Gogor jotzen zuen eguzkiak gaur Andastoko paretan, beroa itogarria zen, baina azkenean igo dut Belladonna Sapua ta Zikuta bidea. Urte mordoa pasatu dira Karmel Leizaolak bide honen berri eman zidanetik. – Josebak bide berri bat zabaldu dik Anboto aldean, esan zidan.- Bost luze dizkik eta materialea eraman beharra zegok.
Aurrekoan interneten saltzeatzen nenbilela krokisarekin topo egin nuen eta, gogoratu nintzan Karmelekin izan nuen solasaldiaz. Ezin nuen aukera pasatzen utzi, eskalatu beharra nuen.
Polita eta interesgarria iruditu zait bidea, harriaren kalidadea oso ona da. Fin eskalatu beharra dago pausoak librean ateratzeko, airoso gailurrera iristeko. Konturatu naizenez bidea errepikatzen da, magnesio aztarnak daude helduleku askotan.
Hormara inguratzea Aramaiotik egin dut nik. Herrian sartzen zara, eta Gantzaga auzorantz hartu behar duzu. Hiru kilometro dira. Nik Gnatzaga bertan utzi dut furgoneta, Zabalandira aldera doan pistaren hasieran. Hemen kartel batek kotxeak pasatzea debekatua dagoela esaten du. Nire zalantzak izan ditut bertan utzi edo segitzeko, baina isunaren arriskuak urduri jartzen nau, beraz oinez abiatu naiz Gantzagatik. Azkenean ikusi dut jendea kotxez igotzen dela goiko langa arte, bi kilometro igoera aurrezten dira horrela. Lau bat kotxe zeuden bertan.
Zabalandi aldera jarraitu dut, Andasto markatzen duen zutoinera iritsi eta desbideratu naizen arte. Andastoren gailurrerutz eraman nau bideak. Kordala hasten den lekuan, lepo zabal batean, pareta azpira doan zelaitik behera segitu dut. Ordu eta erdian bertan jarri naiz. Belladona zapoa ta zikuta bidea paretaren eskuin behe partean hasten da.
Hirugarren luzea
Hasierako luzea trepada bat da, giroan sartzen joateko. Bigarrenak plaka etzan batzuk hartzen ditu, azkar igotzen da zati hau. Hirugarren luzea tente jatzen hasten da, lehen pausoa egiteko saiatu beharra dago. Laugarrenak diedro fin bat hartzen du, tetxu txiki batetik ateratzeko ondoren. Bosgarrenak arista segitzen du, gero ezkerretara joaten da diedro baten bila. Seigarrena motza baina interesgarria da, diedro eskalada klasikoa bezala deskribatuko nuke.
Gustora gelditu naiz eskalada hau egin ondoren. Zoriondu nahi ditut hemendik Joseba Aldanondo eta Ibra, lan ederra egin dute.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina