2024(e)ko irailaren 5(a), osteguna

VIGNEMALE - Solo estoy sangrando

 

Haitzezko horma itzelean eskegitako glaziar zaharrak isurtzen dituen malkoak meandro bihurtzen dira egundoko harri blokeak atseden hartzen duten zelai berdean. Gau itxia da, eta, hala ere, irudi harro hori oroimenean daukat oraindik. Nailonezko tela finaren babesean, Ouletteseko ordokiaren iskinean, gustura sentitzen naiz neurrigabetasun basati honen barruan. Etzanda nago lur gogorraren gainean, eta, nire zentzumenak adi daude, inguruan gertatzen ari diren aldaketen lekuko naiz; ur jaioberriek nire ondotik igarotzean egin dituzten barre lotsatiak bailaran behera doaz. Haize leunak mugitzen duen belar lehorraren usainak seinale da landareak bizi-ziklo laburraren amaierara iristen ari direla. Harri-blokeen mugimendu ia hautemanezinak ohartarazten dit beherantz bultzatzen dituen indar bat dagoela. Liluratzen nauen lekua da hau. Askotan egon naiz, beti gainean dudan horma ikaragarria eskalatzeko intentzioan.


Gau berezi horietako batzuk orain daukadan sentsazioarekin pasatu ditut, lasai, lagunen berotasunaren segurtasunean.
Baina nik ere sentitu dut hemen bakardadearen hotza, harriak erortzean egiten duen eztandari beldurra, landare freskoaren usainaren nostalgia. Hori guztia nire izateko arrazoia zalantzan jartzeraino.



Ez zen erraza izan ipar pilarra bakarka eskalatu nuen aurreko gaua, ez nuen minutua ere lo egin. Nire gaitasuna probatu nahi nuen eta mugen ertzetatik hurbil ibili nintzen. Piton Carre eskalatu nueneko oroitzapenak segurtasun gehiagokoak dira, agian eskaladarako material gehiago nuelako. Arlaud Souriac egin nuenean gaueko bakardadea saihestu nahi nuen, ez nuen Oulettesen bibakatu, egunean gora eta behera egin nuen. Baina bai bakardade erabatekoenean sentitu nintzela nire pirineista hastapenetan, Gaubeko coularra eskalatzera gindoazela, nirekin zeuden bi lagunek atzera egin zutenean. Lehenengoa, gosaldu ondoren porro bat erre zuenean erretiratu zen, lo-zakuaren berotasunera itzultzen zela esan zigun, koadro-aurpegia geratu zitzaigun. Bigarrena gero izan zen, iluntasun hotzean, coularrerako lehen malda tenteen aurrean, sabelean ukabilkada bat bezala izan zen, bakarrik jarraitu nuen.


Horma paregabe honetan esperientzia gehiago izan ditut, baina ez hauek bezala, eskalada hauetan bakardadearen lasta arrastatu behar izan nuen: Kanu handiarekin bi aldiz igo dut horma beldurgarri hau. Lehena Bellefontetik, istorio hau idaztera eraman nauen bidearen ondotik doana. Eta bigarrena, Coular de Gaube eskiak bizkarrean hartuta; gu ere ekintzaile gazteak izan ginen. Beste behin ere Bellefonteko bidea igota daukat, Jon Ugarterekin batera, Diedro Horiaren lehen zatia eskalatu eta diedroaren azpiko aldapetan bibakeatu ondoren, bide horretatik gailurrera irten ginen. Toño Carasolekin ere igoa dut mendi hau,  negu hotz batean izan zen, mukizu bat nintzela, Arlaud-Souriac eskalatu nuen Rigloseko ilegorriarekin. Hiru aldiz igoa dut pirinioetako izotz biderik esanguratsuenetakoa dena, udaberri oso aurreratu batean izan zen azkena. Gogoan dut fronte hotz baten ondoren Vignemale izotza bezain gogorra aurkitu genuela. Claudio Reyrekin izan zen, eta, ez dut bizitza osoan ahaztuko argentinarraren zorion-aurpegia Chausenque puntaren gailurrera iritsi ginenean. Mikel Galdosekin ere pioletak dantzan jarri nituen Coular de la Yin, alpinismoarekiko pasiaz blai egin ninduen Oñatiarrak. Baina hainbesteko ahaleginaren gailurra Chemarirekin indarrak batu nituenean etorri zen, madrildarrarekin batera, pirineismoaren tenplutzat jotzen dudan mendian, eskalada-bide bat sortzea lortu nuen. Nire laguna eta biok Ilusiones ireki genuen, Diedro Horia eta Despiu-Luquet bideen erdian doan lerroa. Alpinismo serioko bide bat da hau, kirol-eskaladan maila altua eskatzen duena.


Barkatu nire harrokeria, baina kontatu beharra neukan, denbora asko eman dut, eta esfortzua izugarria izan da, guztia lortzea. Serio hartu nuen alpinismoa, alpinista izan nahi nuen, eta leku hau ezin hobea iruditu zitzaidan neure burua prestatzeko. Eskalatzaile indartsua izatea ez da nahikoa alpinismoa praktikatzeko, erresistentzia fisikoa eta, batez ere, mendian eskalatuta bakarrik lortzen den seigarren zentzua dira giltza igoera konprometitu horiek arrakastatsuak izateko.


Iñakik lehen minututik hartu zuen aurrea. Ez bakarrik erritmoan, baita ekimenean ere. Iñigok eta biok gidatzen utzi ginen, Oñatiarra galaktiko dago. Berak proposatu zigun Vignemalera etortzea. Baldintza bakarra jarri nion nik: biharamunean, eguerdiko ordu bietan, lanera joan behar nuela, beraz, berdin zen zein ordutan iritsiko ginen gailurrera, gau hartan bertan furgonetaraino jaitsi beharko genuen. 
Serio ibili zen Iñaki informazio bila. Berak lortu zuen Arizioren eskutik bidearen krokis zahatza. Eta, Ekaitzekin ere hitz egin zuen informazio freskoa lortzeko, nafarrak, Joseba Iztuetarekin batera, igo zuen horma erraldoia egun batzuk lehenago. Iñigok eta biok ez genuen minutu bakar bat ere inbertitu eskalada prestatzeko, gero eta maizago "vamos viendo" teknika erabiltzen dugu.


Frontalen argitan hasi ginen haitz erraldoiaren oinetatik gora, goizeko seirak pasa ziran. Haitz trinkoak ez du autobabeserako aukera handiak ematen, nahi baino gutxiago segurtatu genuen gure burua hasiera horretan. Harria lehen partean behintzan onargarria da. Ez da erraza Bellefont bideko lerro nabarmena utzi eta arroka zalantzagarriko itsasoan sartzea, ez bai dago nondik jo adierazten duen erreferentziarik. Badirudi kordada batzuk aipatu dudan bide horretatik hasten direla eta bi luzeren ondoren "solo estoy sangrando" bidera itzultzen direla. Guk jatorrizko bideari jarraitu genion. Bide erraldoiaren lehen zati honetan seigarren luzeko bilerara iristea nabarmentzen da, non paperak aldatzen diren, bigarren doan eskalatzailearen konpromisoa aurretik doan eskalatzailearena baino handiagoa da, beherantz eskalatuta iristen da bilerara.

Ariziok egindako krokisa.

Erritmo onean gindoazen, lehen zatiko haitz plaka grisak azkar eskalatu genituen. Nahikoa zen, garaia iritsi zitzaigun kordada-buruan aldaketa egiteko; hiru pertsonako kordada bat ginenez, ez genituen luze bakoitzeko soka buruko aldaketak egin, bide osoa talde luzeetan banatu genuen, eta horrela, justuagoa izatetik aparte, denbora gutxiago gastatu genuen aldaketak egitean. Ni jarri nintzen aurrean zazpigarren luzaren ondoren. Ez niri tokatzen zitzaidalako, bileraren segurtasunera Iñigo baino lehenago iritsia nintzen, eta inertziak eramanda, hurrengo luzearen prestaketei ekin nion.
Paperean tramite hutsa bezala ikusten zena, errealitatean amesgaizto bihurtu zen. Nahastu eta horman galdu nintzen. Egoeraren larritasunaz jabetu nintzenean berandu zen. Nire abilezia guztia erabili behar izan nuen labirinto hartatik irteteko. Ia aukerarik ez zegoen lekuan bi pieza txiki jartzea lortu nuen eta urdailean korapilo bat nuela jaitsi nintzen nire lagunak zain zeuden tokirarte. Gehien izorratu ninduena denbora baliotsua galtzea izan zen, eta egunean lehen aldiz ordutegiaz kezkatzen hasi nintzen. Berriro nire lagunen ondora iritsi nintzenean aurrera jarraitu nuen, norabide egokian oraingoan. 


Iñigok, Ofita harri beta berdea duen diedroan hartu zuen aurrea. Ederra ikusten da linea tono ilun horretan, sendoagoa antzematen da harria hemen. Luzeen atzerakako kontaketa aspaldi hasi genuen, gailur desiratura iristeko zenbat geratzen zaizkigun jakiteak eragin motibagarriagoa du zenbat eskalatuak daramatzagun jakiteak baino.


Hormaren azken zatian sartuak ginen, Gaubeko ertzean amaitzen de pareta bertikala, hemen biltzen dira luzerik zailenak eta ederrenak. Hamalaugarrena nabarmentzen da, pitzadura handia duena. Bertan, gurekin arrastaka ekarritako lauko bi friend handiak erabili genituen, eta haiek gabe igaro daitekeela esan daiteke. Pitzadura zabalaren ondoan arrakala finagoak daude, eta horietan friend txikiagoak sar daitezke.
Baina bide nekagarri honen izarra hemezortzigarren luzea da, "Solo estoy sangrando" bidearen azkena, bikain gisa definitzen dudana. Arroka grisezko plaka trinko bat da, eskuak eta oinak estu-estu dituena, eta ondo eskalatzera behartzen du, horma-atal ikaragarria eskubitiktik ezkerrera zeharkatzen dugun bitartean. Bileratik hamar metrora Bellefont bidearekin lotzen da. Iñakik kikiltzen zaituen luze hau igo zuen, nik soka laga nion, Oñatiarrak gozatu zuen goraka zihoala, bere kalitatea goraipatzen zuen bitartean.


Iñigoren eta nire aurpegi nekatuek kontraste egiten zuten Iñakiren begi distiratsu eta bizitsuekin. Pozten nintzen Gauberen ertzera onik eta garaiz iritsi ginelako, arratsaldeko zazpiak ziren. Aitzitik, katu-oinak hain luzaro jantzita edukitzearen oinetako minak ez zidan balentriaz bete-betean gozatzen uzten. Jaitsiera luze eta neketsuan pentsatze hutsak nagiak sortzen zidan ere.


Lau aldiz egona nintzen talaia pribilegiatu honetan, eta oraindik ere zalantzak nituen nondik tira egin bertatik jaisteko. Lau aldi hauetako bitan gauak irentsi gintuen eta galduta ibili ginen, zonbiak noraezean bezala. Bosgarren aldi honetan asmatu genuen: gure azpian zabaltzen zen kanalera jaitsi ginen konbentzimendu handirik gabe, eta han rapel bat topatu genuen. Bi rapel egin ondoren azken zatia beheruntz eskalatuz jaitsi genuen Gaubeko ertzaren lepo nabarmeneruntz. Hemendik muino batera igo ginen eta ertza segi, beti ipar-mendebalde norabidean. Jetsieraren puntu batean, Col d’Oulettes gure oinetan eta begi bistan genuela, zuzen jaitsi ginen ipar norabidean bera irabaztera. Ouletteseko aterpera iritsi aurreko maldetan atera genituen argi frontalak bide malkartsua argitzeko. Gure bibakera iristean konturatu ginen dendak lurrean zirela, baten batek bota zituela. Imaginatu genuen aterpeko guardak izango zirela muntatuak utzi genituelako. Dirudienez, hau ezin omen da egin. Pixka bat jan eta atseden hartzen genuela, gaua bertan igaro edo furgonetara jaitsi eztabaidatu genuen. Niri, lo zakuaren goxotasunean pentsatze hutsak bertan geratzeko gogoa ematen zidan, eta hurrengo egunean goizean goiz behera jaitsi. Ez nituen konbentzitu eta motxila astuna sorbaldan iltzatuta behera jaisteko beste erremediorik ez nuen izan.


Jipoiaren ajea gaindituta, egindako eskaladari buruz hausnartzea besterik ez zait geratzen: gustatu zait, zaigu, “Solo estoy sangrando” bidea, abentura itzela da. Leku honetan eskalatzeagatik bakarrik, giro bikain horretan, merezi du zalantzazko harriarekiko ziurgabetasuna jasatea eta eskalada amaigabearen nekea sufritzea. Hemen, Pirinioetako mendirik lirainenean, eskalatzeak prezio bat du, eta ez da merkea, eskatzen dizuna ordaintzeko prest egon behar duzu, zalantzarik gabe.

















 

































2 iruzkin:

  1. Cómo disfruto leyendo tus grandes viajes.
    Y eso que tiro de GoogleTranslator...

    El Vignemale siempre exige. No hay vía fácil, exposición continuada, roca aleatoria, meteorología impredecible, regreso incómodo, peaje elevado.
    Pico para sufrir en cualquiera de sus rutas, y sólo masoquistas cuando te alejas de las clásicas

    ErantzunEzabatu
  2. ¡Grande Albert! Tus palabras me enorgullecen. Que un gran escalador y bloguero me dedique un comentario halagador, a ese intento mio de transmitir pasión por la escalada, cuando mi nivel literario para describir esas sensaciones montañeras es de III+, me dan una inyección de energía para seguir intentándo alcanzar el IV grado.
    Y sirviéndome de tu detalle al escribir un comentario en este pobre blogg, te felicito por tus excelentes creaciones en forma de rutas de escalada e entradas de blogs: Albert eres único.
    Mikel

    ErantzunEzabatu