2017(e)ko urriaren 6(a), ostirala

Arrantzales ( Arrantzales bidea ) -Larrasa ( Operacion Truño ) -Txindoki ( Ikusi eta Ikasi ) Ahuntzaren erreskatea




   Iparrik gabe ez dago hegorik, bata besteari elkarturik daude, direna izateko batuak. Irudizko bi puntu horien artean, beti, eta erdian, gu egongo gara, askatasunean, gora, iparrera, edo behera, hegora, joateko.
   Iparra eta hegoa desberdin behar dute izan,bereziak, interesgarriak egiteko, ezagutze grina sortzeko. Dena berdina balitz aspergarria gertatuko litzaiguke, monotonoa, interes eskasekoa.
  Ez da urrutira joan beharrik iparra eta hegoaren arteko berezitasunaz ohartarazteko. Hemen, Euskal Herrian, desberdintasun horiek aurki ditzakegu; paisaiak, jendea, klimak distantzia laburrean.




  Nire etxea zentro moduan hartzen badut, eta iparrera marra bat marraztu, itsasoarekin egingo dut topo, hareharrizko itsas labarrekin.
  Ulia mendiaren magalean, itsasoak astintzen duen lekuan, Arrantzales eskalada gunea dago. Lekua ez da handia, soilik hamar bide daude, gehienez berrogei metro altura dutenak. Hareharrizko horma eder honetan eskalada bide bat nabarmentzen da besteekiko, itsasoak zauritu balu bezala arrakala agerikoa duena, lehen begi-kolpean erakargarria dena, eskalada kalitatea aparta daukana, Arrantzales bidetaz ari naiz. 
   Plaka pauso batzuetatik hasten da, arrakala hartzeko ondoren, eta gure gozamenerako eskalada pauso ederrak eskainiko dizkigu arrakala oparotsu honek. Seguru kimikoekin babestua dago guztia. 
   Pareta azpira iristeko errapelatu beharra dago. Gailurrean errapelatzeko seguruek erakusten duten itsura beldurgarria da, kimikoen masa haitzetik kanpo dago, erosioak sortua. 
   Haitzaren behe partea bustia topatzea ohikoa da, itsaso hezetasunaren eraginez blai egoten da plaka hau maiz. Gogoz estutu beharra dago zati honetan pasa al izateko. Asko gustatu zait bide hau, egin beharreko modukoa sailkatzen ausartzen naiz.










  Berriro zentroan egonik, hau da, nire etxean, hegoaldera tiratzen ba dut, Errioxa lautadarekin topo egingo dut, eta eskalatzaileentzat deigarri den Kantauri mendi zerraren oinetan izango naiz.
  Haitz punta zuri zorrotzez osatutako mendi zerra honetan, Larrasa gailurra nabarmentzen da guztietatik, garbi, zerua ikuitu nahian. Eskalada bide asko daude haitz hauetan, eta nire zortez, hauetariko asko eskalatu al izan ditut. 
  Gipuzkoan zirimiria ari zuen, eta txoriek neguan egiten duten bezala hegoaldera joan nintzen harkaitz lehorraren bila. Hegoaldera migratzeko aukeratu nuen bidea Operacion Truño izan zen.
  Nik pareta honetara iristeko Lagran herritik dut gustuko, oinez gehiago egin beharra dago, Biasteriko hurbiltzearekin konparatuz gero, baina kotxez gutxiago ibiltzea eskatzen dit honek. Gustuetarako eginak daude koloreak.
   Ez zitzaidan asko gustatu bidea, harritu nau interneten errepikapen aipamen ugariekin topatzea. Haitzaren kalitatea ikusiz, lehen partean bati bat, ez da oikoa izaten sokadak animatzea. Hori bai, abentura egun eder bat ziurtatua duzue pareta eguzkitsu honetan.













   Etxeko leihotik ikusten dut Txindoki mendia, munduaren zentroa kokatu dut nik emen. Harrigarria dirudien arren, eskalatu gabe nuen bide batekin ausartu nintzan lehengokoan, Ikusi eta Ikasi bidea.    
  Nabarmena da irekiera honetan eskalada librea eta zailtasuna bilatzea zutela egileek. Saiakera horretan, pasarte askotan, gehiegi bortxatu zuten bidea plaka lisoetatik gora, arrakalak ondoan zituztela, helduleku oparoak eskainiz, eta puntu askotan ez naturala bihurtu zuten. Bigarren luzean adibidez, hiru buril eskas daude plaka batetan pasarte bat babesten. Artifiziala dirudi, nik hiru buril hauen aurreko paraboltetik eskuinera tiratu nuen ur tanta zulotxo on batzuk hartzera, hurrengo parabolta ezkerrean hartuz.
   Azken luzea benetan ederra da. Frienak beharrezko dira azken hamar metroetarako. Nik ez nituen eraman, eta azken paraboltetik behera jaitsi nintzen ondoko bidetik igotzeko. Soka goitik nuela eskalatu nuen azken zati hau osorik. Erdi neurriko friend pare batez, 0,75, 1, eta mikro ertain bat nahikoa izango litzateke zati hau igotzeko.
   










   Gauza kuriosoa gertatu zitzaidan egun horretan. Paretara urbildu nintzenean jabetu nintzen ahuntz bat hormaren erdian zegoela negarrez, putre mordoa zebilzkion gainean bueltaka, arrapàtua zegoela nabaria zen.
   Ikusi eta ikasi bidetik behera errapelatzen ari nintzela ahuntza paretatik jaistea erabaki nuen. Ez zitzaidan asko kostatu, ez bai zen lehen aldia ahuntz bat amildegitik ateratzen nuela. Teknika egokia behar da, ankak lotu behar zaizkio eta buruz behera jaitsi. Horrela egin nuen, eta hiru errapeletan berriro lurrean zan animalia.
   Gero jakin nuen ahuntzak bi aste zeramatzala arrapatuta Txema bidearen erlaitzean. Ahuntzaren jabeak, Jonek, eskertu zidan lagundu izana.



1 iruzkin:

  1. Mikel, eskerrik asko ahuntza erreskatatzeagatik. Otordu bat zor diat.
    Jon.

    ErantzunEzabatu