2016(e)ko urtarrilaren 18(a), astelehena

TXINDOKI-PETREL




   Gaztetan, Txindokiko haitzetan eskalatzen genuenean, beti agertzen zen Julio Villarren izena gure elkarrizketetan. -Bide hau Juliok zabaldutakoa da. -Beste hau ere Juliok zabaldu zuen. Egia izan ala ez, eta hori geroago jakin nuen, nolabaiteko ospea ematen zion lekuari. Denok genuen Julioren libururen bat irakurria, Donostiarraren istorioak kontatzeko modu erromantiko horrek naturaz inguratutako bizitza zirraragarri bati ekitera gonbidatzen gintuen.
   Petrel bidea ez da Juliorena. Beste bi Gipuzkoar eskalatzaile onei zor diegu, Alberto Cabezon eta J.M Rodriguez. 1974-ko ekainean burutu zuten igoera.
   Erromantizismoz betetako garai haietan, Juliok, eskalada on batzuk egitetik aparte, munduari bira ematea lortu zuen bela ontzi txiki batetan, Mistral ontzian. Hiru urteko bidai zoragarria liburu bihurtu zuen, "eh petrel". Poesiaz eta marrazki xumez beteriko orri horiek, izan ziren, eta oraindik dira bidaiarientzat inspirazio iturri.
   Nork ez du bere burua ametsetan ikusi; lema eskuetan, ontzia gobernatzen, aurpegia kresalaz distiratsu, haize eskuzabal batek eguzkia sartzen den tokira garamatzan bitartean, lasai eta irmo.
   Batzuek amets horiek gauzatzea lortzen dute, gure miresmena jasoz.
   Julio zuretzat da.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina