2015(e)ko abuztuaren 24(a), astelehena

CALANQUES Itsasoa eta harriaren fusioa

 Calanques cap canalletik


GRAZIARIK GABEKO JOKOAK

Gaston eta Bamoko. 
Bilatu hamar diferentzia. 





Lehen diferentzia.
Gaston abuztuko irteera masiboak errepidean harrapatu du, beste milioika autoekin batera.
Bamokok ez daki abuztua dela ere. Gutxiago oporrak existitzen direnik.
Bigarren diferentzia.
Gaston bere paradisura iritsi da. Calanques inguruko kaletara.
Bamokori oraindik ez zaio bere infernua bukatu, Frantziako edozein hiriko auzo marjinatutara iristea falta zaio.
Hirugarren diferentzia.
Gaston gizon legala da lur eder hauetan.
Bamoko berriz klandestinoa.
Laugarren diferentzia.
Gastonek mediterraneo itsasoa hondartza eguzkitsu eta oporretan ikusten du. 
Bamokok berriz mediterraneoko itsasoa itxaropenaren bide gisa hautematen du.
Bostgarren diferentzia.
Gaston irriki dago bere belaontzian Calanques inguruko kala espektakularretan nabigatzeko.
Bamokok ez luke berriro itsasoratu nahi.
Seigarren diferentzia.
Gaston ontziratu egiten da lana ahazteko.
Bamoko berriz lana bilatzeko.
Zazpigarren diferentzia.
Gastonek bere familia ondoan du.
Bamoko etxetik milaka kilometrotara dago.
Zortzigarren diferentzia.
Gaston Cassis herriko Quai dex Baux kaiako edozein jatetxean afalduko du.
Bamokok ere ez du mokadurik egingo gaur gauean.
Bederatzigarren diferentzia.
Gastonek hurrengo goizean ardo gozoaren ajea izango du.
Bamokoren erresaka kresalaren ondorioak izango dira.
Hamargarren diferentzia.
Gastonek parrandaren ondorioak bere belaontzian pasatuko ditu, eguzkitan etzanda. 
Bamokok ez du atsedenik hartuko, ez bai da lur arrotz hauetara horretara etorri.


Cassisko kaia

Cassisko kanpina.


   Guri ere, Gastoni bezala, abuztuko irteerak errepidean harrapatu gintuen kotxe ilara luzeetan. Frantzian, hilabete zoro hau, atsedenaldiaz gozatzeko dute ere. Hondartzak turistez betetzen dira, algaraz eta zarataz. 
   Gu or ginen ere, pilaketa horretan, sonbrillak konkistatzen duen itzalaren azpian. Hori justifikatu nahian, hondartza urrun hau aukeratu izanaren arrazoia, Cassis herriko hondartzaz ari naiz, ez da soilik gure toallen gainean etzanda egoteko izan, baizik eta inguru natural paregabe honetan txango batzuk egiteko asmoa dugu. Cassis Calanques parke nazionaleko eskalada eskoletarako sarbide bat da. 
   Calanques oso eskalada gune interesgarria izan da, eta oraindik ere bada, kala ikusgarriekin, itsasoan murgiltzen diren kareharri zurizko horma tenteekin, kalitate handiko milaka eskalada bide daude.
   Hemen eskalada berezia da. Ez da teknika edo zailtasun kontua, logistika kontua baizik. Gehienetan, eta batez ere eskalada bide modernoetan, rapela egin beharra da bideetara iristeko. Horrek, eta ingurua oso karstikoa denez, orientazioa zailtzen du, une askotan laberinto batean galduta zaudelako sentsazioa duzu. Eskerrak frantsesek, eskalada-bideak hornitzean, eskalada-gida bikainak idaztean, eta eremua bidezidor sare paregabe batez zuzkitzean, gauzak errazten dizkiguten.
   Ostatuaren gaian, guk Cassisen herriko kanpinean hartu genuen partzela bat. Ez ditu instalazio oso onak, oinarrizkoa da, eta abuztuan jendez tope egoten da. Edozein lekutan lo egitea ez da oso gomendagarria, Calanques inguruak oso ospe txarra du lapurreten kontuagatik, Marseillako trapikirrek fama pultsuz irabazi dute.
   Calanques oso handia da, 20 km-ko kostaldea du, eta sarrera asko, ibilgailua beharrezkoa da lekuetara iristeko. Nik, familiarekin bidaiatzen dudan guztietan bezala, nire bizikleta ekarri nuen. Eskalada lekuetara hurbiltzeak berarekin egiten nituen. 
   Abuztuan bero handia egiten du hemen, baina, goiz mugituz eta paretaren orientazioa ongi aukeratuz, eskalatu egin daiteke, beti dabil haizetxoa. 
   Garai hauetan aurkitu dezakegun arazo handiena mendi suteen arriskua da, eta, orban horretatik babesteko parkeak hartzen dituen normak oso zorrotzak dira. Ekainetik - Irailera bitarte, sute alertan daude, eta egoera klimatikoaren arabera Parke nazionaleko sarrera itxi egin dezakete edozein momentuan. Egunez egun, parkearen erabilpena aldatzen da. Hiru kolore erabiltzen dituzte egoera azaltzeko:
   Beltza; egoera zailena da, Parkea erabat itxia dago, ezin da sartu.
   Gorria; soilik goizean sartu daiteke, seietatik eguerdiko hamaikak arte egon gintezke parke esparruaren barruan.
   Laranja; dena dago zabalik, baina, kontuz ibili beharra dago. Ni egon naizen egunetan ez dut egoera hau ezagutu.
  
   Beraz, uda garaian, zeozer eskalatzeko, azkar ibiltzea premiazkoa da.
   Hiru eskalada zona desberdin ezagutu ditut Calanquesen; Gardiole, Candella eta  Cap Canalle. Zona hauek sektoreak dituzte ere. Hemen doaz datu batzuk:

   Gardiole 


En vau

   Gardioleko sektoreeta gerturatzeko, hoberena, Col de la Gardiolera iristea da, Cassis eta Marsella lotzen duen errepidetik iristen zara. Gardiolen dagoen sektorerik ezagunena En Vau da. Paregabea da lekua, paradisiakoa esan nezake. Hain famatua da, eskalada bideak oso labainkorrak daudela. Castelvieil, Oule, Eissadon, Devenson... dira Gardioleko beste sektore batzuk. Denak itxaso gainean daude, ezin hobeak guztiak. Ia denetan, goitik rapelatzen iristen zara bideetara. Bide batzuk itsasoaren ondoan hasten dira.

En Vauko pareta. Nik Eperon des Americains eskalatu nuen.

Eperon des Americains laugarren luzea

En Vau. Nik Super Sirene eskala nuen.

Super sirene pareta.

super sirene bigarren tirada.

Castelvieil. Nik Reve de Pierre eskalatu nuen.

Castelvieil horma.

Oinek ia ura ikutzen dute.

Reve de Pierre lehen luzea. Niri sarrera 6C gogorra iruditu zitzaidan.

Eissadon. Nik Clandestino eta Sans non eskalatu nituen.

Clandestino bidearen espoloia.

Clandestino bidearen hirugarren luzea.


Eissadon. Sans non bidearen horma.

Sans non bidearen hirugarren luzea.

Aiguille de l´Eissadon


CANDELLE


   Candellara joateko hoberena Marsellatik hartzea da, Lumini unibertsitatetik gora. Nik, Cassisetik autobusaz egiten nuen bidea. Ordutegi oso zabala dute. Zona honetan ere sektore asko daude. Famatuena la Grande Candelle da. Marsellatik gertu dagoenez, eta, batik bat, Morgiu eta Sormiu kalak direla, oso jendetsua da. Parke nazionaleko zona honetan zorrotzagoak dira sute egoerekin. Ni, behin, ezin pasa geratu nintzan beltz egoera zela eta buru makur buelta hartu behar izan nuen. Jakin ezazuen, egun horretan, Cassis inguruan, gorria zela egoera. Beraz, parkearen arrisku egoera aldatu daiteke leku batetik bestera. Zona honetako bide gehienetara oinez iristen zara.

La Grade Candelle, col de Sugintonetik goizeko itzaletan.

La Grande Candelle, Arete de Marseille famatua frente dugula.

La Grande Candelle hego horma. Nik Splendeur et decadence bidea eskalatu nuen.


Esplendeur et decadence bigarren largoa.


Calanque de Morgiou eta calanque de Sugiton, Grande Candelle gailurretik.


CAP CANALLE


   Cap Canalle zona oso desberdina da. Hareharrizko akantilatu luze bat da. Hemen ere sektore desberdinak daude. Inguru honetan eskalada berriagoa da. Harriaren kalitatea lehen itxurak ematen duenaren baino hobea da. Goizean itzalean dago horma eguerdi arte. Ekipamendu masiboari esker asko eskalatzen da sektore batzuetan. Eskalada sektore gehienetara rapelatzen iristen zara. Eskalada oso dibertigarriak egin daitezke hemen, desberdinak. Desplomeak dira eta zuloz beteta dago, gruyer gazta bezala. Sabaiak daude, arrakalak, konglomeratu haitza topatu nuen ere, askotarikoa da.


Cap Canalle



Ouvreur de bouse sektorea. Nik Bourreur de Rousse eskalatu nuen.

Bourreur de Rousse lehen luzea.

Belvedere sektorea. Nik Anaconda eskaalatu nuen.

Anaconda bidearen hirugarren luzea.

Calanques eskalada gida. krokisak liburu honetatik hartu ditut.




 Bamokorentzat.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina