2024(e)ko irailaren 16(a), astelehena

ZIORDIA ERTZA - Larra´s Crack

 

Ziortzako ertzaren punta harrora igo den eskalatzaile oro, rapel lerrotik behera jaistean, eta begirada Arabako lautada zabalerantz bideratuta, zihur naiz, aurrean agertu zaien horma leun eta tentearen liraintasunak txundituta utzi dituela. Mendizale horietako batzuk, harrizko erronka hau eskalatu ahal izatea amestu dugu, desafio horren konkistatzaileak izatea, Stigek eta Landerrek amets hori egia bihurtu dute.


Ez nau harritu, Larra 's Crack Iñaki Mendizabalekin errepikatu dudan honetan, bere lehen luzean aurkitu dugun zailtasunak, argi zegoen honek horrela izan behar zuela, ez ziola aukerarik emango eskalada libreari, eta are gutxiago behetik irekitzen hasi ezkero.
Ebidentzia horrek, ziur aski, hoztu egin ditu hain igoera desiragarria sinatzeko asmo guztiak. Stig eta Lander saiatu dira lehen luze anker horri ahal duten zuku gehien ateratzen, eta lortu ere.


Inaki eta biok Irati bidetik igotzen hasi ginen, eta erlaitz belartsuak gurutzatuz Ziortzako ertza zatitzen duen haitz-urkilara iristea lortu genuen. Stigek eta Landerrek soka luze bat dute utzita Larra´s Crack lehen bileraino iristen dena. Soka hau, zati batean oso erabilgarria gertatu zitzaigun, urkilatik bidearen hasieran dagoen zuhaitzeraino, kanal zikin eta tentea da.


Hasiera bitxia du lehen luzeak. Zuhaitz batetik igo behar da hiru bat metro harria ukitu baino lehenago; eskerrak lizar lirainak hor jaiotzeko borondate ona izan duen, bestela oso zaila izango zen horman gora igotzen hastea. Ondoren, ia eskalada askean, urrats gogorrak gaindituz, mugimendu behartuetan, giza trebetasunetik irteten den sekzio bateraino iritsi beharra dago. Ez dut esaten horma tarte zaputz hori eskalada librean egin ezin daitekeenik, gauza zailagoak eskalatuak izan dira. Sabai pitzatuak helduleku txikiak ematen ditu, baina okerrena oinak dira, bainuontziko portzelana bezain leuna dago. Amorrua ematen du iltzeetatik zintzilikatzeak, horrek ezereztasun-sentsazio handia sortzen bai du, eta inpresioak zati krudel osoan iraungo digu, bilera deserosora iritsi arte.


Bigarren luzeak ere ez nintzela erratu konfirmatzen dit, nire hurruneko hautemateaz ari naiz, liraina ikusten nuen eta ederra baino ederragoa da. Hemendik Stig eta Lander zoriondu nahi ditut horma paregabe honen harrizko kapritxo hau bere osotasunean mantentzea gaitik, bera kateatzea izugarrizko poza izan da, nuen guztia eman nuen.




Esan bezala, gutxi eskertzen duen ahalegina egin ondoren, lehen luzeko bileran zintzilik eta burumakur nagoela, egun horretako eskalada irteera salbatzeko itxaropena bigarren luzean jartzen dut, eta zin dagizuet lortzen duela. Hormak bertikaltasuna galtzen du hemen, eta gainjarritako bi arroka-plakek, enbor azala balitz bezala, sortzen duten arrakala zabal eta erakargarriak, eskuak kanpoko azaleran eta oinak barrualdean eramatea eskatzen dit. Azken hau, beheko plaka infernutarra bezain leuna dago. Hemen, ordea, pareta ez dago hain tente, eta oinek hormako zimur txikietan eusten dira. Baina festa ez da honekin bukatu, pitzadura basatia igotzean, oraindik, soilik, erdia egina dago, deskribatuko ez ditudan beste bi sekzio gogor geratzen dira bilera desiragarrira iristeko.
Bigarren bilera erosoa da. Sokatik zintzilik egon behar badugu ere, oinak erlaitz zabal batean bermatzen dira, eta horrek atseden hartzeko aukera ematen du.



Teilatu erraldoi baten aterkiaren azpian gaude, eta, itxura guztien arabera, harkaitzezko sabel horretatik ezin da zuzen igo. Landerrek eta Stigek ondo aztertu dute horma tentagarria, zeharkaldi luzea egiten dute beren itzalpean, gailurrera eramango dituen pitzadura baten bila. Eskalada mugimendu ederrak ematen ditu ezkerretik eskuinera egin beharko dugun zeharkaldi honek. Hau gainditu ondoren eremu nabarmenago batean sartzen gara. Bitxia egin zitzaigun bai Iñakiri bai niri hirugarren bileraren instalazioa, leku deseroso batean jarrita dago, laugarren luzeko urrats garrantzitsuaren erdian. Ulertu ditzazket zergatiak, ikusia naiz horrelako maniobrak beste eskalada bideetan; zati zail baten erdian bilera jarri eta seguroak oso tartetuak, era horretara azken paraboltetik irtetzean mugimendu zail batzuk saiestu ahal izango ditugu. Gure iritziz ez dago honen beharrik, dena osorik eginda ere pausoak ez dira zaiak, beraiek proposatzen duten zailtasun mailan sartzen da. Gainera hiru metro beherago erlaitz bat dago bilera muntatzeko erosoagoa, leku honetan bilera muntatu ezkero laugarren luzea kalitatean hobetuko zen. Tarte hori gaindituta, begiratoki pribilegiaturako bidea, Ziortzako ertzaren gailurra, paseo atsegina da.



Ez da normala, zerbait aldatu da mendiko euskal eskaladaren eskalan, azken bi urteetan ziortzako ertzean hiru bide ireki dira. Duela berrogeita hamar urte klasikoa bezala ezagutzen duguna eskalatu zen, eta bat-batean lau bide dira izterrezur harritsua zeharkatzen dutenak. Esanguratsuena, denak oso onak direla.





























 












3 iruzkin:

  1. Asko pozten dit ireki dugun bideari buruz irakurtzeaz, ikusten danez zuek ere ederki gozatu duzue, honek oraindik poz handiagoa ematen dit.
    Ezin hobe deskribatzen duzu bidea eta bai, hirugarren bilera, esaten duzun bezala toki deserosoan eta urrengo luzearen zati bat saiesten du. Lehertuta iritxi nitzan bertara, arbustu pilo bat kendu eta moztu behar izan nitun zerrarekin eskalatzen nindoan einean. Materialik gabe eta bizepsak konprimitzen zitzaizkidala iritxi nitzan bertaraino, besoa ahal izan nuen guztia luzatu eta bertan zulatu, gainera librean egiteko zailegia izan zitekeen beldurrez...
    Ala eta guztiz ere pozik gaude emaitzarekin, baino bai da egia gauzak askotan hobe egin daitezkela.
    Orain bloga ezagutu dudala abentuta gehiago irakurriko dizkizut!
    Eskerrik asko!

    ErantzunEzabatu
  2. Mila esker zure iruzkinagatik. Bai, dena esan dut bideaz, edo behintzat saiatu nire erara deskribatzen. Ez dut esan, bidea nola sortu duzuen ikusita, Iñakiri eta bioi eman zeniguten poza. Mendi eskaladan maiz ibiltzen garenez, horrelako altxorrak aurkitzeak itxaropen izpi batek distira egitea ekarri du. Eskerrik asko su hori elikatzeagatik.

    ErantzunEzabatu
  3. Eskerrik asko Mikel, que bien que la disfrutaisteis. Nos dan muchos ánimos tus comentarios, después del gran trabajo.
    Ondo izan.

    ErantzunEzabatu