martes, 11 de septiembre de 2018

PEÑA DE SIN - Venganza bidea




   Mendekua indarkeria justifikatzeko aitzaki bat besterik ez da, bortizkeria estali nahian maiz erabiltzen dugun desenkusa. Altsasuko gazteen auzia mendeku bat izan da, sententziaren bortizkeria mendekuaren terminoetan bakarrik ulertu daiteke, eta pertsona batzuek justifikatzen dute.

   Furgoneta gidatzen noa Pirineoruntz, Eneko Cesarrekin geratua nago eskalatzeko, irratia piztua daramat. Albisteetan gertakariri tamalgarri batzuen bueltan berriro Kataluniaren arazoari heltzen diote, oraingoan lazo orien kontuarekin hari dira, Altsasuko gertaerekin konparatzen dituzte, hemen ere jende multzo batek mendekua eskatzen du. Irratia itzaltzen dut.



   Nik ez dakit noren edo zeren kontrako mendekua hartu nahian ibili zen Josema Jarrin 1994-ean, bakarka, Peña de Sin horman venganza bidea zabaldu zuenean. Izugarrizko balentria izan zen, lan itzela, tamalez, mendi erronka askoren moduan kirol meriturik gabe pasatu zena, sikiera, Josemak, bere mendeku pertsonala burutzea lortu izan balu.

   Niri zaia egiten zait pentsatzea horma batetan mendekua bilatu dezakezunik. Agian asmo horrekin sartu zintezke, amorruz beteta, baina ziur naiz intentzio horiek alde batetara geratuko direla amildegien eraginen ondorioz. Gu, Aszeta mistikoen moduan, hormak aukeratzen ditugu bakean egoteko, gizalegeetatik urrun. Nire iritziz, gurea, mendekua pertsonala izan ohi da, gure gatazka propioa gainditu behar izatea, beldurra, gabezia, horrela besteak bakean uztea lortzen dugu.


Bidearen krokisa behin behinekoa egin arte

Trazadua 

   Orain bi urte hasi giñan Eneko eta biok venganza bidea askatzeko asmotan. Ahalegin hutsean geratu zen lehen saiakera ura, Josemak erabilitako eskalada teknika ez zetorren bat eskalada askearekin. Josemak buril zuloak egin zituen gantxoak kokatzeko, eta era ez natural horretan aurrera egin zuen haitz plaka lisoetatik. Garai batean ohikoak ziran teknika hauek,  horma handietako eskaladan erabiltzen ziran batit bat, nik ere Paineko erdi dorrean, intsumisioa bidean, erabili nuen teknika hau, edo gertuago, Txindokiko fronton horman Eskarlet O’Lara bidean ere aurkitu daitezke zulotxo hauek. 



   Lehen saiakera horretan hirugarren luzetik jaitsi giñan Eneko eta biok, planteamendu berri batekin egin genuen bahera, - zergatik ez Josemari gure asmoak adierazi?, eta aldi berean eskatu ea inporta zitzaion bere bidea era askerako berreraikitzea? - gure pozerako bai erantzun zuen.





   Iaztik ez nuen Enekorekin eskalatzeko aukerarik izan, Peña Santako horma ikusgarrian, Unairekin batera, Oparia bidea zabaldu genuenetik. Enekoren telefono deiak atseginak izaten dira beti, eskalada proposamen ederrez etortzen dira, ojo lince ezizena ez diote alperrik jarri, oraingoan ere fin ibili da.

Putreak nola elikatzen dituzten testigu izan giñan, ikusgarria.

   Igoera luze honetan zein zen erabili beharreko estrategia adostu behar genuen, hori bai zen punturik garrantzitsuena, nik paretan lo egitea proposatzen nuen, horrela ,uneoro, zegokigun lekuan egongo bai giñan, soka finkoetatik igotzen eta jaisten ibili ordez, indarrak eta denbora aurreztuz.



   Peña del sin-ek inguratze motza du, eta asko eskertzen da, batit bat, oreka galdu eragiten dizun petate erraldoi batekin bazoaz.
   Venganzaren lehen luzea oso ona da, diedro perfektu batetik doa, cazador de estrellas bideak ere bertatik hartzen du hasiera. 
  Duela bi urteko saiakerarekin konparatua, oraingoan bidea moldatzen gindoan, eta oso atsegina zen. Pareta tentea denez petatea arazorik gabe igo daiteke, guri, hasieran, pare bat alditan trabatu zitzaigun petatea bakarrik. Lasai gindoazen, marraskiloen moduan,  behar genuen material guztia generaman. Eskalada luzeak gogorrak eta oso ederrak ateratzen ari ziran. 
   Ilunabarrak bosgarren bileran arrapatu gintuen, bele zulo zikin batetan, oso desatsegina gertatuko litzaiguke gaua bertan pasatu behar izatea, Enekok buruko argiarekin eskalatu zuen seigarren tirada, zorionez errepisa on batetan bukatu zuen, gaua pasatzeko egokia zen.







   Ez nuen lo sakon bat egiterik izan, buelta dezente eman nituen postura ezin hartuz, garrantzitsuena deskantsatzea zen eta indarrak berritzea geratzen zitzaigun bide zatia eskalatu ahal izateko.





   Gogor hasi giñan eskalatzen bigarren egunean ere. Zortzigarren luzea arrakala eder batetik doa, oso tirada ona da, asko eskalatu beharrekoa. Aurreko egunaren erritmo berdina generaman, luzeak librean igotzea kostatzen ari zitzaigun. 




    Azken luzeak sabai bat hartzen du, zuhaitz batzuk daude traba egiten sabai honen erdi erdian. Sabaiaren ezkerretara diedro etzan bat ateratzen da, askoz erakarriagoa eta logikoagoa gure iritziz, beraz hortik tiratu genuen.



   Hormaren gainean geunden jadanik, eskaladaren parte bihurtu zen petate zaharra alboan genuen, venganza bidea era askean egin izana eta eskalada bide on bat berreskuratua izan den sentsazioarekin pozaren pozez, esker onez besarkatu giñen Eneko eta biok.



      Jaisteko sin plan bidea erabili genuen, errapelatzeko ongi prestatua dago.

No hay comentarios:

Publicar un comentario