2019(e)ko maiatzaren 18(a), larunbata

AKETEGI - Hego ertza - Argi bidea




   Eguna argia zen, ederra, eguzkiak lehen ordutik argitzen zituen Aizkorriko puntak, Zegama herritik argi ikusten genituen kanalak eguzkiaren argitan. Gure helburua ez zegoen hain argi, Aketegiko harrizko horma mimetizatua geratzen zen goizeko argiaren efektuz. Saiatu nintzan Xabierri gure eskalada argitzen, argibideak ematen, ez zitzaion oso argi geratu.
   Lortu genuen gure eskalada, argitasuna eman genion aspalditik erronka nuen helburu bati, haitz eskalada berrargitzea Aizkorriko hormetan. Zaila egiten ari zait, haitz hauek oso egoskorrak dira, xuhurrak heldulekuak eskaintzen.
   Mendi eskalada da “Argi” bidea, argi eta tentuz ibili behar da harri hauetatik igotzean, hau argi eta garbi esan beharra daukat, era horretara argitaratzen dut bloggean.
   Gustura geratu ginen eskaladaz, gailurrean ateratako argazkiak argi erakusten du, irribarretsu agertzen gara Aketegi muñoan, larra argitsuan.
   Bideari Argi izena jarri diogu, Xabierren zakur Argiren omenez, zakur argia da Argi.




   San Adrian tunela pasaz, eta Aizkorri bide arrunta hartuz egin genuen Aketegi horma hurbiltzea. Aizkorri puntatik, gure frente eta azpian, ikusi al izan genuen Aketegiko hego ertza. Zabalaitz zeharkatu, eta azken punta honek Aketegi mendiarekin partekatzen duen lepotik Kanalaundi kanalera jaitsi ginen. Bi kanal hauek elkartzen diren puntuan, Kanalaundiko zuhaitz bakartiaren altueran, ahuntz bide bat pasatzen da Aketegiko horma aldera doana, bidexka hau segituz ertzaren hasiera eraman gintuen, kordino bat utzia dago zuhaixka batean.

   Lehen hiru luzeak trepada dira, eskalada erreza dute, tentuz ibili beharra dago une batzuetan harri solteak daude eta. Hirugarren luzea arteka zabal batetara iristen da, eskuinera segi beharra dago arteka honetatik bilera muntatzera. Laugarren tirada interesgarriena iruditu zitzaigun, bertikaltasun pittin bat hartzen du bideak. Bosgarren eta azken luzea arista da berriro, guk ensablean egin genuen azken zati hau.



























iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina