miércoles, 2 de enero de 2019

Pico Ruzquia - Ipar Kanala


   Pirinioak aurten ez dute neguko soineko zuria janzteko asmorik, udazken kolore apal eta serioak nahiago ditu.
   Oso elur gutxi dago, dagoen apurra gogorra, kranpoiez ibiltzeko mundiala.



   Telebista iragarki mezu batzuek zabaltzen dutenaren kontra, libre sentitzea ez da erraza. Saldu nahi digutenaren kontra aske sentitzea ez da erosi genezaken gai bat, libre sentitze pertzepzioa doakoa da, gure buruaz gustura egotearekin aski dugu, ni lehengokoan aske sentitu nintzan.
   Eguraldia kaskartzearekin bat etorri zitzaizkidan Pirinioetara buelta bat egiteko asmoak, “txipa” pittin bat aldatu beharra nuen horretarako, haitz eskalada, giro lehor eta epelaz lagun, izan da nire mendi jarduera esklusiboa azken boladan.
   Ez nuen asmo zehatz bat, ez nekien zein baldintzetan aurkituko nituen Pirinioak;  joan, ikusi, eta erabaki, oikoa eta gustuko dudan moduan. Zuriza aukeratu nuen txango horretarako leku.


  
     Alano mailoetako hormak oso lehor daude negu hasiera honetan, Achar de Alano ipar kanalak ez du ia elur izpirik.
   Alano kordelean gehien nabarmentzen den punta, elur kopuruagatik ari naiz,  Pico Ruzquiarena da.
   Ez zitzaidan kostatu ipar kanalean bide posible bat ikuskatzea. Kanal zabal batetik du hasiera marra imajinari honek, erresalte tente batzuetara iristen da gero. Azkenik, irteerak, zalantza gehien sortu zizkidan puntuak, haitz pareta zuzen batek histen du. Igotzea posible nuen ala ez bertara joanez argitu nezakeen bakarrik.
   Pico Ruzquiako ipar kanala garbi ikusten da Llano de Tacheras parkinga iristen ari garela, zuzen hartu genezake kanala bertatik. Nik Ralla de Alano azpitik egin nuen, Pico Ruzquiako ipar kanaka zeharkaldi batez hartuz.
   Elurraren kalitatea ezin hobea zen, baldintza onaren adierazle, kranpoien hortzak elurretan sartzean kirrizka lehor bat egiten zuten, seguru nindoan.



   Pico Ruzquiako kanal hasiera eskalatu ondoren erresaltetara iritsi nintzan, soka eta materiala atera nituen orduan, eskalada mistoko zailtasun gutxiko pauso batzuk egin behar izan nituen zati hau gainditzeko.
Bira zabal batetan nengoen, eskuinera jo nuen bloke batzuetatik gora, azken hormaren azpian nengoen.
  Nire aurrean hogei metroko pareta tente bat zegoen. Horma honen iskin batetan kanal tente bat ageri zen, hortik gora egitea aukera posible bat nuen. Haitz bloke handi bat dauka kanal honek bere hasieran, eta sabai txiki bat egiten du une batean, ez da zaila gainditzea, ongi babesten da gainera. Metro batzuk gehiago eskalada mistoa eginez, eta pareta igoa nuen.












   Ipar haizearen babesean, harri tarte batetan eserita, eguzki izpi goxoak jasoz, inguruko edertasunaz liluraturik, mokadutxo bat egitea zen hurrengo gozamena.



No hay comentarios:

Publicar un comentario