jueves, 17 de enero de 2019

KODES Peña de los Cencerros - Suge Gorri - Txintxarria


-       Eskalatu beharra daukak, oso ona duk, kriston Ilusioa egingo ziek Beñat eta Mikeli.

   Behin baino gehiagotan bota zizkidan, Íñigo Andolak, Suge gorri bidea eskalatzeko gomendioa. Egin beharreko bideen artean nuen nik, momentu egokiaren zain zegoen. Errege egun bezperan iritsi zitzaion txanda suge gorria bideari.







   Haitz orratzak beti erakarri izan didate, atrakzio magiko bat sortu dute nigan.
   Paineko erdi dorrea aurrrez aurre izan nuen lehen aldian bere edertasunaz txundituta mutu geratu nintzan, egoa puztu egin zitzaidan, nirea egitea izan zen desio bakarra. Asko borrokatu behar izan nuen lortzeko.
   Parmakkaya orratza ikusi nuenean ere antzeko zerbait gertatu zitzaidan, desio zoro bat sortu zidan, orratz zuria nirea egiteko behar izugarria sentitu nuen. Lortzeko asko estutu behar izan nuen.
   Aguja de Perramo nire aurrean agertu zitzaidanean, Batisielles bailara sakonean zutik, loti ederra zirudien, isilik, bakarti, ahoa zabalik geratu nintzan begiak ezin kendu. Bakarka egin nuen lehenetariko eskalada izan zen hau.

Lehen luzean, azken paraboltik eskuinera jo nuen nik. Erreunioa haitz zubi batean egin nuen.

Bigarren luzean, eskuinetik hasi eta ezkerrean hartu nuen berriro bidea.
  
Hirugarren luzeak, eskuinera egiten du diedro bat hartzea.

   Aurreko egunean, Ioar mendi magalean nengoela, gailurrera doan bidean gora, Arteak bukatzen diren puntuan, Peña de los cencerros agertu zitzaidan aurrrez aurre, aspaldian sentitzen ez nituen emozioak azaleratu zitzaizkidan orratz eder honek; desioa, egoa, nirea egiteko beharra.







   Asko gustatu zait suge gorri bidea, gehiago esango dut, harribitxi bat iruditu zait. Haitzaren kalitatea aparta da, plaka eskalada zati batzuk izugarri onak ditu, orokorrean kriston bidea dela iritzi diot.




   Astebete ondoren Kodes monasterioko parkingean nengoen berriro, haitz lehorraren bila nentorren Tierra Estella aldera, etxean euria ari zuen. Hemen eguraldia hobea zegoen, laino itxi hotz hezeak horma ezkutatzen zuten baina. Peña de los Cenceros agerian ez egotea garrantzirik ez nion eman, jadanik elkar ezagutzen ginen. Bide berri bat zabaltzeko aukera ikuskatu nuen suge gorri eskalatu nuenean. Harrigarria dirudien arren, Peña de los Cencerros moduko horma batean, gaur egun oraindik, eskalatu gabea dagoen arrakala bat aurkitu daiteke. Aukera aprobetxatu beharra neukan, ezin nuen hutsik egin, dena eman beharra zegoen.

   Motxila friendez bete nuen, tamaina guztikoak hartu nituen, lau zenbaki Camalota nirekin neraman, mailua eta hiltzeak ez nituen ahaztu, taladroa ez ordea, bide garbia behar zuen izan, horma eder honek eskaintzen zidan aukera ezin nuen alperrik galdu.



   Giro desatsegina zegoen pareta azpian, laino itxiak dena estaltzen zuen, hezetasun puntu bat nabaritzen zitzaion haitzari, haize hotzak elur maluta txikiak mugitzen zituen alde batetik bestera. Presarik gabe, denborak eguraldia hobetuko zuenaren itxaropenez eskaladarako prestatzen hasi nintzen.
   Oinak hotzak nituen, eskuak izoztuak, mantso, pausoz pauso metroak irabazten joan nintzen hormari. Hogeita bost metro eskalatuak nituenean, zortez, sendoa zirudien haitz zubi bat topatu nuen, bertatik jaitsi nintzan, nahikoa zen egun horretarako.
Arro nengoen bideari forma ematen hasia nintzalako, garaipen bat moduan hartu beharra nuen, eguna ez zen alferrekoa izan.





   Egun gutxiren bueltan berriro nengoen Aritzekin Kodes monasterioko parkingean, pozik nintzan Aritzekin bidea saiatu behar nuelako.
   Eguraldia ez zen ospatzeko modukoa, lainoak estaltzen zituen bazterrak, zortez Peña de los Cencerros lainoez libre zegoen. Nire aurreko bakarkako saiakera baino hobea zen eguraldi hau.


Lehen luzean.



   Ongi pasatu genuen eskalatzen, egun horretan ongi pasatzea ulertu behar den moduan; hanka eta eskuak igoera guztian hotz izatea, eskalada zati batzuetan harriarekin tentuz ibili behar izatea,” txintxarriaren” proba egitea derrigorrezkoa da zati hauetan, esku muturrak bete beteak dituzula friendak postura txarrean sartzea.

Bigarren luzean.

Hirugarren luzean.






Hirugarren bilera orratzaren beste aldean egin genuen, Peña de los Cencerros gailurra ez da oso erosoa.

   Lehen luzea arrakala zabal batean hasten da, arrakala honen ezker aldeko plaka hartzen dugu berehala, diedro tente batean sartzen gara ondoren. Sabai bat gainditzen dugu eta laxa handi baten gainean zutik jartzen gara, eskuinera jo beharra daukagu hemen,  plaka fin batetik igaroz ondoren beste arrakala bat hartzera, zati honen gainean egiten da bilera erlaitz batetan, hiltze bat dago bileran kokatua.
   Bigarren luzeak plaka batetik jotzen du zuzen arrakala bat hartzera, eskumuturrak ongi berotzen ditu pasarte honek. Tentea da orokorrean luze hau, dezente nekatzen du. Erlaitz batean egiten da bigarren bilera, ez dago materiala kokatua.
Hirugarren luzea hasi eta berehala laxa handi bat dago bileraren gainean, hobe ez hortik jotzea, eskuineko plaka trinkotik igoko gara harri onean, hirugarren bileran ez dago material fixorik kokatua.


Jaisteko Suge gorriaren rappelak erabili genituen.



Txintxarri bidea etiketatzen badugu bide klasiko bat dela esan genezake, ageriko arrakala garbia, lasai eskalatu, tentuz egin beharrekoa, abenturatxo bat bizi izan duzun zaporea uzten duenetarikoa.   

2 comentarios: