Elur hautsa zen dena
Saiatu gara, ez da posible izan, Eiger ipar
hormak gure tokian jarri gaitu, umiltasunez atzera egin beharrean izan gara, harrokeria
garesti atera zitzaigukeen. Gehienetan, mendiaren gailurra zapaltzea nahi
izatea ez da aski izaten, zeruaren eta infernuaren arteko muga oso estua da pareta ilun hauetan, denok entzunak ditugu gertaera beltz asko
Eiger ipar horman.
Arratsean
hartu genuen Kleine Scheidegg-ko trena. Aurreko egunean, ordura arte baldintzak lehorrak ziran bailaran, elurrak bazterrak ongi
zuritu zituen. Apurka eguraldia hobetzen ari zen, Meteo iragarpenak hurrengo
egunetarako giro aparta azaltzen zuen. Ez zen hori ordea Eiger ipar hormaren
partea, Grindelwald sport dendako mendi gidariak Eiger ipar paretaren egoeraz
galdetu genionean harriduraz begiratu gintuen,- Nor ausartzen da Eiger hormaz
galdetzea? - Eroak ala ziurrak dira eskalatzaile hauek? Horma ez zegoela
baldintza onean erantzun zigun, eskalada ezinezkoa izango genuela, guk aldiz
gure begiez ikusi nahi genuen horma, bertara joatea
erabaki genuen.
Hotza izugarria zen, elur hautsetan
gindoazen arrasto sakona zabaltzen,
egunaren azken argiak ziren. Eiger ipar paretari sarrera ematen dion elur malda
igotzeari ekin genion orduan, asmoa, edozein momentuan eta edozein tokian bibaka
antolatzea zen, estrategia sinplea gurea.
Elur
malda konikoak jarri zigun gure tokian, gerriraino sartzen ginen elur bigunean,
ezin genuen pauso seguru bat eman, elur maldak bere sakonera eraman behar
gintuen sentsazioa nuen.
Ez zen erabaki erraza
izan, sekula ez da erraza izaten, frakasoaren zama astuna da, faktore asko
genituen kontra, hauek irakurtzen jakin beharrean geunden, gaua gure gainean
genuela ekin genion atzerako bideari.
Hiru lagunen arteko irteera bat zen gurea,
Chemari, Xabier Artola, eta idazten duen honen artekoa. Xabik, gu Eigerren
geunden bitartean, elur hauts hotzetan eskiatzen gozatu ederra hartua zen, oso
baldintza onak zeuden horretarako. Guk ordea haitz eskalada nahiago genuen,
arroka seko eta epelean hobeto, Frantziara bueltatzea izan zen gure erabakia.
Udaberria iritsia zen Vercorsera
Vercors mendi ingurua ezagutzeko interesa aspaldikoa dut, gauza onak
soilik entzunak nituen, Alpeen itzalean, bigarren lerroan izan da beti, bere
garaia iritsi zitzaionaren determinazioa nuen.
Dakienari galdetu behar
zaio beti, Unai Mendiak bidai batzuk eginak ditu Okzitaniako pareta hauetara,
Iruñarrak telefonoz gauza asko argitu zizkigun. Unai, Philip Moussato
eskalatzaile Frantziarraren jarraitzaile amorratua da, azken honek horma
hauetan bide oso on batzuk zabalduak ditu, bide hauetariko batzuk gomentatu zizkigun. Unairen gustuko bideak izanik
hortzak estu hartu beharreko marrak beharko dira izan, Philipek bere
ibilerak eskalada gida batean idatziak ditu, bide propioen selekzio bat da
eskalada gida hau.
Bi horma gomendatu zizkigun Unaiek, Archiena
eta Glandasse, lehenengo paretatik hastea erabaki genuen.
Sorpresa atsegina izan zen Archiane zirkoa,
ingurua benetan ederra da, horma oso erakargarria du, eta aterpean egiñiko
egonaldiaz ere oroitzapen onak ditugu. Jean Luc, Archiane aterpeko zaintzaileak,
doanik utzi zizkigun sukaldeko erabilpena eta dutxa, erreforma batzuk egiten
ari zen eta itxia zuen aterpea, lerro hauetatik eskerrak eman nahi dizkiot.
Bi bide eskala genitun Archianen, lehena Quarantaine rougissante eta Equation bideen arteko konbinazio bat, bigarrena Oleos bidea, biak a la biak oso
onak, nik azken honetaz hitz egin nahi dut, benetan txunditu bai ninduen.
Quarantaine lehen luzeak
Equation luze klabean, zoragarria!!!
Philip Moussatok sortu zuen Oleos bidea,
bakarka, 2009 urtean, mendi istripuan hildako Luc Avogrado lagunaren oroimenez.
Horma handiko kirol eskalada bide bat dugu Oleos, ekipatutako bide bat, hau
horrela izan harren guk friend gutxi batzuk eraman genituen, baita erabili ere.
Hitzez
zaila egiten zait Oleos deskribatzea, betiko kalitate kalifikazioetatik kanpo
deskribatu nahiko nuke eta, Oleos bideak ba dauka beste esentzia bat, eskalatzen
ari zaren bitartean jasotzen duzun emozio bat, arrokak, mugimenduaren bitartez
blaitzen zaituen ilusio ukigarria. Bere lagunari
egin nahi dion omenaldi honetan, Philipek eskaladan zehar biltzen ditu, tiradaz
tirada, arrosa sorta bat balitz bezala, soilik ederrenak eta perfektuenak diren
lorak.
Kostatu zitzaigun Oleos eskalatzea, bukatu
ere ez genuen egin, lau luzetara utzi behar izan genuen gauak harrapa
gintuelako. Gauza on gehienak ez dira errez lortzen, ahalegintzea eskatzen
dute, emaitzaren zaporea gozoagoa da beti, eskalada honetan ere horrela izan da.
Denbora asko galdu genuen bidea bilatzen. Naiz
eta bidea begi aurrean izan ez genuen ikusten, Mussatoren eskalada gidak leku
batean kokatzen du, eta Vercors eskalada gidak beste desberdin batean, azken
honek du arrazoi. Martxoa ez da garairik
onena bide hau eskalatzeko, itzalean pasatzen ditu egunaren ordu gehienak,
goizeko lehen orduetan eguzkiak jotzen du soilik. Kanal handiaren ondoan doa, honek
haize korronte bat sortzen du, hotza urte sasoi honetarako. Uda garaiko
aproposa dela deritzot, guk hotz handia pasa genuen, arropa asko soinean
genuela eskalatu beharrean izan ginan. Martxoan egunak udan baino motzagoak
dira, guk pare bat ordu gehiago behar izango genituen eskalada bukatzeko.
Oleos bigarren luzea
Beste luze bat gehiago egin genuen, hamabigarrena
Bideak du garrantzia. Helmuga
bukaera izan daiteke, gailurra, eta nik ez dut mendi tontorrera iristeko presarik.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina