2025(e)ko apirilaren 11(a), ostirala

EIGER - Heckmair bidea

 

2025/04/02 Zaldibia 

Libek, nire alaba gazteenak, hamabi urte dauzka, ondo sentitzeko abesten duela dio, kantuan dagoenean dituen arazoez ahazten dela. Near malkoak ixuritzeaino hunkitzen nauen ume koru batean abesten du. 
Nik ulertzen dut, niri ere eskaladarekin berdin gertatzen zait, askatasunean nagoela sentiarazten dit. Gauza da, asmotan naizen eskalada bidai azkar honek sabelean korapiloa eragiten didala. Pentsatzen dut abeslariek berdin sentituko dutela lepo betea dagoen auditorium famatu batean aktuazio egin aurretik, kezka. urduritasuna, beldurra. Hori bai, eta hau badakit horrela dela, abestu ondoren, edo, eskalatu ondoren, nire kasuan den moduan, ikuskizuna arrakastatsua bada, kotoizko zeru batean flotatzen ibiliko zarela egun batzuetan. Bihar Eiger ipar pareta eskalatzera irtetzen naiz, Iñaki Mendizabalekin batera.


2025/04/03 Eigergletscher

Orain hartu dut idazteko denbora, teleferikoaren goiko estazioko komunean eserita nago, Eigergletscher 2.300 metro.

Bidia luzea izan da, Frantzia osoa zeharkatu dugu trastoz betea generaman Seat Ibiza batean. Xabik, Iñakiren anaiak, utzi digu autoa, era horretara gasolinan diru dexente aurreztuko dugulako.

Ez zait pisutsua egin bidaia. Atzo eguerdiko ordu batetan atera ginen Euskal Herritik eta eguerdiko hamaiketan iritsi gara Grindelwaldera. Bidean lo egin dugu, Grenoble inguruan, autopistatik kanpo, industria gune batean. Ni izan naiz tematia horretan, ez naiz batere fio Frantziako autopistetako deskantsu tokietan lo egiteaz, asko lapurtzen dute.
Grindelwalden aldaketak egon dira Xabi Artola eta Chemarirekin egon nintzenetik, orain sei urte izan zen. Trenean igo ginen orduan Kleined Scheideggera. Gaur, berria den teleferikoa hartu dugu, berrehun metro gorago eramaten zaituena, Eigergletscherrera. Turismoaren negoziorako izugarrizko instalakuntza eraiki dute; Suitzarrek, hainbeste izerdia eta negarra eragin duen Eiger iparraldeko hormaren irudia erabiltzen dute negoziorako, beste produktu lokal bat balitz bezala, adibidez, txokolatea edo behi pintoak. Beraien mundu perfektuan edozerk prezio bat du. 


Autoa teleferikoatik urrun utzi dugu, bi kilometro pasa dagoen taberna bateko aparkalekuan. 

Mendiko ibilbide batzuk egiteko hasiera da hau, hemen ez da ordaindu behar. Grindelwald osoan kotxea uzteagatik asko pagatu behar da. Espero bueltatzean kotxea isundua ez egotea, Suizo hauek kapaz.
Zalantza da eskalada bidai hauen hasiera definitzen duten hitza, buruan bueltaka daramagun proiektu bat besterik ez denetik hormara sartzen garen momentu arte. Teleferikotik, Eigergletscherrera igotzean, elurretan eskalatzaileen arrastoak ikusi ditugunean asko lasaitu gara; Inok komentatu zidan irakurri zuela martxoa hasieran Eiger eskalatu zela. Orduan hasi nintzen oni buruz zeozer zehatzagoa jakin zezakeen norbaiten bila, Unairi deitu nion. Honek, asko eskertzen diodan jestu batean, Suizako eskalatzaile indartsu batzuei paretaren egoeraz galdetu zien. Hauetako batek erantzun zion lau egun lehenago bezero batekin sartu zela baina jeitsi zirela elurraren baldintzen gaitik, behe zatian asko zegoela, neketsua eta arriskutsua zela arrastoa zabaltzea. 


Teleferiko estazioan geundela topatu dugu bihar Eiger eskalatzeko asmoa duen lehen sokada, Frantsesak dira. Itxura gaitik, mendi gidaria eta bezeroa. Oso motxila arinak daramate, egunean egiteko asmoz doaz. Egongelako aulkian idazten nagoela beste bikote bat azaldu da biharko gure asmo berdinak dituztenak, mutila eta neska dira. Hauek ere arin doaz.
Telekabina etorri berritik, eguneko azkena da hau, arratseko laurak eta laurdenetakoa, turista Japoniar andanada atera da, atzetik lau eskalatzaile Katalan datoz, berehala hasi gara beraiekin berbetan. Konbersazio alaiean geundela, teleferikoan lana egiten duen mendi-gidari suitzarra gerturatu zaigu. Gure asmoez galdetu digu. Eigerra goazela esan diogunean lehorra dagoela esan digu, tenperaturak altuak direla, honek harriak jauzteko arriskua sortzen duela. Gure kezkak handitzea bazuen helburu lortu du. Barruan ezin dugula egon komentatu digu ere, instalazioak isten dituztela, kanpoan lo egin genezakela esanez alde egin du. Eta hori egin dugu, beheko ate ondoko terrazan lo zakuak atera eta zoru hotzean zabaldu. Gurekin lau katalanak daude.


2025/04/04 Reise der Gotter

Ez dut esnatzeko iratzargailuaren beharrik izan. Goizeko ordu biak baino hamar minutu lehenago hasi naiz ura berotzen, orduan jarri baigenuen zoru izoztutik altxatzeko ordua. Momentu horretan nire ondoan dauden fardel koloretxuak mugimendua hartu dute, eta krisalidak bezala zabaldu eta mendizale logale batzuk atera dira. Jendeak ez du bart zuen hizt egiteko gogoa.
Iñaki eta biok gara gaueko zulo beltzean sartzen lehenak. Ez zaigu kostatzen aurreko egunean telekabinatikan ikusi genituen arrastoak bilatzea, eta trenak errailei milimetro bat ere desbideratu gabe jarraitzen dien bezala, guk arrastoei jarraitzen diegu Eiger gailurrera eramango gaituen itxaropenarekin.


Luzea da Eiger ipar hormaren hasierako arrapala. Zeharkaldi bukaezinetan gora eta gora egiten du jarraitzen ari garen elur arrastoak. Arrakala zahila deitzen duten sekzioan bat egiten dugu gure aurretik doazen bi sokadekin, gidari Frantsesaren sokada eta bikotearena. Katalanak ere batzen dira buxadura honetara. Tapoi hauek, horrelako eskalada konprometituan, arazo larria izan daitezke. Eta desatxegina ere bada, sokada bat bestearen gainean joatea. Zorionez, lehen erresalte horretatik aurrera, non sokak lotu ohi diren, ez zen beste trabarik gertatu. Gure kasuan, eta egin berri genituen katalan lagunak sartzen ditut, Eiger eskalatzeko planteamendua desberdina generaman. Lau eskalatzaile hauek bitan banatu ziren. Aurrean zihoan bikotea soka sinplean zihoazten, eta atzekoak, gu bezala, bi sokaz. Dakigunez, segurtasun gehigarri honek maniobrak moteltzen ditu, batit bat ensanbleak egiten direnean, eta asko egin behar dira hemen.  Gainera, aurrekoak altueran ondo egokituak zetozten, hiru bat gau hirumila metro gainetik loak eginda. Atseginez aurrera pasatzen utzi genien. Bigarren sokadako kideak gu bezala zetozten, estilo klasiago batean, eta, zuzenean etxetik etorriak. 


Eigergletscher estazioan gerturatu zitzaigun mendi gidari Suizarrak zioen moduan Eigerreko horma lehorra zegoen, ez zegoen korrika aritzeko. Hori zati zailenetan, erresalte bertikaletan, soka sinplean zihoazen sokadak eta klasikoan gindoazenak eskaladan gehiago saiatu behar izatea berdin nabaritu genuen. Azkar eta seguru igotzeko izotza behar zen lekuan harri biluzia zegoen. Helduleku hotzak esku hutsez hartuz, eta, kranpoi puntekin haitza atzamarkatuz, gindoazen pixkanaka goruntz.

Nekatuak iristen gara jainkoen zeharkaldia deitzen dioten zatira, 3.500 metro, edo, zehatzago, luze bat beheragora. Hemen, elurretan zinzelkatutako erlaitz parea daude eginak. Egun argi dexente geratzen da oraindik, baina, puntu hau jarri genuenez eguneko helburu bezala, gaua pasatu eta atsedena hartzeko egokia dela adosten dugu Iñaki eta biok.


Atzetik dugun bikote Katalana guregana iristen denean aurrera egiten dute gorago gaua pasatzeko beste leku bat bilatzeko itsaropenez.
Gaua amildegian igarotzeko egin beharreko lanetan ez naiz sartuko, baina bai elur urtuarekin hidratatzen ari ginen unean, elur-erlaitz estuan eserita, eta ahoa zabalik eta ileak puntan utzi ziguna: oihal baten hegadaren hotsa batekin batera zetorren oihu batek gure atentzioa deitzen du. Aurrean dugun panorama alpetar basatian, gure buruak baino metro batzuk gorago, hegazti arraro bat agertzen da. Oihu horri erantzuten diogu eta gure begien aurrean jartzen da piztia, txundituta uzten gaituen maniobra bat eginez. Parapente batean zintzilik dagoen gizon gazte bat da. Arnes azpian motxila eskegita darama. Eiger gailurrera iritsi eta hainbeste desiratzen dugun tontorretik hegan egin duela imajinatzen dugu. Sakontasunean galtzen da gure inbidia eramanez.


2025/04/05 Grindelwald

Gau deserosoa eta lauzea da, horrelakoak izaten dira horma batean zintzilik zaudenean. Puntu honetan, berriz ere, zuei kontatzeko beste gertakari bat egokitu zitzaigun: Aurrean genuen egun gogor eta luzeari hastear ginela, goizeko bostak inguru izango ziran, frontal argi dirdira batek ikaratu gintuen. Presaka zebilen eskalatzaile bat zen. Hitz batzuk gurekin gurutzatu ondoren amets gaiztoa bezala gauen galdu zen. Beldurtzekoa izan zen haitzezko horma tentea eskalatu zuen era, eskuekin heldu eta kranpoiak non jarri zalantza izpinik gabe burutzen zituen, zeraman soka fina paretean kokatuak zeuden iltze bakanetan pasatzen zuen bitartean. Tipoaren atzetik beste bat zetorren aurreneko eskalatzailearen karentzia mantenduz. Bikote galaktiko honen helburua; momentu honetan oraindik ez dakit lortu duten, Eiger iparra eta Jungfrau iparra egunean egitea zen.
Mendian ikasi ditudan gauza askoren artean eskalada maniobrak lasai egin ezkero emaitza hobea  izaten dutela da. Gure denbora hartu dugu gosaldu, eskaladarako prestatu eta abiatzeko.


Hotza dago haitza, baina, esku hutsean helduleku izoztuak heltzeko beste aukerarik ez dugu. aurpegian emandako zaplazteko bat bezala da, dida batean jartzen zaitu lekuan.

Katalanak gaua non pasatu duten aztarnak bilatu ditugu Jainkoen zeharkaldira iritsi garenean, bi erlaitz estu daude zinzelkatuak elurretan. Orizontalean egiten den zeharkaldi luzea da izen bitxi hori eramaten duen zatia, berrehun metro izango ditu. Hau igarotzean armiarma deritzon elur kanpara iristen zara, eta honen bukaeran irteerako kanal luzea dago. Hemen, zati honetan, harroil bateko txirristara baten antza daukana, aurkitu ditugu igoera osoko baldintzarik kaskarrenak. Ez dauka izotza, erabat seku dago. Berehala antzematen da baldintza onetan hemen izotz kanala egongo dela, orain haitz biluzia besterik ez dago. Eskalatzen dugu jakinda egokia ez dela, gurutzatu nahi ez ditugun segurtasun mugak zeharkatuko ditugula, beste aukerarik ez dugu.
Gustura ateratzen gara segada horretatik, eta gailur preziatura eramango gaituen elur malda tenteak eskalatzen hasten gara. Gertu dugu Eigerreko punta baina ez dugu gure poza bada ez bada azaldu nahi.


Gurekin garraiatu ditugun izotz torloju sorta erabiltzen ditugun izotz pala txundigarri batean; beheko zeharkaldietan bat edo beste sartu ditugu, eta honek elur ertz estu batean jartzen gaitu. Orain bai irribarrea marrazten zaigula aurpegietan.

Ze eszena ederra ,mendizale bikotearena bi isurialde bereizten duen erpin elurtu batetik mugitzearena. Horrela da, epikoa, Iñakik eta biok inoiz ahaztuko ez dugun monentua. Arratseko hirurak dira.

Ez dugu hainbeste neke iristea kostatu zaigun gailurrean denbora asko pasatzen. Hori bai, argazki piloa ateratzen dizkiot ametsezko paisaiari, nirekin eraman nahi dut. 
Jaisteko bi aukera daude, neguan egiten dena eta udakoa. Guk lehenatik jaisteko asmoez gindozen baina azkenean, nahi gabe, udako jatsieratik egiten dugu behera, hau da, hego ertza hego leporaino segiz. Aukera honetan rapelak egin behar dira, sei bat, lepo zabalera daraman elur palan jarri arte.


Kronika luze honetan aipatu dut tenperaturarenak garrantzi handia duela honelako eskaladetan, eta ez bakarrik igotzerakoan, jaistean ere, zeren eskalada bat ez da bukatzen goran, beheran baizik.

Eguzkiak malda zuriak gogoz astintzen du, eta ondorioz elurra mela-mela eginda dago, kranpoien zolan eransten dela. Sekula, eta hitz handiekin idazten dut, ez zaizkit horrelako zuekoak egin kranpoietan. Oso neketsua den, eta ez hainbeste arriskutsua, Eigergletschera eramanten gaitu zuzen jetsiera luzeak. Arratsaldeko zazpirak dira.
Honezkero azken kabina joana da, estazioa itxia dago, beraz, eta esan beharra daukat aurretik horrela pentsatua genuela, han utziak ditugun trastok bildu eta makinek egin berria duten eski estazioko pistetatik behera, gure ohinaz nekatuen arrastoak utziz, hamar kilometroko jatsierari ekiten diogu. Gaueko hamarrak pasa direla iristen gara Grindelwadera.


2025/04/06 Zaldibia

Banekien gertatuko zela. Adrelanila gehiegi sortzeak hori dakar, poz handia, gustura sentitzea, ziur artista baten jarduera arrakastatsu baten ondoren bezala dela. Pena horrek ez duela asko irauten.
Emanaldi honen eszenatokia, Eigerren iparraldeko horma, ez zegoen bere osotasunean, lehor aurkitu dugu. Horrek gure jarduna apur bat desitxuratu du. Eta ez da hori pena handiena ematen didana, baizik eta Eigerrak ez nauela bere edertasun guztiarekin hartu, hotz, dena izotz zuriz jantzita. Azken aldian ez dakit zer gertatzen zaidan, mendi guztiak umore txarrez hartzen naute, kontrako, lehor. Eskerrak konpainia onean joaten naizela.

















































6 iruzkin:

  1. Zoragarria zure kronikak irakurtzea, hunkigarria ta motibatzailea! Artistak zeate bikote. Zorionak ta eskerrik asko konpartitzeagatik!

    ErantzunEzabatu
  2. Grande Mikel y cía. Siempre motivante. Enhorabuena y un abrazo desde sobrarbe.

    ErantzunEzabatu
  3. Eskarrikasko. Muchas gracias.
    Zuen hitzak bultzada bat dira mendizale beterano baten bizitzaren hegal gero eta bertikal eta zailagoetan aurrera egiten jarraitzeko.
    Vuestras palabras son un impulso para seguir avanzando en las laderas cada vez más verticales y difíciles de la vida de un veterano montañero.

    ErantzunEzabatu
  4. Eutsi Mikel!!!! Te queda muchiiiisima mecha maestro

    ErantzunEzabatu
  5. Iba a escribir sobre la envidia que sentí al leer el título del post, sentimiento que desaparece mientras leo tu artículo y constato el mal estado de la ruta.

    Si tu sufres... qué hubiera sentido alguien menos encajador, el vasco más duro que conozco.

    Ala, abrazos y como siempre mi eterna admiración por tus ganas interminables, y esa constancia improbable que te encadena a grandes objetivos

    ErantzunEzabatu
  6. Si, albert, a mi tambien me da mucha pena el no haber encontrado la via en su version mas amable, apretada por la nieve y el hielo. Esto, lo del mixto, roca arañada y restos de hielo, es a lo que vamos a tener que resignarnos los que aun tenemos la ilusion de escalar estas vias que fueron grandes hazañas alpinas.

    ErantzunEzabatu