Belar fin eta
leuneko zelai txiki batean nago. Olibondo baten itzalpean eta, loaren
gozotasunak harrapatuta. Ondoan, igerilekuko ur freskoetan, haurren jolasen algarak haien gozamenaren froga dira. Aurrean, ia nire
gainean, harkaitzezko horma eder eta erakargarria daukat. Han egon naiz ordu
batzuk lehenago, bere gailurrera igotzeko ahalegin zoroan: zer eska nezake
gehiago? Agian bihar ere, gaurko egunean bezala, eskalada ere kalitatezkoa izatea.
Ustekabean etorri gara Aguerora,
ez zen gure asmoa, aukeren barruan ere ez zegoen, zorioneko kointzidentzia
batzuek ekarri gaituzte ona.
Lehen aldia da Agueron nagoela,
ondoan dagoen Riglosek eraman izan du beti nire atentzioa, Agueron eskalatzeko
zer zegoen ere ez nekien.
Herriko kanpinean kanpatuak gaude, kafetegira joaten naiz eskalada informazio eske, zortez Carlos dago bertan. Kanpineko arduraduna da eta eskalatzailea, berak azaltzen dizkit bideen egoerak eta kokapenak.
Dani Ascaso, Dani Santorens, Gorka, Conrado eta Miguel Madozek 2014-ean zabaldutako, Pajaro de buen aguero bidearekin hasi nuen eskalada saioa. Oso bide ona da, era bat gomendagarria. Hirugarren luzea asko gustatu zitzaidan, oso ongi zabaldua dagoela pentsatzen dut, lasai hartzeko tirada da.
Eskalatu dudan bigarren bide
luzeak Dominguitremendi du izena. Bide honen
lehen igoera ere Miguel Madozek eta Conrado Domingok sinatu zuten. Peña Sola
igotzen du hiru luze eleganteetan. Egun beroetarako oso aproposa da bide hau, itzala eta
haizea topatuko ditugu mailo eder honen
atzeko karrikan. Naiz eta behetik zabaldutako bide bat izan, kirol eskalada
zentzua du marrak. Bigarren luzea asko gustatu zait, ikaragarri ona da.
Hirugarren tirada berriz, nire iritziz, erabat gainditu zituen sortzaileak, zulatzailea gehiegi erabili behar izan zuten pasarte batzuetan,
Ae-ak sortu zituzten, bidea desitxuratzen dutenak. Carlosek komentatu didanez,
hirugarren luze honek 7a+-eko zailtasuna du, nire iritziz askoz gehiago da,
ez dut librean egin. Pantza pare bat ditu bloke mugimendu oso gogorrekin.
Hirugarren eskalada saioa kirol
eskaladarako sektore batetan egin dut, El Purgatorio du izena. Goiza lainotua esnatu da, itxaropentsu
gerturatu naiz sektore honetara, baina saioa bukatzerako eguzkitan nago eskalatzen.
Asko gustatu zaizkit bideak.
Carloseri ere jakin mina sortu dio bakarkako eskaladak. Maiz gertatzen zait, eskalada mota hau ohikoa ez denez, askok, teknikaz galdetzen didate. Carlosek probatua omen dauka teknika hau, baina zalantza asko sortzen dizkio, saiatu naiz zalantza hauek argitzen. Berak ere, bakarkako eskaladaz berba egin dudan beste askoren moduan, onurak ikusten dizkio eragozpenak baino, eta azken hauek, arazoak, gauza guztien moduan, landu egin behar dira desagertzeko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina