Ezin aurrera jarrai genbiltzan, euliak armiarma sare
batean bezala geunden, pauso bat emateko gai ez ginela. Sare trinko orlegia
zuhaixka eta adarrez egina zegoen, zurezko enbor gogorrak bata besteaz
gurutzatuz sortzen zuten tranpa, aireari ere oztopoa jartzea lortzen zuen
pareta organikoa zen.
Bizkar gainean generamatzan motxila astunak mugimendu eza handitzen
zuten, aldiro adar madarikatuetan trabatzen ziren, Unai Barrenetxea Leten laguntza
beharrean egon nintzan momentu askotan zorigaitz horretatik askatzeko,
basurdeek ere ez ziran eroso ibiliko oian sakon horretan.
Basamortuaren
erdian egarriz itoa dagoen bidaiariak, ezustean oasia salbatzailea ikusten
duenean bezala, guk, hosto eta adar masa konpaktuan espazio libre bat ikusi
genuen. Gune ireki horretan, argi exkaxak giro aproposa sortzen zuela,
presentzia bat sumatu genuen, denborari nekez irabaztea lortu duen zuhaitz
bakarti bat zegoen harrotasunez tente, meditazio sakon batean dagoen yogi baten
itxura hartu nion. Errespetu handiz gerturatu nintzen zuhaitz miresgarriaren ondora, bere azal marroi gogorra ukitu nuen, Unairi adierazi nion zuhaitz hau
zela Mikel eta Jonek bere eskalada bideari izena jartzeko arrazoia, Hagin haundia
zen.
Zortez bizirik dirauen hagin eder honi nabarmen ageri zaio enbor sendoan gupidarik gabe eginiko aizkorakada zauria, - zergatik moztu nahi zuten Zuhaitz
miresgarri hau?, -zerk geldiarazi zuen lan suntsitzailea?. Erantzuna ez dut
sekula jakingo, gainera ez du garrantziarik, hagin haundia zutik eta sendo
dagoela da garrantzitsua, aizkoretatik salbu dagoela da inportante, bere
paradisuan loratzen aurkitu ahalko dugula.
Txapela
kentzen dut Mikel Arrue eta Jon Arantzetaren aurrean, izugarrizko bide ona
zabaldu dute, kalitate ezin hobea duen marra bat da Hagi haundi. 2011 urtean zabaldu
zuen bikote honek bidea.
Hiru tirada ditu Hagin haundi bideak, zein baino zein ederragoa.
Lehen
luzeak eskaintzen duen eskalada bost izarretakoa da, aparta bezain estua. Plaketako
eskalada da, erresistentzian fin ibiltzea eskatzen duena, zulo handiz betetako
plaka batetan nabigatu beharko dugu, parabolta batzuen laguntzak erraztuko
digute noranzkoa, mikrofriend eta friendak jartzen argitsu ibili beharko dugu babesa bilatzeko,
zoragarria da eskalada.
Bigarren
tirada ere irmo beretik doa, lehen luzearen kalitate berdina dauka, eskalada
pauso gogor bat gainditu beharko dugu bilera airoso iristeko.
Hirugarren
luzeak berriz izaera desberdina du, baina kalitatez eta edertasunez parekoa da. Arrakala
moduko bat hartzen du erdi bidean, eskalada pauso apartak eskaintzen ditu zati
honek.
Bidearen azken bilera Palomares ertz zorrotzean egiten da, juxtu pare bat metro beherago. Bertatik errapelatuko dugu, eta bi errapeletan hagin haundiaren adar trinko eta estu artean katigatuta egongo gara berriro.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina