2017(e)ko urtarrilaren 8(a), igandea

PICO MULHACEN - Guejar Sierratik

 

   Elurretan oinatz arrasto batzuk aurkitzea, negu gordinean lau orduz ibili ondoren, mendiaren handitasunaren barruan aurkitzen zaren posizio ez oso argiarekin, haraino eraman zaituen arrazoia zalantzan jartzen hasita zaudenean, zorte bat baino gehiago da, mendiaren gailurrera iristeko behar den energia ekarpena izan daiteke.
   Oinatz hauek arrasto sinple batzuk baino gehiago dira, bide bat markatzen dute, handik norbait pasatu da. Momentu horretan ia ez zaude hain bakarrik, oinatz batzuk aurkitu dituzu elurretan, honek itxaropena ematen dizu.


Nik segitutako planoa.

   Neguan eta egunean Mulhacen mendia ipar haranetik igotzea ez da lan makala. Zazpi ordu behar izan nituen Iberiar penintsulako gailurrik altuena zapaltzeko, eta beste lau ordu luze furgonetara itzultzeko.
  Bi mila laurehun metro desnibel positibo gainditu behar izan nituen bide amaiera gabeko batetan, hemezortzi kilometroko distantzia dago joanean, eta beste horrenbeste itzulean. Gainera, honi neguko baldintzetan zela gehitzen badiogu, eta eskiak bizkarrean eraman nituela aspertuta bide bazterrean utzi nituen arte; gero, aurrerago, elur sakona aurkitu nuen, eta damutu ere egin nintzen haiek utzi izanaz, basakeria izan daiteke.
  Bi piolet ere neramatzan nirekin; hasierako ideia Mulhaceneko ipar korridorea igotzea zen. Eskiatzeko botei jartzeko kranpoi pare bat nituen ere, janaria eta arropa. Gauza horien guztien pisua zenbatzean, bizkar-zorroaren pisua hamar kilotik gorakoa zen.


Pico Juego de Bolos.

   Guejar Sierra herrian dagoen Barranco de San Juan parajean hasiera eman nion erronka honi. Goizeko bederatziak ziren. Vereda de la estrella bidea hartu nuen. Bidea ona da, gozatzekoa beste egoera batetan; adibidez, eskiatzeko boten ordez zapatila pare bat janziten adibidez, oso desnibel gutxi gainditzen du kilometro luzeetan. Bide eder honek Genil erreka jarraitzen du arroila estu batzuetatik. 


Pico Juego de Bolos arista.

   Elurra ukitu nuenerako hiru orduko martxa neraman egina, eta komentatu dudan moduan, jadanik eskiak utziak nituen bide bazterrean. Elurra biguna zegoen hasiera honetan, tarteka ia belauneraino sartzen nintzen, honek izugarrizko nekea eta frustazioa sortu zuen nire asmoetan, damutu nintzen ordu erdi lehenago eskiak utzi izanaz. Kostata lortu nuen zati horiek gainditzea eta ipar hormako maldak igotzeari ekitea.  
   Alcazaba mendia nire ezkerrera azaltzen zen airoso. Gainean pareta izugarri bat nuen, Mulhacen mendiarekin erratu nuena. Orain, etxean, interneten laguntzarekin, Pico Juego de Bolos 3018m dela dakit. Elur malda tenteak hasi zirenean eskuinerantz jo nuen kanal nabarmen bat hartzera. Han topatu nituen idatzi honen hasieran aipatu ditudan arrastoak, Pico Juego de Bolos ipar arista zorrotzean. Une horretan konturatu nintzen hanka sartu nuela, baina arrasto salbatzaile horiek aurkitu izanak poztu egin ninduen eta bertako edertasunak hunkitu. Oinatzei jarraitu nien, irteera batetara eramango nindutelakoan.



Arista goitik.


   Ez zen xamurra izan aristatik igotzea, haitz bloke erresalteak gainditu beharra zeuden kohesio gutxi zuen elurretan. Arista hau 1962ko Olmedo-Guardia bidea omen da. Juego de Bolos gailurrera iritsi nintzenean ikusi nuen nire aurrean Mulhacen ipar korridorea, ni tentatu nahian zegoen. Berandu zen jadanik eta oso nekatua nengoen, Mulhacén iparraldeko korridorerantz joateak haranean beherako zeharbide luzea ekarriko lidake. Iman indartsu baten indarrak erakarrita bezala, arrasto salbatzaileei Collado del Ciervoraino jarraitu nien. 
   Arratseko hirurak ziren lepo zabal honetara iritsi nintzenerako. Nire ezkerretara, elur malda luze baten bukaeran, Mulhacengo gailurra zegoen.


Mulhacen gailurra Collado del Ciervo-tik


   Collado del ciervo lepoan sobran ziren gauzak utzi nituen; pioletak, termoa, arropa batzuk, arinago behar nuen ibili. Gogorra egin zitzaidan gailurrerako azken zatia, maiz deskantsuak hartu beharrean izan nintzen. Objektiboak jartzen nituen, -harri artaraino iritsi eta deskantsua hartuko dut- . Himalaiako igoera baten zentzua hartzen hari zen erronka. Arratseko lauetan gailur preziatuan nintzen. Kataluniako bikote bat zegoen Mulhacengo puntan, eskiekin egina zuten igoera, hego aldetik, Poquieira haranetik. Piku lehor eta gozo batzuk eskaini zizkidaten, nik gustura hartu nituen. Hizketa saio labur bat egin ondoren jaitsierari ekin nion. Buelta gogorra izan behar zela jakitun nintzen.



Ibereriar peninsulako gailur altuenean.

   Azkar iritsi nintzen berriro collado del Ciervo lepora eta utzitako gauzak bildu nituen motxilan. Ez nuen igoerako bide berdina erabili jaisterakoan, zuzen bota nintzen maldan behera Valdeinfierno harana hartzeko asmotan. Une batzuetan elur sakona zegoen, or hasi ziren benetako arazoak, kalanbreak bi izterretan. Izterretako giharrak gortu egiten zitzaizkidan eta minez nindoan. Beldur nintzen, ez zen lekua eta momentua ligamendu haustura bat izateko. Elur zati sakon horiek pasatzean, elur sendora iristen nintzenean, lortzen nuen pausoa egokia mantentzea.  Asko sufrituta Valdeinfierno errekatxo bazterrera iritsi nintzen, hemen elurra ez zen hain sakona, hobeto mugitzen nintzen. Eskiak zeuden lekura ailegatu nintzenerako iluntzen ari zuen. Azkar, eskiak motxilan kokatu eta frontala atera nuen. Eroso nindoan bidexkatik behera, erritmo onean, oinak erantzuten ari zitzaizkidan. Bide zidorra zabaldu zenerako, Vereda de las Estrellas bidea, gaua egina zegoen jadanik, frontala pizteko alegiña egin nuen, ez zebilen. -Erabili nuen azken aldian ongi zihoan eta!!! Ez zegoen errukitzeko astirik, furgonetara ailegatzeko geratzen ziren hamar kilometroak ilunpetan egin beharko nituen. Iluntzeko zortzietan furgonetaren babesean nintzan berriro.



    Nahi izan ezkero xamurrago egin ahal izago nuen Mulhacen mendia eta bere ipar kanala igotzeko ahalegin hau. Penintsulako puntarik altuena igotzeko erarik komodoena Poqueirako haranetik da, Alpujarratik igota, Sierra Nevadako hego aldetik. Urrutitik ikusitako irudi hark erakarri ninduen ni, Mulhacen tontorreko ipar horma ilunak, tente-tente, amets bertikalez betetzen nauten zain zuriz markaturik, horrek erakusten zidan zer bide jarraitu behar nuen. Nolabait, pioneroen garaietan bezala, esplorazioa eta alpinismoa bat zenean.




   Granadan egin dudan egonaldi honetan, haitzean eskalatzeko aukera izan dut ere. Oso leku onak ditu Andaluziako probintzia honek kirol eskalada egin ahal izateko; Cahorros, Moclim, Vados, Cogollos… Bakarka edo lagunekin eskalatu ditut kalitatezko bide asko. Adierazi behar dut bakarka aritzen nintzenean bertako jendea segituan prestatzen zen ni aseguratzen laguntzeko. Baita nire lagun Chemari eta Olatz animatu ziran eskola hauetan zehar beraien oporrak disfrutatzeko ere, pare bat alditan kointziditu dugu, eta honek gustura estutzeko aukera eman dit.
   Leku aparta da Granada, ez dut uste ez dakizuenik.


      


  

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina