2011(e)ko martxoaren 6(a), igandea

GAVARNIE - ICE FOLLE

Kostata bainan azkenean izotza hemen dago

   Harriturik geunden. Frezante bidean zegoen sokada kenduta bakarrik ginen zirkoan. Gauza ez zen oso goiztiar ibili ginela, ordu normal batetan genbiltzan, lasai gosaldu eta prestatu ginen eskaladarako. Nere iritziz, interneten Gavarniko baldintzataz ez idazteak bere eragina izan du. Remik tenporada hasieran adierazi zuen bere Bloggean irizpidez aldatu behar zuela, gehiegizkoak gertatzen ari zirela hainbeste informazio partekatzearekin, abentura eta laguntasuna galtzen ari zirela gaur egungo eskaladan. Gauza da lehen paretaren azpian bakarrik geundela, zirko zuri eta isil baten aurrean eta arraroa egiten zitzaigula. Gure ezkerrera Oberdose osorik formaturik zegoen, irno eta mehatxagarri, soilik begiratzearekin makurtzen gintuen; ain handia eta ederra da. Hobe errealitatera itzuli eta gure hasierako asmoetara bueltatzea, Ice folle.

Inguratzen ari garela Overdosek agurtzen gaitu

   Ivan zoratzear dago. Lo zakutik ateratzeko alegin handiak egin behar izan ditu, baina, martxan ipini orduko gogoa eta ilusioa nabari zaizkio. Pioleten lehen kolpeekin jende gehiago agertzen hasten da, elur sakonean markatutako oin-arrastoei jarraituz, jelazko bieetatik sakabanatzen diren sokadak. Hasieratik eskalada delikatua izan behar dela sumatzen dugu. Elur geruza mehe batek estaltzen ditu bidearen pasarte asko, horrek izotza zakar bihurtzen du, atentzio handiz ibili beharra dago. Tenperatura aldetik segurua da, hotza egiten du, dena dago tente eta geldi. 

Pioletei trinkotasunez eutsi behar zaie, eta kranpoiak ondo kokatu

   Ice folle bidea 1980an eskalatu zuten lehen aldiz Dominic Julienek, Gavarniko izotz eskalan maisu aitzindariak, eta S. Zebroskik.

Ivan izotzaz gozatzen

   Izotz eskalada egun zoragarria pasatu genuen ingurune paregabe honetan. Urteak joan urteak etorri, pertsonok aldaketa fisiko eta psikikoak izaten ditugu, zahartzea besterik ez direnak, eta atsegina da betiko lekuetara itzultzea, gauzak gogoratzen ditugun tokian jarraitzen dutela ikustea, eta, izpirituan bada ere, guk horretan jarraitzen dugula sentitzea.
 



Sokada bat bigarren paretara hurbilten


Bigarren eta hirugarren paretak.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina