Larunbata arratsari zapore arraroa hartzen ari nitzaion. Ez euritsua eta goibela zelako, etsipenez onartzera iritsi naiz hori, baizik eta euri-tanta lodiak aurpegian amorruz jotzen nindutenean epel sentitzen nituelako, eta hori ez da normala urte sasoi honetarako. Komentatzeko, baita, nengoen lekua ez zela larunbat arratsalde baterako gustatzen zaidan horietakoa, baina Iñigo, Izaro eta hirurok Belartzako industrialdean, kotxez gainezka zegoen Decathloneko aparkalekuan, kirolariz inguratuta, elkartzekoak ginen. Oroitzapen eskasako larunbat arratsalde horretan, Iñigoren furgoneta zabalean materiala pilatzen joan ginenean, absurdoak tope egin zuela uste dut. Lehen sentsazioa maletategiaren zabalera osoa betetzen zuten eskiak sartu genituen izan zen, aseguru poliza bat kontratatuko bagenu bezala sentitu nuen, gutxienez eskiatuko genuen, betiko hitz zuritzaileak. Konbikzio handirik gabe pioletak eskuan hartu eta trastez beteta zegoen maletategian sartu nituenean momentu irrigarriena gertatu zen, nire begirada Iñigorenarekin gurutzatu zenean, irribarre bat marraztu zitzaigun gure aurpegi zimurtuetan, esanahia zuen imintzio bat, - nora oa gizajo hori?
Etxeko egunerokotik ateratzea, lagunekin plana egitea, afari arin baten bueltan farre batzuk egitea, eta nola ez, eskalatzen saiatzea, nahiko arrazoi ba zirela aingurak askatzeko ondorioztatu genuen iparraldeko autopista aspergarri bezain garestiari kilometroak jaten genizkion bitartean.
Igande goiza denboran zehar bidaiatu izan bagenu bezala izan zen, ordu gutxi batzuen bueltan, magiaz, negua iritsi zen. Gure txapazko aterpean esnatzean, egun argi eta hotz batek agurtu gintuen. Opari horrekin indarra hartu zuen gure ilusioak, eta itxaropen izpi batekin eskaladako materiala motxilan sartzen hasi ginen.
Pic d’Espade du Tourmalet ipar hormarako hurbilbidea erraza da. Bareges eski estazioko parking handitik irten eta eskien gainean egiten den ordubeteko paseoa da. Ez du galerarik, Tourmaleteko errepide famatua jarraituz gure begien aurrean agertuko zaigu mendi puska hau.
Ohinarriko elur konoaren azpian egon nintzen arte ez nuen jakin zein zen Iñigok eskaladarako proposatzen zigun linea, bideak ez bai dira nabarmenak, tximinia edo pitzadura sistemak apenas daude. Elur zurizko linea imaginarioak dira hauek, non, haien baldintzak, zenbat izoztuak dauden, dira horietan gora igotzeko gakoa.
Iñigo hasi zen hormatik gora soka-buru, Izaro eta ni bere atzetik gindoazen. Iñigok ezagutzen zuen hasiera hori, egona zen bertan, linea zuria igotzen egin zuen bakarkako saiakera batetan, hormaren erdi parean pareta tentetzen hasten den puntutik jaitsi egin zen, kontuak ez zitzaizkion ateratzen.
Hiru eskalada luzetan Iñigo aurreko saiakeran iritsi zen puntu gorenean jarri ginen, iltze bat dago kokatua. Hortik aurrera linea zuria jarraitzeko aukerak bat baino gehiago dira, puntu berdinera eramaten dutenak, sabai handi baten gainera. Aukera hauetako bat, eskalatzeko errazena ikusten dena, ez du babesteko ahalbideratzen. Itxuraz zailena ikusten denak berriz gure burua zaintzeko aukerak eskeintzen ditu, pitzadura zabal bat da, hortik tiratu zuen Iñigok.
Polita ikusten zen Iñigoren progresioa, estetikoa, neguko eskaladaren irudi perfektua; amets-egile bat, tresna zorrotzen laguntzaz arroka iluneko horma batean marrazten den lerro zuri bati ainguratua, zerumuga lausora iristeko helburuarekin.
Sabai handiaren gainean galdu zen Iñigo, ezkerretara egin zuen, izkutuan zegoen eta nabarmena den kanal batean, bertan muntatu zuen bosgarren bilera. Kanalak honek ez du kontinuitatea, segituan diedro bihurtzen da, hortik gora segitu genuen. Nik hartu nuen hemen soka-buru ardura, ederra egin zitzaidan tirada.
Soken luzera osoa beharrezkoa izan nuen erosoa den bilera lekura iristeko, hormatik aterako gaituen kanal handiaren hasiera, bloque etzan handi baten azpira.
Azken luzea, nire ustez, bidearen kutsu alpetar handiena duena, inklinazio gutxi duen kanal zabal batetik doa, ertz luze batean du bukaera.
Gailurra izan daiteken punta hurrun ikusten da hemendik, bertara joatea eztabaidatu genuen. Berandu zen ordea, egun argia azkenera iristear zegoen, jaistea erabaki genuen.
Esatea egitea baino errazagoa da. “Bi egoskor eta injinerua” bidetik jaisteko zeharkaldi luze bat egin beharra dago lehen kanal batetik zehar. Bigarren kanalera iristean behera egiten da. Kanal zabal hau une batean zatitu egiten da, horma begira eskuin aldetik hartzea hobea da. Gu, ez jakinean, erdi-erditik jaitsi ginen eta rapel luze bat egin behar izan genuen erresalte batetik behera. Hortik aurrera bidea nabarmenagoa da, eskiak utziak genituen lekura iristeko ez genituen zailtasun gehiagorik izan. Eta zer esanik ez botei eskiak gehitu genizkoenean, oholak irrist egiten uztea beste lanik ez genuen izan furgonetara iristeko. Beno, hau ere, ez da beti hain bukoliko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina