2016(e)ko maiatzaren 25(a), asteazkena

ORDESA - Divina Comedia



   Elur asko dago oraindik Piriniotan. Zuri daude gailur urrunak. Inguruabar hori, zenbat elur egon zitekeen, eta, eskalatzeko aukeratu genuen bidea bustita ote zegoen, Ordesara joateko edo ez joateko zalantza zen. Zeren eta, Peña Montañesa ere beste aukera bat zen, harkaitz lehorra egongo zelako ziurtasunarekin, eta ondo estutzeko bidez beteta.
  Furgonetaren bolanteak erabaki zuen; Sabiñanigora iristen ari ginen, Biescaserako bidegurutzearen ondoan, -orduan zer? -bota zuen Eneko Cesarrek. Bolanteak bat-batean eskuinera biratu zuen, furgoneta Arazazko haranerantz zuzenduz. Erabakia egina zegoen, ez zegoen bueltarik, Ordesako pareta kaotikoetan eskalatuko genuen.


Bidearen krokisa, Christian eta Remi liburutikan hartua, guk eginiko bariantea gorriz markatua dago

Urduri nengoen. Gauean apenas egin nuen lo. Egoera hau, normalean, kanpoan nagoenean gertatzen zait, eskalada bidai batetan, konpromezua duen horma edo mendi batetan. Ordesako bide bategatik horrela jartzeak harritzen ninduen.
   Nerbioak ez dira sekula lagungarri izan, oker jokatzea ekartzen dute. Guk bi akats txiki egin genituen eskalada hasi aurretik, denbora galtze minimo bat eragin zizkigutenak, baina dena kontrolpean ez geneukala sentsazioa areagotu zutenak; motxila bat ez genuen behar zen tokian utzi. Bi motxiletako bat gurekin eramaten genuen soka laguntzailez igotzeko, bestearekin egin genuen akatsa, konturatu ginenerako ia hormaren azpian ginen, bertan utzi genuen. Jaisterakoan bere bila berriro gora joan beharko genuke. Bigarren akatsa; ur botila garaiz ez betetzea izan zen. Berriro egin behar izan genuen behera ura hartzera. Txorradak dirudite, baina ez dira, akats txiki hauek urduritasunaren ondorioz dira.


Lehen luzean


   Hormaren azpian sentsazio bitxi bat izan nuen, eskalatzea ahaztu balitzait bezala, horma kaotiko horretan gora igotzeko gai izango ote nintzen? Neure buruari galdetzen nion. 
  Harkaitza ukitzean, eta hain naturalak zaizkidan mugimenduak egiten hastean, nerbioak alde batera utzi eta konfiantza berreskuratu nuen.

Bigarren luzea

   Bidea oso ona da, Ordesan eskalatzen gozatzen baduzu, eta hori da nire kasua. Enekori ez zaio hainbeste gustatu, ia ez da eskalatzen ibili horma kaotiko hauetan. Baina oso pozik geratu da egindako eskaladarekin. Divina comedia librean igotzea, 7c luzean plakaren azken burilean zintzilikatu behar izan nuen neure burua, ez nuen pasabidea ondo ikuskatu, pixka bat goitik nihoan eta debekatuta zegoen hegan egitea. Oso pozik nago jarduerarekin.


Hirugarrena

Beheko zatian, 7b-ko sabaian, galduak ibili ginen. Gaizki irakurri genuen gure krokisa, eta tarte hori eskuinetik zeharkatu genuen, batean bi luze eginez, 7a delikatua. Unai ere ibilia omen zen inguru hauetatik bueltaka.




Ohore handia izan zen guretzat, lagun zaharrekin batera, azkenaurreko bileratik zintzilik dagoen kutxa metalikoaren liburuxkan sinatzea; Xabi Ansa, Josetxo Rodrigo, Rikar Otegi, Josune Bereziartua, Unai Mendia eta beste. Amets baztertuen kutxa horretan dagoen zirrara guztia lehergarria da.


Seigarren luzea


   Eneko eta biok ados geunden bide honi buruzko gauza batekin. Gaur egun, buril zaharkitu horiek ez dute zentzurik kalitate horretako eskalada-bide batean. Eta batez ere bilerek, duela 36 urte sartutako errematxe ziztrin horiek eman behar zutena eman dute. Etorkizuneko eskalatzaileek Ordesako bide on hau, istripu larriren bat barne, galtzea nahi ez badugu, buril zahar hauek berritzeko aukerari buruzko eztabaida hasi beharko dugu.


Zortzigarrena

Divina Comedia bidearen bilera on bat

Bederatzigarrena

Liburuaren kaxa

Azken luzea

Cascadaren pareta hizotzarekin dagoela

Eneko Cesar handia

Cotatuero bi ur jauziak



1 iruzkin: