2013(e)ko urriaren 25(a), ostirala

Txindoki - Ipar arista


   Urtero bezala, nik beti horrela ezagutu dut behintzat, urrian hego haizeak astindu egiten ditu gure bazterrak. Haize zurrunbilo eroek neguaren etorrera adierazten digute. Bero sargoria joan da, udako algarekin batera, sosegurako prestatzen ari gara, negututzeko.

Lehen horma.

   Mendiak gorritzen doaz, jadanik hostoak airean dira, hegan, usoak moduan. Bazterretan, ezkutaturik, ehiztariak tiro egiteko prest dira buru gainetik pasatuko zaien edozerri.
  Bakea urraturik dagoelarik, lasaitasun bila bazter ezkutu bat bilatu beharrean naiz. Hego haizearen indarrez salbu, ehiztaritik urrun, usoak negu gorritik aldentzen diren bezala, nik migrazioa egiteko tokia aurkitu dut Txindokiko ipar aristan.

Bigarren erresaltea

   Urte asko pasa dira ipar arista lehen aldiz eskalatu nuenetik. Sokarik gabe, zailtasun gutxiko pasarteak bilatzen gora egiten nuen.
    Bide berri  hau beste gauza bat da. Lehenengo bi erresalteetan pareta tentea eta eskalada giroa bilatzen du bideak, ondoren arista segitzea du helburu. Ertza estua da batzuetan, zabalagoa bestetan, eskaladari edertasuna emateko erresalte tenteak bilatuko ditu. Azken metroetan, gailurraren paretarekin topo egiten duenean, eskuinetara egiten du zeharkaldi luze batetan, mendebalde arista hartzera. Saiatu nahiz zuzen ateratzen, itxurazko haitza bilatu nahian, alperrik izan da, hobe oinez metro batzuk egitea bidea desitxuratzea baino.

Zazpigarren erresaltea

   Beno, or duzue beste aukera bat, etxetik gertu, usoak moduan udazkenean iparretik hegora hegan egiteko.

  




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina