Begien dirdirek ez dute gezurrik esaten, Xabier pozik dago, esker oneko bostekoa ere eman dit.
Zein gustuko ditut momentu hauek, eskaladan aurrerapauso bat eman nahi duten lagunei mendian murgilduta urteetan ikasi dudana erakutsi dienaren estimua. Saria, besarkada bat, miresmenezko begirada argi batek argitua, nork ez du gustuko onespena?
Free think-free climb blogean irakurri dut; Juan Corcuera alpinistak bere mendi kronikak idazten zituen horria da hau, mendi eskalada bloggak oso ugariak ziren garaietakoa, Garrote bidera joatearen arrazoietako bat, eta honekin etxe ondoan eskaladak bilatzekoa, gasoilaren prezioa zela zioen, 1,36 €tan zegoen urre beltza 2012 urtean. Bi eurotara iritsi den honetan, Lescun herria ere urruti dago. Xabier eta nik, Ansabereko orratz handian Garrote bidea eskalatzeko, Linzatik joatea adosten dugu. Aukera honek, kilometro dexente gutxiago egitea ekartzen du, eta arratsean beranduago geratzeko aukera, egunari zuko gehiago ateratzeko abagunea. Gustagarri dut ere Izaba herrian geldialdia egitea, goizean bada okindegian berriro gosaltzeko, eta egun honetan bezala arratsean bada, Txiki tabernan bapo afaltzeko. Honuntzarte dena normal, inori ez zaio arraro egingo.
Hurrengo goizean, goizeko seirak ematera zihoazela atera ginen Linzako aterpetxetik, eta egun sentiak cuello de Linza izenez ezagutzen den parajean arrapatu gintuen. Eta orain bai, hemen dator bidai honetan ezohikoa izan zena. Gure hurratsak ez ziren Petretxemako lepora bideratu, Mouscateko lepora baizik, edo hobeto esanda, Petretxema mendia eta Mouscate mendiaren artean dagoen bretxara, ipar orratz izena ere hartzen duen puntura.
Ansabereko orratz handiaren ipar-ekialde hormaren alboan geunden, Garrote bidera doan kanala oinetan genuela. Soka lotu genuen bost bat metro duen haitzezko harresia jaisteko, eta behin elur palaren gainean ginela, lotuta jarraitu genuen atzeraka jaisten, eguzkiak gogor kastigatzen zuen magal zuritik behera.
Pirinioetako bazter eder hauetan egin ditudan mendi txango eta eskaladek, urbiltze posibilitate hau baloratzea ekarri zidan, eta egingarria da. Kontuan hartu behar dena azken zatia da, hego orientazioa duen elur pala pikoa. Guk apirileko eguzki izpi indartsuen azpian jaitsi genuen magala, elurra mela-mela zegoela, eta honek gure zalantzak piztu zituen, egiten ari ginena zentzuzkoa ote zen. Goizean iratzargailua pare bat ordu lehenago jarri izan bagenu, zati hau baldintza ezin hobean aurkituko genuen, eta gure handinahiaren bideragarritasunaz, elur pala tentea jaisten ari ginelarik ere, zihur egongo ginen.
Elur palan ehun metro luze jaitsi ondoren, ezkerrera zeharkatu genuen Ansabere orratz handiako kanalaren bila. Hemen muga nabarmen bat ikuskatzen zen, zuria eta beltza bereizten duen marra bat, eguzkia eta itzalaren arteko desadostasuna, pioleten puntak mugan beste aldeko elur iluna kolpatu zutenean gustagarri dudan doinua egin zuten. Gurutzatu nuenean, nire gorputza suspergarria gertatu zitzaion freskotasun batek estali zuen. Neguak oraindik bere gelditasuna utzi nahi ez duen aldera pasatu nintzen, horren bila etorriak ginen.
Garrote bidearen hasierako kanal estutik kanpo, ezker aldeko horman, muntatzea kostatu zitzaidan bileran, bi sokak lotu nituen, eta eskalada material guztia gainean hartu nuen. Asko pentsatu gabe, naturaren obra artistiko ezin hobea kalifikatu dezakedan pitzadura jelatutik gora hasi nintzen igotzen.
Baldintzak onak ziren, altzairuzko erremintak kirritx alaia egiten zuten izotzarekin kontaktuan. Kanaletik gora metro batzuk eginak nituela, pitzadura bitan banatzen da, eta zalantza sortu zitzaidan nondik tiratzean. Bilera muntatu nuen eskuinera ateratzen den kanalean, jokaldia hobeto aztertu beharra zegoen. Eskuin kanala aurrerago segituz sabai batean jarraitutasuna galtzen zuen. Ezkerrekoari berriz, izotz polita ikuskatzen zitzaion. Gainera, izotzarekin nahastuta, norbaitek utzitako eskalada soka finkoa zegoen, ezkerretara joatea aukeratu genuen.
Puntu hau izan zen zalantzagarriena, hortik aurrera kanala segitu besterik ez da egin behar, hori bai, doitasun handiz eskalatuz. Gure eskaladaren gorabeherari buruz gauza gehiago aipatzekotan, irteerako kanalera irtetzeko aurreko eskalada luzea izango zen, zaila baino konpromezuzkoa kalifikatuko nuena: Nahi izan nuena baino gorago muntatu nuen bilera. Mailoi bat zuen kordino gorria ikusten nuen metro batzuk gorago, baina bilera hau, hurrengo tiradaren izotz jauziaren azpian zegoenez, ez zitzaidan egokia iruditu, hurrengo luzean sokak eutsi behar zituenak izotz erorketen azpian egongo zen. Nire beheko bilera muntatzeko ahaleginak alperrikoak izan ziren, kordino gorriaren eraginak zerikusia izango zuen ezin horretan, azkenean izotz jauziaren azpian muntatu nuen bilera.
Ezegonkor itsura azaltzen zuen elur zutabe baten eskuin aldean, izotz eskaxeko kanal estua zegoen. Ikusi eta berehala ausnartu nuen pasillo hori, lan handiarekin, eskalatzaile batek egina zela, beraz, hemendik nire esker beroenak bidaltzen dizkiot ezezaguna zaidan pertsona horri.
Nahi baino eskaxagoa zegoen izotz fin batean, itxuraz berria zirudien, eta zati hau bukatzerako oso beheran utzi nuen, iltze unibersal batek babestua, arnasa sakon hartzera derrigortzen zaituzten eskalada mugimendu delikatu batzuk egin behar izan nituen. Hau gaindituta, segidan zetozen bi sabai pasatu behar nituen bietan eskuinera trabeska eginez. Hemen ere, bi zati hauetan, izotz hobearekin gauzak xamurragoak izango ziren. Zegoenarekin burrukatuta, airoso eta konten atera nintzen Ansabereko orratz handia eta Petretxema mendia bereizten dituen elur kanal etzanera, lepo desiratura daramana.
Bi errealitate desberdinen arteko muga da hau, ondoan bai, baina, aldi berean, ain urrun dauden bi gailur. Hegoaldeko zelai suabeak dira Petretxemaren ezaugarriak, erraz irits zaitezke puntara. Ansabereko orratz handiak berriz, amildegiaren ikara dario, soilik eskalatzen heldu zaitezke punta bakartira, eragiten duen kikildura gainditzeko kapaza bazara.
Petretxemaren gailurrean, gainean genuen pisu guztiaz gabetzen ari ginela, eguzkia begiratu nuen, zeruan goran zegoen oraindik. Ikuskizun honek bueltatu ninduen galdua nuen zentzua, denborarena, beste behin, zulo beltz horrek, ni eraldatzea lortu zuen.
Asko gustatu zait Garrote bidea, gozagarria iruditu zait. Entzuna nuenagaitik, lehorragoa espero nuen, harri gorrian mugimendu gehiago egin beharra, guk izotz askorekin igo dugu, kalitatean juxtu egonagatik ere.
Idatzia hasi dudan momentu horretara itzulita, laguntasuna eta esker ona sentitu daitezkeen unera, ixilean, eskalada materiala motxilan sartzen ari ginela, egin berria genuena gureganatzen, bakean eta aske sentitu nintzen.
Momentuaz gozatzen, bakoitza bere pentsamenduekin, Linzako aterpera eramango gintuen mendi-bizkar xuabeak jaisteari ekin genion.
Garrote bidearen informazioa interneten bilatzen ari nintzela, notizia kurioso batekin egin nuen topo. Real academia de la lengua Españolak, Garrote hitzaren animatzeko duen adiera onartu du. Hizkuntzalari talde honek Garrote hitzaren esanahia, makil sendoarena, edo, basakeria den, urkatuenarekin batera, jasotzen du orain adiera hau. Horretarako, Martin Berasategi sukaldariaren, bere telebista saioetan, hitz honen erabilera kontuan hartu du. Irri egiteko gogoa sartu zitzaidan, ez dira akademiko horiek Ansabere ingurutik ibili. Nondik atera zuten P. Bouchetek, J. eta P. Ravier, M. Souverainek, 1970ean, bide hau zabaldu zutenean, izen hori jartzeko parada? Zein adiera eman nahi zioten? Nork daki, hitza gustagarria dela dudarik ez dago.










iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina