domingo, 7 de octubre de 2018

ORDESA- Garrafon - Dret a Decidir


   Asteburu luze bat igaro dudan sentsazioa dut, alde batetik emankorra izan da eskalada kontuetan, beste aldetik, didaktikoa gastronomian.
   Ostegun iluntzean Ordiziako mendizaleak elkarteko kideek gazta dastatze batetara gonbidatu ninduten herriko sozietate gastronomiko batean. Mahiaren inguruan bildu ginenen artean, bitxikeria moduan, gazteena ni nintzan. Bertan ginen mendi elkarteko bazkideak, Goierriko mendizale beterano taldeko kide batzuk, eta Idiazabal gaztaren jatorri deitura mundura zabaltzen lan itzela egiten ari diren Gazta kofradiako bi lagun ere. Interesgarria iruditu zitzaidan gazta kofradiako kide hauek Idiazabal gaztari buruz eman ziguten txarla, Idiazabal gazta nola dastatu aholkuak barne. Kuriosoa iruditu zitzaidan gazta zati bat probatu ondoren, honek ahoan utzitako zaporea kentzeko aitzakian, ardo zuri kopari ematen genizkion zurrupadak.

   Ardi esne usain nabarmena, eta, zapore freskoa zuen gazta berri batekin hasi genuen dastatzea. Honen gustua ahotik kentzeko Albariño ardoa aukeratu zuten kofradiakoek. Ondoren, bi urte pasatxo zuen gazta eldu batekin jarraitu genuen, jadanik esne zaporea galdua zuen gazta bat zen hau, gatzagiaren gustu lehorra hartua zuena. Oraingo honetan gazta honen aho garbiketa egiteko txakolina hautatu zuten kofradiakoek. Keatutako gaztak ere probatu genituen, gustu berezia hartzen dute gazta hauek, Jerezeko manzanilla lehor batekin ausartu ginen aho garbiketaren errituala egiteko.

Albert-en krokisa. Guk bidea kateatu genuen eta 7b gogorra iruditu zitzaigun.


   Gaztaren zaporea izan nuen ahoan sartua asteburu osoan, ardo zuriak ez zuen lortu guztiz ezabatzea, Gorka Lertxundirekin Ordesan eskalatu nituen bi bideei gazta forma hartu nielarik.
   Garrafoi bidearekin hasi ginen, larunbata eguraldi apartaz argitu zuen.”Gazta” zaharraren zapore indartsua hartu nion bideari, ongi asentutako ahogozoa uzten duen mokadua da, Kotatueroko ur freskoak ez du lortzen ahotik kentzea, luzez luze, hartuz joaten zaren gatzagiaren zaporea. Furgonetara jaitsiak ginela, zerbeza hotz bana eskuetan genuela lortu genuen bakarrik gustua ahotik kentzea, hurrengo “gazta” probatzeko prest ginen jadanik.




Sugegorri baten bisita izan genuen bigarren luzearen bileran.

Hirugarren luzearen hasiera



Laugarren luzea.

Zazpigarrena.



Udazkeneko fruituak

   Dret a decidir “gazta” berria da, zaporea asentu gabea duena, igoeran momenturo freskotasun gustua jario du, ausardia agertzen duena mokadu bakoitzeko. Asko gustatu zitzaigun “gazta” hau, furgonetan edan genituen zerbeza guztiak ez ziren nahiko izan gustu berri hori ahotik kentzeko. Erabili genuen krokisa eta guk egindako eskalada ez zetozen bat, beraz, guk egindako igoera krokisean azaltzen animatu naiz.

Krokis orijinalaren gainean gure trazadua marraztua.



Bigarren luzean, dirudi, gu pittin bat eskubitik ibili ginela.

Hirugarren luzea.

Bilera guztiak egin behar dira.



Laugarren luzearen hasiera.

Bosgarren luzea.

Seigarren bilera guk eskuinean egin genuen.

Zazpigarren luzea, gure bariantean.



   Ordesako eskalada izen jatorria duten “gazta” onak egin izan dituzte artzainek Ordesako hormetan, gustukoa dut izen jatorri hori duten artzain berrien “gaztak” dastatzea. Izen jatorriak berezitasun batzuk eskatzen ditu, hortik kanpo egiten diren “gaztak” suzedaneo bat dira.




No hay comentarios:

Publicar un comentario