2019(e)ko ekainaren 7(a), ostirala

PALOMARES - ipa barik ez dago festarik, BALAITUS - Neus glaziarretik, PEÑA MONTAÑESA - Ugatza, aste bikaina

   Azken aste hau oso intentsua izan da, bizia, aita naizenetik ahaztua nuen aste aktiboa. Esan daiteke estres puntu bat sortzen duen bidai kateamendu horietakoa izan dela, eskalada batetik etorri, motxila hustu eta segidan beste eskalada bat burutzeko berriro motxila prestatzen duzun horietakoa. Non, buruhauste handienak, hartu duzun eskalada materiala, edo, hormara hurbiltzeko bidea, egokiak ote diren zalantzak sor diezazkizukeenak dira, aste luze burugabea.
   Aste trinko hau ez zen posible izango etxekoen laguntzarik gabe, muxu handi bat bidali nahi diet denei, bereziki, nire emazteari, bere adinekotasunarik gabe ez ziren posible izango eskalada zirraragarri hauek, eta are gutxiago, bloggean idazteko nire ilusio ulergaitza.
   Lau istorio desberdin burutu ditut aste bikain honetan, lau horma eta mendi diferentetan, lagun desberdinekin denak.   
   Nire aste higitu honetan, lehenik, atarikoa bezala, Xabi, Aritz eta Tarirekin aritu nintzan eskalatzen, Etxaurin, espigolo bidearekin ausartu nintzan ni. Ikusgarri bezain desplomatua den bidea da espigolo, erresistentzia fisiko guda bat da.



   Alberto Fernández izan nuen soka kide bigarren irteeran. Asko poztu ninduen telefono deia izan zen Albertorena, Euskal alpinista gazte indartsuen artean dago Elgoibarra, eskalada ederrak burutzen ari den eskalatzailea dugu. Ez nuen dudarik, irteera hau aukera ona zela Palomareseko hormetan igotzear neuzkan bide batzuk eskalatzeko. Eta noski, saiatu beharreko bideen zerrendan lehenetarikoa “Ipa barik ez dago festarik” zegoen.
   Itzela da Íñigo eta Mikelek zabaldu duten bidea, "Ipa barik ez dago festarik" bidearekin lortu dute hormetako eskalada garbia kontzeptua bere osotasunean azaltzea. Ipa… bidearen lehen luzea, zailtasunez handia ez izan arren, eskalada perfektuaren bilakaeran pauso bat da. Haitza eraso gabe, pazientziaz, eskalada garbiak eskaintzen duen aukera guztiak aprobetxatuz, luze izugarri bat zabaldu dute, hiru joku mikrofrien eskatzen duen 55 metrotako plaka buka ezina. Bilera ere muntatu beharra dago.            
   Hurrengo luzeak ere ez dira makalak. Aipagarria hirugarren luzea da, 60 metrotako plaka eder bat maisuki zabaldua. Azken luzea ezin izan genuen askatu, zeharkaldi oso gogor bat du, bloke pauso bat, arrakala gogor baten ondoren.
   Asko gustatu zitzaigun bidea, zoriondu genuen Íñigo, orain Ipa zerbezaren zain gaude.




















    Nire hirugarren irteera hitzordua Marronekin zen eta eszenatokia erabat desberdina; katu oinen ordez kranpoiak jantziko genituen, eta hurbilketa eskiaz egingo genuen.
   Balaitus, Neus glaziarretikan, izan zen aste amestu honen hirugarren norakoa. Balaitus igoerak ez du azalpen handirik behar, igoera klasiko bat da, mendizale askok ezagutzen dute, ez horregatik galtzen du edertasuna, nire iritziz ikusgarria da.
  Berandu atera ginen Pirineoetara, Alberto Bergaran agurtu eta, trasto bila etxetik pasatu ondoren, gaueko bederatzietan Marronekin elkartu nintzan Zaldibian.
  Solasaldi atseginean egin genuen bidaia, gauza asko genituen elkar kontatzeko. Errepideak autoz hustuta zeuden ordu txiki horietan, gure bidean gurutzatzen genituen herriak erabat abandonatuak ziruditen. Goizeko ordubatean furgoneta Maison du Parc parkingean gelditu genuen eta azkenean etzan ahal izan ginen gure gorputz nekatuek atseden har zezaten.
   Egunsentiko argi meheak iratzarri gintuen. Ez ginen igarritzen zan egun zoragarriaz gozatu nahi genuen bakarrak; kotxe bat etorri berria zen, eta autoan zetorren gidaria beteranoa denbora galdu gabe eskiatzeko botak janzten ari zen. Lehenago arrantzale bat joana zen mendian gora kanabera eskuetan zuela.
   Arin gindoazen bide harritsu zabaletik gora, polita zetorren eguna, gailur handietsien ingurua kolore biziz margotzen ari zen, txundituta geunden hainbeste edertasunaren artean. Motxila astunak generamatzan, eski eta boten pisua nabaria zen. Ledormeur aterpearen altueran jantzi genituen eskiak, eta hau lasaigarria izan zen gure bizkar eta oinentzat, gozagarria da eskiak elur leunean irristatzen oinez ibiltzea.
   Gogorra zegoen elurra hasiera honetan, izoztua, udaberriak eta bere tenperatura-aldaketa sarriek eragiten dituzte fusio hauek elurtutako mantuan. Poliki-poliki gorantz gindoazela, eta, batez ere, haran goibelean nagusitzen den hotzagatik, atzera egin genuen denboran. Negu kutsua hartu zuen paisaiak Neus glaziarrean sartu ginen momentuan. Inguratzen gintuzten horma erraldoiak zizelkatu zituen hotza betikoa da hemen, garai hoben malenkoniaz nekez irauten duen negua. Elurra solte zegoen, hautsa zen. Gure traza elur barearen gainean margotzen ari ginen, artistak bere sinadura marrazkiaren oihalean  trazatze duenean duen asmo berarekin, paisaia gurea egitea. 
   Luze egin zitzaigun Neus glaziarraren azken zatia, astuna, malda handia ez izan arren, ibilbidea bai da bukaezina.
   Gure aurretik aterata zen eskiatzaile beterano bakartia eguzkipean zegoen azken kanala igotzen, ikusi genuen eskiak utzita zituen inprobisatutako elur erlaitzera iritsi ginenean. Bere oin arrasto sakonak elur exkaxean gora galtzen ziran. Balaitus mendiaren gailurra bertikal bihurtzen da azken zati honetan, eta negu sasoian izotzezko ur-jauzi eder batek ixten du bidea. Egoera onean aurkitzeko zortea baduzu, bere eskalada atsegina da.
   Kanalean, elurraren baldintzak ez ziran onak eta, aipatu dugun izotz jauzia ez zegoen bere hobenean, zortez, generaman eskalada material gutxiarekin seguru igotzea lortu genuen. Frantses eskiatzaile bakartia beherako bidean zen une horretan, eta elkar gurutzatu ginenean agurtu ginen. Ez da gaztea, aurpegian igartzen zaio urteen pisua, aitona izan daiteke. Hitz batzuk elkarbanatu genituen, elurraren baldintzez kexatzen zen. Soka eskeini nion errapelatuz izotz jauzia seguru igaro zedin, uko egiten zuen. Gu gurean segitu genuen gure burua babestuz gailur handitsua zapaltzeko irrika. Bosteko beroa eman genuen elkar punta harritsura iritsi ginenean, denbora zen Marronekin gailurrik ez nuela gozatzen.
   Furgonetatik furgonetarako txangoa zortzi ordu kostatu zitzaigun. Beherakoa, eskiak oinetan jantzita Neus glaziarrean zehar irrist egitea, plazerraren hurrengoa da, estasia.
   Ahaleginaren ondoren dator saria; Pirinioetako erreka batetan oin zigortuak ur hotzetan sartzea, zerbeza bat edaten ari zaren bitartean, gailurra zapaltzearen pareko gozamena da.
   










   Aste amestu honen laugarren eta azken irteera Iker Artolarekin egin nuen. Oraingo honetan Peña Montañesa zoragarrira joan aurretik egun bat deskantsu hartu al izan nuen.
   Aspaldikoa genuen Iker eta biok elkarrekin irteera bat egiteko gogoa, baina, eguneroko zereginak atzeratzen zuten nahia. Lizarrustin, Ikerrek eskalada garbia egiteko aitzakiarekin egin zuen bisita batean, izan genuen hitzetatik ekintzetara pasatzeko aukera: 
  Ez genuen inongo presarik Oncinsera iristeko, Jacan lagun zaharrak agurtzera geratu ginen lehenik, eta bertan afaldu genuen. Umore ezin hobean joan zitzaizkigun orduak, gau erdia pasa zela atera ginen Jacatik, eta Oncinsera, bakardadean errepide ilun eta estuak zeharkatu ondoren, ordu txikietan iritxi ginen.
   Parranda txikiaren zapore lehorra ahoan genuela altxa ginen, gaua oso motza izan zen, suertez, eskaladaren ilusioak ajearen alferkeria gainditzea lortu zuen eta, gosari txiki baten ondoren, eskalada egun bati aurre egiteko prest geunden.
   Ugatza bidea izango genuela helburua adostu genuen kafea hartzen genuen bitartean. Eguna ederra zetorren, nahiz eta zerua ez zegoen erabat urdin, lainoak ipar haizearen eraginez azkar pasatzen ziran gure gainetik. Horma zati asko bustiak ageri ziren ere; ea zorte apur batekin Ugatza lehor topatzen genuen.
   Horma azpira iristeak, eskalada bideak hasten diren lekuetara ailegatzea, bere zailtasunak dauzka, Peña Montañesak ez du hau ere erraza jartzen. 
   Ugatza bidea Eneko Cesar eta Mikel Zabalzak zabaldua da, 2013an bi Naparrak beste erakustaldi bat eman ziguten, seguru fixo oso gutxiekin lortu zuten Peña Montañesako pareta zentrala igotzea. Zortzi luze ditu Ugatzak, horietatik hirugarrena eta zazpigarrena oso onak dira, apartak. Hau horrela, beste luzeak trantsizio direla esango nuke, haitz-ohial on horietara iristeko modua, hori bai, material fixorik gabeak.
   Hirugarren luze dotorea diedro tente ori batetik doa, oso fin igo beharra dago diedro hau, teknika onaz hankak bi aldeetara mugituz, seguruen kokapena ona da.
   Zazpigarren luzea kalitate aparta duen haitz plaka bat da, oso teknikoa, aiurri handia dauka. Hatzentzat helduleku txikiak ditu tirada gogor honek, hankak kokatzeko lekuak bilatzea lan zaila da ere, pausoak nondik hartu asmatzea giltzarria da luzea kateatzeko.
  















   Ziztu batean pasatu zitzaidan aste hunkigarri hau, bizipen kopurua gaitik luzeagoa izan zen irudipena daukat. Oso atsegina egin zitzaidan ardura gabeko astea, mendi eta eskalada aldetik aparta, umorez eta zintzo lagunartean.















   




















2019(e)ko maiatzaren 18(a), larunbata

AKETEGI - Hego ertza - Argi bidea




   Eguna argia zen, ederra, eguzkiak lehen ordutik argitzen zituen Aizkorriko puntak, Zegama herritik argi ikusten genituen kanalak eguzkiaren argitan. Gure helburua ez zegoen hain argi, Aketegiko harrizko horma mimetizatua geratzen zen goizeko argiaren efektuz. Saiatu nintzan Xabierri gure eskalada argitzen, argibideak ematen, ez zitzaion oso argi geratu.
   Lortu genuen gure eskalada, argitasuna eman genion aspalditik erronka nuen helburu bati, haitz eskalada berrargitzea Aizkorriko hormetan. Zaila egiten ari zait, haitz hauek oso egoskorrak dira, xuhurrak heldulekuak eskaintzen.
   Mendi eskalada da “Argi” bidea, argi eta tentuz ibili behar da harri hauetatik igotzean, hau argi eta garbi esan beharra daukat, era horretara argitaratzen dut bloggean.
   Gustura geratu ginen eskaladaz, gailurrean ateratako argazkiak argi erakusten du, irribarretsu agertzen gara Aketegi muñoan, larra argitsuan.
   Bideari Argi izena jarri diogu, Xabierren zakur Argiren omenez, zakur argia da Argi.




   San Adrian tunela pasaz, eta Aizkorri bide arrunta hartuz egin genuen Aketegi horma hurbiltzea. Aizkorri puntatik, gure frente eta azpian, ikusi al izan genuen Aketegiko hego ertza. Zabalaitz zeharkatu, eta azken punta honek Aketegi mendiarekin partekatzen duen lepotik Kanalaundi kanalera jaitsi ginen. Bi kanal hauek elkartzen diren puntuan, Kanalaundiko zuhaitz bakartiaren altueran, ahuntz bide bat pasatzen da Aketegiko horma aldera doana, bidexka hau segituz ertzaren hasiera eraman gintuen, kordino bat utzia dago zuhaixka batean.

   Lehen hiru luzeak trepada dira, eskalada erreza dute, tentuz ibili beharra dago une batzuetan harri solteak daude eta. Hirugarren luzea arteka zabal batetara iristen da, eskuinera segi beharra dago arteka honetatik bilera muntatzera. Laugarren tirada interesgarriena iruditu zitzaigun, bertikaltasun pittin bat hartzen du bideak. Bosgarren eta azken luzea arista da berriro, guk ensablean egin genuen azken zati hau.



























2019(e)ko apirilaren 26(a), ostirala

VERCORS Oleos bidea

Elur hautsa zen dena

   Saiatu gara, ez da posible izan, Eiger ipar hormak gure tokian jarri gaitu, umiltasunez atzera egin beharrean izan gara, harrokeria garesti atera zitzaigukeen. Gehienetan, mendiaren gailurra zapaltzea nahi izatea ez da aski izaten, zeruaren eta infernuaren arteko muga oso estua da pareta ilun hauetan, denok entzunak ditugu gertaera beltz asko Eiger ipar horman.
   Arratsean hartu genuen Kleine Scheidegg-ko trena. Aurreko egunean, ordura arte baldintzak lehorrak ziran bailaran, elurrak bazterrak ongi zuritu zituen. Apurka eguraldia hobetzen ari zen, Meteo iragarpenak hurrengo egunetarako giro aparta azaltzen zuen. Ez zen hori ordea Eiger ipar hormaren partea, Grindelwald sport dendako mendi gidariak Eiger ipar paretaren egoeraz galdetu genionean harriduraz begiratu gintuen,- Nor ausartzen da Eiger hormaz galdetzea? - Eroak ala ziurrak dira eskalatzaile hauek? Horma ez zegoela baldintza onean erantzun zigun, eskalada ezinezkoa izango genuela, guk aldiz gure begiez ikusi nahi genuen horma, bertara joatea erabaki genuen.
   Hotza izugarria zen, elur hautsetan gindoazen arrasto sakona  zabaltzen, egunaren azken argiak ziren. Eiger ipar paretari sarrera ematen dion elur malda igotzeari ekin genion orduan, asmoa, edozein momentuan eta edozein tokian bibaka antolatzea zen, estrategia sinplea gurea.
   Elur malda konikoak jarri zigun gure tokian, gerriraino sartzen ginen elur bigunean, ezin genuen pauso seguru bat eman, elur maldak bere sakonera eraman behar gintuen sentsazioa nuen.


   Ez zen erabaki erraza izan, sekula ez da erraza izaten, frakasoaren zama astuna da, faktore asko genituen kontra, hauek irakurtzen jakin beharrean geunden, gaua gure gainean genuela ekin genion atzerako bideari.
   Hiru lagunen arteko irteera bat zen gurea, Chemari, Xabier Artola, eta idazten duen honen artekoa. Xabik, gu Eigerren geunden bitartean, elur hauts hotzetan eskiatzen gozatu ederra hartua zen, oso baldintza onak zeuden horretarako. Guk ordea haitz eskalada nahiago genuen, arroka seko eta epelean hobeto, Frantziara bueltatzea izan zen gure erabakia.

Udaberria iritsia zen Vercorsera

   Vercors mendi ingurua ezagutzeko interesa aspaldikoa dut, gauza onak soilik entzunak nituen, Alpeen itzalean, bigarren lerroan izan da beti, bere garaia iritsi zitzaionaren determinazioa nuen.


   Dakienari galdetu behar zaio beti, Unai Mendiak bidai batzuk eginak ditu Okzitaniako pareta hauetara, Iruñarrak telefonoz gauza asko argitu zizkigun. Unai, Philip Moussato eskalatzaile Frantziarraren jarraitzaile amorratua da, azken honek horma hauetan bide oso on batzuk zabalduak ditu, bide hauetariko batzuk gomentatu zizkigun. Unairen gustuko bideak izanik hortzak estu hartu beharreko marrak beharko dira izan, Philipek bere ibilerak eskalada gida batean idatziak ditu, bide propioen selekzio bat da eskalada gida hau.








   Bi horma gomendatu zizkigun Unaiek, Archiena eta Glandasse, lehenengo paretatik hastea erabaki genuen.
   Sorpresa atsegina izan zen Archiane zirkoa, ingurua benetan ederra da, horma oso erakargarria du, eta aterpean egiñiko egonaldiaz ere oroitzapen onak ditugu. Jean Luc, Archiane aterpeko zaintzaileak, doanik utzi zizkigun sukaldeko erabilpena eta dutxa, erreforma batzuk egiten ari zen eta itxia zuen aterpea, lerro hauetatik eskerrak eman nahi dizkiot.
   Bi bide eskala genitun Archianen, lehena Quarantaine rougissante eta Equation bideen arteko konbinazio bat, bigarrena Oleos bidea, biak a la biak oso onak, nik azken honetaz hitz egin nahi dut, benetan txunditu bai ninduen.





Quarantaine lehen luzeak







Equation luze klabean, zoragarria!!!









   Philip Moussatok sortu zuen Oleos bidea, bakarka, 2009 urtean, mendi istripuan hildako Luc Avogrado lagunaren oroimenez. Horma handiko kirol eskalada bide bat dugu Oleos, ekipatutako bide bat, hau horrela izan harren guk friend gutxi batzuk eraman genituen, baita erabili ere.
   Hitzez zaila egiten zait Oleos deskribatzea, betiko kalitate kalifikazioetatik kanpo deskribatu nahiko nuke eta, Oleos bideak ba dauka beste esentzia bat, eskalatzen ari zaren bitartean jasotzen duzun emozio bat, arrokak, mugimenduaren bitartez blaitzen zaituen ilusio ukigarria. Bere lagunari egin nahi dion omenaldi honetan, Philipek eskaladan zehar biltzen ditu, tiradaz tirada, arrosa sorta bat balitz bezala, soilik ederrenak eta perfektuenak diren lorak.





   Kostatu zitzaigun Oleos eskalatzea, bukatu ere ez genuen egin, lau luzetara utzi behar izan genuen gauak harrapa gintuelako. Gauza on gehienak ez dira errez lortzen, ahalegintzea eskatzen dute, emaitzaren zaporea gozoagoa da beti, eskalada honetan ere horrela izan da.
    Denbora asko galdu genuen bidea bilatzen. Naiz eta bidea begi aurrean izan ez genuen ikusten, Mussatoren eskalada gidak leku batean kokatzen du, eta Vercors eskalada gidak beste desberdin batean, azken honek du arrazoi. Martxoa ez da garairik onena bide hau eskalatzeko, itzalean pasatzen ditu egunaren ordu gehienak, goizeko lehen orduetan eguzkiak jotzen du soilik. Kanal handiaren ondoan doa, honek haize korronte bat sortzen du, hotza urte sasoi honetarako. Uda garaiko aproposa dela deritzot, guk hotz handia pasa genuen, arropa asko soinean genuela eskalatu beharrean izan ginan. Martxoan egunak udan baino motzagoak dira, guk pare bat ordu gehiago behar izango genituen eskalada bukatzeko.


Oleos bigarren luzea















Beste luze bat gehiago egin genuen, hamabigarrena

   Bideak du garrantzia. Helmuga bukaera izan daiteke, gailurra, eta nik ez dut mendi tontorrera iristeko presarik.