Bi
eskalada ekarri ditut sarrera honetara, zein baino zein ezberdinagoa, Bisaurin eta
Aguero, Pirinioetako haitz zuria, eta Gallego ibai ondoko lohi beltza.
Ekarri ditudan bi bide hauek parekotasun bakarra dute, sortzailea, JP Río iparraldeko
eskalatzailea, azken urteetan bide berriak sortzen ase ezin dabilen mutila.
Nik
bi istorio desberdin bizi izan ditut bi leku berezi hauetan, bi historia hauek
kontatzen saiatuko naiz, eskalada kritikari paperera hartzeko inongo asmoz.
Ezin
dut ezkutatu pena sentitu nuela JP Ríok Bisaurin inguruan dagoen Gruyere horma
zabaldu zuela jakitun izan nintzenean, gure sekretua zen pareta hau, edo, horrela
pentsatzen nuen nik. Arkaitz Yurritarekin batera ikuskatu nuen lehen aldiz
pareta hau, txundituta geratu ginen biok, bide bat zabaltzeko asmoa genuen.
Arrazoi batengatik, edo, beste batengatik ez genuen topatu joateko momentu
egokia, JP Río aurreratu zitzaigun, eskalada bide sortzaileen patua.
Víctor
izan dut soka lagun irteera eder honetan. Urteak dira Pirinioetara Ordiziar batekin
ateratzen ez nintzela, Jentilbaratzako harrobi horman Sara bidea eskalatu
ondoren bota nion Bisaurina joateko proposamena Victorri. gustura joango zela erantzun zidan.
Igande arratsalde bateko azken ordua zen, Ordiziatik abiatu ginen Lizaran lo egiteko asmotan, astelehenean
eskalatu behar genuen bidea.
Ipar
haize indartsu batek astindu zuen furgoneta gau osoan, eguna argitu
berritan ikusi genuen mendi gailurrak lainoek estaltzen zituztela, goiza ez zen
oso atsegina.
Patagonia
garaietako oroimenak zekarzkidan haize lotsagabe honek, kostata, makur eginda,
Barranco de Bernera bailara igotzen gindoazen.
Basozainen
aterpera iristean, budista pagoda baten forma hartzen diot nik eraikin bitxi
honi, eta argazki kamara klik egiteko prest eskuetan nuela, sorpresaz, neska bat
atera zen hormigoizko atetik. Motxila astun bat zeraman bizkarrean,
esfortzu handiz mugitzen zuena, plastifikatutako mapa bat lepotik zintzilik
zuen ere. Gaua luzea aterpean pasa zuen, bakarrik, eta kexu zen haizearen
orroek lo egiten utzi ez zutelako. Hamar egun zeramatzan oinez, Hondarribitik
atera omen zen eta Pirinioak zeharkatzea zuen helburu. Ingurua ezagutzen genuen galdetu
zigun, ohiko bideak utzi nahi zituen bere ibilbide propioa bilatu nahian, garbi
zeukan nondik tiratu nahi zuen, Bernera lepoko malda igotzen ari zela bistaz galdu genuen, eta inbidia txikia sentitu genuen Víctor eta nik, askatasuna, amesten
dugun gauza handi bat da.
Ahoa
zabalik begiratzen zuen Victorrek Gruyere orratza. Horma azpian geunden
jadanik, La Belellaza izeneko zelai ezin ederrean, bibaka egitera
deitzen duen tokia.
“Le
Poinconneur de paroi” bidea asko gustatu zait, baina, horrek ez nau harritu; osagai onak erabiltzen duen edonork egiten du paella goxoa. Luze pare bat
krokisean agertzen diren graduak baino zailagoak iruditu zitzaizkidan. Luze
guztiak librean kateatu nituen. Azken bi tiradak batean egin beharrean izan
nintzen, Víctor nekatua zegoen, egun horretarako nahiko eskalatua zegoela esan
zidan, bigarren luzeko bileran izan zen hau. Azken bi luzeak batean eginda 7a+
izango da zailtasuna, azken aurreko tirada soilik 6c izan daiteke. Bidearen irteeran
kordino luze bat utzia dago, indarraz juxtu datorrenari lagungarri izateko
jarria. Niri apañu hauek ez zaizkit batere gustatzen. Kordino ziztrin hau, nik,
haizearen erruz, haitzean trabatua aurkitu nuen, hori gertatzen ba da bidearen
obligazio maila asko igotzen da, 7a izan daiteke.
Lehen
luzea ere 7a+ inguru iruditu zitzaidan, bigarrena berriz, lasai asko, 6c+
izango da.
Graduak
gradu, txapela kentzeko bide bat da, JP Río zoriondu besterik ez zait geratzen.
Niri malloak beti iruditu zaizkit ikusgarriak. Harriak eta buztina nahastean sortzen den orea dira. Tentetasun izugarria dute, eta inongo lotsarik gabe azaltzen dute beraien
berezitasuna. Gaztelu bateko harresi gaindiezinak bezala, mailloak dira zaindari, eta lur lauari galga jartzen diote, ohartaraziz hortik aurrera mendi gailur zurien erreinua hasten dela, Pirinioetako amildegiak.
Aguerok gure familiarteko asteburu beharrak aise betetzen ditu; kanpina dago igerileku
eder batekin, herria oso lasaia da, kanpineko kafetegian jan eta edan ongi
egiten da, eta eskalada oso gertu dago kanpinetik.
Beraz, asteburu honetan ere, presarik gabe, familiarekin bidaiatzeak eskatzen duen patxadaz, begi itxiekin
ere gidatzeko kapaz izango nintzen errepidean zehar, Huesca aldera
tiratu genuen.
Horrelakoetan goizean
goiz izaten da nire momentua, aspalditik horrela da, etxekoek lo daudela
altxatzen naiz, nire eskaladak burutzen ditut, eta askotan beraiek martxan hasterako bueltan naiz, oraingoan ere berdin izan da.
Bi
gauza oso onak ditu “Six Maximun” bideak; goizean itzala dauka, beharrezkoa urte sasoi honetan, eta harriaren
kalitatea ona da plaka zati oso konpaktu batzuk zeharkatzen ditu bideak. Pájaro de buen Aguero eskalatu nuenean ohartu nintzen horretaz.
Bidea
asko gustatu zait. Tamalez, bideak bere trazatuan leku errazenetatik jotzen du,
haitz plaka zati oso on batzuk ukiturik gabe utziz. Plaka hauek hartu ezkero,
nire iritziz, zailtasunaz eta kalitatez hobeagoa izango zen bidea.
Krokisak bidearen hasieran markatzen duen A0 pausoa librean eginez, luze honen
zailtasuna ez da aldatzen.
Kanpineko
krokisetan ikusi ahal izan dudanez JP Riok bide gehiago zabalduak ditu Agueron,
gustuko dituela konglomeratu hauek bistakoa da. Honek pozten nau, Aguero segituko
da izaten gure familiarentzat asteburu leku.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina