2016(e)ko martxoaren 17(a), osteguna

PEÑA FORATO . Via del Pastor





  Bidaiaren motibazio eta interesari ikerlariek izena jarri diote; Push eta Pull faktorea. Lehena, Push, bidai bat hasteko inpultsoa izango zen, barnean dugun beharra. Pull delakoak, aldiz, lekuak erakartzen digu, ezagutzeko eta gozatzeko gogoa.
  Mendizaleak ez gara bidaiari arruntak, eta askotan Push and Pulleko bi faktore horiek aldatzen ditugu; dena ematen dugu etxetik irteteko. Gero, une batzuetan, damutu egiten gara mendira etorri izanaz, eta, azkenik, gehienetan harro egoten gara gure bidaia-esperientziaz.
  Normalean mendizaleak Pushez gehiegi ibiltzen gara. Ez dugu askorik behar motxila berehala egiteko. Pulletik ere ondo gabiltza. Ez gaude erakartzen gaituzten tokien faltan.
  Baina mendian askotan gertatzen da, eta "fregao" serio batez ari naiz, hartu dugun Pullaz damutu gaitezkeena. Hainbeste desiratu dugun lekua beste begi batzuekin ikusten hasten garela, zalantzak jaten dizkigute. Behealdeko haranetan utzi duguna, erosotasuna eta goxotasuna, lehen mendiaren indarra irrikatzen genuen bezainbeste desiratzen ditugu; -gu izotzezko horma batean zintzilik gaude, hotzak akabatzen, eta beraiek, jende arrunta, goxo eguzkitan.
  Zailtasunak lanarekin eta egoten jakitearekin gainditzea lortzen badugu, orduan Push eta Pull faktoreaz bere osotasunean gozatzen dugu, zoriontasuna eta autoestimu izugarria lortzen ditugu. Istorio bat dugu kontatzeko, opor zoragarri batzuen kontakizuna.




  Asko gustatu zaigu “La via del Pastor” neguko baldintzetan. Bide serioa da, ez da batere erraza. Guk eskalatu dugun baldintzetan, hasierako izotz irtenguneak, eta azkena bereziki, ez zeuden floritura handiak egiteko. Pasatzea garaipen bat zen.
  Misto pasarteetan ere, lehen luzean behintzat, elur tapoiak zirela eta, asko garbitu behar izan genuen pasatu al izateko, honek asko mantsotu zuen gure igoera erritmoa.
  Egun osoa eman genuen igoeran eta lehen izarrak ageri zirela iritsi ginen gailurrera. Jaitsiera, gauez, kanaletik zuzen jo genuen. Hiru errapel egin behar izan genituen behera iristeko. Oso berandu, nekatuak, erabat pozik, aterpean ginen berriro, lo zakuan sartzeko irriki.
   Hurrengo goizean, txabolan lo egin ondoren, etxeko goxotasunera jaisten hari ginela, Pull desberdinen aukeraz jardun ginen hizketan, mendi hau dela, edo, beste bide hori dela, Pusharen inertzia beharko dugu orain. Gustura ginen eginiko eskaladaz. 
  Beste behin, Push eta Pull faktorearen teoria baieztatua geratu da.



2016(e)ko martxoaren 9(a), asteazkena

TXINDOKI - Winter climbing in Basque highlands





   Beti lotu izan dugu kirola eta bakardadea iraupen korrikalariaren ahaleginarekin. Ideia hori hartuta, Alan Sillitoe (1928-2010) idazle Ingelesak izenburu borobil bat asmatu zuen bere eleberrirako ” La soledad del corredor de fondo”. Literatur arrakasta hau zinemara eraman zen 1962an izenburu berdinarekin.
   Egun hauetan, azkenean, neguak gu bisitatzeko duintasuna izan du. eta Colin Smith bezala bakardadea sentitzeko gai izan nahiz, isolamentuan aske: elur malda batetan nago mendiko eskiak oinetan lotuak ditudala. Zein puntutan nagoen zehazki ez dakit, lainoak dena estaltzen du. Egoera hau oso ohikoa da Aralarren eskiatzen dugunontzat. Ekaitzak elur zurrunbiloak sortzen ditu, elur izoztuzko malutak, aurpegian iltzatzen zaizkidanak. Nire eskien puntak baino ez ditut ikusten. Bat, bi, bat, bi, aurrera. Isolamendua erabatekoa da. Ilusioaren garrak aurrera jarraitzeko indarra ematen dit, alferrikako ahalegin horri eusteko eta gailurrera iristeko, eta behin gorenean, negu gordinak opari bat du: jaitsiera. Eskiekin malda izoztu batean behera joatea, grabitatearen menpe, bizirik sentitzea da, pozik bere buruarekin.
   Eskegi dudan bideo honetan, Txindokiko aristan grabatuta, neguko baldintzetan ikus daiteke ertza, hau da, elurrez beteta. Joseba Outeiral lankidearekin burutu dut eskalada hau. saiatu nahiz bideoaren muntaketa gustu onarekin egiten, ea atsegina egiten zaizuen.



2016(e)ko urtarrilaren 18(a), astelehena

TXINDOKI-PETREL




   Gaztetan, Txindokiko haitzetan eskalatzen genuenean, beti agertzen zen Julio Villarren izena gure elkarrizketetan. -Bide hau Juliok zabaldutakoa da. -Beste hau ere Juliok zabaldu zuen. Egia izan ala ez, eta hori geroago jakin nuen, nolabaiteko ospea ematen zion lekuari. Denok genuen Julioren libururen bat irakurria, Donostiarraren istorioak kontatzeko modu erromantiko horrek naturaz inguratutako bizitza zirraragarri bati ekitera gonbidatzen gintuen.
   Petrel bidea ez da Juliorena. Beste bi Gipuzkoar eskalatzaile onei zor diegu, Alberto Cabezon eta J.M Rodriguez. 1974-ko ekainean burutu zuten igoera.
   Erromantizismoz betetako garai haietan, Juliok, eskalada on batzuk egitetik aparte, munduari bira ematea lortu zuen bela ontzi txiki batetan, Mistral ontzian. Hiru urteko bidai zoragarria liburu bihurtu zuen, "eh petrel". Poesiaz eta marrazki xumez beteriko orri horiek, izan ziren, eta oraindik dira bidaiarientzat inspirazio iturri.
   Nork ez du bere burua ametsetan ikusi; lema eskuetan, ontzia gobernatzen, aurpegia kresalaz distiratsu, haize eskuzabal batek eguzkia sartzen den tokira garamatzan bitartean, lasai eta irmo.
   Batzuek amets horiek gauzatzea lortzen dute, gure miresmena jasoz.
   Julio zuretzat da.




2015(e)ko abenduaren 18(a), ostirala

BERBERANA - Peña Parda - Dret a Aburrir





   Dena da gezurra ¡¡¡ Ezer ez da egia ¡¡¡ :

   Parisen klima aldaketari buruzko gailurra egin berri dute. Fartsara hurbildu nahi izan duten agintariek diotenez, ahalegin guztiak egin dituzte gu salbatzeko datorkigun hekatombetik. Gutxieneko akordio batera iritsi direla diote: GEZURRA
   Sirian gerra dago. Izugarrizko drama humanitario bizitzen ari gara. Gure gobernu aberatsek ahal duten guztia egiten dute: GEZURRA
   Espainia hauteskunde kanpaina bortitz batean murgilduta dago. Alderdi politiko guztietako hautagaiek lau haizetara azaltzen dituzte hauteskunde programak, denek dute konponbidea gaixorik dagoen gizarte honentzat: GEZURRA
   Lau t´erdiko pilota txapelketaren finala. Irujo 20-10 Urrutikoetxearen aurretik da. Kantxan ez dago kolorerik Irujo Urrutikoetxea baino askoz gehiago da. Ustekabean, partidak 180 graduko bira ematen du eta Irujok 20-22 galtzen du: EZIN SINETSIA
   


   
   Dret a burrir bidea eskalatu dugu, Berberanako Peña Pardan, Sierra de Cantabria mendietan. Aratz Etxeberriarekin igo dut. 
   Beste behin argi geratu da Euskal Herriko horma handiko eskalada beste edonon bezain ona dela; asko gustatu zaigu bidea, kalitate handiko plakak ditu. Benetan merezi du bere eskalada.
   Apunte bat egin nahian, eta hau da nire iritzi pertsonala, soberan daude hirugarren tiradan paraboletatik zintzilika dauden kordinoak. Tranpa bat dela iruditzen zait, pertiga bat eramatea bezala. Guk ez ditugu kordinoak txapatu. Gainera, haizeak askotan txapen torlojuak askatzen ditu, eta orduan bai, mesedea kalte bihurtzen da.
   Lan bikaina egin dute Antoñanza anaiek: HAU EGI BOROBILA DA



Bigarrena

Berberanako begiek zelati,begiratzen gaituzte.


Laugarren luzea

Bostgarrena

Aratz eta biok bidearen amaieran


2015(e)ko abenduaren 6(a), igandea

BALERDI - Sola Crack


BALERDI

   Zalantzak izan ditut jarduera hau sarean zintzilikatzeko garaian. Ez bidearen meritoen gaitik, kontrakoa, bidea ona da, bera eskalatzea jarduera interesgarria da dudarik gabe. Zalantzak beste alde batetik etorri zaizkit. 
   Azkenaldian, eskaladaren munduan, fronte asko ireki dira, eta denak iruditzen zaizkit kezkagarriak; hona hemen horietako batzuk: horma handiaren eskaladako talka agerikoa da. Bide horiek nola irekitzen diren da eztabaida nagusia, zer etika jarraitzen duten. Kasu batzuetan, hitzetik ekintza zuzenera pasatu dira, eta "hiperaseguratu" deitzen zaien eskalada bide batzuk anonimoki deshornituak izan dira, bide horien defendatzaileen haserre logikoa eraginez. Eskalada munduan oso frente aktiboa da hau, patata beroa.
   Inguru giroa babesten dihardutenek, basozainek, "plaga" deitzen diete eskalatzaileei. Lehengo egunean, basozain batek hormatik jaitsi ninduen eta salaketa batekin mehatxatu. Bide berri bat zabaltzen ari nintzen. Ez dakit nola amaituko den kontua. Fronte honek eskalatzaile guztiei eragiten digu, eta oso patata beroa da.
   Idatzi koxkor hau irakurtzeko gailuari, interneti, aurkakoak ere atera zaizkio. Eskalatzaileen artean, batzuek ez dute gustuko sarean jarduerak zintzilikatzea, beldur dira edapenak jende asko erakarriko ote duen. Nik, jasotzeko, eman egin behar dela argudiatzen dut: nik internetik informazio handia hartzen dut, beraz, emateko betebeharrean ikusten dut nire burua. Frente hau ere kezkagarria da, egoismo hutsa, beste patata bat.
   Zerrenda luza nezake, adibide asko baititut, agian gai hau beste sarrera batean erabiliko dut.


Azkarate herria
   Aipatu dudan moduan, Sola Crack bidea eskalatzeak kronika hau idazteko kemena eman dit: Basatia, krudela, gogorra, … ez da erreza Balerdiko harkaitzetako eskalada deskribatzea, pareta berak izutzen du eskalatzaile trebeena ere. Nahiz eta Sola Crack bidea oso luzea ez izan asko betetzen zaitu, konpromiso bide bat da. Horma begiratzearekin bakarrik sentitu dezakegu bide honetatik igotzeko eskalatzaileak bere burua estutu beharko duela, bai fisikoki, bai mentalki.





   Sola Cracken lehen luzeak tokian kokatuko gaitu, zalantza pilo batek erasotzen gaituen bitartean; hemendik?, oso zikina dago, nork agindu dit honutza etortzea. Bidea belar malda deseroso batean hasten da, eta, zeharbide luze bat eginez, sabai handi bateraino iristen da. Tirada honek helbu bakarra du, sapai handirarte eramatea, non zailtasuna eta arroka ona sumatzen diren.


Lehen luzea

   Bigarren luzea izugarria da, oso ona. Aipatu dudan sapai handia zeharkatzen du, arrakaletako eskalada teknika ona eskatzen du luze honek. Bi luze lotu nituen tirada honetan, bigarrena hirugarrenarekin.


Bigarren luzea

   Laugarren luzea, aldiz, plaka eskalada da, helduleku txikiak eta hanka minimoak ditu, oreka mantentzea da tirada honetan airoso ateratzeko gakoa. Bi zatitan egin nuen tirada luze hau, beraz, bostgarren tirada batetaz hitz egin behar dizuet.



Hirugarren luzea
   Bostgarren luze era bat aldrebesa da. Arroka laranjazko eremu kaotiko batetik doa, Ordesako eskaladaren antz handia du une batzuetan. Zaila ez bada ere, ondo eskalatu beharko dugu luzearen amaierara iristeko. Bilera honetatik bidearen hasiera errapel bidez jaitsiko dugu.


Laugarren luzea

   Oro har, Sola Crack bidea oso zorrotza da, Piriniotako haitz bideen mailan dago.
  



Azkarate paretatik