2017(e)ko irailaren 14(a), osteguna

ALQUEZAR / Tozal de las Macetas-Pudo ser clasica. PEÑA RUEBA / Frontera apache.



   Opor garaiak dira, egutegiak eta ohiturak horrela diote, guztiontzat, urteko egunik desiratuenak dira. Behingoz egiaz disfrutatzeko aukera daukagu, gustuko duguna egiteko denbora librea. Gehienok, maletak egin eta herriak husten ditugu exodo fortzatu batetan, askatasun minutuak aprobetxatu nahian. Gu ere ez ginen desberdinak izan, furgoneta topera kargata, eguraldi iragarpen exkax batekin,  abuztuaren azken astean utzi genuen Zaldibia.
  Benasque genuen helburu, aita mendizalea duen familia baten patua da hau, afizioa beti egongo da tartean. Eguraldi txarra iragarrita zenez, erdi bidean geratzea erabaki genuen, Murilloko kanpinean, Rigloseko mailoak genituen frente.


  Goizean euri txikia ari zuen. Kafetxo bat eskuetan, kanpineko tabernako leiho zabaletik, tanta etengabeek terrazako mahaiak nola bustitzen zituzten begiratzen nuen. Asmo zehatzik gabe nengoen, etxekoek egiten zutenaren zain. Hauek oso gustura zeuden furgonetan lo egiten, ez zuten altxatzeko trazarik. Bulkada batean eguraldiaren iragarpena kontsultatu nuen. Honek zioen eguraldiak hobetzera egingo zuela. Motxila hartu eta Peña Rueba aldera igotzea bat izan zen.
  Goizeko hamarrak ziren oinez Murilloko kanpinetik atera nintzenean, dagoeneko euririk ez zuen egiten. Azkar egin nahi nuen buelta, erritmo bizian nindoan, motxila arin bat neraman.
  Lehen aldia zen Peña Rueba eskalatzeko asmotan nintzela, ez nituen garbi bideen kokapenak, soilik argazki bati bistazo bat emana nuen, buruan memorizatua neramana, eta askotan bezala krokisik gabe nindoan, Lorenzo Ortas bidea nahi nuen eskalatu.
   Pareta azpira iritsi nintzenean, hasierako horma, hiru bide gorantz zihoazen, argazkian agertzen zen bezala, hauetatik bat Lorenzo Ortas bidea beharko luke izan. Hasi eta berehala, eta beste behin, erratu nintzela konturatu nintzen, bidea askoz gogorragoa suertatzen ari zen. Baina ez nuen buelta hartu, aurrera jarraitu nuen, azken finean bide guztiak antzeko iruditu zitzaizkidan. 
Gailurrera iritsi eta bide ferrataren traza hartzea bat izan nuen, ziztu bizian jaisten hasi nintzen, lau ordu pasetan berriro nengoen kanpinean igerilekuko ur freskoaz gozatzen.
   Internet esker jakin nuen igo berria nuen bidea Frontera apache zela.




   Ekaitzak bortitzak izaten segitzen zuten non nahi, guk zortez libratzen genituen, soilik gauez botatzen zuen euri pittin bat, beste egun bat egon beharko genuen Murillon pirinioetako eguraldiak hobetzen zuen zain.
  Biharamun goiza ere hezea jaio zen, freskoa, mendi buelta on bat emateko aproposa. Kafetxoa eskuetan nuela, tabernako leihotik ikusten nuen Mirador de los buitres mendia. Harresi gaindiezinak dituen mendi zabal honek gotorleku baten antza du. Beti eman dit atentzioa eta ez dut inoiz igo.  Argi bat piztuz zitzaidan buruan, zergatik ez ferrata igo?
   Korrika irten nintzan kanpinetik Rigloseko bidea hartuz, goizeko hamarrak izango ziren. Guztira hamabost kilometro dira, gutxi gora behera, joan etorrian. Bide ferratak ez du inongo zailtasunik, bidea markatua dago, ez du galerarik. Eguerdiko hamabi terditan kanpinean nintzan berriro, bi ordu eta erdi behar izan nuen burutzeko.
 





   Eguraldi iragarpenak Auñamendietan hobekuntza bat iragartzen zuten hurrengo egunetako, momentua genuen Benasquera joateko.
  Ipar haize hotz batek agurtu zigun Aneto kanpineko partzelan furgoneta kokatzen ari ginela. Frantziatik lainoak sartzen ziren indarrez mendi puntak estaliz. Aldaketa handia izan zen guretzako, Murilloko epeltasunetik Benasqueko hotzetara, desatsegina zegoen. Nire asmoak trukatuak zetozen, aukera bat nuen soilik Benasqueko bailaran eskalatzeko, ezin nituen etxekoak baldintza horietan eduki, hurrengo egunean eskalatu ondoren hanka egingo genuen. Pico Abadias edo Maladeta sur bezala ezagutzen den paretan izango zen nire aukera, directa bidea nuen helburu.


  Goizeko bostetan hartu nuen Vallibiernarako autobusa kanpin ondoko errepidean. Sorpresa atsegina izan zen Arkaitz Yurrita bertan topatzea, bi bezeroekin Aneto mendira zihoan. Pista bukaezina igo ondoren, eta gau hotzaren iluntasunean, autobusean gindoazen mendizale guztiak motxilak bizkarrean genituela, isilik, hasi ginen goruntz ibiltzen. Hotza izugarria zen, ur putzuak izoztuak zeuden, ipar haize forte eta deserosoa zebilen. Altuera irabazten genuen eran haizearen indarra ere handitzen zihoan. Coronas lakuan banandu nintzan talde guztietatik, ni Cregueñako leporantz hartu nuen nire norabidea, besteak berriz Coronaseko lepora, Aneto egiteko asmotan zebiltzan guztiak. Eskuak izoztuak neuzkan, gore-tex zamarraren poltsikoetan sartuta, txanoa ere jantzita neukan, baina ia ez nintzen berotzen. Cregueñaseko lepotik ikuskatu ahal izan nuen pareta lehen aldiz, Pico Abadias hego horma. Zuri zegoen, aurreko egunetako ekaitzak utzitako elur finez estalia. Irudi horrek ez zuen asko iraun, mendi osoa laino itxi batek estali zuen, haize hotza nahiera zebilen. Paretaren oinarriraino joan nintzan inertziak eramana, ez nuen itxaropena galdu nahi, goraino eraman ninduen ilusioa latente zegoen horaindik.
Elur berria zapaltzen nindoan lainoak itsutzen nindutela. Udatik negura pasatua nintzen denbora gutxian. Hiru orduko bidea izan zen autobusetik hormaren oinarriraino. Horma izoztuaren azpian gogoeta serioaren unea iritsi zen, muga hori zeharkatzea aurreikusi ez nuen zerbait zen. Gehiegizkoa izango nuen baldintza gordin horietan hormara sartzea, ez zuen pena merezi, gehiegizko sufrimendua izango zen. Gainera etxekoak zain nituen beran toki epelago batetara mugitzeko, eta leku goxo baten imajinak indar asko dauka, buelta hartu nuen.
  





   Beste egoera bat topatu genuen Alquezarren. Zamarrak kendu eta bainujantzia jarri genituen.
   Eskaladarako urte sasoirik hoberena ez da uda, neguak aukera gehiago ematen du Alquezargo horma eguzkitsuetan jarduteko.
  Guarako bazterrak txunditzen naute. Lurra, haitza, eta uraren sinbiosia gorenekoa iruditzen zait. Eta asmatu genuela zirudien, etxekoak gustura zeuden, egunetik egunera inguruarekin integratuago, lurraren kolore gorria hartzen ari ginen.



   Eskalada kontuetara itzuliz; hainbeste zor diedan eskalada blog hauetako batean bilatu nuen nire asmoetarako egokia izan zezaken bide bat. Tozal de las Macetas horman, "Pudo ser clasica" bideaz ari naiz. Bi mila eta hamalauan zabaldutako bide honek, ia berrehun metro luze ditu, eta kalitatezkoa ikusten da. Gainera, eta hau oso garrantzitxua da, itzalean dago arratsean.
  Ohikoa dudan moduan kanpinetik oinez atera nintzen, familia erosotasun guztiekin utzita, eta ordu eta erdian pareta azpian nengoen eskaladarako tramankulo guztiak motxilatik ateratzen. Ibilbidea hau izan zen; Alquezarretik Balsas de Basacol-era joan nintzen, eta handik, Abrigo de Quinzasera doan bidetik igotzen ari nintzela, Tozal del Vero-ko hormara jaisten den bidera jo nuen. Tozal de las Macetaseko pareta azken horren aurrean dago.






  Eskalada bidea polita iruditu zitzaidan, lehen luzea batit bat, ederra esango nuke. Orokorrean ongi babestua dago bide osoa, era bat domestikatua. Dena librean eta bistaz egin nuen, gradua esku zabala dauka. Bidean zehar, hainbeste gorrotatzen ditudan kordinoak daude utziak txapetan; kordino hauek, haizearen eraginez, txapak jiratzen dituzte, eta kasu askotan txapak askatzen dira. Azken luzean honela zegoen txapa bat, ia erortzeko zorian. Al nuen moduan pasa nintzen, eta berau eskuz estutu. Bigarrengoz kateatu nuen luzea. Abisua pasatzen dut, norbait joatea pentsatzen ba du eraman dezala giltza bat torloju hau estutzeko.




   Beste egun batean San Pelegrin eskalada eskolan saioa bat burutu nuen. Tozal de las Macetas moduan arratsez itzala hartzen du horma eder honek. Leku aparta da Guarako eskola hau eskaladan jarduteko.
   Penaz bukatu genituen oporraldiak, eta eguraldi eguzkitsua utzi. Etxera itzulerarekin, eta egunerokoekin hastearekin bat, eguraldi petrala sartu zaigu. Zer egin behar dugu, hemen bizi gara, laino artean. ¡¡¡Gora Euskadi aunque llueva!!!












iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina