2025(e)ko martxoaren 15(a), larunbata

Pic Ne - Basurde Hegalaria / Pic de Campane - El Castellet

 

Lo zakuaren barrenean kroketa bat bezala bilduta ez dut gorputza berotasunean sartzea lortzen. Izotz blokeak diren oinetan galtzerdi leorrak jantzita ditut. Prakak ere soinean dauzkat. Hala ere ezin ditut kontrolatu barrenetik datozkidan hotzikara dardarak. Txikituta nago, ez dut muskulu bat bera ere mindu gabea. Soilik burua dut argi, bainan ezin naiz lokartu, bizitu berri dugun abentura itzelaren pasarteak datozkit burura. Mila instanteko mosaiko horretatik imajen bat da nire deskantsu beharra oztopatzera datorkidana, gau jelatuan Pic Ne gailurra zapaldu eta zulo beltz horretatik nola jeitsi gure kezka bihurtu zenekoa. Askotan desorientatu naiz mendian, galdua egon naiz ere, baina, halako uste sendoa izatea, ia Totemen jokoa jokatzeraino, leku jakin batean nengoela esatearren, inoiz ez.
Egun batzuk igaro dira eskalada ikaragarri honetatik, gorputza biziberritzen ari zait, utzidazue abentura hau hasieratik kontatzen.


Iñigo eta Iker elur zuriko lerro fin hau eskalatzen saiatu ziren urte honen hasieran. Saiakera horren errelatoa Iñigoren ahotik entzuteak ez dut parekorik. Azkoitiarrak, mila mendi-borrokalditan ondua, gorputza beldurrez dardarka jar diezazuke eta zeure buruari zin egin diezaiokezu ez zarela horma horretara joango bizitza osoan, edo, aitzitik, dimentsio hori ezagutzeko gogo kontrolaezina sor diezazuke. Beraz, Iñigoren deia jaso nuenean, Josebarekin Pirinioetara joateko geratua zela esateko, baietz esan nion, terrore etxean sartzen diren horietakoa naiz, nahiz eta izua hartuko dudala jakin.


Negua zela itxura ez zuen ostiral arratsalde batean atera ginen Euskal Herritik, eta iluntzerako Bareges eski estazioko aparkalekuan ginen gaua bertan pasatzeko prest. Aurten bigarrenez nintzen orube zabal horretan. Baina oraingoan baldintzak ez ziren aurrekoan bezain bortitzak, behealdean pilatutako elur guztia joana zen. Oraingoan laino gris heze batek agurtu gintuen, eskaladarako lagun txar batek.


Presa handirik gabe jaiki ginen biharamun goibel artan, eta lasai gosaldu genuen, momentu hauek atseginak egiten zaizkit, eskalada irteera bateko parte garrantzitsuak dira. Argi genuen horrelako baldintzetan zaila edo ezinezkoa izango genuela zerbait eskalatzea, hala ere trasteak hartu eta eskiak oinetan atera ginen Bageres eski pistetatik mendian gora, eguraldia hobetu eta eskalatzeko aukera izateko itxaropenez.


Tourmalet gaineko bidean huts egin genuela konturatu ginenerako gure helburua urrunduz joan zen; larunbat goiz hartan ez genekien, baina galduta ibiltzea ohikoa egingo zitzaigun asteburu honetan. Pistan behera egin eta Tourmaleteko bidera berriro iritsi ginenean zalantza askorekin goraka hasi ginen. Pic de Campane ipar-ekialde pareta zen gure helburua, El Castellet bidea. Horma tente horretara iristeko Frantziako Tourrak ain famatua egin duen lepoko bidean gora egin ondoren bailara zabal bat hartu beharra dago. Ez du hurbiltze zaila, baina, tutik ez genuenez ikusten ezinezkoa egiten zitzaigun orientatzea. Aurrera jarraitu genuen asfalto iluna, orain elurrezko mantu lodi batez estalia, malda astunean, sufrimenduaren ikono den lepo famaturaino. Une batez, bizikletaz ez nindoan arren, Tourmaleteko parte sentitu nintzen; pauso bakoitzean eskiak elurrari itsatsita sumatzen nituen, esku zuri handi batek hartuko balitu bezala. Astuna, oso astuna sentitzen nintzen, eskalada-materialez betetako motxilaren pisua hirukoiztu egin zen. Ahalegina, kadentzia, arnasketa eta nekea, errealitate bakarra. Eta irmotasun horrek saria izan zuen; lepo haizetsuan denbora batez zain egon ondoren, laino apetatsua poliki-poliki biltzen joan zen, eta leiho txiki batetik gure bidearen hasiera ikusi ahal izan genuen haranean behera.


Asko pentsatu gabe elurraren gainean irristatzen utzi ginen aukera hau galtzen utzi gabe. Ikusmenarena konponduta zegoen, konponbiderik ez zuena denborarena zen, eguerdiko ordu bata pasata zen horma tentearen azpira iritsi ginenerako.
Eskalatzen hastea erabaki genuen, eta gauak harrapatzen gintuenean, geunden tokian geundela, rapelatu egingo genuen.
Ez zegoen El Castellet bidea egoera onean. Aurreko eguneko elurrak ez zion on egin kanal estuan zegoen izotz apurrari; elurra izotzaren gainera erortzen denean, bere egoera aldatzen da, berotzen duela esan dezakegu, zarakar bihurtuz.
Hau batit bat bigarren luzean atzeman genuen, bidearen zailena den tiradan, diedro tentea igotzeko asko saiatu behar izan ginen. Ez zigun gehiagorako eman egun argiak, mendia lotarako prestatzen ari zen, bigarren luzeko bilera aprobetxatuz rapelatu genuen. 


Pic Ne-ra joatearena ez genuen adostu furgonetaren babesean mokadu bat jan arte, eta Luz Ardideneko parkinean aparkatu genuenean oraindik ez genuen argi hori posible izango zenik. El Castellet bidean ikusitako baldintzek ez ziren ilusionatzen zaituzten horietakoak, eta iragarpen meteorologikoek argudio sinple bat erabiltzera behartzen zintuzten, goizean ikusten dugu, beraz, ohean sartu ginen etorkizuna jakin gabe.


Igande goizak aurreko egunekoarekin zerikusirik ez zuen arren, ez ginen presaka ibili, asteburuak kadentzia bat hartu zuen eta argi genuen erritmo horri jarraitu behar geniola.

Eskiatzaile andana Luz-Ardideneko pistetan barrena frenesiarekin hasi baino lehen, gure eski-arrastoak markatu genituen mendi-hegal zurian zehar. Pic Ne ez da ikusten Auliango hormigoitik; haran paralelo batean dago, Bernazaun, eta neguan erosoagoa da horma tente horretara iristea eski-pisten instalazioak erabiliz. Colle de Cloze da bi bailara hauek elkartzen diren puntua eta bertara iritsi beharko dugu Caperette haitz agina erreferentzi hartuta, horma kurioso honen atzean geratzen da aipatu dudan erpina.


Eskiei larruak kenduta plazer handiz egin genituen biraketa batzuk elur sakonean. Cloze lepotik ez da desnibel asko jaitxi behar, baina egin genuen apurra behintzat gozagarria izan zen. Kuaderno batetan edozer gauza idatz daiteken bezala egun argitan dena ikusten da posible, puntu bat hautatu genuen gure jaitsiera juxtu hortik izango zela konbentzituta. Eskiak harrizko bloke handi baten ondoan utzi, eta eskalada-materiala hartu genuen gainean, elurretan urrats sakonak eginez, haranean behera jarraitu genuen, ertz luze batzuk saihestuz, Pic Ne, gure helburua, begien aurrean agertu zitzaigun arte. Horma zuria ikusi genuenetik maiz gelditzen gara hura aztertzera, ez genuen xehetasun bat ere galdu nahi, labirinto horren hondoan sartzerakoan itsu geratuko ginen. Hormari argazkia egin genion, zalantzak genituenean lagun diezagun.

Elur freskoa zegoen horman, horrela zioen  Iñigok lehen luzearekin hasi zenean, aurreko saiakeran baino zuriagoa omen zegoen pareta. Eskuinetik ezkerrera doan elurrak margotutako marra zuria ederra da, eskuzabala babes-puntuetan ere, arraroa arrailduratan ziztrina den horma honentzat. 


Bigarren luzea, idatzi ditudan azken hitz hauei sinesgarritasuna ematen dien lekuko mutua da, eskalatzeko erakargarria bezain zaila da babesteko tokiak bilatzea. Gu babestearren, irudimena halako muturretara iritsi zen, non nire pioletetako bat Iñigori bidali nion, segurutzat har zezan. Atzetik gindoazenok igotzen hasi ginenean, Joseba aurretik joan zen, nire tresna preziatua nire sokara kontu handiz lotu zuen, eta horrela berreskuratu ahal izan nuen. Piolet honetatik aparte Iñigok bi izotz kako erabili zituen eskalada babesteko.


Hirugarren luzea izan zen Iker eta Iñigok saiatu ziren azkena, eta bideari izenburua jartzea eraman duena. Iñigok honetan ere soka-buru bezala jarraitu zuen, azkoitiarrak luze honen trikimailuak jakinda azkarrago joango ginen. Hirugarren luzeko bilera kanal estuaren eskuinaldean jarri zuen, Ikerrek lehen saiakeran egin nahi izan zuenaren azpitik. Izugarria da luze hau, fina bezain gogorra, eskalada mistoaren adibide garbiena.


Nire txanda iritsi zen, eta sabelean estutasun korapiloa nuela lotu nituen soka buru izateko soken puntak. Ni nengoen puntu honetatik aurrera egiteko bi aukera neuzkan, diedro estua, Iñigok klimaxaren unea hain elokuentzia handiz kontatu ziguna, edo, gainean neukan sabaitik erasoa joz, oraindik saiatu gabea zegoena. Azken honen alde egin nuen. Krokisean ikusi dezakezuenez aukeratutako alternatiba ez zen doainekoa atera, gogor estutu behar izan nuen kateatzeko. Dakizuenez hau neguko eskalada da eta baldintzak egun batetik bestera alda daitezke. Ziur naiz luze hau baldintza onetan errezagoa izango dela, baina txarragoetan zailagoa ere, beraz, aztertu eta erabaki zein den zuen lehentasuna. Jakin, kanal estuaren aukerak edo sabaiarenak biak leku berdinera eramaten dutela.


Horma ikusgarri honen goiko aldean dagoen kanal handira daraman diagonal zurian geunden. Josebak bere gain hartu zuen soka-burua gidatzeko ardura, eta azkar bota zuen aurrera errealitate horri denbora irabazteko asmoz. Gabiriarra aldats honen ertz kamutsean trabatua geratu zen, frontalaren argitan lehun ikusten ziren haitz plakak bidea ixten zioten. Urgentziak berriro martxan jarri zigun gure irudipena. Josebak pendulu bat eginez gainditu zituen kanal handitik bereizten zuten hamar metroak, eta ondoren metro batzuk gorago igo zen gure aurrerapena babesteko.
Iñigok eta biok maldan aurrera egiteko, edo hobeto esanda, hau egitean babesteko, teknika ezohikoak erabili genituen, soken marruskadura hain zen handia, Josebak ezin zituela berreskuratu.


Hemen, puntu honetan, azaldu nahi dudan errore bat egin nuen, aitorpen honekin nire kontzientzia zauritua arinki garbitu ahal izateko:
Penduluaren hasieran zintzilik geunden Iñigo eta biok. Mugimendu pendularra bi puntuz kontrolatuta egin behar genuela adostu genuen. Horretarako, mikrotraction blokeagailua goiko bileratik eta diagonalean zetorren sokan jarri genuen, eta soka soberakina, arnesari lotuta geneukan muturra, nik muntatu nuen zubi arrokatsu bateko kordino baten mosketoitik pasatu nuen. Teknika honekin, eskalatzaile berak bere burua jaisten du saskiarekin rapelatuz eta, aldi berean, mikrotractionak blokeatutako sokak penduluan gidatzen duela. Horraino dena ondo. Gauza da, maniobrarekin hasi ginenean, Iñigo izan zen egiten lehena, bat-batean, nire ondotik urrundu zela kontrolik gabeko pendulu batean.
Zer gertatu da? Ezin nuen sinetsi, korapiloa askatu zen. Nire errua izan zen, ez dakit zergatik, ez baitut horretarako erabiltzen, eraztuna as de guia korapiloarekin itxi nuen. Eta akatsa gehiago puzteko, ez nituen bi muturrak lotu, beti egin behar den bezala.
 Esan dudan bezala, ez da hau eraztunak egiteko erabiltzen dudan korapiloa, ez bai da egokia, baina ez dakit zer eraman ninduen egin eta gainera gaizki egitera. Nik normalean eraztunak egiteko zintako korapiloa erabiltzen dut. Hau kontatzen dut gaizki egindakotik ikasitakoak ongi egindakoak baino hobeak direla uste dudalako.


Kanal zabalako elurra baldintza onean egon izan balitz azkar eta seguru igoko genuen. Ez zen horrela izan. Elur sakona eta askea zegoen, irristadan jauzteko arriskuaz betea. Gau beltzak harrapatu gintuen, eta horrekin batera sentitu nuen larritasuna desagertu egin zela. Esperientziak erakutsi dit ilunabarrean denboraren kontra borrokan hasten garela. Gauak harrapatzen zaituenean, erlaxatu eta egoera berrira egokitu besterik ez duzu egin behar, erritmoa jaitsi egiten da. 
Gaueko hamaiketan iritsi ginen Pic Ne gailurrera, harri dorre handi batek esan zigun hau horrela zela. Eta orain bai kronika honi hasiera eman dion zatiaren momentua iritsi dela: Hiru ertz luzetan adarkatzen da Pic Ne-ren gailur estua, gu iritsi gineneko ertza, ipar-ekialderantz galtzen dena, eta hego ukitu batez urruntzen dena, azken horrengatik zela esan zigun gure senak. Ensanble teknikan, bata bestearen atzetik, bizkarrezur dei geniezaiokeen leku horretatik mugitzen hasi ginen. Izan ere, gure gorputzean bezala, ertz luze honetatik saihetsak alde banatara ateratzen dira.


Guk aurrera jarraitu genuen. Bat batean, eta nik esango nuke ez genuela bizkarrezurrean  aurrera asko egin, rapel batekin egin genuen topo. Hemen da, aurretiko esklatzaileen aztarnak aurkitu genuen puntu honetan, Totem jokua jokatzeko kapaz izango nintzen lekua. Konbentzitua nengoen rapelaren norantzkoa egokia zela, zuzen zuzen gure bailara eramango gintuela. Behera egin genuen. Ez genuen aurkitu bigarren rapelarik, ezta hirugarrena ere, guk muntatu behar izan genituen. Laugarren rapelaren ondoren ohinarriko elur maldak destrepatzeari ekin genion.
Ibarraren sakonean eski-aztarna batzuk bilatzeak ondo bideratuta gindoazelako itxaropena areagotu zuen; hurbiltzearen aztarnak zirela pentsatu nuen; gogorra izan zen oker nengoela jakitea, eta batez ere ez nekielako non geunden.


Aitortzen hasita, esan beharra daukat blokeo mentalean nengoela, eta eskerrak Josebak bere telefonoaren GPSa erabili zuela non geunden eta putzu horretatik nola atera jakiteko. Lehen aldia da mendian horrelako aplikazio bat behar dudala.
Orain esango dizuet haran enigmatikoan behera jarraituz gero Cauterets aldera jaitsiko ginela. Oraindik ezin dut sinetsi nola iritsi ginen Cloze lepoaren beste aldera. Hortik irteteko berrehun metroko muino bat igo behar izan genuen eta horrela gure haranera iritsi.
Hortik aurrera, dena behar bezala doa. Eski-aztarnak detektatzea eta utzi genituen lekura iristea bat da. Berriz ere haranean gora, orain eski-oholen gainean, Cloze lepora iritsiko gara. Behin pistan geundela, mantu zuri orraztu berriaren maldetatik irristatzen utzi besterik ez genuen egin, abentura honi amaiera gozagarria emateko. Astelehen bateko goizeko laurak ziren, nire lan-asteari hasiera ematen ziona, furgonetara iritsi ginenerako, merezitako atsedenak itxaron egin beharko zuen, gure betebeharrek hala eskatzen ziguten.


  




















































2 iruzkin:

  1. La traducción que me brinda Google expone un fin de semana lleno de incertidumbre. No sólo de escalada, también de orientación. Incluso más, pareces preguntarte si sobre el sentido de la escalada.

    Ya conoces la respuesta.
    Quizás simplemente escribes para recordártela, para reordenar tus pensamientos y resetear la motivación, fuerza vital que te mantiene en forma y presto a compartir cuerda, esfuerzos, con chavales a los que doblas en edad.

    Abrazo Mikel.
    Tienes una cabeza muy dura, muy amueblada, con muchos pensamientos que contar

    ErantzunEzabatu
  2. El relato de montaña, la forma literaria que intento transmitir mis vivencias, tiene dos razones: compartir información y contar una historia real, una aventura no ficticia. Y, además, escrito por uno mismo, por uno de los protagonistas de esas andanzas, lo que le da más valor.
    Los relatos que he ido acumulando en los últimos veinte años reflejan mis orígenes con respecto a la montaña y se observan con claridad los imprescindibles cambios físicos y mentales que experimenta una persona con el tiempo. Empecé el blog, no tan joven pero lleno de vitalidad, deseoso de hacer una escalada perfecta. Hoy, prolongando al máximo lo de ser mayor, haciendo grandes esfuerzos para seguir manteniendo la motivación, sigo buscando la perfección. Pero no en los números, no niego que sean importantes, sino en el vínculo, el viaje, la amistad, la belleza de los espacios naturales, el logro personal, lo que hacen, que el esfuerzo que supone ser montañero, el sufrimiento que acarrea, sea asumible.
    En esta última escalada, mis compañeros de cordada, aunque sean algo más jóvenes que yo, Iñigo Andola es un viejo cascarrabias, mientras que Joseba Iztueta ha adquirido pronto la virtud del saber estar.
    Aprovechando este largo comentario, quiero felicitarle por su reciente escalada del magnífico diedro norte de Dru. Yo lo intenté hace unos años, en una época en que no contaba mis peripecias montañeras, aquel intento hubiera dado para escribir un relato bueno y extenso.
    Gracias Albert y sigue alimentando nuestro fuego Alpino.

    ErantzunEzabatu