Berriz ere Sierra Cantabrian, edo, hobeto, Toloño mendilerroan, euskerazko toponimian onartua den bezala; entzuteaz, ohitura eginda, lehen izena erabililtzen dut nik, agian ba dut garaia Toloño erabiltzen hasteko. Nioen bezala, bueltan nintzen Toloño mendietan. Oraingoan Iker Uragarekin batera. Donostiarrak ez zuen eskaladarentzako altxorra den zona hau ezagutzen, ni gustu handiz erakusteko prest nintzen.
Ikerrek oitura duen bezala, bati deitu eta bestea interneten irakurriz, eskalada krokis piloa pilatzen joan zen informazioz gainezka duen telefono mugikorrean. Hainbeste aukeren artean, eta denak batera eskalatzea ezinezkoa genuenez, kostata, eskalada bide bat adostu genuen otsaileko ostegun buruzuri batean saiatzeko.
Argi dago, naiz eta gogo asko izan, edo, hamar mila aldiz eguraldi iragarpenari begiratu, honek ez duela eraginik izango egin behar duen eguraldiarekin, ez oraingoz behintzat. Beraz, Berberanako ermitaren ondoko aparkalekuan kotxea utzi arte ez genuen ziur jakin adostutako bidea eskalatzeko baldintzetan egongo zen.
Aurreko egunean Euskal Herria azkar gurutzatu zuen frente bero batek euri dexente utzi zigun. Ondorioak nabarmenak ziren Berberanako eskalada horma grisa begiratzean, goitik behera hezetasun horban luzeak marrazten ziren, ziega bateko lehioa zirudien. Soilik tarte bat salbatzen zen pintzelada beltz horietatik, Susana bidearen ertza ingurua. Bide eder hori orain ez asko Xabier Artolarekin batera eskalatua nuenez, euritan aritu ginen egun heze horretan ere, beste bide baten alde egin genuen. Monsieur Bidon kolore gris biziaz azaltzen zitzaigun begi aurrean, bistazo azkar horretan jakin nuen bide ikusgarri hori berriro eskalatzeko unea nuela.
Orain urte asko izan zen Monsieur Bidon bidea bakarka eskalatu nueneko balentria, eta eskalada bide itzel hau, eta garai hurrun haietan egiten ari nintzen horrelako beste eskalada batzuek, eraman ninduten blogga honen sorkuntzara; aurreko mendearen bukaeran eta aldrebesa suertatzen ari den honen hasieran kokatu behar gara. Esan nahi dudana, Blogga honen sorkuntzara eraman ninduen intentzio bakarra, ahotsik gabeko mendizaletasunak bozgorailu txiki bat izatea zela. Gainera, euskerazko eskalada kroniken presentzia sarean xuxurla bat besterik ez zenez. edukia euskaraz izango zen.
Harroputza eman dezaket, eta, agian, norberak egiten duenari buruz hitz egitea horrela da, baina nire ustez, etxe ondoko eskalada-txokoetan alpinismoari hainbeste ematen ari nintzaionez, non, era batera edo bestera, jasota utzi behar nuen, eta tresna hau, blogerrarena, egokia iruditu zitzaidan, nahi eta behar duenak informazio hori bilatu eta erabili dezake.
Lehen metrotik oinak fin eta behatzak zorrotzak eraman behar dira Berberana orratzaren ertzeko haitz plaka gris konpaktu honetan, kontzentratuta joan behar duzu bidea egoki hartzen joateko, ondo irakurri behar dituzu pasarteak susto lazgarri bat gertatu ez dedin. Haitz zubi haul batzuetan kokatuta dauden kordino zahar batzuk markatzen dute hasiera irmo hau. Ezpel-baso itxi eta hezetik ere txapa zuri bat ikusten da. Haren ondora iristen garenean, zortziko espit zahar bat dela ikusiko dugu, atsegin handiz txapatuko duguna.
Hortik gora, tirada luzeetan banatuta, iltzeak eta zortziko parabolt txikiak aurkituko ditugu. Luze egingo zaizkigun tarte garbi horietan friendaz eta fisuaz babestu ahalko gara.
Argi ikusten da Monsieur Bidon lehen luze honek bi garai desberdin bizi izan dituela, flysch betean bezala haitz eskaladaren historia agertzen zaigu kapa desberdinetan, hasiera epoka batekoa da eta bukaera beste batekoa. Lehen metroak harkaitzezko plaka trinkoak irekitzea lan arriskutsu eta neketsua zenekoak dira, eskuz sartutako pare bat espit daude hori ondorioztatzeko, eta hortik aurrera parabolt txiki batzuk zulagailuaren laguntzaz jarriak, eskaladaren iraultza garaikoak. Emaitza bikaina da, eskalada luze bat lasai asko sar genezakeena Berberanako eskalada luzeen top hamarren zerrendan barnean.
Bigarrena ere ez dago urrun laudorio horiek jasotzetik. Bilera muntatu dugun erlaitz erosoaren ondoren haitz plaka konpaktuak segida dauka. Erakarpen fisikoa eragiten dizun harri trinkoko pareta eder batean jarritako bi paraboltek adierazten dizute zer norabide hartu behar duzun. Hemen dago kontzentratua luze honen zailtasuna, mugimendu dinamiko azkar batekin irtenbidea aurkituko diogun eskalada pausoa. Hortik aurrera zailtasuna pittit bat jaisten da, edertasunak ordea eusten dio. Gure plazerrerako luze honen bilera ere erlaitz eroso batean egiten da.
Hirugarren luzea transizioa da, sabinak saihestuz Susana bidearekin partekatzen den bilera iristea.
Eta dagoeneko bide itzel honen laugarren eta azken luzearen azpian gaude. Gu, euri tantan fin batzuek zeru beltzera bigiratzera behartu gintuen. Ordura arte, gure kontzentrazioa hain zen sakona, non ez baikinen konturatu zer gertatzen ari zen gure gainean, bustitzera gindoazela. Laugarren tirada hau bidearen zailena da. Lehen itxuraz teknikoa izango dela ikusten da, haitz plaka lehun bat bere ezker aldea bortizki ebakia dagoena. Paraboltaz dago aseguratua plaka hau, eta hauek, atzera botatzen duen izkina irregularrarekiko paraleloan jarrita daude. Hau pista bat da, jakiteko agian haitz plaka konpaktuaren erosaotasuna utzi beharko dugula eta ertz desorekatu horren bila joan. Emaitza, luze bat joku asko ematen duena tabernako mahai baten inguruko solasaldirako, adibidez, eskalada bide bat nola graduatzen den gaiari buruz eztabaidatzeko. Luze hau oso zaila da bistaz egitea, hemen ez daude klekak, behin mugimenduak ezagututa uzten den horietako bidea da.
Gogoa jarri genion luze on honen eskalada iraun zuen tartean, bata besteari emandako animo beroak ezkutu bat bezala babestu gintuen erortzen ari zen etengabeko euri finetik, Ikerri bostekoa eman nionean honen eskuak bustiak zeudela konturatu nintzen.
Euripean rapelatzean, iruditu zitzaigun maniobra horretan parte hartzen duten elementu guztiek konplot orokor bat eginten ari zirela gure kontra; soka hezeak etengabe korapilatzen ziren elkarrekin elkartu nahi balute bezala. Hori gutxi balitz, soka bihurri hauek sabina lodiekin batu zituzten indarrak, eta haietan trabatzen ziren gogoz. Gainera, dakizuen moduan, zerua ez genuen alde.
Berberanako ermitarako lurrezko pistak N-232 errepidearekin bat egiten duen tokian, denbora batez, zalantza bat izan genuen: noranzko bietako zein hartu, etorri ginen bidetik besterik gabe itzuli, edo Toloñoko eskaladako beste txoko batera joan. Nire erruki aurpegiak azken plan honek baino gehiago konbentzitu zuen Iker. Guardiako kale ilunetan barrena ibiltzea eta ardo ezin hobearekin pintxo on bat dastatzea ez da egunero egiten den gauza bat.
Orduan bai, mahiaren bueltan bukatutzat eman genuen eskalada egun aparta hau.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina