Paseando por las montañas argazkia.
Bakarkako saiakera:
Lur gorri eta itsaskorreko pista zulatuari segiz, kotxea uzteko lekura iritsi naizenean, furgonetaren motorra itzali eta kanpora atera naiz, ixiltasunaren errealitatearekin egin dut topo. Haizearen zarata, hostoen astintzean, zen soilik entzuten nuena, oztoporik gabeko xuxurla hotza, requiem kutsuko kantua. Inkontzienteki bakarrik nagoenaren sentzazioa areagotu egin zait. Ordurarte, gidatzean, irratia piztuta neraman eta bidai luzean zehar esatarien ahots epelak konpainia egin didate, ez naiz nire egoeraz jabetu ere egin.
Burua altxatuz aurrera begiratu dut, mendiko zuhaitz-hegalera, ekarri nauen lurrezko bideari bizkarra emanez, haran emankorrari, erosotasunari, uko eginez. Eskalatu nahi dudan horma aurkitzean burua argitzen joan zait. Zertara etorri naizen pentsatzeak kemena ematen dit, motxila prestatzen hasi naiz.
Caminando por las montañas argazkia.
Gogorra izan da. Hormaren azpira ezin iritsi Ibili naiz, zuhaixken artean trabatuta, ezin pasa, amore emateko pronto, orratzaren oinarrira heltzea balentria izan da.
Ezin da gutxietsi sierra Cantabrian hormen hurbiltzea, askotan idatzi dut baso itxi hauetan jasan ditudan zorigaitzez. Errepidetik bertan ikusten dira, gertu, baina ezpeldi hauek amets gaiztoak dira. Eta ez da bakarrik adar-sare estuarekin burruka egin behar izatea, hezetasun egunetan, eta horrelakoetan etortzen naiz ni honuntza, goierrin euria ari duenean, ezpel hostoak blai egoten dira, adarrak mugitzearekin dutxa hotza hartzen duzularik.
Gaur ere horrela iritsi naiz orratzaren oinarrira, nekatua eta bustia. Antoñanzas anaien krokrisak berrogei minutuko hurbilltzea markatzen zuen, nki bi ordu tardatu ditut.
Ez ditut ohikoak horrelako eskalada egunak, non ezinezkoa gertatzen zaidan bidea egin edo gutxienez saiatzea, gaur eskalatzen hastea zuhurtasunetik kanpo zegoen, ez da hau eskalada bide bat arinki hartzekoa.
Ez dut eguna alperrikoa izan danik baloratzen, horma azpian egon naiz eta beherakoan bidea zertxobait garbitu dut. Zaia izango da hurrengoan nik garbitutako traza aurkitu eta segitzea, baina, horrela bada, lagungarri izango dut modu txukunean orratzera iristeko. Horma handiaren ezkerretara zuzen orratzera igotzen den kanal harritsua hartu beharra dago, hemendik kanpo, eta hau da gaurkoan gertatu zaidana, natura basatiarekin gupida gabeko borroka da.
Lagunarekin burutzea:
Hitz batekin definitu beharko banu Iñakirekin batera El Huso orratzera egin dudan bigarren eskalada saiakera, hitza, “juxtu” izango zen:
Lur gorriko pista zulatutik barrena furgonetarekin hormara hurbiltzean larri ibili gara. Iñaki ibilgailutik jaitsi behar izan du, eta, buztin irenskorretik ateratzeko gogoz bultza egin.
Nekez hurbildu gara ezpel baso itxitik orratz tematira, gaurkoan ere amore emateko gertu, ozta-ozta iritsi gara. Bigarren aldi honetan ere oker ibili naiz, eta noraezean ibili gara baso hezean zehar kanal arraioren bila. Busti-busti eginda iritsi gara orratzaren oinarri ezerosora.
Eskalatzean ere, geure barren-barrenetik atera behar izan dugu gogoa. Laino itxi eta hotz batek estali gaitu, giro goibela sortuz, aurrera egitea oso estua izan da.
Kezka bat eraman dut bueltaka buruan eskalada osoan, itzulerarena. Basoko jaitsierak ez ninduen larritzen, hori banekien urraturen bat gehio edo bat gutxiagorekin lortuko genuela. Urduritasuna furgoneta pista baldarretik ateratzeko gai izango ote ginen edo ez galderarekin batera zetorren. Sabela uzkurtuta, eta daikiri bat baino astinduago, ozta-ozta gainditu dugu pista-tarte malapartatua. Lasaitu handia hartu dut furgoneta pista lohitsuaren beste aldean ikusi dudanean.
Eskalada kronika orok eskatzen duen moduan, “Requiem por el Otoño” bideak utzi didan aho zaporea baloratu behar dut, ez da kritiko baten irizpena: Oso-oso ona dela diot, bost izar merezi duen eskalada bide horietako. Bigarren luzea, average sistema erabiliz, hau da, puntutan berdinduta dauden luzeak sailkatzeko detalle txikietan jarri beharko genuke arreta, bideko txapeldun aterako zen, ikaragarri gustatu zait. Zabaldua dagoen estiloari ere puntuazio altua emango diot, Antoñanzas zigilua dauka. Honekin, mendiko eskalada bide bat izanik, ondo menderatu beharko dugu autobabesa. Horma eder eta tente honen ezaugarri nagusia zuloz beteta egotea da, eta ez dira beti Totemak ondo sartzen, batzuetan handiak edo txikiegiak gertatu zaizkit hutsunetan erabiltzeko ahalegina egin dudanean. Nik faltan bota ditut Tricamak, zuloetan bereziki primeran sartzen diren gailuak.
Zerbait negatiboa esateagaitik, “Requiem por el otoño” motz geratzen dela aipatuko nuke, beste horrenbeste eskalatzeko gogotan geratzen zara. Honek ba du soluzioa, ondoko beste bide bat egin eta listo.
Guk ez dugu denborarik izan, patxadaz ibili gara goizean, Gasteizen hamarretan elkartu gara; gauean euria egin du, eta goizean oraindik prezipitazio horien arrastoak egongo zirela zioen eguraldi iragarpenak, egia esan egun osoan egon da nahasia. Azkenean, altxor hau eskalatzearekin konforme geratu gara.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina