marra imajinario hau; zer izan daiteke sentsazio hori, betierekotasunaren ametsa besterik?


2024/06/26



Nire lagun izar leialaren omenez izena daraman bidea ireki eta lau urtera, horma eder honetara iristeko malda astuna igo dut berriro lehen aldiko ilusio berarekin. Oraingo honetan, txakur ederraz gain, Iker Uranga eta Iñigo Santiago etorri dira nirekin. Azken hori, argazkilari bikaina denez, eskalada egunak ematen duena erretratatzeko asmoz etorri da. Eta aise lortu du.
Bidea kateatzeko itsaropenez nindoan, eta saiatu naiz, bainan beste batean izan beharko du. Ikerrek lagun egin beharko dit. Lau urte asko dira eskalada bide gogor baten mugimenduak gogoratzeko, are gehiago honelako bide tekniko batenak, non, zehaztasuna da arrakastaren giltza. Egin dudan bigarren igoeran mugimenduak nolakoak diren asmatu dut, baina berandu zen, eguzkiak gupidarik gabe jotzen gintuen su-mazo batez.
Pozik jaitsi naiz eskalada eder honetatik, eta batez ere Ikerri Izarren zaunka-bidea bost izarrekoa iruditu zitzaiolako.








Argazkiak Iñigo Santiago



















iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina